Saltatu nabigazioa

Emozioei ekin!

Sekuentziaren azkenera iritsi gara. Baliteke sekuentzia honetan zehar gauza asko zalantzan jarri izana. Ziur geure buruaz eta ikaskideez ikasi dugula. Bidaia honen gakoa, ordea, emozionatzea zein garrantzitsua den deskubritzea izan da, nola egiten dugun ikasten joatea eta, batez ere, unean uneko emozioak gure ikaskuntza baldintzatuko duela ulertzea.

Móvil en las manos
geralt. las-manos-smartphone-tira-de-cine-1167613(CC BY-SA)

Azken txanpa honetan, gure EMOTRAILERRA muntatzea baino ez zaigu geratzen, eta ikastetxeko beste maila batzuetako ikasleei ezagutzera ematea. Ikastetxeko Youtubeko kanalean eta ikasgelako blogean ere argitara dezakegu. Oso erabilgarria izango da beste batzuentzat!

Ekin diezaiogun lanari!

Gure historiaren gidoilari

Jasotako material guztiarekin bideo bat egiteko, narrazio-gidoi bat erabili behar da, kontatuko dugun historiari koherentzia emango diona, eta gidoi tekniko bat (storyboard), testuarekin batera joango diren elementuak jasoko dituena. Biak behar ditugu bideo trailer bikain bat egiteko!

Zeregin honetan, gure Emotrailerraren narrazio-gidoia eta gidoi teknikoa landuko ditugu.

Ikus dezagun narrazio digital baten elementuei buruzko azalpen bideo bat.

Orain, taldeka, lanean hasiko gara. Lehenengo, kontatu nahi dugun historia pentsatuko dugu, hau da, gure bideoaren ildo bihurtuko den narrazioa. Gero, narrazioa garatzen lagunduko diguten gidoiak landuko ditugu.

Zereginerako urratsak

Zer kontatu nahi dugu: gogora dezagun ikasitakoa

Ikasitakoa gogoratuz has gaitezke. Horrela, gure ideiak antolatuko ditugu eta, aldi berean, berrikusi eta zalantzak argitu. Gogoratu:

  • “Emozioa ete burmuina” zereginean emozioen funtzionamendu fisiologikoa eta prozesu osoan burmuinak duen garrantzia ezagutu genuen.

  • Gero, “Emozioen radarra martxan” atalean, emozioak identifikatu genituen eta ulertu genuen kanpoko estimuluek -musikak, esaterako- nola eragiten diguten emozio bat edo bestea sentitzeko.

  • Bestalde, “Zergatik emozionatzen gara?” atalean ikasi genuen zein garrantzitsuak diren emozioak gizakientzat, bizitza zaintzeko, alegia.

  • “Emozioen laborategian” haietako bakoitza aztertu genuen, eragiten dituzte erreakzio fisiologikoak, keinuak eta haien ondoren datorren ekintza. Hau guztia, emozioei eta neurohezkuntzari buruzko gaur egungo azterlanak kontuan hartuta ikertu dugu.

  • Nolanahi ere, ez gara deskribapen hutsean geratu. “Emozionatzen naiz, emozionatzen zara, emozionatzen gara? atalean gure emozioak aztertu, asteroko emozio-neurgailuan erregistratu eta gure biografia emozionalaren narrazioa egin dugu. Gero, gainerakoekin partekatu ditugu aurkikuntza horiek eta besteen emozioak identifikatu eta haiekin enpatizatzeko gai izan gara.

  • Azkenik, ikasten laguntzen diguten emozioak eta ikastea eragozten digutenak bereiztu ditugu. Ikasgelan nola sentitzen garen hausnartuta, K.L.A.S. emozioak identifikatu ditugu, hau da, benetako ikaskuntza eman dadin beharrezkoa den ongizatea ematen diguten emozioak. Alaitasunean, liluran, kuriositatean eta segurtasunean egonda, gehiago eta hobeto ikasten dugu!

Sekuentzian landutako ideia guztiekin, osatuko al dugu mapa mental bat? Txantiloi hau erabil dezakegu: "Mapa mentala" taldean(formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an). Taldean egingo dugu lana eta gure narraziorako gaia edo izenburua ardatz hartuta, bikote bakoitzak adar bat sortuko du ideia nagusiekin eta bigarren mailakoekin. Sekuentzian zehar egindako zeregin guztiak berrikusi beharko ditugu, baita “Zergatik emozionatzen gara?” ataleko txantiloia ere 10 urrats mapa mental bat osatzeko (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an).

