Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

GIDA DIDAKTIKOA

Gida honetan, Hezkuntza Baliabide Ireki (HBI) honen ezaugarriei eta erabilerari buruzko orientazio orokorrak ematen dira, bai eta erabilitako metodologia-estrategiak eta ebaluazioa ere. Baina, bere egitura berezia dela-eta, erronka bakoitzerako aparteko fitxa didaktiko bat eskaintzen da. Fitxetan orientabide zehatzak ematen dira, eta edukiak, landutako konpetentziak eta ebaluazio-proposamena zehazten dira.

PROIEKTUAREN CANVA

Canva de proyecto

HEZKUNTZA BALIABIDE IREKI HAU NOLA ERABILI

«Energia ikertzen» DBHko 2. mailako Fisika eta Kimika arloko curriculuma lantzeko proposamen didaktikoetako seigarrena da. Ez dira ohiko unitate didaktikoak ezta proiektu handiak ere, askotariko arazo-egoerak baizik, iraupen-saio batzuetarako erronka txiki gisa planteatuak. Erronka bakoitza ebazteko, hainbat ikerketa-jarduera gidatu egingo dira, eta helburua txosten bat lantzea izango da.

Erronka horiek testuinguruan jartzen dituzte curriculum-edukiak, eta irakasleentzat baliagarriak izan daitezke, bai beren eskoletarako ideia osagarriak jasotzeko, bai zuzenean aplikatzeko. Gaiaren hainbat unetan aplika daitezkeenez, irakasleak aukera izango du jarduera solteak aukeratzeko edo eduki guztiak lantzen joateko. Proposamenak askotarikoak dira: laborategiko ikerketak, simulazio digitalak, irakurketa zientifikoak, jolas-jarduerak, manipulazio-jarduerak, eztabaidak eta PISAko gaiak.

Arreta berezia jarri da konpetentzia zientifikoa garatuko duten estrategia metodologikoetan, alde batera utzi gabe gainerako oinarrizko konpetentziak.

  • Erronka edo arazo-egoera gisa planteatutako ikerketak
  • Ikasketa kooperatiboko eta talde-laneko dinamikak
  • Interneten informazioa bilatzea
  • Mapa eta irudiekin lan egitea
  • Galdetegi interaktiboak eta ibilbide didaktikoak
  • Irakurketa zientifikoei buruzko lana
  • Simulazio digitalen erabilera
  • Eztabaidak
  • PISAren itemak landu

ERRONKEN EZAUGARRIAK

Dagoeneko, irakasgai honetako gaiak garatzeko baliabide asko dago eskuragarri. Lan honetan, beste lerrabide bat eskaini nahi dugu, ikerketan oinarritutako ikasketa (Inquiry based learning) bultzatuz, baina irakasleak gidatua uneoro, aurkikuntza hutsaren bidezko ikasketaren ikuspegi bakuna alde batera utzita, eta argudiatzea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko duten jardueretan arreta jarrita.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea oinarrizko ezagutza ezinbestekoa dela ikerketan oinarritutako erronka bati heltzeko. Ikerketa-jarduerak eskatzen duen pentsamendua (hipotesiak egitea, esperimentazioa planifikatzea, emaitzak interpretatzea, ondorioak argudiatzea, etab.) ezin da burutu aldez aurretik behar diren ezagutzak izan gabe. Irakasleen lana, ezagutzak modu aktiboan eraikitzeari dagokionez (zuzeneko heziketa, kontzeptuen azalpena, adibideak, orientazioak, trebakuntza, etab.), beharrezkoa izaten da erronka bidezko ikaskuntza-teknikek ikaskuntza sakona eragin ahal izateko.

Eduki-bloke honetarako, honako ataza eta jarduera hauek proposatzen dira:

Energia
  • Energia ezagutzen: Energiaren izaerari buruzko lagungarri-multzoa, bideo bat ikustea, energia motak eta horien ondorioak aztertzea eta txosten zientifiko bat lantzea. Helburua energiaren definizioa eta ezaugarriak aztertzea da. 2 saio.
  • Paseo bat energiaren historian zehar: Energiak historian zehar izan duen garrantziari buruzko jarduera-multzoa: solasaldi kooperatibo bat egingo da, aurrerapen teknologikoak aztertuko dira eta txosten zientifiko bat egin. Helburua energiaren garrantzia eta energiak aurrerapen teknologikoekin duen lotura aztertzea da. 2 saio.
Energiaren neurketa
  • Aztarna energetikoa: Energia-gastuak kalkulatzeko jarduera-multzoa, simulazioak erabiliz. Helburua energia neurtzeko unitateekin trebatzea da. 2 saio.
  • Ezkutuko kontsumoa:  Ikasleek ezkutuko energia-kontsumoa murrizteko zer-nolako sormena duten egiaztatuko dute, hainbat simulazio erabilita. 1 edo 2 saio.  
Energiaren transformazioak eta kontserbazioa
  • Energia-aldaketak eta -formak: Ikasleek simulazio batekin lan egingo dute, gidatuta, hainbat sistematan inplikatutako energia desberdinak aztertzeko. 1 edo 2 saio.
  • Skatearen fisika: Ikasleek patinajeko pistetan inplikatutako energiak ikertuko dituzte, gidatuta eta simulazio baten bidez. 2 saio.
Energia iturriak
  • Nondik dator energia? Ikasleek beren sormena eta ezagutzak erabiliko dituzte, bideoak ikusiz eta galdetegi interaktiboak eginez, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko informazio-liburuxka bat egiteko helburuarekin. 2 saio.
  • Elektrizitatearen bidaia: Bidaia-ibilbide baten bidez, ikasleek elektrizitateak egiten duen bidea ezagutuko dute, eta ondoren, collage bat eta horma-irudi bat landuko dute. 3 saio
  • Uharte Berdea:Arazo-egoera honetan, elektrizitatea sortzeko energia-iturriei eta energia-transformazioei buruz dituzten ezagutzak aplikatu beharko dituzte ikasleek. Arazo-egoera hau inguruko baliabide naturalen erabileraren plangintza gisa planteatzen da. 2 saio
Energia eta PISA probak
  • Zentral elektriko urdina: PISAk liberatutako item hau egiteko, ikasleek ondo ulertuak izan beharko dituzte hauek: energia, neurketa, transformazioak eta kontserbazioa, iturriak eta esperimentazioen emaitzen interpretazioa. Energia-iturri berrien erabilera landuko dute. Saio 1
  • Erregai fosilak:PISAk liberatutako item hau egiteko, ikasleek ondo ulertuak izan beharko dituzte kontzeptu hauek: energia, neurketa, transformazioak eta kontserbazioa, iturriak eta esperimentazioen emaitzen interpretazioa. Karbono dioxidoaren murrizketa landuko da, teknika berrien bidez. Saio 1

