Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

GOMENDIO OROKORRAK

Gida honetan, Hezkuntza Baliabide Ireki (HBI) honen ezaugarriei eta erabilerari buruzko orientabide orokorrak ematen dira, bai eta erabilitako metodologia-estrategiak eta ebaluazioa ere. Baina, egitura berezia dutenez, erronka bakoitzerako aparteko fitxa didaktiko bat eskainiko da. Fitxetan orientabide zehatzak ematen dira, eta edukiak, landutako konpetentziak eta ebaluazio-proposamena zehazten dira.

 

Canvas del proyecto

HEZKUNTZA BALIABIDE IREKI HAU NOLA ERABILI

«Energia ikertzen» DBHko 2. mailako Fisika eta Kimika arloko curriculuma lantzeko proposamen didaktikoen sorta bateko seigarrena da. Ez dira ohiko unitate didaktikoak, ezta proiektu handiak ere; aitzitik, erronka txiki gisa planteatutako askotariko arazo-egoerak dira, eta hainbat saioko iraupena izaten dute. Erronka bakoitza, bestalde, ikerketa-jarduera gidatu batzuen bidez ebazten da, ondorio bat ateratzeko helburuarekin.

Erronka horiek testuinguruan jartzen dituzte curriculum-edukiak. Irakasleentzat, bestalde, baliagarriak izan daitezke, bai beren eskoletarako ideia osagarriak jasotzeko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du jarduera solteak aukeratu edo eduki guztiak lantzen joan, gaiaren hainbat unetan aplika baitaitezke. Proposamenak askotarikoak dira: laborategiko ikerketak, simulazio digitalak, irakurketa zientifikoak, jolas-jarduerak, manipulazio-jarduerak, eztabaidak eta PISAko gaiak.

 Arreta berezia jarri da konpetentzia zientifikoa garatuko duten estrategia metodologikoetan, alde batera utzi gabe gainerako oinarrizko konpetentziak.

  • Erronka edo arazo-egoera gisa planteatutako ikerketak.
  • Ikaskuntza kooperatiboko eta talde-laneko dinamikak.
  • Interneten bidez informazioa bilatzea.
  • Grafiko eta irudiekin lan egitea.
  • Galdetegi interaktiboak eta ibilbide didaktikoak.
  • Irakurketa zientifikoei buruzko lana.
  • Simulazio digitalak erabiltzea.
  • Eztabaidak
  • PISAko itemak lantzea.

ERRONKEN EZAUGARRIAK

Dagoeneko, irakasgai honetako gaiak garatzeko baliabide asko dago eskuragarri. Lan honetan, beste lan-ildo bat eskaini nahi dugu, ikerketan oinarritutako ikaskuntza (Inquiry based learning) bultzatuz, baina irakasleak gidatua uneoro; eta alde batera utziko da aurkikuntza hutsaren bidezko ikaskuntzaren ikuspegi bakuna, eta argudiatzea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko duten jarduerei jarriko zaie arreta.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea oinarrizko ezagutza ezinbestekoa dela ikerketan oinarritutako erronka bati ekiteko. Ikerketa-jarduerak eskatzen duen pentsamendua (hipotesiak egitea, esperimentazioa planifikatzea, emaitzak interpretatzea, ondorioak argudiatzea, etab.) ezin da gauzatu aldez aurretik behar diren ezagutzak izan gabe. Irakasleen lana premiazkoa da erronken bidezko ikaskuntza-teknikek ikaskuntza sakona ekar dezaten, haiei esker, ezagutzak modu aktiboan eraikiko baitira (zuzeneko heziketa, kontzeptuen azalpena, adibideak, orientabideak, trebakuntza, etab.).

Edukien bloke honetarako proposatutako zereginak eta jarduerak honako hauek dira:

Beroa miatzen

- Termometroaren historia: Ikasleek termometroak historian zehar izan duen bilakaera ikertuko dute irakurketa kooperatibo baten bidez, eta, azkenik, termometroaren historia islatuko duen poster bat egingo dute elkarlanean. 2 saio.
- Oreka termikoa: Oreka termikoari buruzko esperimentu gidatu multzo bat egingo dute, eta, azkenik, ikasitakoa aplikatuz, oreka termikoari buruzko eguneroko sistema bat ikertuko dute. 2 saio.

Beroaren eraginak

Definición del término

Beroaren eraginak

- Beroa eta beroaren eraginak: Ikasleek beroaren eraginak ikertuko dituzte beroak eraginak sortzen dituen txokoetara bisita eginez eta proposatutako jarduerak eginez. Azkenik, beren ezagutzak galdetegi baten bidez egiaztatuko dituzte. 2 saio.
- Beroaren goi bilera:  Ikasleek, beren sormena erabiliz, poster digital bat egingo dute berotegi-efektua murrizteko proposamenekin, dokumentuetan eta esperimentuetan oinarritutako informazioa bildu ondoren. 2 saio.  
- Korronte ezkutua: Ikasleek tenperaturak ozeanoaren sakoneran duen eragina ikertuko dute, eta horretarako, informazio dokumentala eta esperimentala bildu, simulazioak erabili, emaitzak erkatu eta eztabaidatu egingo dute. 2 saio.

Beroaren hedapena

- Beroaren transferentzia: Ikasleek eguneroko sistema batean inplikatutako bero-transmisioak ikertuko dituzte, dokumentuetan eta esperimentuetan oinarritutako informazioa bildu ondoren. 2 saio.
- Isolatzaileak eta eroaleak: Ikasleek, irakasleak lagunduta, materialen eroankortasunari buruzko esperimentuak egingo dituzte, eta, ondoren, materialen eroankortasunari buruzko jarduera esperimental bat diseinatu eta planifikatuko dute. 3 saio.

