Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

Proiektuaren Canvas-a

EDIA proiektua Lehen Hezkuntzako 4.mailako ikasleei zuzenduta dago. Lehen hezkuntzako 3.zikloan ere erabil daiteke. Diziplina anitzekoa denez, ikasketa-eremu bat baino gehiago hartzen ditu barnean.

"ARTEmatikaMENTE" sekuentzia didaktikoaren edukiek Lehen Hezkuntzako Matematika, Arte Hezkuntza, Gizarte Zientziak eta Hizkuntza arloetako curriculuma garatzen dute  baita Bloom hezkuntza-helburuak ere –Bloom-en taxonomia izenaz ezagunak–, aro digitalera egokituta. Ikus bideoa.

Plangintza didaktikoa

 

HEZKUNTZA-HELBURUA


Sekuentzia didaktiko horrek lotzen ditu arte-hezkuntza eta geometriaren ikaskuntza. Proposamena hau da: ingurunea eta hainbat arte-lan aztertuta, modu esperimentalean kontzeptu geometrikoak ulertzea eta gogoeta egitea, eta, azkenik, norberaren arte-konposizioak sortzea.

Geometriaren printzipioen adibideak aurkitzen ditugu kubismoan eta katedraletan, hondar-dunetan eta itsas izarretan. Naturaren munduak eta gizakiek sortutako munduak simetria, topologia, puntuak, lerroak, planoak, kurbak, solidoak eta, jakina, dimentsio eta printzipio matematikoak islatzen dituzte. Bietan zirkuluak, konoak, hexagonoak, laukizuzenak, esferak, triangeluak, kuboak, zilindroak, piramideak eta prismak daude.

Arkitektoek, mekanikariek, diseinatzaileek, ingeniariek, eraikitzaileek, pilotuek, nabigatzaileek, artista plastikoek... guztiek erabiltzen dute geometria beren lanetan. Geometriaren garrantzia dela eta, asko aplikatzen da eskola-curriculum osoan.

Claves para la planificación
Cedec. Claves para la planificación (CC BY-SA)

Artean, naturan eta ingurunean aurkitzen diren forma geometrikoen behaketa abiapuntutzat hartuta, ikerketa matematikako eta sorkuntza artistikoko lan bat planteatzen zaie ikasleei. Proiektua amaitzeko, erakusketa artistiko bat antolatzen da eta erakusketari buruzko ikus-entzunezko erreportaje bat egiten da.

Hezkuntza-baliabide ireki horren diseinuan, konpetentzia digitalaren bi maila hartu dira kontuan: irakasleena eta ikasleena.

Proposatutako zeregin guztiak tresna eta baliabide digitalak edo bestelakoak erabiliz gauzatu daitezke (ikasgelako koadernoa, horma-irudiak...). Tresna digitalen erabilera-maila ikasgelako errealitatera egokitu behar da, bai ikasleen eta irakasleen erabilera- eta trebetasun-mailei dagokienez, bai baliabide materialen eta teknikoen hornidurari dagokionez.

Jarraian, sekuentzia didaktikoaren egiturari eta atazei buruzko informazio guztia agertzen da.

