Saltatu nabigazioa

Laguntzen al du fisikak trafiko-istripuak murrizten?

Ezagutzen al ditugu gidatzearen arriskuak?

Ziur aski, gidabaimena ateratzeko eta auto edo motor bat edukitzeko desiratzen egongo zarete. Hala ere, jakin badakigu gidatzea arriskutsua dela; izan ere, aldian-aldian, istripuak gertatzen dira, eta lagunak edo senideak zauritu edo hil daitezke istripuotan.

Jabetzen gara pertzepzio-sistema zer garrantzitsua den auto edo motor bat gidatzean? Ezagutza hori lagungarria izan daiteke istripurik ez izateko.

Accidente de tráfico
ABC.es/motor. Trafiko-istripua (Jabari publikoa)

Fisikak aukera bikaina eskaintzen digu etorkizuneko gidariek gidatzearen arriskuak ezagutzeko eta zirkulazio-arau gehienen logika agerian jartzeko.  

Oso garrantzitsua da gure muga fisikoak nahiz gidatzen dugun ibilgailuaren mugak zein diren ezagutzea.

Ziur al gaude ikusi dugunaz? Ikusmena motela da

Iraupena:
30 minutu
Taldekatzea:
2 pertsona

Esperimentu erraz batzuekin hasiko gara; oso adierazgarriak, hala ere. Txosten bat idatziko dugu ikerketaren emaitzekin eta ondorioekin.

Gure ikusmena uste baino motelagoa dela frogatuko dugu.

Materialak:  

  • kateorratza
  • zurezko pospoloak

Prozedura:

Zurezko pospolo baten burua moztu ondoren, erdigunetik pasaraziko da kateorratza, pospoloa ezpaldu gabe.

Cerilla e imperdible
Cedec. Pospoloa eta kateorratza (CC BY-SA)

Ikusten denez, pospoloaren muturra hatz-puntarekin jo (hatzak pospoloa jo eta, aldi berean, pospoloaren ertzetik irristatzen da), eta orratza zeharkatzen du! Beste aldera igarotzen da. Azalpena ondoren dator: pospoloak ez du metala zeharkatzen; aitzitik, bira osoa ematen dio, baina, hain azkar egiten duenez, ezin dugu ikusi.

No solo magia en Youtube. Pospoloa kateorratza zeharkatzen | Magia pospoloekin (Jabari publikoa)

Pospoloak kateorratzaren alde baten aurka jotzen duenean, kateorratzak malguki moduan funtzionatzen du. Orduan, pospoloak oso azkar biratzen du, eta ikusmen-sistemak, nahiko motela denez, ez da mugimendua ikustera iristen. 

Seinale elektrikoek denbora jakin bat behar dute erretinako zentzumen-zeluletatik burmuinera (kontzientziaz arduratzen den eremura) heltzeko. Pospoloak, ordea, denbora gutxiago behar du bira egiteko. Benetan harrigarria da lehenengoetan. 

Erreakzio-denborak neurtzen

Iraupena:
1 ordu
Taldekatzea:
2 pertsona

Gure erreakzio-denborak badu garrantzia eguneroko bizitzan. Erreakzio-denbora azkarra denean, onurak handiak izan daitezke; adibidez, trafiko-istripuak saihestu daitezke. Erreakzio-denbora motela denean, ondorioak kaltegarriak izan ohi dira.

Erreakzio-denborak hau neurtzen du: estimulu bati erantzuteko azkartasuna. Nolakoa da gure ikusmenaren erreakzio-denbora? Esperimentu honen bidez, ikusmenaren, entzumenaren eta ukimenaren erreakzio-denborak frogatuko ditugu, erregela batekin. 

 Zer estimuluk dute batez besteko erreakzio-denbora azkarragoa? Ikusmenaren, ukimenaren ala entzumenaren estimuluek? Gure hipotesia egingo dugu.

Orain, gure hipotesia frogatuko dugu.

    Ikusmenaren erreakzio-denbora eta argiztapena

    Iraupena:
    1 ordu
    Taldekatzea:
    2 pertsona

    Erreakzio-denbora garrantzitsua da, gure bizitzari eragiten baitio. Gure erreakzio-denbora ona bada, eraginkortasun handiagoz erantzungo diegu estimuluei eta egoerei (gidatzean, kirola egitean, etab.).

