Saltatu nabigazioa

Ukitu egurra!

Zer profil lortu dugu bigarren mailako ikasleengandik? Zer jarduera gustatzen zaizkie? Zer portaera daude lankidetzatik hurbil edo urrunduta? Zaila izango al da haien interesetara iristea?

Gure kanpaina antolatzeko garaia iritsi da. Aurreko atalean bildu ditugun datuak baliagarriak izango zaizkigu kanpainarako aukeratu ditugun produktuen diseinua eta kanpaina zabaltzeko jarduerak prestatzeko.

Orain, gure publizitate-kanpainarekin transmititu nahi dugunari buruz informatu eta ikasiko dugu. Gure helburua lankidetza zabaltzea denez, zertan datzan ikasiko dugu.

Desio bat adierazten dugunean egurra ukitzen badugu, bete egingo da. Beraz, ukitu egurra!

Testuaren bila!

Lankidetza bultzatzea izango da gure kanpainaren ardatza. Kanpainan erabiliko ditugun elementuak Sim Sala Bim, enpatia zuekin! atalean lortutako ondorioen araberakoak izango dira.

Taldeka egingo dugu lan, konparazio-taula bat osatzeko eta, horrela, lankidetzari buruz gehien interesatzen zaizkigun alderdiak behar bezala definitzeko. Talde bakoitzak kideen artean galdetuko du zeintzuk diren lankidetzaren alderdi errazak eta zeintzuk alderdi zailak. Garrantzitsua da argi geratzea zer den eta zer ez den lankidetza.

Lehenik eta behin, taldeka osatuko dugu Testuaren bila! txantiloia (odt eta pdf), bai emandako proposamenak erabiliz, bai gure proposamenak ekarriz.

Ondoren, talde guztien ondorioekin, gure ustez lankidetza osatzen duten elementuen mapa egingo dugu.

Lankidetzaren mapa txantiloiko hosto bakoitzean, (odp eta pdf) lankidetzaren ezaugarri bat idatziko dugu, Testuaren bila! txantiloiko konparazio-taulan lortu dugunaren arabera. Orri gehiago behar baditugu, dokumentua editatu dezakegu, orrietako bat kopiatu eta libre dagoen leku batean itsatsita. Era berean, behar ez ditugunak ezabatu ditzakegu.

Azterketa hau amaitzean, guk egindako lankidetzaren mapa eta Ikaskuntza kooperatiboaren osagaiak aurkezpen honetan dagoen informazioa alderatu ditzakegu.

Irudi adierazgarriak

Bat al datoz gure ondorioak eta Ikaskuntza kooperatiboaren osagaiak atalean irakurri dugun informazioa? Agian ez datoz guztiz bat, baina ia ziur funtsezko hiru edo lau elementu lortu ditugula.

Lehenengo begiratu bat eman diegu lankidetzako ikaskuntzaren elementuei, eman diezagukeen onura kontuan hartuta. Hurrengo lan-proposamenean, talde-lanarekin lotutako egoerak agertzen diren sei irudi aztertuko ditugu. Irudiotan, egoera-arazo batzuk agertzen dira. Horietan guztietan agertzen dira helburu argi bat eta jarrera eta emaitza desberdinak dituzten pertsonaiak.

Talde bakoitzak urrats hauek jarraituz aztertuko ditu: Lehenik eta behin, irudi bakoitzean azaltzen den egoeraren deskribapen laburra egingo dugu. Ondoren, pentsatuko dugu ea zeintzuk diren pertsonaien helburuak, helburuok lortzen dituzten ala ez, eta zeintzuk izan daitezkeen horren arrazoiak. Azkenik, lotu egingo ditugu irudiak eta lankidetzako ikaskuntzaren osagaiak.

Esteka honetan (odt eta pdf) deskarga dezakegu txantiloia. Has gaitezen!

Lankidetzako ikaskuntzaren ezaugarriak identifikatu ondoren, elementuren bat aukeratuko dugu, gure kanpainaren ardatza izan dadin.

Lautik bira

Ziur aski, lortu dugu lankidetzan ari garela esan ahal izateko taldean eman behar diren jokabideen zerrenda bat egitea. Gainera, batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak iruditzen zaizkigula ere pentsatu ahal izan dugu.

