Saltatu nabigazioa

Made in somewhere

Nola geratu zitzaigun kronograma? Eta zer moduz moldatu ginen gure ikaskideei aurkezten? Asko ikasi dugu gero, lehengaiak objektu bihurtzeko moduari buruz! Adibidez, ikasi dugu eskolako materialak fabrikatzeko prozesu horiek guztiak ez direla leku berean egiten. Askotan, lehengaiak kontinente batean egoten dira, bertan erauzten dira, beste nonbait dagoen fabrika batean eraldatzen dira eta beste nonbait ontziratu eta banatzen dira. 

Atal honetan, gogoeta egingo dugu ikusteko lehengaiak batetik bestera eramateak zer dakarren: erauzketen diren lekutik, eraldatuko diren lekura, eta handik kontsumitzeko objektuak fabrikatu edo salduko diren beste lekuetara eramateak. 

Bideo honetan, munduko kargaontzi handiena ikusiko dugu. Karga-ontzi horrek produktu asko garraiatzen ditu leku batetik bestera.

Sinestezina da! Ezta? Zerk eman digu gehien arreta ontziari buruz? Bideoa hainbat aldiz ikus dezakegu, eta edukiontzi horri buruzko datu garrantzitsuenak idatzi, adibidez: munduan egunero honelako milaka eta milaka ibiltzen dira joan-etorrian. 

Garraioa izugarria da munduan, itsasoan ez ezik, baita zeruan, hegazkinez, edo lurrean ere, trenez edo kamioiez. Marine Traffic web-orriak eskaintzen digun mapan, esate baterako, unean-unean ikus dezakegu munduko ozeanoen puntu batean dabilen itsasontzi baten posizioa  Ikonoen gainean klik egin eta zer ontzi den eta zer garraiatzen ari den jakin dezakegu, argazki bat ikusi eta beste datu interesgarri batzuk jakin.

Nola liteke hainbesteko trafikoa? Izan ere, askotan, produktuak egiteko lehengaiak ematen dituzten lekuak oso urrun daude eraldatzen diren lekuetatik eta lehengai horiek kontsumitzen ditugun herrialdeetatik.

Paperaren bidaia

Zer bidaia egingo du paperak zuhaitza mozten denetik dendetara (adibidez, liburu bihurtuta) iristen den arte? 

Mapa hau aztertuko dugu. Hortxe agertzen da paperaren ibilbide osoa: hasi Kanadatik (hor daude baso eta zerrategi handiak) eta Alemaniara iritsi arte (han egiten dituzte liburuak argitalpen-talde handiek). 

Mapa txertatua da. Horrek esan nahi du elementuen gainean klik eginez gero, datu hauek erakutsiko dizkigula: 

  • Puntu bakoitza toki bat da: haren gainean klik eginez gero, lekuaren izena eta hari buruzko informazio gehiago duen esteka erakutsiko dizkigu.
  • Lerro bakoitzak bi punturen arteko distantzia adierazten du, kilometrotan. Haren gainean klik egin besterik ez dugu. 

Beharrezkoa badugu, mapa handiagoa ikus dezakegu

Garraioaren kostua kalkulatu behar dugu

Zer moduz moldatu zarete maparekin? Oso erraza da bertan mugitzea! Mapari esker, badakigu zer bide egin duen paperak munduaren leku batetik bestera. Zeregin honetan paper hori garraiatzea zenbat kostako den kalkulatu nahi dugu. Horretarako, taldean lan egingo dugu honela: 

  • Mapa interaktiboa gure Google Drive karpetan gordeko dugu. Dagoen bezala ere kontsulta dezakegu.  Ideia ona izan daiteke, adibidez, ikasgelako blogean sartzea, denok kontsultatzeko moduan egoteko. 
  • Txantiloia osatuko dugu. Kalkulatu behar dugu zenbat kostatzen den elementu bakoitza puntu batetik bestera eramatea, erabiliko dugun garraiobidea kontuan hartuta. Lurreko ibilbideetarako trena edo kamioia erabil dezakegu. Ozeanoa zeharkatu behar duen tartean, aldiz, itsasontzia erabiliko dugu. Aurreko atalean ikusi dugunez, badakigu salgaiak kontinente batetik bestera garraiatzeko, kargaontzi handiak erabiltzen direla batik bat. 
  • Prezioak kalkulatzeko, taldean jarrita, galdera horiei erantzun beharko diegu:
    • Zein da garraiobiderik garestiena? 
    • Zein da merkeena? 
    • Zein da gure ustez azkarrena?
    • Zenbat kostatuko da Stuttgarten argitaratuta dauden liburuak gure hirira garraiatzea? 
  • Batzuek besteei erakutsiko dizkiegu erantzunak. Gainera, sarrera bat argitaratuko dugu ikasgelako blogean. Egokia litzateke sortu dugun mapa eta lortutako datuak txertatzea sarrera horretan.  

