Nerabezaroa bizitzako etapa zoragarria da, sormen handikoa ilusioz betea. Gure burua eraikitzen ari gara garai honetan, gure izaera taxutzen, zer gustatzen zaigun zer interesatzen zaigun asmatzen, gizaki egiten. Dena mugitzen ari da etengabe, eta, horregatik, zalantzak ere sortzen zakizkigu bidean, eta, batez ere, sexualitatearekin lotutako kontuak.
Ikasturte honetan, Biologia eta Geologia ikasgaian, asko ari gara ikasten gure gorputzari buruz, nola dagoen antolatuta eta nola funtzionatzen duen. Eta, zehazki, proiektu honetan, ugaltze-aparatua aztertuko dugu, jakiteko nola zaindu behar dugun behar bezala, eta zer-nolakoak diren sexu-praktika osasuntsuak. Ugaltze-aparatuaren anatomia eta fisiologia aztertuko ditugu, baita kontu honen inguruan sortzen diren mito eta zalantzak ere.
Beharrezko informazioa bilatuko dugu, eta liburuxka eta zerrendak osatuko ditugu informazioa ondo antolatzeko. Halaber, kasu praktikoak ebatziko ditugu, egun batzuez aholkulari-lanetan jarduteko beste taldekide batzuentzat, egindako lan guztien erakusketa baten bidez: "Gazteentzako aholkularitza-zentroa”. Erakusketa ikastetxean ipiniko da, denen begi-bistan.