Guztira hamaika erronka dira, 23 saiotan egitekoak; baina jarduera horietako batzuk ikasturtean zehar egin daitezke beste gai batzuekin lotuta. Batzuk, gainera, DBHko 4. mailako Kultura Zientifikoko arlorako balio dute.

EBALUAZIOA

Hezkuntza Baliabide Ireki honen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinez osatua, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu horietako bakoitzarentzat balorazio-eskalen bidez. Irakasleak, erabiliko duen gidalerroa hautatu ondoren, gidalerro hori beste zabalago batean integratu beharko du, eta hortaz, nola ez, honako hauek ere egingo ditu: ohiko kontrolak, ikasle bakoitzaren koadernoaren balioespena eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo ariketa batzuen balioespena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, ikaskuntza horren ebaluazioan elementu metakognitiboak ere sartu behar dira, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Alde horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeak (esaterako, ikaskuntza-egunkariak, orientazio-oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea) erraztu egiten du ikasleak beren lorpenez eta zailtasunez jabetzea.

Ebaluazio-proposamenak curriculumeko ebaluazio-irizpide eta -adierazle guztiak betetzen ditu, eta hainbat forma eta tresna biltzen ditu:

  • Ikaslearen autoebaluazioa
  • Ko-ebaluazioa, bikoteka edo ikasle-taldeka
  • Irakasleen ebaluazioak kontrol-zerrenden bidez, kontuan hartuta kontzeptuak eta jarreren behaketa.
  • Eztabaida eta gogoeta pertsonaletarako orientazio-galderak, ikaskuntza-egunkari gisa.

Ikerketa-jarduera guztietan, irizpideak zehaztuko dira, hala gaiarenak, nola lan eta metodo zientifikoarekin zerikusia duten kontzeptu, prozedura eta jarrerei buruzko irizpide komunak:

  • Metodo zientifikoaren aplikazioa praktikan jartzeko ikerketa-lan txikiak garatu ditu: zientifikoki iker daitezkeen arazoak identifikatu ditu, eguneroko fenomenoak azaltzeko hipotesiak formulatu ditu, esperimentuetako datuak bildu, antolatu eta interpretatu ditu, eta azalpen arrazoituak eman ditu, hipotesia berresteko edo ez berresteko.
  • Laburbiltzeko txostenak egin ditu, behaketetatik edo esperientzietatik ondorioak ateratzeko, eta behar bezala erabili du bere mailarako egokia den hiztegi zientifikoa.
  • Informazio esanguratsua identifikatu, hautatu eta interpretatu du zientzia-dibulgazioko testu batean.
  • Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta kategorizatu du, eta behar bezala erabiltzen du.
  • Laborategiko segurtasun-arauak ezagutu eta errespetatu ditu, eta erabilitako tresnak eta materiala zaindu ditu.
  • Sormena erakutsi du planteatutako galderei erantzunak bilatzerakoan.
  • Lan pertsonalean ahalegina egin du eta autonomia erakutsi du, eta jarrera aktiboa eta arduratsua izan du zereginetan.
  • Talde-lanaren aldeko jarrera adierazi du, zereginetan lankidetza eta parte-hartze arduratsuko jarrerak adieraziz.
  • Eztabaidetan parte-hartze aktiboa izan du, arrazoiak eman ditu, eta txandak eta arrazoiak errespetatu ditu.
  • Naturaren fenomenoak ezagutzeko jakin-mina eta interesa erakutsi du.
  • Ingurumenaren arloko testuinguru pertsonal eta sozialetan zientziak egiten dituen ekarpenak modu kritikoan aztertu ditu.
  • Zientzian aritzen diren pertsonek zer lan egiten duten baloratu du, eta haiei buruzko ikuspegi estereotipatuaz jabetu da.

BIBLIOGRAFIA

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)