Beroaren aplikazioak

- Elikagaien energia: Ikasleek hainbat elikagairen energia kalkulatuko dute esperimentuak eginez, eta lortutako balioak eta balio-taulak alderatuko dituzte. 2 saio.
- Beroa etxean erabiltzea: Ikasleek hainbat baliabide erabiliko dituzte gastatzen duten etxeko ur beroa eta ur bero hori ekoizteko erabilitako energiaren eraginkortasuna kalkulatzeko. 3 saio.
- Beroaren ginkana: Arazo-egoera honetan, ikasleek energia termikoari, beroari eta tenperaturari buruz dituzten ezagutzak aplikatu behar dituzte, hiru mailako lehiaketa bati aurre egiteko: kontzeptuzkoa, zenbakizkoa eta digitala. 2 saio.

PISA probak

- Kontsumo txikiko etxeak: PISAk liberatutako item bat da eta helburua du ikasleek kontzeptu hauek ondo ulertzea: energia termikoa, beroa, tenperatura, transferentzia eta beroaren hedapena, bai eta esperimentuen emaitzak interpretatzea ere. Etxeak diseinatzean material berrien erabilera landuko da, etxe iraunkorrak egiteko. Saio 1.
- Bero egiten duen egunetan korrika egitea:  PISAk liberatutako item bat da eta helburua du ikasleek kontzeptu hauek ondo ulertzea: energia termikoa, beroa, tenperatura, transferentzia eta beroaren hedapena, bai eta esperimentuen emaitzak interpretatzea ere. Giza gorputzak ingurumen-tenperaturaren igoeraren aurrean zer-nolako erantzuna ematen duen landuko da, ingurumen-hezetasuna edo ura edaten den kontuan hartuz. Saio 1.

Guztira hamaika erronka dira, 23 saiotan egitekoak; hala ere, jarduera horietako batzuk ikasturtean zehar egin daitezke beste gai batzuekin lotuta. Batzuk, gainera, DBHko 4. mailako Kultura Zientifikoko ikasgairako balio dute.

EBALUAZIOA

Hezkuntza Baliabide Ireki (HBI) honen egitura berezia da, elkarren artean gainjar daitezkeen erronka eta jarduera desberdinek osatzen baitute. Hori dela eta, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako, balioespen-eskalen bidez. Irakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide hori beste zabalago batean integratu beharko du, eta, hortaz, nola ez, honako hauek ere egingo ditu: ohiko kontrolak, ikasle bakoitzaren koadernoaren balioespena eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo ebazpen batzuen balioespena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, ikaskuntza horretan elementu metakognitiboen ebaluazioa ere sartu egin behar da, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Alde horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeari esker (esaterako, ikaskuntza-egunkariak, orientabiderako oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea) ikaslea errazago jabetuko da bere lorpenez eta zailtasunez.

Ebaluazio-proposamenak curriculumeko ebaluazio-irizpide eta -adierazle guztiak betetzen ditu, eta hainbat forma eta tresna biltzen ditu:

  • Ikaslearen autoebaluazioa
  • Ko-ebaluazioa, binaka edo taldeka
  • Kontrol-zerrenden bidezko irakasle-ebaluazioak, kontzeptuak ez ezik, jarreren behaketa ere kontuan hartzen dutenak
  • Eztabaidetarako eta gogoeta pertsonaletarako orientabide-galderak, ikaskuntza-egunkari gisa

Ikerketa-jarduera guztietan, gaiarekin ez ezik, lan eta metodo zientifikoarekin zerikusia duten kontzeptu, prozedura eta jarrerei buruzko irizpide komun batzuk ere zehazten dira:

  • Metodo zientifikoaren aplikazioa praktikan jartzeko ikerketa-lan txikiak garatu ditu: zientifikoki iker daitezkeen arazoak identifikatu ditu, eguneroko fenomenoak azaltzeko hipotesiak formulatu ditu, esperimentuetako datuak bildu, antolatu eta interpretatu ditu, eta azalpen arrazoituak eman ditu, hipotesia berresteko edo ez berresteko.
  • Hainbat txosten egin ditu, laburbilduma gisa, behaketen edo saiakuntzen ondorioak jasotzeko, eta behar bezala erabili du bere mailarako egokia den hiztegi zientifikoa.
  • Informazio esanguratsua identifikatu, hautatu eta interpretatu du zientzia-dibulgazioko testu batean.
  • Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta kategorizatu du, eta behar bezala erabiltzen du.
  • Laborategiko oinarrizko segurtasun-arauak ezagutu eta errespetatu ditu, eta erabilitako tresnak eta materiala zaindu ditu.
  • Sormena erakutsi du planteatutako galderei erantzunak bilatzerakoan.
  • Lan pertsonalean ahalegina eta autonomia erakutsi du, eta jarrera aktiboa eta arduratsua izan du zereginetan.
  • Talde-lanaren aldeko jarrera adierazi du, eta zereginetan lankidetza eta parte-hartze arduratsuko jarrera izaten du.
  • Eztabaidetan parte-hartze aktiboa izan du, arrazoiak eman ditu, eta txandak eta arrazoiak errespetatu ditu.
  • Naturaren fenomenoak ezagutzeko jakin-mina eta interesa erakutsi du.
  • Ingurumenaren arloko testuinguru pertsonal eta sozialetan zientziak egiten dituen ekarpenak aztertu ditu modu kritikoan.
  • Zientzian aritzen diren pertsonek egiten duten lanari balioa eman dio, eta haiei buruzko ikuspegi estereotipatuaz jabetu da.

BIBLIOGRAFIA

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)