Saltatu nabigazioa

Dena mugitzen da!

Haur hezkuntzako bost urteko gelan arazo bat sortu da, eta gure laguntza eskatu diote tutoreari.

Jostailuen txokoa dute gelan. Umeek gehien nahi izaten duten jostailua garaje bat da. Modan dagoela dirudi. Arazoa da garaje bakarra dagoela ikaskide guztientzat, eta, jakina, ez da nahikoa.

Jostailuzko garajea
Cedec. Garaje de juguete (CC BY-SA)

Gutun bat jaso dugu, jostailuzko garaje batzuk eraikitzeko eskatuz. Jarraibide batzuk ere eman dizkigute, garajea nola egin zehazteko. Gai izango al gara bost urteko haurrentzako egokiak izango diren garajeak eraikitzeko? Gai izango al gara garajea diseinatzeko eta fabrikatzeko, eta hari akabera erakargarria emateko?

Garajeak eraikitzea izango da proiektu honetan izango dugun erronka. Bukatutakoan, haurrak pozik egoteaz gain, geu ere ondo baino hobeto sentituko gara egindako lanarekin!

Onartuko dugu erronka?

Elkarrekin apartak izan gaitezke!

Proiektu honetako zeregin gehienak egiteko talde-lanean arituko gara eta taldean ikasiko dugu. Talde bateko partaide izango gara sekuentzia osoan. Izen bat jarriko diogu gure taldeari, eta logo edo marrazkiren bat ere egin dezakegu taldea irudikatzeko. Talde kooperatiboetarako oinarrizko gida (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-an) hau ere erabil dezakegu, eta eskueran eduki beti.

Funtzezko ideia batzuk gure taldeentzat

 Talde bat izatea (kirol-taldeak bezalakoa) ez da “beste hiru-lau lagunekin elkartu eta lana banatzea” soilik. Baldintza batzuk bete behar dira:

  • Taldeek helburu bat dute: denek elkarrekin gehiago eta hobeto ikastea.

  • Taldeko kide guztiek izaten dituzte gaitasun bereziak. Guztiok gara beharrezko.

  • Erabakiak ados jarrita hartuko ditugu.

  • Taldeko kide bakoitzak rol bat izango du. Esate baterako: bat, bozeramailea izan daiteke; beste bat, materialaren arduraduna; hirugarren bat, informazioa bilatzeaz arduratuko dena... Rol horiek txandakatu egingo dira kide guztien artean. Bi edo hiru zereginetan rol bera izango dugu, baina beste batzuetan beste rol batzuk izango ditugu. Horrela, denok ezagutuko ditugu horietako bakoitza zertan datzan eta trebetasun desberdinak garatuko ditugu.

  • Rol bakoitzak ardura bat izango du; gure lana izango da ardura hori betetzea, horren baitan egongo baita talde osoaren arrakasta. Idatzita utz dezakegu, talde-agiri batean, zer konpromiso hartu dugun; elkarlanean aritzeko bete beharko ditugun eginkizunak gogorarazteko balioko digu.

  • Egingo ditugun zereginen artean, bat, talde-lana ebaluatzea izango da, eta beste bat, kide bakoitzaren lana ebaluatzea. Rolen eta funtzioen taula (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-n) erabil dezakegu horretarako.

Talde-lanean jarduten ikasteko baliabideak
Cedec-en Proyecto EDIAaren Hezkuntza Baliabide Irekia.
Lehen Hezkuntzarako diziplina arteko baliabidea.
Egileak: Susana López, Begoña Marqués eta Berta Martínez.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)