Saltatu nabigazioa

Hitzaurrea eta ikaskuntza-ibilbidea



Beroa miatzen

Beroaren eraginak

Beroaren hedapena

  • Termometroaren historia ikertuko dugu irakurketa kooperatibo bat eginez.
  • Oreka termikoa egoera errealetan eta egunerokoetan ikertuko dugu, izan jarduera esperimentalen zein teorikoen bidez.  
  • Beroak eguneroko sistemetan sortzen dituen eraginak aztertuko ditugu eta txosten bat egingo dugu ateratako ondorioekin.
  • Zer-nolako eragina du tenperaturak poloetan? Ikertu dezagun.
  • Nola egiten da bero-garraioa ozeanoaren sakoneko zirkulazioan? Horixe izango da gure ikerketa.
  • Beroaren hedapena esperimentalki ikertuko dugu eta eguneroko sistemak deskribatuko ditugu.
  • Materialen bero-eroankortasunari buruzko esperimentuak planifikatu eta diseinatuko ditugu.

Beroaren aplikazioak

PISA probak

  • Elikagaiekin esperimentatuko dugu eta haien balio energetikoak kalkulatuko ditugu.
  • Ur beroarekin ditugun gastuak eta gastu horien energia-gastu egiazkoak kalkulatu eta ikertuko ditugu.
  • Beroari buruz zer ezagutza dugun egiaztatuko dugu beroaren ginkanaren bidez.
  • Etxe eraginkorra diseinatuko dugu, PISAren «Kontsumo baxuko etxeak» delako itemaren bidez.
  • Beroak gizakiaren gorputzean sortzen dituen eraginak ikertuko ditugu, PISAren «Bero egiten duen egunetan korrika egitea» delako itemaren bidez.

ERABILERA-JARRAIBIDEAK

Material honen bidez, DBHko 2. mailako Fisika eta Kimikako «Energia» blokearen curriculum-edukiekin lotutako proposamen didaktiko bat aurkezten da. Ez da ohiko unitate didaktiko edo proiektu bat; aitzitik, erronka txikien moduan planteatzen diren askotariko arazo-egoeren multzo bat da, eta zenbait saio irauten dute. Erronka horiek pizgarri eta desafio bat dira ikaslearentzat, bere ingurunearekin lotzen den egoera esanguratsu bat ebazteko konpromisoa hartu behar baitu. Hori guztia egiteko, ikerketa-jarduera gidatuak egingo dira, eta helburua ikerketaren ondorioak biltzea izango da.

Geralt . Erronka ((Jabari publikoa)

Erronka horiei esker, curriculumeko edukien testuingurua argituko da, eta, beraz, irakasleentzat ere baliagarriak izan daitezke, bai eskoletarako ideiak emateko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakiko du erronka horiek erabili edo ez, gaiaren hainbat unetan aplika baitaitezke edo elkarrekin lotuta izan baitaitezke, eduki guztiak landuz. Beste aukera bat ere badu irakasleak, alegia, ikasgela bereko ikasleak konplexutasun ezberdineko erronketan aldi berean jartzea lanean.

Oro har, elementu hauek agertzen dira erronka horietan guztietan:

Arazo-egoeraren planteamendua

Atal bakoitzaren hasieran ideia bat planteatuko da, hainbat ikuspegitatik iker daitekeena. Ikasleentzako ideia erakargarria eta hurbila izango da.

Erronka sortzeko hasierako galdera 

Erronka zein den zehazteko, gaiaren interesa islatzen duen funtsezko galdera bat egingo da.

Erronka

Funtsezko galdera hori ikerketa bati ekiteko abiapuntua izango da; ikerketa hori, kasu honetan, zientifikoa izango da, eta horren bidez, ikasleek erronka ebatzi beharko dute. Ikerketa honek talde-lana eskatzen du beti.

 Galderak, jarduerak eta gida-baliabideak

Ikasleek sortzen dituzte, eta ebazpen bat arrakastaz burutzeko eta ikaskuntza-prozesurako baliabideak emateko beharrezkoa den ezagutza biltzen dute.

Erronkaren ebazpena

Planteatutako erronkek askotariko ebazpenak sor ditzakete. Horietatik, landuena eta egingarriena aukeratzen da, inplementatua izan dadin.

Bateratze-lana

Taldeek planteatutako ebazpenak bateratze-lan baten bidez jakinarazi eta eztabaidatu beharko lirateke. Bateratze-lana denboraren eta baliabideen araberakoa izango da.

Ebaluazioa

Etengabea izango da erronkak irauten duen prozesu osoan. Ebaluazioaren emaitzek ikaskuntza berresten dute, eta erabakiak hartzen laguntzen dute, ebazpena inplementatzen aurrera egin ahala.

Erronkak binaka edo talde txikitan lantzen dira normalean, dinamika kooperatiboak erabilita; hala ere, banakako jardueraren bat ere izan daiteke. Horien osagarri, simulazio digitalak, irakurketa zientifikoak, jolas-jarduerak eta PISAko gaiak ere landuko dira.

Ikasleek ikerketa-koaderno bat eta ikaskuntza-egunkari bat izan beharko dituzte.

Koadernoan ikerketa erregistratuko da, eta, beraz, hipotesiak, esperimentuak eta emaitzen azterketak edo interpretazioa dokumentatzeko erabiliko da. Koaderno hau egunkari bat izango da, non egindako esperimentu guzti-guztiak jasoko diren, izandako gorabeherak barne. Egunkari horren arrazoi nagusia honako hauek argi eta garbi azaltzea izango da: zer egin zen, nola egin zen, nork egin zuen eta noiz egin zuen.

Ikaskuntza-egunkarian, ikasleek ikasgelan sortutako jarduerei eta proposamenei buruz idatziko dute, bai eta egunez egun planteatutako ideiei, iritziei eta saiakuntzei buruz ere. Horrela, metakognizio-prozesua abiaraziko da, honako gai hauei erantzunez: Eskatu didatena lortzen ari naiz? Lortuko dut eskatutakoa amaitzea? Gehiago saiatu behar dut? Nire planari eutsi al diot edo aldatu egin al dut? Zer egin behar nuen eta zer egin dut? Garaiz nabil? Nahastu egin naiz; zer egingo dut? Zer ikasi dut horrekin?, etab. Une bakoitzeko (hasierako, prozesuan zehar izandako, amaierako) irakasleek erabakiko dute ikasleek zer gai jaso behar dituzten beren ikaskuntza-egunkarian.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)