Saltatu nabigazioa

Ikerketa S.A.

Aurreko jardueran, gure aitona-amonen garaia gurearekin alderatzen hasi gara. Horretarako, bideo bat ikusi dugu, berrogeita hamarreko hamarkadako bizitzako uneak ikusteko, eta gure garaiarekiko antzekotasunak eta desberdintasunak ezarri ditugu. 

Atal honetan askoz hobeto ezagutuko dugu berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako bizimodua. Hasteko, ikus dezagun aurkezpen hau, informazio gehiago emango diguten argazki batzuk bildu baititugu bertan. Begiratu arretaz lehenengo lau diapositibak.

Zuri-beltzean bizi zirenean

Irudi horiek ikusi ondoren, galdera batzuk sor dakizkiguke. Adibidez:

  • Egongo al da gure etxeetan antzeko argazkirik?
  • Zein beste tokitan bila ditzakegu? 
  • Nork lagun diezaguke garai horretako irudiak aurkitzen? 
  • Nork lagun diezaguke sortu zaizkigun galderei erantzuten? 

Erreportariak egun batez

Gure aitona-amonek gure adina zuten garaiko informazioa, materialak eta irudiak lortzea izango da gure zeregina. Horrela, hobeto ikusiko dugu nolako haurtzaroa izan zuten eta nola bizi ziren.

Iturri askotara jo dezakegu informazioa biltzeko, baina, seguruenik, bilatzen ari garena aurkituko dugu gurasoekin edo aitona-amonekin hitz egiten badugu. Ziur gordeta izango dituztela garaiko argazkiak, jostailuak, eskola-koadernoak, testu-liburuak, eleberriak, komikiak eta gure adinean erabiltzen zituzten beste objektu batzuk. Eta, jakina, haurtzaroko gauza asko ere kontatu ahal izango dizkigute. 

Beste senide batzuengana ere jo dezakegu, edo bizilagunengana, eta auzoko edo herriko liburutegietan ere bila dezakegu informazioa… 

Taldeka egingo dugu lan. Jarduera honetan, lortutako informazioa (erantzunak, argazkiak, objektuak…) Google Driveko karpeta batean edo gure ordenagailuko karpeta batean gordeko du taldekide bakoitzak. Ondoren, taldearen informazio guztia antolatzeko unea iritsiko da.

Jaso dezakegun informazioa 

Hona hemen egin ditzakegun galderen zerrenda bat. Ziur aski beste asko ere bururatuko zaizkigu…

  • Zertan jolasten ziren gure adinean? 
  • Zer egiten zuten oporretan?
  • Nola ospatzen zituzten urtebetetzeak?
  • Zenbat urterekin hasten ziren eskolara joaten?
  • Nolakoak ziren ikasgelak? 
  • Zer eskola-material erabiltzen zuten?
  • Zenbat urterekin ezkontzen ziren?
  • Nola ospatzen ziren ezkontzak?
  • Zenbat ziren familian?
  • Nola antolatzen zituzten etxeko lanak?

Lor ditzakegun materialak 

Elkarrizketatu ondoren, lana osatzeko beste material batzuk ere eska diezazkiegu:

  • Garaiko argazkiak.
  • Dokumentuak: gutunak, liburuxkak, kartelak, egunkariak, aldizkariak, jarraibideak, erabilera-orriak, noten txostenak…
  • Objektuak: eskola-liburuak, motxilak, koadernoak, jostailuak, irratiak, musika-erreproduzigailuak, argazki-kamerak, bizikletak…

Informazio hori guztia biltzeko eta antolatzeko, bi jarduera egingo ditugu, taldeka: familientzako galdetegi bat eta objektu, argazki eta dokumentuen bilketa. Jarraian agertzen diren orientabideei jarraituko diegu.

Taldearen informazioa antolatzen

Zer moduz joan da informazio-bilketa? Lortu al dugu dokumentazio interesgarririk? Haurtzaroko gauza asko kontatu al dizkigute? Zer objektu eta dokumentu aurkitu ditugu? 