    Baina, hobetu al dezakegu gure erreakzio-denbora? Argiztapenak eragingo al dio gure erreakzio-denborari?

    HIPOTESI bat egingo dugu.

    Bideo bat ikusiko dugu; bertan, Pulfrich-en penduluarekin egin daitekeen esperimentu bat ikus daiteke:

    Matt Anderson en Youtube. The Pulfrich phenomenon (Jabari publikoa)

    Orain, guk geuk egingo dugu.

    Zertxobait gehiago sakonduko dugu, hori zergatik gertatzen den jakiteko.

    Erretinako konoen eta makilen erreakzio-abiaduran dago gakoa.

    Gizakion erretinan argiarekiko sentikorrak diren bi zelula mota daude. Konoek argiaren intentsitatea handia denean funtzionatzen dute; azkarrak dira, eta koloreak bereizten dituzte. Bestalde, makilak askoz ugariagoak dira (konoak baino 100 bider ugariagoak); argi-intentsitate oso txikiarekin funtzionatzen dute; ez dute kolorerik antzematen, eta askoz motelagoak dira. Makilen erreakzio-denbora nahiko luzea da: 0,3 segundo inguru. Konoak 4 bider azkarragoak dira.

    Erretinak bi sistema integratu edukiko balitu bezala funtzionatzen du: batak argi asko dagoenean funtzionatzen du; besteak, aldiz, argi gutxi dagoenean. Makilen sistemak argi gutxi dagoenean funtzionatzen du, eta estrategia honetan oinarritzen da: esposizio-denbora luzatzen du, eta, makila bakanen ordez, makila multzoak erabiltzen ditu sentikortasuna handitzeko, ikusmen-zolitasuna galdu arren. Argazki-kamerek antzera funtzionatzen dute argi gutxi dagoenean: esposizio-denbora luzatzen da, eta film sentikorrena erabiltzen da (pikor sentikor handiagoekin). «Esposizio-denbora» handiagoa denez, ikusmena motelagoa da argi gutxirekin. Gainera, ikusmen-zolitasuna murrizten denez, zailagoa da formak antzematea («gauez, katu guztiak beltzak» eta, gainera, zailtasunak izaten ditugu katuak direla ikusteko). Iluntasunera ez gara segituan ohitzen; hau da, ez gara bat-batean igarotzen konoetatik makiletara. Aldaketa pixkanaka gertatzen da; minutu batzuk behar ditugu formak ikusteko, baina ez koloreak. Egunkari bat argi oso gutxirekin irakurtzen dugunean, hizki handiak baino ez ditugu irakurriko; hau da, hizki txikiak ezin izango ditugu irakurri. Izan ere, zolitasun txikiagoz ikusiko dugu. Erreakzio-denboran oinarritzen diren jolas guztiak okerrago egiten dira. 

    Begia
    Euskomedia. Begia (Jabari publikoa)

    Orain, ikusmenaren erreakzio-denboraren esperimentua errepikatuko dugu (erregela erortzen uztekoa), argi oso gutxirekin, laborategi edo gela kasik ilunean. 

    Nolakoa izango da, zure ustez, gure erreakzio-denbora? 

    Pertsona IKUSMENA
    1
    2
    BATEZBESTEKOA

    Ondorioak:  Nola eragiten dute lortutako datuek, adibidez, gidatzean?

    Ikaskideekin zera eztabaidatuko dugu: tunel batera, laburra izanda ere, argirik gabe sartzeak zer arrisku dakarren (egokitze-denboraren ondorioz). 

    Gelditzeko distantziak kalkulatzen

    Iraupena:
    1 ordu
    Taldekatzea:
    Binaka

    Demagun gidari batek oztopo bat ikusten duela errepidean, eta frenatu egiten duela. Higidura hori aztertuko dugu.

