Saltatu nabigazioa

Azalpen-panela

Nola geratu da garajea? Bikain, seguru! Orain, egindako lana ezagutarazi behar dugu.

Prozesuaren dokumentazio osoa bilduko dugu eta azalpen-panela prestatuko dugu. Esteka honetan «panel expositivo» izeneko bideoa ikus dezakegu, bertan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak ageri dira beren azalpen-panela aurkezten. Ikus dezagun nolakoak diren azalpen-panelak eta nola aurkezten duten beren lana.

construyendo el panel

CeDeC. Construyendo un panel (CC BY-SA)

Zer iruditu zaigu panelean informazioa banatzeko modua? Bideoan ikusitako panelen antzeko bat egiteko gai izango gara? Eta gai izango gara egindako lana azaltzeko?

Garajeak aurkeztea

Erakusketa bat antolatuko dugu, «garaje azoka» bat. Talde bakoitzak stand bat prestatuko du, eta egindako lanaren azalpen-panela zein eraikitako garajea jarriko ditu erakusgai. Familiak, ikastetxeko irakasleak eta beste ikasgeletako ikasleak gonbidatuko ditugu. 

Ondoren, saio bat erreserbatuko dugu Haur Hezkuntzako bost urteko ikasleei enkargua entregatzeko, eta haiei ere azaldu beharko diegu egindako lana, noski!

Panel didaktikoa

Panel didaktikoaren bitartez, talde bakoitzak era bisualean aurkeztu ahal izango du bere proiektua: arazoaren planteamendutik hasita (garajea eraikitzeko enkargua), azken produktura bitarte.

Prozesu osoan zehar egindako argazki eta bideoak izango ditugu laguntzeko. Gainera, txostenean jaso ditugu garajea eraikitzeko erabilitako datu guztiak. Informazio hori guztia oso lagungarria izango zaigu; panelean jarriko ditugu zati guztiak, bakoitza dagokion atalean.

Panelaren eredua

CeDeC. Modelo de panel  (CC BY-SA)

Irudian ageri den ereduan oinarrituta, panel bat sortu beharko dugu. Horretarako, urrats eta jarraibide hauek izan beharko ditugu kontuan:

  • Jarraian adierazita dagoen neurriko kartoi bat bilatuko (edo moztuko) dugu: 120cm x 120cm.
  • Kartoian hiru esparru markatuko ditugu zabalean, eta tolestu egingo ditugu: bat 30 cm-koa, beste bat 60 cm-koa (panelaren erdigunea) eta azkena ere 30 cm-koa.
  • Orain, arkatz batez, hiru esparruak markatuko ditugu. Esparru horietako bakoitzaren barnean, atal ezberdinak markatu eta horiekin ere gauza bera egingo dugu, atal bakoitzarentzat behar besteko hutsunea utzita. 
  • Izenburuak ondo errotulatu beharko ditugu, errotuladore lodiak erabiliz, adibidez; distantzia ertainera ondo ikus dadin. 

Panelaren diseinua bukatutakoan, informazio adierazgarriena eta prozesua ilustratuko duten irudiak aukeratuko ditugu. Ondoren, horiek guztiak dagokien atalean idatziko ditugu. Erabakiak adostasunez hartuko ditugu, ekarpen guzti-guztiak entzunda.

Informazioa dagokion lekuan jarritakoan, alboetako hegalak aurreratuko ditugu, panela berez bermatu dadin, erori gabe. Argazki bat egingo diogu, gure azken lana dokumentatzeko.

Prest dago azalpen-panela! «Panel expositivo» bideoan ikusi dugunez, besteen aurrean egingo dugun ahozko aurkezpena prestatu behar dugu. Hau zortea! Zirriborroa aurkeztu genuenean egindako lana erabil dezakegu oinarri gisa. Pixka bat entseatu, eta listo! Prest egongo da taldearen stand-a!

Geure lana ebaluatzea

Zer moduz «garajeen azoka»? Gustatu zaizkie bertaratutakoei gure proiektuak? Azalpen asko eman behar izan dugu? Panelak argiak izan dira?

Lan luzea izan da, baina interesgarria, zalantzarik gabe! Orain balorazioa eta ebaluazioa egitea dagokigu. Horrek esan nahi du orain pentsatu egin behar dugula nolakoa izan den prozesua, nola antolatu dugun lana taldean, eraikitako produktua kalitatezkoa den ala ez... Horretarako, errubrika bat daukagu (formatu editagarrian, odt, edo pdf-n).

  • Maila bakoitzari dagozkion adierazleak irakurriko ditugu, eta egindako lanari ondoen egokitzen zaiona aukeratzen saiatuko da kide bakoitza.
  • Bakoitzak zer maila dagokion pentsatu eta markatu ondoren, errubrika taldekideei pasako diegu.
  • Azkenik, «Bi minutu pentsatzeko» atalean sartuko gara, eta emaitzen gainean hausnartuko dugu.

Bi minutu pentsatzeko

Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita ebatzi behar izan ditugun arazoak aztertzeko unea ere.

«Gogoeten egunkarian» sarrera berria egingo dugu, eta atal honen izenburu bera jarriko diogu: «Azalpen-panela».

Eskolako koadernoan idatz dezakegu, Google Drive-en edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Egunkariaren bosgarren sarrera egiteko zenbait gomendio eskaintzen dira «Feedback» botoian.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)