Saltatu nabigazioa

Estutxe batean bizi naiz

Unitate hau landuz, ikusi dugu egunero erabiltzen ditugun tresna guztiak desberdinak direla jatorrian: hasieran lehengaiak ziren. Gai horiek nola eraldatzen diren ere ikasi dugu, nola garraiatzen diren eta nola iristen diren gure eskuetara. Azkenik, egiaztatu dugu prozesu horrek guztiak baduela eraginik ingurumenean. 

Ikasi eta landu dugun guztia baliagarria izango dugu sekuentzia didaktiko honen azken lana egiteko: eskola-objektu bati buruzko biografia. Banakako lana izango bada ere, taldean lan egin beharko dugu testuak berrikusteko. 

Testuak gelan idatzi eta irakurriko ditugu, eta, ondoren, testu guztiak ikasgelako blogean bilduko ditugu. Gure testuak biltzeko, biografien liburu bat egingo dugu, ikasgelako edo eskolako liburutegian uzteko modukoa. Bestela, horiek argitaratzeko beste bide bat zera izango da, Pinterest taula batean biltzea denak, eta gero blogari lotzea taula hori. 

Zer da pertsonifikazioa?

Azken ariketa honetarako istorio bat asmatuko dugu. Estutxean "bizi" den objektu baten historia kontatuko dugu. Baina pertsonifikazioaren teknika erabiliz kontatuko dugu. Hau da, pertsonen ezaugarriak emango dizkiogu objektu bati.

Pertsonifikazioaren baliabidea aztertzeko, Disney - Pixar ekoizpen-etxearen film labur ospetsu honetan agertzen diren objektu pertsonifikatuak errepasatzea iradokitzen dizuegu: The blue umbrella (Urdinki). Oso film polita da, eta protagonista aterki urdin bat da.

Historia honetan, aterkiak eta beste objektu protagonista batzuek aurpegitxoak dituzte, objektuak ez balira bezala. Emozioak eta sentimenduak ere agertzen dituzte.

Ondo erreparatu al diegu agertzen diren pertsonaia guztiei? Zer egiten dute? Zer sentimendu agertzen dituzte? Bideoa ikusi ondoren, honako taula honen antzeko bat osatzen saiatuko gara: bakoitzak zer egin duen, eta zer emozio agertu duten erakutsiko dugu bertan.

Objektu pertsonifikatua Ekintza Emozioa

Gutako bakoitzak honen moduko taula bat egingo du koadernoan eta bere erantzunak idatziko ditu. Ondoren, taldeetan bilduko gara, gure lanak konparatzeko eta denon artean ondorioak ateratzeko. Ekipoko dokumentu bat egingo dugu, eta Google Drive-eko karpeta digitalean jarriko dugu. Azkenean, gelako denei azalduko diegu. 

Jarduera honen ondoren. Argi al daukagu zer den pertsonifikazioa? Ezagutzen al duzu baliabide hau erabiltzen duen film, liburu edo abestiren bat? 
Bi baliabide horiek pertsonifikazioari buruzko beste zerbait ikasten lagun diezagukete: 

  • Pertsonifikazioa: pertsonifikazioari buruzko ikus-entzunezko azalpen lagungarria. 

Amaitzeko, denon artean gure ustez pertsonifikazioa darabilten istorioak (ipuinak, liburuak, filmak, serieak) ekarriko ditugu gogora. Gutako bakoitzak (edo, gutxienez, talde bakoitzak) istorio bat gogoratu beharko du, eta gainerako kideei kontatu.

Hauxe da nire historia

Ziur aurreko ariketan pertsonifikazioaren teknika erabiltzen duten ipuin, film edo abesti asko gogoratu ditugula. Orain guri dagokigu pertsonifikazioa erabiltzea zerbait idazteko. 

Oraingoan, gure estutxeko tresnetako baten biografia idatzi beharko dugu. Nola idatzi biografia bat, Txikipedian dagoen azalpena irakur dezakegu.Lan hau banaka egingo dugu, baina, testua prestatuz gero, laguntza eskatuko diegu taldekidea, ea zer iritzi duten jakiteko edo hobetzeko iradokizunak egin diezazkiguten. 

Objektu baten biografia ebaluatzeko errubrika (formatu editagarrian, odt nahiz pdf) izango da gure erreferentzia. Lana egin aurretik, bitartean eta amaieran irakur dezakegu. Lana ahalik eta hobekien egiten lagun diezaguke. Ebaluatzeko ere hauxe erabiliko dugu. Gure karpeta digitalean sartzeaz gain, testu-dokumentu gisa ere deskarga dezakegu.

Narrazioa idazteko prest? Pentsatu al dugu zer tresnari buruz idatziko dugun? Idazle izatea lan polita da. Idazlana ondo egiteko, erakutsi feedbacka botoian azaldutako urrats batzuei jarraituko diegu.

Idatzi aurretik

Testuak lehen pertsonan idatzita egon beharko du; izan ere, tresnak berak kontatuko du bere istorioa. 

