Saltatu nabigazioa

ARTEmatikoen galeria

Zer moduz atera zaizkigu obra birsortuak? Gogoratu gara irudien eta bideoen bidez prozesu eta produktu guztiak dokumentatzeaz?

Gure arte-galeria prestatzeko unea iritsi da. Bertan aurkeztuko ditugu sekuentzia didaktiko honetan egin ditugun lan guztiak.

Lan handia denez, zereginak banatu egin behar dira. Erakusketa prestatzeko prozesua dokumentatuko dugu, irudiekin, argazkiekin eta bideoarekin. Erakusketa jendearentzat ireki ondoren, haren garapena ere dokumentatu beharko dugu.

Dokumentazioko ikus-entzunezko material guztiak balioko digu sekuentzia honetako azken ataza prestatzeko: erakusketari buruzko erreportajea.

Expoarte

Erakusketa bat muntatzeko, pertsona-talde bat behar da, lan desberdinak modu koordinatuan egingo dituena. Lana planifikatu eta zereginak banatu aurretik, komenigarria litzateke gure herriko museo bat bisitatzea.

Bisita horri esker jakin ahal izango dugu, besteak bete, espazioa nola dagoen antolatuta eta nor arduratzen den sarrerez, segurtasunaz, bisita gidatua eskaintzeaz, eta abar. Geletako koadroen banaketari ere erreparatu diezaiokegu (ea informazio-errotuluak dituzten eta zer datu agertzen diren horietan, zer hizkuntzatan...), bai eta atentzioa ematen diguten alderdi guztiei ere

Arte-galeria prestatuko dugu

Zer moduz bisita? Nola egin dugu? Gogoan hartu dugu ikusitakoa? Geure arte-aretoa edo erakusketa prestatzeko, ikasgelako taldeen artean funtzio hauek banatu behar ditugu:

  • Erakusketa egingo den lekua hautatu eta prestatu (girotu).
  • Erakusketako lanei buruzko informazio-testuak idatzi: obren izenburuak, egilea, data eta dimentsioak.
  • Erakusketaren zabalkundea egitea: bloga, publizitate-kartela, gonbidapen-gutunak (familiei, ikaskideei eta irakasleei), berriak web-orrietan...
  • Kartelak: iragarki-kartelak, obra bakoitzari buruzko fitxak...

Telebistako erreportaje honetan ikus dezakegu nola antolatu duten erakusketa bat gurea bezalako ikastetxe batean. Ideia onak daude erakusketa-gune bat prestatzeko!

Artea eta ekintza

ARTEmatika erakusketa prest dago bisitariak jasotzeko. Baina, jendeari ateak ireki baino lehen, erakusketari buruz egingo dugun ikus-entzunezko-erreportajea antolatu behar dugu.

Erreportajearen helburu nagusia antolatutako erakusketaren berri ematea izango da. Gainera, lengoaia desberdinak erabiliz adierazten ikastea da helburua.

Ezin dugu gure erreportajea inprobisatu! Denok izango dugu egun horretan bete beharreko "paper" bat. Berriz ere taldeetan lan egingo dugu.

Artea eta ekintza: aurreprodukzio-fasea

Fase honetan, gidoi literarioa egingo dugu. Gidoi horrek erreportajea grabatzeko balioko du; narrazio bati —ordena bati— jarraituz. Horretarako, talde bakoitza arduratuko da erreportajearen eskema honetako ataletako baten ideiak antolatzeaz eta testua idazteaz:

  • Hasiera bat, arreta erakartzen eta aurkezpena egiten duena.
  • Elkarrizketak. Hiru galdera egingo dira elkarrizketatu bakoitzeko: bisitari bat, artista bat eta arte-espezialista bat edo arte-kritikari bat. 
  • Erreportajea ixtea.

