Saltatu nabigazioa

Trukoa dauka!

Artista bat magia egiten ikusten dugunean, badakigu ilusio bat dela, ikuskizunaren atzean "truko" asko daudela, behin eta berriro entseatuta eta prestatuta. Baina magian ez ezik, beste leku batzuetan ere badaude trukoak.

Sekuentzia honetan, lankidetzari buruzko publizitate-kanpaina bat diseinatuko dugu Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleentzat. Datuak bildu, kanpaina diseinatu eta gauzatu egingo dugu.

Hurrengo atalean, ikaskuntza-ibilbidea dugu, zereginen proposamenarekin. 

Hasi baino lehen, lantaldeak sortuko ditugu ikasgelan, Elkarrekin apartak izan gaitezke! atalean agertzen den bezala. Ondo hasteko, gu geu animatuko gara lankidetzan lan egitera!

Ikaskuntza-ibilbidea

Elkarrekin apartak izan gaitezke!

Proiektu honetako zeregin gehienak egiteko talde-lanean arituko gara eta taldean ikasiko dugu. Talde bateko partaide izango gara sekuentzia osoan. Izen bat jarriko diogu gure taldeari, eta logo edo marrazkiren bat ere egin dezakegu taldea irudikatzeko. Talde kooperatiboetarako oinarrizko gida (odt, eta pdf) hau ere erabil dezakegu, eta eskueran eduki beti.

Talde bat izatea (kirol-taldeak bezalakoa) ez da “beste hiru-lau lagunekin elkartu eta lana banatzea” soilik. Baldintza batzuk bete behar dira:

  • Taldeek helburu bat dute: denek elkarrekin gehiago eta hobeto ikastea.

  • Taldeko kide guztiek izaten dituzte gaitasun bereziak. Guztiok gara beharrezko.

  • Erabakiak ados jarrita hartuko ditugu.

  • Taldeko kide bakoitzak rol bat izango du. Esate baterako: bat, bozeramailea izan daiteke; beste bat, materialaren arduraduna; hirugarren bat, informazioa bilatzeaz arduratuko dena... Rol horiek txandakatu egingo dira kide guztien artean. Bi edo hiru zereginetan rol bera izango dugu, baina beste batzuetan beste rol batzuk izango ditugu. Horrela, denok ezagutuko ditugu horietako bakoitza zertan datzan eta trebetasun desberdinak garatuko ditugu.

  • Rol bakoitzak ardura bat izango du; gure lana izango da ardura hori betetzea, horren baitan egongo baita talde osoaren arrakasta. Idatzita utz dezakegu, talde-agiri batean, zer konpromiso hartu dugun; elkarlanean aritzeko bete beharko ditugun eginkizunak gogorarazteko balioko digu.

  • Egingo ditugun zereginen artean, bat, talde-lana ebaluatzea izango da, eta beste bat, kide bakoitzaren lana ebaluatzea. Rolen eta funtzioen taula (formatu editagarria, odt nahiz pdf-n) erabil dezakegu horretarako. Taldearen erantzukizuna ebaluatzea txantiloia (odt eta pdf) ere erabil daiteke.

Cedec-en Proyecto EDIAaren Hezkuntza Baliabide Irekia.

Lehen Hezkuntzarako diziplinarteko baliabidea.
Egileak: Susana López, Begoña Marqués eta Berta Martínez.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentua itzulpenaz arduratu da.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)