Curriculumaren plangintza

HELBURUAK

  • Gizarte- eta kultura-jardueretan ahoz eta idatziz behar bezala ulertzea eta adieraztea.
  • Hizkuntza erabiltzea gizarte- eta kultura-jardueretan erlazionatzeko eta behar bezala hitz egiteko, errespetuzko eta lankidetzazko jarrera hartuz, norberaren sentimendu eta ideiez jabetzeko eta norberaren jokabidea kontrolatzeko.
  • Hizkuntza eraginkortasunez erabiltzea eskola-jardueran, bai informazioa bilatzeko, biltzeko eta prozesatzeko, bai esparru akademikoko testuak idazteko.
  • Ezagutza matematikoa erabiltzea eguneroko bizitzako gertaerei eta egoerei buruzko informazioak eta mezuak ulertzeko, baloratzeko eta ekoizteko, eta matematikak ezagutzaren beste arlo batzuetarako duen izaera instrumentala aitortzea.
  • Askotariko egoerei aurre egiteko, norberaren trebetasun matematikoak ezagutzea, baloratzea eta horietan segurtasuna eskuratzea, alderdi sortzaile, estetiko edo erabilgarriez gozatzeko eta erabiltzeko aukeretan konfiantza izateko moduan.
  • Espazio-orientazioko prozedurak erabiltzea problemen ebazpeneko testuinguruetan.
  • Natura- eta kultura-inguruneko forma geometrikoak identifikatzea, eta elementu eta propietateen ezagutza erabiltzea errealitatea deskribatzeko eta ekintza-aukera berriak garatzeko.
  • Talde-jardueretan parte hartzea, jokabide arduratsua, eraikitzailea eta solidarioa hartuz, eta funtzionamendu demokratikoaren oinarrizko printzipioak errespetatuz.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea informazioa lortzeko eta ezagutzak ikasteko eta partekatzeko tresna gisa, eta pertsona guztien bizi-baldintzak hobetzeko egiten duten ekarpena baloratzea.
  • Ezagutza artistikoak aplikatzea eguneroko errealitateko eta artearen eta kulturaren munduko egoeren eta objektuen behaketan eta azterketan, horiek hobeto ezagutzeko eta norberaren gustua eratzeko.
  • Arte ekoizpenak egitea, lankidetzan eta banaka, hainbat funtzio norbereganatuz eta azaltzen diren arazoak konpontzen lagunduz, azken produktua egokia izan dadin.
  • Artista batzuen lana ezagutzea eta horretan interesatzea, baita haien obrekin gozatzea ere.

EDUKIAK

  • Ahozko eta idatzizko testuak ulertzea eta sortzea ikasteko eta informazioa jasotzeko, bai helburu didaktikoarekin sortutakoak, bai eguneroko erabilerakoak (jarraibideak, azalpenak, deskribapenak …), bai informalak (berdinen arteko eta lantaldeko elkarrizketak) bai formalizazio-maila handiagokoak (gelako azalpenak).
  • Komunikazio-trukerako estrategiak eta arauak: parte-hartzea; azalpen argia; diskurtsoa antolatzea; entzutea; hitz egiteko txanda errespetatzea; moderatzailearen eginkizuna; intonazio egokia, besteen sentimenduak, esperientziak, ideiak, iritziak eta ezagutzak errespetatzea. Inkesta eta elkarrizketetan parte hartzea. Ahozko iruzkina eta iritzi pertsonala.
  • Testuak sortzeko arauak eta estrategiak: plangintza, berrikuspena eta hobekuntza.
  • Elementu grafikoak eta paratestualak erabiltzea ulermena errazteko (ilustrazioak, grafikoak eta tipografia).
  • Espazioaren geometria: posizioak eta mugimenduak.
  • Eguneroko bizitzan irudi lauak eta espazialak identifikatzea.
  • Poligonoen sailkapena.
  • Geometriari buruzko oinarrizko hiztegia zuzen erabiltzea.
  • Informatika-baliabideak erabiltzea forma lauak eta espazialak manipulatzeko, ulertzeko, deskribatzeko, sortzeko eta eraldatzeko.
  • Irudi geometriko lauak eraikitzea, datuetan oinarrituta eta hainbat material erabilita. Oinarrizko forma geometrikoak aztertzea.
  • Irudi geometrikoak alderatzea eta sailkatzea, hainbat irizpide erabilita.
  • Irudiak sortzea, beste batzuetatik abiatuta, irudi konplexuagoen konposizioaren eta deskonposizioaren arabera.
  • Erregulartasunak, simetriak, biraketak eta translazioak.
  • Problema geometriko errazak ebaztea, jarraitutako prozesua argituz eta emaitzak azalduz.
  • Norberaren aukerekiko konfiantza izatea konposizio artematikoetan geometria erabiltzean.
  • Lankidetzarako eta errespeturako jarrera izatea partekatutako ikaskuntza-egoeretan.
  • Taldearen kohesioa eta lan kooperatiboa sustatzeko estrategiak erabiltzea.
  • Zereginak planifikatzea eta kudeatzea, helburuak lortzeko.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea informazioa bilatzeko eta hautatzeko, prozesuak simulatzeko eta ondorioak aurkezteko.
  • Arte-adierazpenei buruzko bilketa inprimatua eta digitala egitea.
  • Artista plastikoei buruzko informazioa bilatzeko eta haien ekoizpenak komentatzeko interesa piztea.
  • Elementu geometrikoak erabiliz irudikatzeko aukerekin esperimentatzea, haien formekin, dimentsioekin, biraketekin... jolastuz.
  • Formen, koloreen, posizioen eta abarren aukerak eta horiek euskarri desberdinetan izan ditzaketen konposizioak aztertzea.
  • Helburu artistikoak dituzten atazak banaka edo taldeka egitea.
  • Taldeak ezartzen dituen arauak eta ataza-banaketa errespetatzea.
  • Norberaren ekoizpenetan, beste artista batzuengan behatutako alderdiak aplikatzea.