Gure ikerketa amaitu ondoren, beste bi galdera plantea genitzake: Argitaratzen al dituzte liburuak gertuago nonbait? Eta nola fabrikatzen dira, demagun, arkatz bat edo zorrozkailu bat? Erantzunak bilatzen hasteko, erakutsi feedbacka estekan klik egin besterik ez dugu. 

Gure estutxea eta ingurumena

Ikusi dugunez, gure liburuen edo koadernoen papera prozesu eta leku pila batetik pasatzen da. Hainbat lehengai erabiltzen dira eskolako tresnak egiteko, hainbat prozesu kimiko aplikatzen dira, distantzia luzeko garraioak egiten dira... 

Jarduera horiek guztiek eragina dute naturan. Hau da, gure eskola-materiala fabrikatzeko erabiltzen den prozesuak badu eraginik ingurumenean. Konturatuta al zeundeten? 

Gizakiok aldaketak eragiten ditugu gure ingurunean. Batzuk beharrezkoak direla badakigu ere, beste batzuk egin beharrik ez dugu, edo gutxiago eginda ere molda gaitezke, ingurumenari hainbeste eraso ez egiteko aldera. Ba al dugu ezer egiterik guk geuk? 

Man bideoa landuko dugu. Gizakiok animaliekin eta baliabide naturalekin egiten ditugun sarraskiak ikusarazteko lagungarri ditugu irudiak. Izugarria, ez? 

Ingurumena kutsatzeak eta baliabide naturalak gehiegikeriaz erabiltzeak gure osasunean nahiz naturan eragiten dituzten ondorio txarrei eta arriskuei buruz jabetu eta gogoetan egiteko unea da. 

Horri buruzko eslogana edo leloa sortuko dugu

Aipatutako informazioa kontuan hartuta, eslogan bat sortuko dugu eskola-komunitatea konbentzitzeko eta energia behar bezala kontsumitzeko animatzeko. 

Talde bakoitzak eslogan bat prestatuko du. Orientabideak ditugu erakutsi feedbacka botoian.

Amaitu ondoren, aurkezpen batean bilduko ditugu eslogan guztiak. Gero, blogean sartuko ditugu denak.

Gehiago jakiteko: Gauzen historia

Ingurumenari buruz kontzientziatzen saiatzen den plataforma da The story of Stuff project. Plataforma horrek informazio bitxi asko eta baliabideak eskaintzen dizkigu, hala nola bideoak, animazioak edo artikuluak.

the story of stuff
Proiektu honetako baliabide batzuk kontsultatzeak errealitatea beste modu batera ikusten lagun diezaguke. Hona hemen bi adibide: 
  • Gauzen historia. Egunero erabiltzen ditugun gauzetako asko egitea zenbat kostatzen den ikasiko dugu. Adibidez, eskola-materialak egitea.

Zer iruditu zaizkigu baliabide horiek? Zer ideia edo zalantza berri piztu dizkigute? Bost edo hamar minutuz bildu gaitezke taldean, ideia eta iritzi horiek elkarri azaltzeko. 

Bi minutu pentsatzeko

Zeregin hauek amaitu ondoren, egindakoari buruz pentsatzea tokatzen zaigu orain. Gure gogoeten egunerokoa irekiko dugu.  Eskolako koadernoan idatz genezake, Google Drive-eko dokumentu batean edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean. 

Gure gogoeten egunerokoa ireki eta atal honen izenburua idatziko dugu: Made in somewhere. 

Produktuen ontzietan agertzen diren sinboloek zer esan nahi duten ikasi dugu, gure eskolako lanetarako erabiltzen ditugun tresna arruntak nola fabrikatzen ere bai, lehengaia toki batean ateratzeak, beste batean eraldatzeak, produktua beste leku batean egiteak eta, azkenik, kontsumitzen ditugun tokietara garraiatzeak dakarren kostu ekonomikoa ikusi eta kalkulatu dugu. Zeregin hau amaitzeko, prozesu horiek ingurumenean zenbaterako eragina duten ikusi dugu. 

Lan asko egin dugu, batzuetan bikoteka, beste batzuetan banaka bai eta taldeka ere. 

Gogoetarako gida botoian orientabide batzuk ditugu egunkariaren laugarren sarreran zer jarri argitzeko. 

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)