Saltatu nabigazioa

Aldaketak denboran zehar

Zer moduz ahozko azalpena? Gogoan hartu al dugu zer egiten dugun ondo eta zer hobetu behar dugun? Ez da erraza jendaurrean hitz egitea, eta horregatik komeni da ahalik eta gehien praktikatzea.

Ahozko aurkezpena egin aurretik, gure aitona-amonen haurtzaroa nolakoa izan zen ikertu genuen. Haiek eta beste pertsona batzuek kontatu digute nolakoak ziren beren jolasak, zer egiten zuten eskolan edo nolako arropak janzten zituzten. Elkarrizketetan aipatu al zuten nola informatzen ziren, nola hitz egiten zuten beste leku batzuetan bizi ziren pertsonekin? Aipatu al zituzten gutunak, telebista, irratia edo telefonoa? 

Jarduera honetan, gure aitona-amonen komunikatzeko eta informatzeko modua eta gurea alderatuko ditugu.

Ikusi al dugu inoiz irudikoa bezalako telebista bat? Agian bai, baina gaur egungoak oso desberdinak dira. 

Bideo honetan antzinako irratiak ikus ditzakegu. Zenbat irrati desberdin! 

  • Zein gustatu zaigu gehien, edo zein egin zaigu deigarrien? Zergatik? 
  • Berdinak al dira guztiak? Zer aldaketa ikus ditzakegu? 
  • Zerk egiten ditu desberdin egungo irratiekin alderatuta? 
  • Zuen ustez, edo dakizuenaren arabera, nola entzuten zen irratia gailu horiek fabrikatu ziren garaian? 

Ziur gure etxean edo gure aitona-amonen etxean bideoan ikusi ditugunen oso antzeko modelo batzuk daudela. Gailu horiei buruzko gauza gehiago arakatzen saia gaitezke. 

Denbora-lerro bat sortuko dugu

Oso arraroak iruditu al zaizkigu beste garai batzuetako irratiak? Gure eguneroko bizitzako beste gailu asko ere asko (eta askotan) aldatu dira asmatu zirenetik. Informatzeko eta komunikatzeko erabiltzen ditugun objektu batzuen jatorria eta bilakaera ezagutzean oinarrituko dugu gure hurrengo lana. Sortu zirenetik gaur egunera arte, denboran zehar komunikabide horiek erabiltzeko moduan eta aukeretan gertatu diren aldaketak behatu nahi ditugu. 

Gure helburua izango da denbora-lerro bat sortzea lau objektu hauen bilakaera laburbiltzeko: irratia, telebista, ordenagailua eta telefonoa

Bururatzen al zaigu lan honetan sar dezakegun beste objekturen bat? Hala bada, egin dezagun proposamena. Guztion artean erabaki dezakegu ea interesgarria den objektu hori jarduera honetan sartzea.

linea del tiempo

Taldeka egingo dugu lan. Gure lana errazteko, hainbat urratsetan banatuko dugu denbora-lerroa sortzeko ataza. 

Informazioa bilatuko dugu 

Talde bakoitza proposatutako komunikabideetako bati buruzko datuak lortzeaz arduratuko da: irratia, telebista, telefonoa edo ordenagailua, edo besteren bat, hala erabaki badugu.

Informazio hau bilatu beharko dugu:

  • Noiz eta non asmatu zen.
  • Nork asmatu zuen.
  • Gailu horren bilakaerako etapa eta une garrantzitsuak. Adibide batzuk: telebistaren kasuan, koloretako telebista agertzea; telefonoaren kasuan, noiz egin zen lehenengo telefono mugikorra; ordenagailuaren kasuan, ordenagailu eramangarriak sortzea…
  • Aurreko datuekin batera aurkezteko irudiak: objektuaren garai bakoitzeko argazkiak. Hainbat bidetatik lor ditzakegu: Internet bidez, gure senideen bidez, museo batean edo antzinako gauzen denda batean.
  • Datu interesgarriren bat ere gehi dezakegu (tamaina, pisua edo modeloak garai hartan zuen prezioa, esaterako).
  • Hedabidea gaur egun: irudia, modeloaren ezaugarriak, prezioa…

Denbora-lerroa egingo dugu

Talde bakoitzak denbora-lerro bat sortuko du ikertu duen objekturako. Paper jarraituan egin dezakegu denbora-lerroa, goiko irudian bezala, edo Flippity bezalako tresna digital bat erabili. 

Denbora-lerroan, kronologikoki ordenatuta agertuko dira datak. Data bakoitzean, aukeratutako informazioa jarriko da. Halaber, objektuaren irudiren bat ere ipin daiteke, eta erreferentziaren bat, informazio gehiago non lor dezakegun jakiteko

Denbora-lerroaren amaieran, gailuen gaur egungo argazki bana jarriko dugu, sortu zirenetik nola aldatu diren ikusteko. 

 

Behatu eta datuen erregistroa egingo dugu 

Behin amaituta, Denbora-lerro bat egiteko txantiloia izeneko dokumentu batean erregistratuko dugu aurkeztutako informazio guztia (odt eta pdf). 

Erakutsi feedbacka botoian klik eginez gero, zeregin honetarako erabilgarria izan daitekeen informazioa duten web-orri batzuk aurkituko ditugu.

Aldaketak: atzotik gaur arte

Testu bat idatziko dugu lantzen ari garen komunikabideetako batek (irratiak, telebistak, telefonoak edo ordenagailuak) denboran zehar izan duen bilakaera azaltzeko. Aurreko jardueran lortu dugun informazioa erabiliko dugu horretarako.

Taldekide guztien artean, testu bat idatzi beharko dugu ikertu dugun gailuaren historia azaltzeko. Ondoren, kopiatu egingo dugu, eta gure taldearen karpetan gorde, Google Driven edo ordenagailuan, edo gure ikasgelako koadernoan. Azkenik, gainerako taldeekin partekatuko ditugu gure testuak. Horrela, denok ikasi ahal izango dugu elkarrengandik.

Hauek dira gure testuak izan behar dituen atalak:

  • Lehenik eta behin, testuaren sarrera egingo dugu; zer gailu aukeratu dugun eta zergatik aukeratu dugun azalduko dugu bertan.
  • Jarraian, bi paragrafotan, jatorrian zituzten eta gaur egun dituzten ezaugarriei buruzko datuak azalduko ditugu, bi antzekotasun eta bi desberdintasun adieraziz.
  • Amaitzeko, iritzia emango dugu, eta justifikatuko dugu zergatik den errazagoa gaur egun komunikabide hori izatea eta erabiltzea..
  • Testua irudiztatzeko balio duten hainbat irudi sartuko ditugu.

Testua idatzi aurretik, antolakuntza-txantiloi batean antolatu behar dugu aurkeztuko dugun informazioa. Txantiloi hau erabil dezakegu testua antolatzeko (odt eta pdf).

Ikusmiran

Esteka honen laguntzaz, hobeto ulertu ahal izango dugu nolako desberdintasunak dauden gure aitona-amonen komunikatzeko moduaren eta gurearen artean. Zerk harritu gaitu gehien?

    Bi minutu pentsatzeko

    Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita konpondu behar izan ditugun arazoak aztertzekoa ere.

    Sarrera bat idatziko dugu gure hausnarketen egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Aldaketak denboran zehar.

    Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

    Erakutsi feedback-a botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren laugarren sarrera egiteko.

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)