Saltatu nabigazioa

ARTEmatikaMENTE

Hori izenburu arraroa! Artea eta matematika. Konbinazio hori posible al da? 

Fatxada hori artistikoa iruditzen zaigu? Ba al dago loturarik fatxadaren eta matematikaren artean? Duela mende askotik, gizakiek forma geometrikoen edertasuna bilatu dute, eta eraikuntzetan aplikatu dute. Irudia arretaz behatzen badugu, irudi geometriko apaingarriak ikus ditzakegu eraikin horren fatxadan zizelkatuta.

Arkitektoak, mekanikariak, diseinatzaileak, ingeniariak, eraikitzaileak, pilotuak, nabigatzaileak, artista plastikoak... Guztiek erabiltzen dute geometria beren lanetan. 

Sekuentzia honetan, ezagutza geometrikoak erabiliz arte-konposizioak egiten ikasiko dugu. Beraz, matematikarekin jolastuko gara artea egiteko. Eta hori guztia, beti bezala, taldeka lan eginez egingo dugu.

Konposizioak sortuko ditugu geometria hainbat teknika artistikorekin konbinatuz. Gure azken zeregina izango da gure lan guztiekin erakusketa bat prestatzea eta, gainera, erakusketari buruzko erreportaje bat egitea bitarteko digitalekin.

Beraz, oso garrantzitsua da zeregin guztiak argazkiekin eta bideoekin dokumentatzea. Era berean, zeregin edo jarduera bakoitzaren emaitza ikasgelako blogean islatu dezakegu, halakorik izanez gero.

Elkarrekin apartak izan gaitezke!

Proiektu honetako zeregin gehienak egiteko talde-lanean arituko gara eta taldean ikasiko dugu. Talde bateko partaide izango gara sekuentzia osoan. Izen bat jarriko diogu gure taldeari, eta logo edo marrazkiren bat ere egin dezakegu taldea irudikatzeko. Talde kooperatiboetarako oinarrizko gida (odt-n, eta pdf-an) hau ere erabil dezakegu, eta eskueran eduki beti.

Talde bat izatea (kirol-taldeak bezalakoa) ez da “beste hiru-lau lagunekin elkartu eta lana banatzea” soilik. Baldintza batzuk bete behar dira:

  • Taldeek helburu bat dute: denek elkarrekin gehiago eta hobeto ikastea.

  • Taldeko kide guztiek izaten dituzte gaitasun bereziak. Guztiok gara beharrezko.

  • Erabakiak ados jarrita hartuko ditugu.

  • Taldeko kide bakoitzak rol bat izango du. Esate baterako: bat, bozeramailea izan daiteke; beste bat, materialaren arduraduna; hirugarren bat, informazioa bilatzeaz arduratuko dena... Rol horiek txandakatu egingo dira kide guztien artean. Bi edo hiru zereginetan rol bera izango dugu, baina beste batzuetan beste rol batzuk izango ditugu. Horrela, denok ezagutuko ditugu horietako bakoitza zertan datzan eta trebetasun desberdinak garatuko ditugu.

  • Rol bakoitzak ardura bat izango du; gure lana izango da ardura hori betetzea, horren baitan egongo baita talde osoaren arrakasta. Idatzita utz dezakegu, talde-agiri batean, zer konpromiso hartu dugun; elkarlanean aritzeko bete beharko ditugun eginkizunak gogorarazteko balioko digu.

  • Egingo ditugun zereginen artean, bat, talde-lana ebaluatzea izango da, eta beste bat, kide bakoitzaren lana ebaluatzea. Rolen eta funtzioen taula (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-n) erabil dezakegu horretarako.

Lan-ibilbidea

Cedec-en Proyecto EDIAaren Hezkuntza Baliabide Irekia.
Lehen Hezkuntzarako diziplina arteko baliabidea.
Egileak: Susana López, Begoña Marqués eta Berta Martínez.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)