Honako gidoi hau hartuko dugu kontuan ideiak ordenatzeko: 

  • Normalean eskolako estutxe batean "bizi" den tresna bat aukeratuko dugu testuaren protagonista izateko (arkatza, ezabatzeko goma, zorrozkailua …).
  • Imajinatu behar dugu tresna pertsona bat dela: nola du izena? nolakoa da? (ezaugarri fisikoak eta psikologikoak), zer gustatzen zaio?, zer ez zaio gustatzen?... 
  • Bizileku duen estutxeari buruz eta berekin bizi diren beste tresna batzuen berri emango dugu.
  • Gertaera biografiko bi edo gehiago kontatuko ditugu, kronologikoki sekuentziatuta, eta gertaera nagusiak nabarmenduta. Atal honetan sar dezakegu aurreko jardueretan ikasitakoa, datu interesgarriak azalduz: 
    • Non duen jatorria (lehengaiak zer  herrialdetatik datozen, kokapena, xehetasun deskribatzaileak...)
    • Eraldatze-prozesua.
    • Estutxera iritsi arte zer garraiobide erabili dituen. 
  • Biografia amaitzea: zer kezkatzen du une honetan, zer gustatuko litzaioke gertatzea...

Oso garrantzitsua da bere bizitzaren narrazioan jatorriari buruzko alderdi guztiak agertzea ("hasiera batean, egur-zati bat zen", "Aita zuhaitz handia izan zuen..."), bai eta nola eraldatu zen eta gure estutxera nola iritsi zen ere. 

Idaztera!

Gidoia prest daukagula, testua idazten hasteko moduan izango gara. Gogoan hartu gomendio hauek: 

  • Ondo erabili puntuazio-zeinuak: erabili koma zerrendetan, amaierako puntua perpaus bat amaitzean, galdera-zeinuak galderetan eta gidoi luzea elkarrizketaren bat baldin badago.
  • Ideia bakoitza lantzeko erabili paragrafo bat. Informazioa antolatzen duten elementuak jarri: hasieran, geroago, azkenean...
  • Perpausak ondo lotu, honelakoak erabilita: eta, baina, zelako, zuenean, ondoren...
  • Testuaren hasiera berdina izango duzue denok: "Nire historia hementxe hasi da: ..."

Idatzizko testua berrikusi behar da ahaztu gabe. 

Idatzizko testua berrikusi

Testu idatzia, biografia, zirriborroa da eta berrikusi egin behar dugu. Horretarako, honako Kontrol-orria (formatu editagarrian, odt nahiz pdf) hau erabiliko dugu. 

Testuari galdetegiko galderak egin, eta egiaztatuta daukagula, taldekideei esango diegu irakurtzeko eta esateko ea ulertu duten, erraz irakurtzen den, zerbait gehituko edo kenduko luketen... Haiek esandakoa entzunda, baliteke testuaren zerbait aldatu nahi izatea. Pertsonaia protagonista marrazterik ere badugu, hari buruz egin dugun deskribapenaren arabera. 

Biografiak ikasgelako blogean argitaratuko ditugu. Horretarako, sarrera bat idatziko dugu eta bertan jarriko dugu testua. Marrazkiren bat ere jar dezakegu, halakorik egin badugu. Irudiei argazkia egin diezaiekegu, edo eskaneatu. Gero blogean sartuko ditugu, gehien gustatzen zaigun tokian.

Argitaratu eta zabalpena emango diogu

Taldearen blogean sarrera bat irekiko dugu, eta bertan azalduko dugu zer lan egin dugun (taldekide bakoitzaren eta gelako gainerako ikasleen biografiak hortxe jasoko ditugu). Hainbat formatu erabil ditzakegu: 

  • Azken produktua egiteko paper-orri bat edo DINA-3 formatuko orria erabili badugu, ikasgelako istorio guztiei argazkia egiteko moduan izango gara, eta taula bat ireki Pinterest-ten, “Behin batean...bazen estutxe bat” izenburua jarrita.  Taula ikasgelako blogaren eta gure blog pertsonalen sarrera batera lotu dezakegu.
  • Liburua egitea aukeratu badugu, biografia guztiak bildu beharko ditugu, azala egin eta istorioen aurkibidea prestatu. Koadernatu ondoren, ikastetxeko beste gela batzuetan utziko dugu maileguan. "Isuu" tresnak gure liburua digitalizatzeko aukera emango digu.

Internet bidezko hedapenaz gain, beste maila  batzuetako ikaskideei ere ezagutarazi beharko genizkieke gure lanak, bai eta beste irakasle batzuei eta gure gurasoei ere. Zuzenean joan gaitezke beste talde batzuen geletara, edo aurkezpena ikastetxeko espazio komun batean antola dezakegu. 

Bi minutu pentsatzeko: Azken gogoeta

Bidaiaren amaierara iritsi gara. Behin batean, ... bazen estutxe bat sekuentzia amaituta dago.

Gure gogoeten egunerokoa irekiko dugu. Eskolako koadernoan idatz genezake, Google Driven edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean. 

 

Bi-hiru minutu hartuko ditugu gure ikas-prozesuari buruz pentsatzeko, banaka. Azken hausnarketa egingo dugu. Horixe izan daiteke, hain zuzen, egunerokoaren bosgarren eta azken sarreraren izenburua. 

Gogoetarako gida botoian, gogoetarako jarraibide batzuk ditugu. 

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)