Saltatu nabigazioa

Lehenik eta behin, egurra

Eskolako lanetan egunero erabiltzen ditugun objektu askoren osagaiak landu ditugu. Etiketak ere aztertu ditugu, eta haien esanahia ezagutzeak duen garrantziaz jabetu gara. Honen ondoren, gure eskola-materialak egiteko erabiltzen diren prozesuei buruz ikasiko dugu. 

Has gaitezen funtsezko elementu bat lantzen. Hurrengo bideoan, papera egiteko prozesua ikusiko dugu. Papera egiteko erabiltzen diren lehengaiei eta fabrikatzeko jarraitzen den prozesuari erreparatuko diegu. 

Bideoan, papera nola egiten den ikusi dugu, egurretik hasita. Egurrez egiten dira, halaber, gure estutxeko arkatzak, mahaiak, makila-pinturak... Antzina, estutxeak ere egurrezkoak ziren. Plumierrak esaten zitzaien. Bilatu ditzagun irudiak Interneten, plumier hitza jarrita. Etxean edo eskolan ikusita izango duzue halakoren bat! Zer iruditu zaizue? Zer duzue nahiago, gaur egungo estutxeak ala lehengoak? Zer arrisku izan genezakeen plumierrak erabilita? Zer abantaila? 

Objektu horri buruz gehiago jakiteko, zurezko plumier bat fabrikatzeko prozesua azaltzen digun esteka bat kontsulta dezakegu. 

Egurretik paper-foliora, arkatzera, estutxera

Bai bideo interesgarriak! Primeran azaldu digute fabrikazio-prozesua! Notarik hartu al duzue? Ez? Beno, oraintxe duzue ba aukera.  Prozesu horri buruzko informazio gehiago behar badugu, Papera nola egiten den artikulua kontsulta dezakegu. 

Aurreko atalean ikusi dugun bideoa landuko dugu: Nola egiten da papera?

Talde bakoitzean, bikoteak osatuko ditugu lan hau egiteko. Bikote bakoitzak bideoari jartzeko izen egokia pentsatu behar du. Ondoren, bideoaren edukiari eta haren erantzunei buruzko hiru galdera interesgarri adostu behar ditugu. Komeni da berriro ikustea. Hori guztia Google Drive-en irekiko dugun dokumentu batean idatziko dugu.  

Besteei azalduko diegu  

Bikote bakoitzak hiru galdera pentsatuta eta zuzen erantzunda eduki behar ditu. Zeintzuk aukeratu ote dituzte gure ikaskideek? Gelakoekin banatuko dugu informazio hori guztia. 

Bikote bakoitzak egindakoa azalduko du. Haien galderak eta erantzunak ez badaude gure zerrendan, idatziz jarriko ditugu gelako galdera guztiak jasotzeko dokumentu batean. Egokia izan daiteke bozeramaile bat aukeratzea, galdera eta erantzun guztiak paper jarraituan biltzeko. Ondoren, horma batean utz dezakegu sekuentziak irauten duen denbora guztian.

Istorioa prestatzen... kronograma bat egingo dugu

Fabrikazio-prozesuen kronograma

Eskolako objektuak fabrikatzeko prozesu batzuk ikertuko ditugu. Gelako talde bakoitzak prozesuak aztertuko ditu, eta objektu bakoitza nola egiten den azaltzeko kronograma bat sortu. Amaitzeko, talde bakoitzak bere kronograma aurkeztuko die ikaskideei. 

Nola aurkeztu jakiteko, Antolatzaile bisuala ebaluatzeko errubrika (editagarria, odt nahiz pdf) erabiliko dugu.  

Kontsultako esteka horietako informazioan oinarrituta egingo dugu lan, lotura horiek erakutsiko digute-eta nola fabrikatzen diren ikasgelan egunero erabiltzen ditugun hainbat tresna. 