    Ikaskuntza ingurunea

    Hezkuntza-helburuen taxonomia - Bloom-en taxonomia

    Ikaste-prozesuan, proposatutako zereginek ezinbestean barne hartu behar dituzte maila kognitibo guztietako gaitasun eta ezagutzak: oinarrizkoenetatik hasita (ezagutzea, ulertzea eta aplikatzea), trebetasun konplexu eta sakonenetara bitarte (aztertzea, ebaluatzea eta sortzea). Bloom-en taxonomia da erreferentzia.

    Lankidetzako ikaskuntza

    Planteamendu pedagogikoak, helburuen taxonomia kontuan hartzeaz gain, ikaskuntza kooperatiboan jartzen du arreta (Jonhson&Johnson, Pujolàs).

    Hori dela eta, garrantzitsua da zereginak garatzeko orduan lankidetza faktore beharrezkoa izatea; izan ere, proiektua helburu komun gisa hartu behar da, taldea eta lantaldeak batzen dituena, eta kontuan hartu behar da guztien lanari esker beteko dugula helburua. Jarraian ageri den irudiak agerian uzten ditu elkarlanean aritzeko behar diren 4 baldintzak. Dokumentu honetan, ikasleekin erabiltzeko ikaskuntza kooperatiboaren osagaiak jorratu daitezke (formatu editagarrian, odp-n, eta pdf-n)

    Aprenden cooperando

    Ikaskuntza-testuinguru honen sorrerak harreman zuzena dauka ikasgelako taldekatzeekin eta baliabide jakin batzuen erabilerarekin.

    Jarraian eskaintzen dira ikasleak taldekatzeko proposamen metodologiko bat, kontsultarako baliabideak eta material erabilgarria.

    Ebaluazioa

    EBALUAZIO TEKNIKAK ETA EBALUAZIORAKO TRESNAK

    Ebaluazio-adierazleak dira sekuentzia didaktiko hau ebaluatzeko erreferenteak. Ikasleek menperatu beharreko ekintzak deskribatzen dizkigute. Gaitasunak eskuratzeko aurrerabidea ere ezartzen dute; izan ere, gaitasunen garapenean pentsatuz formulatzen dira adierazleak. Prozesua da oinarria, ez jakintzaz jabetu izana.

    Prozesuaren eta produktuaren balorazioa egitea jasotzen da planteatzen den ebaluazioan, baita norberaren ikaskuntzari buruzko hausnarketa egitea ere. Horretarako, ezinbestekoa da zenbait teknika erabiltzea, hala nola behaketa zuzena, eztabaidak, elkarrizketak, dokumentazioa eta idatzizko edo ahozko proba objektiboak.

    Irakasleei dagokie unitatean zehar bildutako datu objektiboak kontuan hartuta kalifikatzea eta erabakiak hartzea. Jarraian, ebaluaziorako orientabideak eta tresnak aurkezten dira.

    HEZKUNTZAKO PORTFOLIOA

    • Ikasketa-prozesuaren gidari izan behar dute ikasleek. Hori lortzeko, hezkuntza portfolio pertsonala erabiltzeko proposamena luzatzen dugu. Bertan gordeko dira proiektuari, ikasturteari... dagozkion ikasketa-helburu pertsonalak. Gainera, ikaslearen ikasketa-ebidentziak ere jasoko dira hor: bereziki harro sentiarazi duten lanak, zirriborroak... Gogoeta metakognitiboak («Bi minutu pentsatzeko») ere jaso daitezke; izan ere, «Ikasten ikasi» gaitasuna garatzen lagunduko diote.
    • Komenigarria da portfolio digitalak erabiltzea. Txantiloi hau erabil daiteke horretarako. Dena den, beste formatu bat ere erabil daiteke: karpeta bat ordenagailuan edo disko gogor birtual batean, karpeta analogiko bat...

    NORK EBALUATUKO DU?

