Saltatu nabigazioa

Atera “Zel-fiak”

Orain arte, zelula-ereduak landu ditugu. Ereduak oso garrantzitsuak dira zientzian, lagungarriak baitira mundu naturaleko errealitatea ulertzeko, eskemen bidez. Hala ere, benetako zelulak tridimentsionalak dira, eta, organuluak, berriz, ñimiñoak (mikroskopikoak); beraz, ezin dira ikusi eskeman irudikatzen diren moduan.

Zelulak ikusteko modu bakarra mikroskopioak erabiltzea da. Zelulak ikusi eta argazkiak atera nahi baditugu, berriro ere laborategira jo behar dugu, mikroskopioak nola funtzionatzen duen errepasatu eta ehunen laginak prestatu. Eskura ditugun mikroskopio optikoekin ezin izango ditugu organuluak ikusi; horretarako, elektronikoak behar dira. Dena dela, mintza, nukleoa eta gure zelulek ehunetan hartzen dituzten formak bereizi ahal izango ditugu.

Geure ehunen bi lagin prestatuko ditugu, beste zelula batzuenak ikusiko ditugu webgunean eta “zel-fiak” aterako ditugu, panel birtual bat egiteko. Goazen!

Lynn Margulisen irudia Wikipedian: Lynn Margulis, SINC, CC-BY-1.0, doako aplikazioarekin egindako karikatura: myedit

Ataza: gure gorputzeko zelulak behatzen

Iraupena:
2 ordu
Taldeak:
Taldeka / Ikasgela osoa

Ataza honetan, ikasiko dugu nolakoa den benetan zelula bat.

1) Hasteko, laborategian sartuko gara berriro, gure gorputzeko zelula batzuk behatzeko eta argazkiak ateratzeko. Oso erraz ikusten diren bi ehun aukeratuko ditugu:

  • Gure ahoaren barrualdeko epitelio-ehuneko zelulak
  • Odol-zelulak

2) Ikastetxean ehun-prestakinen bildumak baditugu, irakasleak batzuk eman diezazkiguke, behatu eta argazkiak ateratzeko.

3) Azkenik, gelan, zelula errealak ikusiko ditugu Interneten, gure mikroskopio optikoarekin ikusi ezin ditugun irudiak ikusteko.

Taldeka egingo dugu lan, betiko moduan; epitelio-zelulak behatzeko, taldekide guztion prestakinak egingo ditugu, bakoitzak bere zelulak ikusi ahal izan ditzan. Odol-zelulen kasuan, berriz, taldeko pertsona bat aukeratu dezakegu, lanzatxoekin lan egiteak arriskua duelako, oso ongi esterilizatu behar baitira.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)