Saltatu nabigazioa

Dantza bat laburbiltzeko

Gure ikerketa-lana amaitzeko modurik onena ikasi dugun guztia gogoratzea eta laburbiltzea da. Horregatik, sekuentziaren azken zereginaren helburua izango da sormenez adieraztea (musikaren, dantzaren eta dramatizazioaren bidez) berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan bizi izan ziren pertsonen haurtzaroari buruz orain dakiguna.

Atazen eskua
Hitz-hodeia (CC BY-SA)

Sekuentziaren zereginak egin bitartean, asko ikasi dugu Historiako beste garai batzuei buruz. Ez dira oso urrutikoak, baina argi ikusi dugu bizitzeko eta harremanak izateko moduak aldatu egiten direla, bilakaerak izaten dituztela. Informazio hori denekin modu originalean partekatzeko, landutako eduki horiei buruzko egoerak sortu eta jendaurrean antzeztuko ditugu. Gainera, senideak eta hurbileko pertsonak gonbidatuko ditugu antzezpenera, eta, horretarako, emanaldiaren azalpen-liburuxka bat egin beharko dugu.

Antzezpena diseinatuko dugu

Jarduera honetan, antzezpen musikal txiki bat sortuko dugu, ikasitako guztia besteei kontatzeko. Gure helburu nagusia izango da gure aitona-amonen haurtzaroko egoerak ikus-entzule ezberdinen aurrean antzeztea (aitona-amonak, gurasoak, irakasleak, ikaskideak…).

Zer egin behar dugu zehazki? Zer izan behar dugu kontuan? Jarraian agertzen den bideoa baliagarria izan daiteke lehenengo urratsak emateko.

Lehen Hezkuntzako lehenengo edo bigarren mailako haurrek antzezten dute dantza hori. Hainbat gauza egin behar izan dituzte ikuskizuna sortzeko: jantziak eta eszenatokia diseinatu, abesti baten testua idatzi, paperak banatu…

Antzezlanerako erabili duten musika entzuten da. Argi dago partaide bakoitzak badakiela zein den bere zeregina, noiz antzeztu behar duen eta zer egin behar duen.

Nola prestatu antzezpena

Gutxi gorabehera sei eta hamar lagun arteko taldeetan egingo dugu lan, aukeratzen ditugun rolen edo ikasgelan dauden ikasleen arabera.

Lau agerraldi izan beharko ditu antzezlanak:

  • Lehenengo agerraldia: familia ugari baten ospakizunak (ezkontza, urtebetetzea, jaunartzea…).
  • Bigarren agerraldia: haurrak eskolan.
  • Hirugarren agerraldia: haurrak kalean jolasten.
  • Laugarren agerraldia: familia eta komunikabideak (adibidez: aita langilea telebista ikusten, familia irrati-nobela entzuten, haurra telefonoz deitzen…)

Ikaskideek baloratuko dute antzezpena. Horretarako, koreografia bat ko-ebaluatzeko balorazio-eskala erabiliko dugu (odt eta pdf).

Oso interesgarria izango litzateke antzezpena grabatzea, geroago ikusi ahal izateko eta ebaluazio-orria aurrean dugula egin ahal izateko ebaluazioa. Gainera, horrela, beste haur batzuekin parteka genezake gure emanaldia, bideoko haurrek egin duten bezala.

Jarraian, gure lana egiteko orientabide guztiak ditugu. Has dadila ikuskizuna!

Emanaldira gonbidatzen zaituztegu

Antzezpenak prestatu eta entseatu ondoren, gure ikaskide, senide eta irakasleek emanaldira etorri nahi izatea lortu beharko dugu.

Horretarako, gure musika-ikuskizunaren publizitate-liburuxka bat sortuko dugu. Oinarrizko informazio guztia agertu beharko da liburuxkan: lekua, eguna, ordua eta koreografien izenburuak. Era berean, ikusleak ikuskizunera etortzera animatzeko esaldi eta irudi batzuk ere ipiniko ditugu.

Lau laguneko taldeetan egingo dugu lan, eta talde bakoitzak diptiko-eredu bat sortuko du. Bi formaturen artean aukeratu ahal izango dugu:

  • Google Dokumentuekin edo testu-prozesadore batekin egindako dokumentu digital bat; horizontalean egin beharko da, bi zutabeko taula bat sortuz. Dokumentuarekin gustura gaudenean, errubrikako baldintzak betetzen dituela egiaztatu dugunean eta irakaslearen oniritzia duela dakigunean, ikastetxeko web-orrian argitaratu ahal izango dugu, ahalik eta gehien zabaltzeko.
  • Eskuz egindako liburuxka bat, gure marrazkiekin. Ondoren, kopiak egingo ditugu, emanaldia ikustera etortzea nahi dugun pertsonen artean banatzeko.

Gure lana ebaluatzeko, liburuxka bat ebaluatzeko errubrika erabiliko dugu (odt eta pdf). Liburuxka egin aurretik, bitartean eta ondoren irakurtzen badugu, ahalik eta ondoen egin dugula ziurtatuko dugu, eta beharrezko elementuguztiak dituela ere egiaztatuko dugu. 

Liburuxka jasotzen dutenek emanaldia ikusteko gogo handia izan dezatela lortu behar dugu. Ezin dute galdu!

Erakutsi feedbackan agertzen den informazioari esker, diptikoek gure ikuskizunera ikusle mordoa erakartzea lortuko dugu.

Bi minutu pentsatzeko

Amaitzear gaude “Zuri-beltzean bizi zirenean” izeneko gure proiektua. Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita konpondu behar izan ditugun arazoak aztertzekoa ere.

Hausnarketa horrek hurrengo eta azken zereginean lagunduko digu: egin dugun lan guztia ezagutaraztea.

Sarrera bat idatziko dugu gure hausnarketen egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Dantza bat laburbiltzeko.

Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Erakutsi feedbacka botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren bosgarren sarrera egiteko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)