    Proposamen didaktikoaren arabera, irakasleek eta ikasleek parte hartuko dute ebaluazioan.

    • Irakasleak: heteroebaluazioa eta autoebaluazioa. Esteka honetan, «Irakaslearen autoebaluazioa» egiteko txantiloi bat eskaintzen da, plangintzaz, garapenaz eta ikasleek ikasitakoaz gogoeta egitea errazteko. Kontrol-orria hiru momentutan egitea komeni da: sekuentziaren plangintza egiterakoan, sekuentziaren garapena aztertzerakoan, eta ebaluazio-unean. Ikasleek beren gogoetak jasotzeko taula bat ere erantsita dago. 
    • Ikasleak: elkarren ebaluazioa eta autoebaluazioa. 

    Honako hauek dira ebaluazio-tresnak (irakasleenak zein ikasleenak):

    • Talde bakoitzeko kideen arteko elkarreragina behatzea.
    • Gogoeten egunkaria («Bi minutu pentsatzeko»). Zeregin edo zeregin multzo bat bukatutakoan ikasleen gogoetak biltzen dira, baita taldekideekin partekatzen eta kontrastatzen ere. Banakako tutoretzetan ikasleak tutorearekin partekatuko du informazioa.

    Unitatean jasotako txantiloi bakoitzean, norbanakoaren zein taldeen ikaskuntza-prozesuari buruzko datuak eskaintzen dira.

    Taldeei irakurriko zaie informazioa eta feedback trukea egingo da, gutxienez, astean behin, baita beharrezkoa den guztietan ere.

    EBALUAZIO-ADIERAZLEAK

    Jarraian kontsultagarri daude sekuentzia didaktiko honi dagozkion lorpen-adierazleak.

    Denbora-banaketa

    Proposamen didaktiko hau hemeretzi eskola-saiotan garatzeko pentsatua dago. Matematika, Hizkuntza, Plastika eta Gizarte-zientzia arloko saioak. 

    Reloj

    Jakina, denbora-banaketa hau gutxi gorabeherako orientabidea da. Proiektuaren sakontasunak, ikasleen beharrizanek eta garapenean arlo ezberdinak integratzeko moduak baldintzatuko dute denbora-banaketa.

    Material osagarria

    Egitura kooperatiboak

      • "9 ideas clave. El aprendizaje cooperativo. Pere Pujolàs. Liburuaren laburpena da hau; material horren egileek egin dute. Taldeen kudeaketari, rolei, teknikei eta abarri buruzko informazioa eskaintzen digu.
      • Erreferentziazko egileetako batzuk dira:

        • Johnson & Johnson ("La evaluación en el aprendizaje cooperativo", SM argitaletxea, 2014)
        • Pere Pujolàs ("9 ideas claves. El aprendizaje cooperativo", Graó argitaletxea 2008)
        • David Durán ("Aprenseñar", Narcea argitaletxea, 2014).
      • Ikasgelako baliabideei buruz:

      Trebetasun emozionalak eta sozialak

      Lantalde bakoitzeko kideek beren interakzioak, harremanak eta emozioak kudeatzen ikas dezakete, irakasleen esku-hartze didaktikoaren laguntzaz. Esku-hartze didaktikoa zuzenean edo teknika hauen bidez egin daiteke:

      • «9 ideas clave. El aprendizaje cooperativo» liburuaren A eremurako jarduerak (talde-kohesioa).

      Adimen anizkoitzak

      Pentsamendu errutinak

      • "Aprender y enseñar a pensar". Carmen Gonzálezen aurkezpena; funtsezko ideiak laburtzen ditu modu entretenigarrian.

      • Herramientas para aprender a aprender. Ikasgelan planifikatzen eta hausnartzen ikasteko jarduerak eta teknikak (Ana Basterra Cossio).

      • Guía EduSapiens. Escuela Creativas, Fundación Telefónica. Rutinas y destrezas de pensamiento: 68. orrialdetik 119.era. Otras herramientas para pensar: 120. orrialdetik 131.era.

      Sekuentziarako baliabideak

      Cedec-en Proyecto EDIAaren Hezkuntza Baliabide Irekia.
      Lehen Hezkuntzarako diziplina arteko baliabidea.
      Egileak: Susana López, Begoña Marqués eta Berta Martínez.

      Creado con eXeLearning (Ventana nueva)