    Emotrailerraren narrazio-gidoia landuko dugu

    Argi al ditugu emozioei buruz esperimentatu eta ikasi ditugun ideia guztiak?

    Erantzuna baiezkoa izan bada, iritsi da narrazio-gidoiaren txantiloia (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an) erabiltzeko unea. Erabakiak hartzeko mapa erabil dezakegu, edota beste bat erabaki taldean. Historia bat kontatzeko modu asko daude.

    Narrazio-gidoiaren funtzioa historiaren narrazioa antolatzea da, azalpen-sarrera bat, ideien garapena eta azken ondorioa izan ditzan, ahal dela. Honako alderdi hauei buruzko erabakiak hartzen lagunduko digu: izenburua, helburua, gaia, ikuspuntua, pertsonaiak, narrazioaren denbora, espazioak, etab.

    Narrazio-gidoia amaituta, narrazio-gidoiaren kontrol-orriarekin (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an) beharrezkoak diren elementu guztiak daudela egiaztatuko dugu.

    Emotrailerraren gidoi teknikoa landuko dugu

    Gidoi teknikoaren funtzioa narrazioarekin batera doazen elementuak antolatzea da, hala nola irudia, audioa eta denbora. Horretarako, "Storyboard” txantiloia (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an) erabiliko dugu. Era digitalean ere egin dezakegu hau erabilita: Storyboardthat.

    Lan-fitxa
    Cedec. Storyboard txantiloia (CC BY-SA)

    Txantiloi horrek eskema sinple bat du, non bideoan kontatuko dugun istorioa modu sekuentzialean antolatu beharko dugun. "Nola sortu gidoi bat" baliabidean aurkituko dugu zeregin horretarako informazio lagungarria. Hona hemen zeregin horretarako urratsak:

    • Hainbat elementu antolatu beharko dugunez (irudiak, gure ahots-audioak, musika, etab.), txantiloiak toki berezituak ditu: bineta bakoitzaren goialdean, zer eszena agertzea nahi dugun, haren marrazki eskematikoa egingo dugu. Azpian, sartu nahi dugun elkarrizketa, musika edo audioa adieraziko ditugu, zer minututan hasten eta amaitzen den zehaztuta.

    • Irudia edo lotutako bideo-klipa mantenduko diren segundoak kalkulatuko ditugu. Txantiloiaren behar beste kopia egin ditzakegu.

    • Muntaketaren bozetoa egin ondoren, trailerrak zenbat minutu iraungo duen errepasatuko dugu. Ez da komeni 6 edo 7 minutuak gainditzea.

    • Halaber, behin betiko testua irakurriko dugu eta aukeratutako musika egiaztatu. Elementu guztiak kontuan hartu ditugula egiaztatzeko, storyboard-en kontrol- eta hausnarketa-zerrenda (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an) erabiliko dugu.

    EMOTRAILERRA egingo dugu

    Dena prest? Ederto! Iritsi da muntaketa egiteko ordua. Emozioei buruzko gure bideoa egin eta argitaratuko dugu.

    Hainbat material bildu dugu bideoa egiteko! Produktu bakoitza behar bezala antolatu badugu, bideoa ekoizteko beharrezkoak diren elementuak aurkitzeko gai izango gara: collage-irudiak, mapa mentala, oinarrizko emozioen argazkiak, emozio bakoitzerako musika-audioak, emozioen kutxako irudiak, kontakizun zirraragarri baten audioa eta K.L.A.S. horma-irudiaren argazkiak. Horiekin guztiekin sortuko dugu gure istoria.

    Sortu ditugun gidoi teknikoarekin eta narrazio-gidoiarekin, aurrera jarraituko dugu prozesua gure bideoak sarean argitaratu arte. 

    Komeni zaigu emotrailerraren ebaluazioaren errubrika (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-n) irakurtzea. Amaierako emaitza ikusgarria izan dadin lagunduko digu!


    Zereginerako urratsak

    Bideoaren muntaketa

    Gogoratu aurreko zereginean prestatu ditugun gidoi teknikoa eta narrazio-gidoia jarraitu behar ditugula. Honako hau izango da prozesua:

    • Gure ahotsa grabatuko dugu eszena bakoitzerako. Audio bakoitza bereizita editatuko dugu eta izendatu egingo ditugu. Audacity programa erabil dezakegu.