Talde bakoitzaren ekarpenarekin gidoi-zirriborro bat egingo dugu. Zirriborroa prest dagoenean, bateratu eta zuzendu egingo dugu, testuak zentzua izan dezan eta zati bakoitza ondo txerta dadin amaierako gidoian.

Artea eta ekintza: ekoizpen fasea 

Iritsi da erreportajea muntatzeko unea. Literatura-gidoiaren laguntzaz, istorio bat grabatuko dugu. Bertan, pertsonaiek (horien elkarrizketak aurreprodukzio-fasean prestatu ditugu) erakusketarekin duten harremana azalduko dute, eta, horrela, informazioa emango dute arte-galeria baten inguruan dauden hainbat eremuri buruz (lanekoak, kulturalak, ekonomikoak...). 

Grabatzen hasi aurretik, garrantzitsua da gogoeta egitea alderdi hauei buruz:

  • Zer erreportaje mota egin nahi genuke?
  • Nori dago zuzenduta?
  • Zenbateko garrantzia izango du musikak?
  • Ba al dugu gidoi interesgarririk? 
  • Zein izan daiteke iraupen egokia?
  • Zeintzuk izan daitezke planorik interesgarrienak?
  • Zer ezaugarri izan behar dituzte pertsonaiak interpretatzen dituzten pertsonek?
  • Zenbat lantalde behar ditugu erreportajea antolatzeko eta ekoizteko? Zer eginkizun izango dituzte?
  • Zenbat denbora beharko dugu erreportajea egiteko? Noiz egingo dugu?
  • Laguntza beharko dugu? Nori eska diezaiokegu? Nola?

Aldez aurreko hausnarketa horren ondoren, lehenik taldeka egingo dugu, eta gero talde handian, lan-taldeen kopurua eta horiek beren gain hartuko dituzten oinarrizko funtzioak finkatzeko moduan egongo gara.

Webgune honetan bideoko sormen-lan bat nola egiten den jakin dezakegu. Atal guztiak irakurtzea komeni da, gure erreportajea kalitate onekoa izan dadin.

Lantaldeak

Erreportajea egiteko, berriz ere rolak banatu behar ditugu taldeen artean.

  • "Atzeraelikadura" atala irakurriko dugu. Hor agertzen dira sortu behar diren ekipo guztiak eta bakoitzari dagozkion zereginak. 
  • Hurrengo urratsa informazioa elkarrekin berrikustea izango da, zalantzak azalduz eta antolatzeko moduari buruzko iradokizunak eginez.
  • Ondoren, taldeak antolatuko ditugu dagozkien zereginekin. Errubrika honetaz balia gaitezke, (odt edo pdf). Bideo honetan bost aholku oso baliagarriak ematen dizkigute erreportaje bat egiteko.
  • Talde bakoitzak denbora bat emango du bere lana prestatzen, esleitutako zereginen arabera.
  • Erreportajea grabatu eta editatuko dugu.

Egindako bideoa ikasgelako blogean txertatuko da, halakorik izanez gero. Bestela, ikastetxearen blogean jarriko da. Ondoren, beste modu batzuk bilatu beharko ditugu erreportajea zabaltzeko. Adibidez, egun batean gure familiak gonbidatu ditzakegu eta erreportajearen "aurkezpen ofiziala" egin dezakegu.

Bi minutu pentsatzeko: Azken gogoeta

Bidaiaren amaierara iritsi gara. Amaitu da “ARTEmatikaMENTE” sekuentzia.

Gure ikas-prozesuari buruz banakako gogoeta egiteko hartuko ditugu bi-hiru minutu. “Azken gogoeta” egingo dugu. Hori izan daiteke gure bosgarren eta azken sarrera Egunkarian.

Hori egiteko jarraibide batzuk “atzeraelikadura” atalean ditugu.

Gure “Gogoetako egunkaria” irekiko dugu. Eskolako koadernoan idatz genezake, Google Driven edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

“Gogoeta-gida” botoian ideia gehiago ditugu azken sarrera hori osatzeko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)