Ziur erantzun pila bat eta irudi pila bat lortu ditugula. Biltzeko unea iritsi da, bildutakoa gaika antolatzeko eta informazio hori besteekin partekatu ahal izateko. 

Bakoitzak karpeta batean dauka jasota bildu duen informazioa. Orain, gainerako taldekideekin kontrastatuko dugu, galdera bakoitzari emandako erantzun guztiak landuz eta argazki adierazgarriena edo adierazgarrienak aukeratuz. Gainera, objektu interesgarrienak ere aukeratu beharko ditugu. 

Urrats hauei jarrai diezaiekegu:

  • Dokumentu berri batean idatziko ditugu senideei egin dizkiegun hamar galderak. Senideentzako galdetegia txantiloiaren beste kopia bat egin dezakegu, eta gure ordenagailuan gorde. 
  • Taldean, koordinatzaileak galdera irakurriko du. Bakoitzak bere informazioa emango du, eta guztien artean erantzun adostu bat landuko da. Idazkariak erantzun hori erregistratuko du taldeko dokumentuan.
  • Argazki bat, objektu bat eta dokumentu bat aukeratuko ditugu erantzun bakoitzarekin batera aurkezteko.

Informazioa prestatzen, partekatzeko

Denon artean dakiguna bakoitzak bere aldetik dakiena baino askoz gehiago da. Beti ikasten dugu besteengandik.

Ikaskide guztien informazioa azaltzeko eta entzuteko unea iritsi da. Beharrezkoa izango da, beraz, informazio hori guztia antolatu eta elementu grafikoekin batera jartzea, gainerakoei aurkeztu aurretik. Irudi honetan ikusten dugun bezala, neskato horiek paperean azaltzen dute egindako lan bat. Kartoi mehe bat erabili dute erakutsiko duten informazioa azaltzeko.

Gure kasuan, material digitala sortuko dugu gure lana aurkezteko.

Lehenik eta behin, diapositiba-aurkezpen bat sortuko dugu, inkestako hamar galderei erantzuteko.

Ondoren, gure aurkezpenak partekatuko ditugu web-orrian. Horretarako, honako hauek egin ahal izango ditugu:

  • Driven egindako aurkezpena publiko egin eta, edukiz gero, gure ikasgelako blogean partekatu (eskaintzen digun kodea blogaren sarreran sartuz).
  • Ordenagailuan egin diapositiba-aurkezpenak egiteko programa batekin, eta Slideshare bezalako biltegiratze-guneetara igo. 

Gure azalpenak prestatuko ditugu

Zirriborroan ditugun datuak behar bezala aurkeztu ahal izateko, arbel digitalean proiekta daitekeen ikus-tresna bat erabiltzea komeni da: 

  • Aurkezpena: Zuri-beltzean bizi zirenean txantiloia erabil dezakegu, eta programa egoki bat erabiliz aldatu. Aurrekoetan bezala, talde bakoitzak txantiloiaren kopia bat sortu eta bere karpetan gordeko du. Kopia horren gainean egingo du lan.

Talde bakoitzean aurkezpen bat prestatuko dugu, bost edo sei diapositibaz osatua:

  • Diapositibetan, adostutako eta zirriborroan jasotako informazioa laburtu behar da.
  • Ez da komeni formatu horretan testu gehiegi idaztea. 
  • Diapositiba bakoitzak testua azaltzen duen argazki bat izan behar du.  

Ikusmiran

Ziur denboran zeharreko bidaia honek jakin-min handia piztu digula. Esteka hauetan gure aitona-amonen garaiko gauza gehiago ikas ditzakegu:

  • 50eko hamarkadan erabiltzen ziren eskola-materialak nolakoak ziren ikusi nahi duzue?
  • Gustatuko litzaizueke zuen aitona-amonen garaiko kartel eta iragarki batzuk ikustea?

Bi minutu pentsatzeko

Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita konpondu behar izan ditugun arazoak aztertzekoa ere. Sarrera bat idatziko dugu gure Hausnarketen egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Ikerketa SA.

 

Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

 Erakutsi feedbacka botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren bigarren sarrera egiteko. 

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)