    • Hautatutako musika web-ean bilatu eta, soinu-artxibo bakoitza identifikazio-izenarekin gordeko dugu. Jabari publikoko edo Creative Commons-eko lizentzia duen musika bilatuko dugu. Honelako orrietan bila dezakegu: Musicalibre,  Jamendo edo Musopen. Sintonietarako, honako web hau erabil dezakegu: creapptividad.

    • Gero, zeregin desberdinetan bildutako eta Google Driveko karpetan antolatu ditugun irudiak hautatuko ditugu.

    • Bideoak editatzeko, Openshot  bezalako programa bat erabiliko dugu eta gure ahotsa, musika eta irudiak erantsiko ditugu (artxiboa arrastatuta edo gure ordenagailuan bilatuta).

    • EMOTRAILERRAri titulua jarriko diogu eta, amaieran, kredituak: egileak, erabilitako musikaren jatorria, etab.

    • Emaitza bistaratu eta nahi ditugun trantsizioak eta efektuak gehituko ditugu. Audioen bolumena ere egiaztatuko dugu.

    • Behin betiko argitaratu aurretik, sartu ditugun baliabideen lizentziak berrikusiko ditugu.  Intef-en CC lizentziei buruzko infografiak  Creative Commons-en lizentziak azaltzen ditu. "Crea Cultura CC" blogean aurkituko ditugu  lizentziei buruzko infografiak eta azalpenak ekoizpen propiokoak ez diren irudi, audio eta testuentzat.

    Bideoa argitaratu
    • Bideoa amaitutakoan, Sarera igoko dugu, honako tokietan: Youtube. edo Vimeo.

    • Bideoa igo eta partekatzean, bideoaren funtsezko informazioa osatu behar dugu: titulua, egileak, zein ikastetxekoak garen eta zein proiektu edo sekuentzia didaktikotan ikasten ari garen elkarrekin. Horrela, beste ikastetxe batzuetako ikasleek jakingo dute nor diren emotrailer horien egileak!

    Estrenaldia

    Emotrailerrak estreinaldirako prest! Gogor lan egin dugu, baina emaitzak merezi izan du. Ezagutzera eman behar dugu gure lana! Baina gure Youtubeko kanalera igo edo gure blogean txertatu aurretik, ebaluatu egin behar dugu emotrailerraren ebaluazioaren errubrika (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-n) erabiliz.

    Lehenengo, talde bakoitzak bere bideoa bistaratuko du eta markatzen joango da item bakoitzaren zer deskribapen egokitzen zaion lortutako emaitzari. Ondoren, gainerako taldeei erakutsiko diegu trailerra, ebaluazioa egingo dugu eta emaitza bateratu. Irakaslearen ebaluazioa ere jasoko dugu. Garaiz gaude hain ondo geratu ez den alderdiren bat aldatzeko!

    Óscar
    Alexas_Fotos. Premio (CC0)

    Emaitzarekin erabat konforme gaudenean, orduan zabalduko dugu. Talde handian erabakiko dugu trailer bat aukeratuko dugun zabalkunderako ala denak erabiliko ditugun, zer bitarteko erabiliko dugun, bideoarekin batera ahozko azalpen bat egongo den, gainerako taldeei erakusteko saioren bat egingo dugun ikastetxean, etab.

    Eta, azkenik, ondo egindako lana, lortu dugun ikaskuntza eta gozatu dugun lankidetza-giroa ospatuko ditugu. Eta zerbait ez bada atera guk itxaron bezala, horren arrazoien inguruan hausnartuko dugu, hurrengoan hobeto egiteko eta are adituago izan gaitezen!

    Azken gogoeta

    Gure bidaiaren azkenera iritsi gara. Amaitu dugu “KLAS, KLAS, emozioak eszenara!” sekuentzia.

    Gure hausnarketen egunkaria irekiko dugu. Eskolako egunkarian idatz genezake, Google Driven edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

     

    Dos minutos para pensar
    Clker-Free-Vector-Images. idea-nube-creo-que-concepto-48100 (CC BY-SA)

    Gure ikas-prozesuari buruz banakako gogoeta egiteko hartuko ditugu bi-hiru minutu. Hau da, ”Azken gogoeta “ egiteko. Hori izan daiteke gure Emoegunkariko laugarren eta azken sarrera.

    “Hausnarketa-gida” botoian aurkituko ditugu horretarako zenbait orientazio eta metakognizioaren eskailera (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-n) betetzeko ere bai.

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)