    Autoaren higidura bi fasetan aztertuko dugu:

    1. Gidariak oztopo bat dagoela ikusten du, eta oinarekin frenoa zapaltzen hasten da. Frenoaren pedalak ibilbide bat du frenoek guztiz jardun arte.
    2. Frenoen eraginak autoa gelditzen du.
    Frenatzeko distantzia
    Erein, FK Batxilergoa. Frenatzeko tartea (CC BY)

    Lehen faseak denbora hau hartzen du: erreakzio-denbora (0,2 segundo ingurukoa da, hots, burmuinak nerbio-bulkada oinera bidali, eta oinak frenoa zapaltzeari ekiteko behar dena) gehi oinak frenoa erabat zapaltzeko behar duen denbora. Bi ekintza horien batuketa 0,75 segundo ingurukoa da. Denbora-tarte horretan –t1 deituko diogu–, autoak higidura konstantea –vo– duela esango dugu. Beraz, distantzia hau –d1– egingo du:

        d1vo t1 = 0,75 vo

    Frenoa eragiten hasten denean, autoak azelerazio konstantearekin frenatuko du. Fabrikatzaileen eta gidari elkarteen arabera, balaztatze-azelerazioa 7 eta 8 m/s2 artekoa da, frenoak, pneumatikoak eta errepidea egoera ezin hobean daudenean.

    Autoak frenatu bitartean egiten duen distantzia –d2– kalkulatzeko, higidura uniformeki azeleratuaren ekuazioak erabili behar dira. Hona hemen ekuazioa (4. mailan arretaz ikasiko dugu):

        x=xo+ vot + (1/2)at2        y v= vo + at

    Kontuan hartu behar dugu xo = 0 dela eta amaierako abiadura 0 dela, autoa geratzen denean. Beraz, hau lortuko dugu:  x= vo2 /2 a 

    Frenatze-azelerazioa 7,5 m/s2 dela kontuan hartzen badugu, autoak distantzia hau egingo du frenoa zapaltzen ari garen bitartean:

    d2 = 0,067 vo2

    Ikusi ditugun ekuazioetan oinarrituz, taula bat osatuko dugu gelditzeko behar den distantzia guztizkoarekin, hasierako abiadura kontuan hartuta

    v0 (m/s)

    v0 (Km/h)

    d1 (m)

    d2 (m)

    d guztizkoa (m) 

    10
    20
    30
    40
    50

    ONDORIOAK: 

    Zer ondorio atera ditzakegu frenatzeko tartearen inguruan? 

    Segurtasun-tartea. Erabakiak hartzea

    Iraupena:
    30 minutu
    Taldekatzea:
    ikasgela osoa

    Demagun bi auto bata bestearen atzean doazela, eta lehenengoak bat-batean frenatzen duela. Hori ikustean, bigarren autoak ere frenatzen du, aurrekoaren antzeko azelerazioarekin. Segurtasun-tartea egokia bada, bigarren gidariak denbora izango du erreakzionatu eta frenoa garaiz zapaltzeko, lehen gidariak frenatu duela ikustean. Ikusi bezala, gutxienez 0,75 segundo behar dira horretarako.

    Distancia de seguridad
    Bide-segurtasuna.. Segurtasun-tartea (Jabari publikoa)

    Aurreko zeregineko taulako d1 distantzia-zutabeak bi ibilgailuren arteko gutxieneko distantzia zein den adierazten du, gidariak adi-adi badaude. Ibilgailuen arteko distantzia txikiagoa baldin bada eta aurreko autoak bat-batean frenatzen badu, autoek ezinbestean egingo dute talka, eta bigarren autoko gidaria izango da erruduna. 

    Abiadurak zuzeneko eragina du gorde beharreko segurtasun-tartean. Beste zer faktorek eragin dezakete eta nola? (Adibidez: errepidearen egoera, autoaren egoera, gidariaren nekea, etab.) ? 

    Zer erabakiko genuke orain baldin eta galdetzen badigute ados gauden ala ez udal batzuek hartu duten erabakiarekin, hots, hiri barruko abiadura 30 km/h-ra murriztearekin?  

    Ebaluazioa eta hausnarketa

    Behin zeregina amaituta, une aproposa da hausnarketa egiteko gure ikaskuntza-egunerokoan. Hona iradokizun batzuk: 

    • Zer ikasi dut?
    • Zerk harritu nau gehien prozesuan? Zergatik?
    • Aurretik neukan ideiaren bat aldatu dut? Zein?
    • Zer izan da zailena? Zergatik?

    Zereginaren ebaluazioa

    Zeregina ebaluatzeko, eskala hauek erabiliko dira:

    Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

     Ikerketa ebaluatuko da ikerketa zientifikoko lan baten balioespen-eskala honekin (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

     

    Azken eztabaida ebaluatuko da balioespen-eskala generiko honekin (deskargatu formatu editagarria, odt, eta pdf):

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)