  • Paper birziklatua fabrikatzeko prozesua.
  • Karpeta bat fabrikatzeko prozesua

Talde bakoitzak produktu hauetako baten prozesua aztertuko du. Horretarako, lehenik eta behin, bideoan agertzen diren azalpenei buruzko oharrak idatziko ditugu. Ondoren, gai hauei buruz jardungo gara eztabaidan:

  • Zer lehengai erabiltzen dira produktua egiteko? 
  • Non daude lehengai horiek? 
  • Zer urrats egiten dira fabrikazio-prozesuan? 

Amaitzeko, batzuek besteei azalduko dizkiegu ondorioak. Gure taldeko karpeta digitalean gordeko dugun elkarbanatzeko dokumentu batean jasoko dugu informazio dena. 

cronograma
Fabrikazio-prozesua (CC BY-SA)

Azkenik, informazio guztia antolatuko dugu. Horretarako, kronograma bat erabiliko dugu; hau da, aldi batez agertzen den informazioa grafikoki eta idatziz adierazteko balio duen antolatzaile bisuala. 

Prozesuaren fase bakoitzerako tamaina bereko koadroak prestatuko ditugu. Barruan, azalpen-marrazki bat egingo dugu eta esaldi bat edo bi idatziko ditugu, fase bakoitza zertan den azaltzeko. Geziak, ikonoak... ere erantsiko ditugu nahi izanez gero. 

Zeregin honetarako DIN A3 tamainako orri bat erabiliko dugu eta irudian ikusten denaren antzeko txantiloi bat marraztuko dugu. Taldean, fase bakoitzari zer informazio dagokion pentsatuko dugu, zer marrazki egingo ditugun, zer testu jarriko dugun... Gogoratu, erabakiak denen artean adostuta hartuko ditugula, taldekide guztien azalpenak entzun ondoren. 

Eta lana amaitzeko, gure ikaskideei aurkeztuko dizkiegu kronogramak. Horretarako, erakutsi feedbacka botoian datorren informazioari erreparatuko diogu.

Ahozko azalpena ondo egiteko aholkuak

Ahozko azalpena prestatzeko, oso garrantzitsua da honakoa aintzat hartzea: 

  • Azalpenak zenbat iraungo duen kalkulatzea: 3 - 5 minutu. 
  • Aurretik gure taldekideekin entseatzea. 
  • Gogoan izatea azalpen bat egitea ez dela ozen irakurtzea, baizik eta gure hitzekin adieraztea azaldu nahi duguna. 
  • Lana eskura izatea, guk azalpena eman eta gero norbaitek galderaren bat egingo baligu ere. Seguruago sentituko gara, kontsultarako erabili dezakegulako behar izanez gero. 

Entzuleengana nola zuzendu jakiteko aholku praktikoak: 

  • Begiratu jendeari, gure ikus-entzuleei. 
  • Ez izan eskuak geldi-geldik. 
  • Ahoa ondo ireki, argiago ahoskatzeko.
  • Bolumena, abiadura eta tonua aldatu tarteka.
  • Gorputza erlaxatuta eduki. 
  • Saiatu "makulu-hitzak" edo errepikapenak ez erabiltzen. 

Néstor Alonso irakaslearen "Ahozko azalpen onak nola egin" dokumentuak gure erakusketetan arrakasta izateko urratsak eskaintzen dizkigu.

Bi minutu pentsatzeko

Zeregin hauek amaitu ondoren, egindakoari buruz pentsatzea tokatzen zaigu orain. Gure gogoeten egunerokoa irekiko dugu.  Eskolako koadernoan idatz genezake, Google Drive-eko dokumentu batean edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean. 

Gure gogoeten egunerokoa ireki eta atal honen izenburua idatziko dugu: Lehenengo eta behin, egurra. 

Gogoetarako gida botoian orientabide batzuk ditugu egunerokoaren hirugarren sarrera egiten laguntzeko. 

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)