Saltatu nabigazioa

Artxila murtxila

Nola geratu zaigu publizitate-kartela? Ziur kanpaina arrakastatsua izaten lagunduko duela.

Artxila murtxila esamoldea magia egitean erabiltzen da, adibidez objektu bat aldatu eta bat-batean beste bat bihurtzen denean magia-truko baten bidez. Guk ere lortu nahi dugu eraldaketa bat, jokabide-aldaketa bat.

Artxila murtxila
Cedec. Artxila murtxila (CC BY-SA)

Azken zeregin hauetan, interesa piztu nahi dugu bigarren mailako ikasleen artean. Horretarako, erabaki egokiak hartu behar ditugu, esaterako, noiz eta non aurkeztuko dugun gure kanpaina. Era berean, aurkezpenaren egunean zerbait banatuko dugun eta, banatzekotan, zer banatuko dugun erabaki beharko dugu.

Hagaxkaren ukitua

Kanpaina bultzatzeko zer objektu egingo dugun pentsatzea baino ez zaigu geratzen. Izan daitezke txapak, identifikazio-txartelak, orri-markatzaileak… Horiek guztiak lagungarriak izango zaizkigu lankidetzaren garrantzia eta onurak agerian jartzeko eta gogorarazteko.

Hagaxka magiko gisa erabiliko ditugu, eraldaketa lortzeko gure hartzaileen jokabideetan, hau da, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikaskideen jokabideetan. Badakigu ilusionistek hagaxka magikoak erabiltzen dituztela magia-trukoak egiteko, botere bereziak baitituzte objektuak eta pertsonak agerrarazi, desagerrarazi eta eraldatzeko.

ERABAKIAK ETA ZEREGINEN BANAKETA

Publizitate-kanpainetan, produktuak banatzen zaizkie balizko bezeroei. Guk erabakiko dugu, halaber, zer produktu egingo ditugun Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleei oparitzeko. - Produktu horiek guztiak diseinatzeko, aurreko egitekoan sortutako irudia, eslogana eta kartela hartuko ditugu oinarritzat.

Taldekide/Ikaskide guztien artean erabakiko da zer forma, eduki eta erabilera izango duten publizitate-produktu hauek:

  • Bigarren mailako ikasleei banatzeko txapak edo intsigniak.

  • Orri-markatzaileak.

  • Kanpaina aurkezten den egunean banatzeko flyerrak.

  • Identifikazio-txartelak, kanpainaren arduradunentzat.

  • Iragarkia ikasgelako edo ikastetxeko blogean jartzeko.

Hasteko, taldeka, gure ideiak aipatu eta idatziko ditugu. Ondoren, talde bakoitzeko bozeramaileak jendaurrean irakurriko ditu. Amaitzeko, txantiloi honetan (odt eta pdf) jasoko dira taldearen/ikasgelaren azken erabakiak.

Bururatzen zaizkigun beste produktu-aukera batzuk gehitu ditzakegu.

PRODUKTUAK SORTZEN

Orain, talde bakoitzak zer produktu egin behar duen dakigunean, lanean hastea baino ez zaigu geratzen. Gogoan izan guztion artean erabakitako irudia eta eslogana erabili behar ditugula.

Txapak, identifikazio-txartelak, orri-markatzaileak eta flyerrak egiteko, Pinteresteko taula hau kontsulta dezakegu. Halaber, erabil ditzakegun materialei eta tresnei buruz galdetuko diogu tutoreari. Interesgarria da hainbat prototipo egitea ikasgelan eskura ditugun material merkeak erabiliz, emaitzarekin pozik gauden ikusteko.

Lan-mahaia

Badaukagu dena prest! Txapak, orri-markatzaileak, flyerrak eta identifikazio-txartelak prest daude kanpaina ezagutzera emango dugun egunerako. Orain, lan-mahaian bildu behar dugu, Lankidetzako ikaskuntzaren eguna behar bezala antolatzeko.

Organigrama bat  erabiliko dugu horretarako, jarduera bakoitzari dagozkion arduradunak, denborak eta espazioak zehazteko. Zereginen banaketa txantiloia (odt eta pdf) erabil dezakegu.

Saio irekia

Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleei publizitate-kanpaina aurkezteko unea iritsi da, haien gustuak eta gizarte-ohiturak ezagutzen ditugula. Aurkezpen honetan, ikasleek lankidetzako jokabideen onurengan sinestea lortu nahi dugu.

Publizitate-kartelak diseinatu ditugu; merchandising guztia prestatu dugu (saioan erabiliko eta banatuko ditugun objektuak); badakigu zertan datzan saldu nahi dugun produktua, eta, orain, gidoi bat pentsatu eta idatzi behar dugu lankidetzako ikaskuntzaren onurak gure ikaskideei aurkezteko saiorako.

Guzti-guztia behar bezala prestatu eta aurreikusita egon behar da, bai materialak eta lekua, bai gu geu.

Bezeroekin bildu aurretik, jarduteko jarraibide batzuk ezarriko ditugu, gure lan eta ahalegin guztiak amaiera ona izango duela ziurtatzeko.

  • Lasai eta irribarretsu hitz egingo dugu.

  • Aurkeztutako gaiarekiko interesa eta jakin-mina pizten saiatuko gara.

  • Bertaratutakoen iruzkin eta zalantzekiko interesa azalduko dugu.

Ahozko aurkezpenei buruzko errubrika hau (odt eta pdf) erabil dezakegu saioa behar bezala prestatzeko.

Erakutsi feedbacka botoia sakatuta, balizko aurkezpen-saio bat antolatzeko eskema bat ikusiko dugu. Arretaz berrikusiko dugu, irakasleen laguntzarekin, gure saiorako egin nahiko genukeen gidoiari buruzko erabakiak hartzeko. Bigarren mailako ikasleen iritziak jaso nahi baditugu, publizitate-kanpainaren balioeste-txantiloia erabil dezakegu (odt eta pdf). Gure balorazioa egiteko ere erabil dezakegu.

Ituan asmatu

Amaitu dugu kanpaina. Ikasleekin egindako saioaren ondoren, banaka hausnartuko dugu, ea zenbateraino izan diren lankidetzakoak taldean izan ditugun jokabideak.

Autoebaluazio-itua
Cedec. Autoebaluazio-itua (CC BY-SA)

Horretarako, Autoebaluazio-itu hau (odt eta pdf) erabil dezakegu.

Bi minutu pentsatzeko: Azken hausnarketa

Amaitu da magia-saioa. Magoei gertatzen zaien bezala, ahalegina eta denbora behar izan ditugu guztia prestatzeko, baina objektu eta osagai egokiak erabili ditugu bigarren mailako haurrei harridura eta ilusioa eragiteko. Espero dugu ilusio horrek denboran irautea eta ikastetxe osoa lankidetzaz kutsatzea.

Iritsi da gure hausnarketen egunerokoa irekitzeko unea. Minutu batzuk hartuko ditugu egindako prozesu guztiari buruz banaka pentsatzeko. Egunerokoaren gure bosgarren eta azken sarrera izango da, gure azken hausnarketa. Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Gogoetarako gida botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu sarrera hori egiteko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)