Saltatu nabigazioa

Oparia prestatzea

Garajea bost urteko ikasleei emateko ordua iritsi da! Gustatuko ote zaie? Egin ziguten enkarguaren antzekoa izango ote da? Luze jolasteko iraungo die? Gustatuko ote zaizkie hautatu ditugun koloreak, forma...?

Profesionalen antzera lan egin dugu. Eta profesionalek lan bat bukatzen dutenean, egindako produktua helarazten diete bezeroei. Azken atal honetan, gure sorkuntzaren entrega ofiziala prestatu eta gauzatuko dugu.

Garajea entregatzea

Denbora pasa da enkargua idatziz jaso genuenetik. Eraikitako produktua bezeroei eman baino lehen, entrega-orria (formatu editagarrian, odt-n, eta pdf-n) prestatu behar dugu. Oharra ikasgelan bertan jasoko dute gure adiskideek, eta orria eskutan joan beharko dute garajea jasotzera.

Entrega-orria

Oharrean argi eta garbi jaso behar da nora joan behar duen bezeroak enkargua jasotzera. Horregatik, oharrak idatzi baino lehen, entrega ofiziala non egingo dugun erabaki beharko dugu. Ikastetxeko gimnasioan, edo areto nagusian, edo psikomotrizitate gelan presta dezakegu entrega.

Entrega-orriak idaztea

Oharrak idatzi baino lehen, adiskideek bidali ziguten gutuna irakurriko dugu berriro, egin ziguten eskari zehatza gogoratzeko.

Jarraian, emate-orriaren testua idatziko dugu. Datu hauek izan behar ditu ezinbestean:

  • Garajea zer taldek egin duen.
  • Zer ikasle-talderentzat eraiki duen.
  • Jasotzeko data, ordua eta lekua.

Emate-oharrak bidaltzea

Emate-oharrak posta bidez bidal daitezke edo etxeko postontzian jaso daitezke. Gure kasuan, guk geuk eramango diegu orria adiskideei.

Inprimatu ondoren, gutun-azal batean sartu eta egokitu zaigun bost urteko ikasle-taldeari eramango diogu.

Garajeak adiskideei entregatzea

Entrega-egunerako, honako hau izango dugu kontuan:

  • Ikasle-talde bakoitza entrega-orria eskutan hurbilduko da dagokion stand-era. Talde arduradunak ongietorria egingo die. Garajea entregatu aurretik, taldekideek beren burua aurkeztuko dute eta egindako lana azalduko.
  • Panelak eta garajeak Lehen Hezkuntzako ikasleei aurretik azaldu badizkiegu ere, txikienei azaltzeko, azalpenak egokitu beharko ditugu, errazagoak eta laburragoak izan daitezen.
  • Haiekin gaudenean, garajea eraikitzea lan konplexua izan dela transmititzea komeni da, eta talde-lanean asko hausnartu, lan egin eta ikasi dugula.
  • Azkenik, jostailua izugarri gustatuko zaie, seguru, eta eraiki izana eskertuko digute!

Bi minutu pentsatzeko: Azken gogoeta

Gure bidaiaren azkenera iritsi gara. «Dena mugitzen da!» sekuentzia amaitu egin da.

«Gogoeten egunkaria» irekiko dugu. Eskolako koadernoan idatz dezakegu, Google Drive-en edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean. 

Gure ikas-prozesuari buruz banakako gogoeta egiteko hartuko ditugu bi-hiru minutu, hau da, «Azken gogoeta» egiteko. Egunkariaren azken sarreraren izenburua izan daiteke hori.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)