Saltatu nabigazioa

Prentsaurrekoa

Orain arte taldeka egin dugu lan informazioa bilatzeko eta antolatzeko. Informazio hori aurkezteko baliabide bat ere sortu dugu. Merezi du ikasi dugun guztia gainerako ikaskideekin partekatzea. Diapositiba-aurkezpena prest daukagu, baina orain ahozko azalpen bat egitea izango da gure helburua, gure ikerketaren emaitzak gainerako taldeekin partekatzeko. 

Pertsona batek albiste bat ezagutzera eman nahi duenean, prentsaurreko bat deitzen du informazioa emateko. Momenturen batean, kazetariek galderak egin diezazkiokete. Guk ere prentsaurrekoa egingo dugu, aurreko atalean egin dugun lanaren berri izan dezaten ikaskideek. 

Nola egin dezakegu? Bideo honek ideia batzuk eman diezazkiguke.

Hausnarketa egingo dugu ikusi berri dugun banakako azalpenari buruz:

  • Nola antolatu du aurkezpena? 
  • Zer baliabide erabili du azalpena laguntzeko? 
  • Nola banatu dute lana? 

Ikusi dugun bezala, agurtu eta bere burua aurkeztu du, gaia azaldu du, edukia argi azaldu du eta agur esan du. Ikusizko laguntza gisa, aurretik sortu duen poster bat erabili du. 

Esteka hauetan ahozko beste azalpen batzuk ikus ditzakegu, oraingoan taldeka egindakoak: Planetak-Egipto.

Ahozko azalpen bat egingo dugu

Zeregin honetan, gure aitona-amonen haurtzaroari buruzko ikerketa-lanaren edukia eta ondorioak aurkeztu behar ditugu. Laguntza gisa, informazioa biltzeko egin dugun aurkezpena erabiliko dugu.

Gure ikaskideak izango dira ikusleak.

Azalpena prestatzen dugu 

  • Azalpena prestatzeko, lan-taldeka bilduko gara. Guztion artean gidoi txiki bat egingo dugu eman nahi dugun informazioari buruz, azalpenean jarraituko ditugun urratsak zehaztuz.
  • Denok hartu beharko dugu parte. Taldekide bakoitza azalpenaren zati batez arduratuko da.
  • Behar bezala prestatuko dugu gure zatia. Oso garrantzitsua da gero entsegu bat egitea, guztion artean ondo koordinatzeko eta gure lanaren kalitatea ziurtatzeko.
  • Azalpena behar bezala nola egin jakiteko, errubrika hau kontsulta dezakegu (odt eta pdf). Lana ebaluatzeko ere erabiliko dugu.

Azalpena egiten dugu

  • Talde guztiek azalpenak egingo dituzte ikasgelan. Irakasleak azalpena grabatuko du.
  • Ikaskideek beren lana azaltzen dutenean, nola egin duten ikusi eta ebaluatu ahal izango dugu, ahozko azalpen bat ko-ebaluatzeko kontrol-zerrenda erabiliz (odt eta pdf). Bertan, gure ideia eta iradokizun guztiak jasoko ditugu. Gure oharrak baliagarriak izango dira etorkizunean ahozko azalpenak hobetzeko.

Urduri samar jartzen al gaitu ikaskide guztien aurrean azalpen bat egiteak? Jarraian azaltzen diren gomendio eta aholkuek asko lagun diezagukete behar bezala prestatzen. 

Bi minutu pentsatzeko

Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita konpondu behar izan ditugun arazoak aztertzekoa ere.

Sarrera bat idatziko dugu gure hausnarketen egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Prentsaurrekoa. 

Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordetzen dugun testu-dokumentu batean. 

Erakutsi feedback-a botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren hirugarren sarrera egiteko. 

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)