Atal honetan, jokabide horietako bi aukeratuko ditugu, eta bi horiek izango dira lankidetzako ikaskuntza sustatzeko diseinatu behar dugun kanpainaren ardatza.

Lautik bira
Cedec. Lautik bira (CC BY-SA)

Lau orriko hirusta zorte oneko egoerekin lotzen da. Ziur irudiko hirustan agertzen diren hitzak egia bihurtzea nahi dugula!

Beste batzuekin partekatzea, elkarrenganako konfiantza izatea, batak besteari entzutea eta elkarrekin komunikatzea funtsezko lau trebetasun dira ikasteko eta eskolan gustura sentitzeko. Agian, horien artean, zure taldearengan konfiantza izatea eta zeregina, ezagutzak, hausnarketak eta antzekoak partekatzen jakitea funtsezkoak dira lankidetzako ikaskuntza egon dadin.

Bi jarduera egingo ditugu eta, horietan, ikaskideengan konfiantza izateko, gure laguntza emateko eta lana ikaskideekin partekatzeko dugun gaitasuna probatuko dugu.

KONFIANTZA DUGU: urpeko ontzia

Jolas honetan, giza urpeko ontziak izango gara. Oztoporik gabeko gela batean egon beharko dugu, hala nola ikastetxeko gimnasioan edo jolastokian. Talde bakoitza urpeko ontzi bat izango da. Ilaran ipiniko gara, eskuak aurrean dugun pertsonaren sorbaldetan jarrita. Azkena periskopioa izango da, eta urpeko ontzia gidatzeaz arduratuko da. Gainerakoak begiak itxita edo zapi batez estalita mugitu beharko dira, gidariaren argibideetan konfiantza osoa izanda.

Beraz, lau edo bost urpeko ontzi ditugu aukeratu dugun espaziotik mugitzen. Nola jakingo dugu nora joan behar dugun elkarren kontra ez jotzeko? Gure gidariak esango digu, ukitu desberdinekin, norantz joan behar dugun, bai eta noiz gelditu ere, oztoporen batekin edota beste urpeko ontzi batekin talka ez egiteko. Gidariak aurrean duen pertsonari helaraziko dizkio mezuak, eta hark, berriz, aurrean duenari, urpeko ontzia osatzen duten pertsona guztiengana heldu arte. Hauek dira jolasaren arauak:

  • Aurrean dagoen pertsonaren sorbaldan bi eskuekin batera jotzen badu, aurrera egin beharko du urpeko ontziak.

  • Eskuinarekin bakarrik jotzen badu, eskuinera biratuko du urpeko ontziak.

  • Ezkerrarekin bakarrik jotzen badu, ezkerrera biratuko du.

  • Aurrean dagoen pertsonaren sorbaldak bi eskuekin tinko eusten baditu, gelditu egin beharko da urpeko ontzia.

Minutu bat igaro ondoren, gidariaren/periskopioaren lekura joango da lehenengo dagoena, eta gidari-lanak egingo ditu. Guztiok perikospio/gidari izan arte. Bideo honetan ikus dezakegu jolasa. 

Hausnarketa

Taldekide guztiok dakigu lankidetza dela garrantzitsuena, lankidetzarik gabe ezin izango genituzkeelako egin ez jolas hau ez eguneroko bizitzako beste jarduera asko.

  • Zer rol gustatu zaigu gehien? Zergatik?

  • Zaila izan al da eman dizkiguten jarraibideak betetzea? Eta taldea gidatzea?

  • Momenturen batean konfiantza galdu edo beldurra sentitu al dugu? Noiz?

  • Zer sentsazio izan ditugu itsu-itsuan joatean: konfiantza eza, beldurra, segurtasuna, laguntasuna, bakardadea…?

  • Zer egin edo pentsatu dugu sentsazio negatiboak gainditzeko?

  • Bizitako edo ezagututako egoeraren batekin lotu al dugu esperientzia hori?

  • Zer ondorio atera ditzakegu esperientzia horretatik?

PARTEKATZEN DUGU: Hitzak

Jolas honetan taldeka elkartuko gara, eta letrak osatuko ditugu gure gorputzak batuz. Talde bakoitzean, batzuk lurrean etzanda osatuko dugu taldeari dagokion letra, eta beste batzuk, berriz, hori egiteko argibideak emango ditugu. Ondoren, talde guztietako arduradunak koordinatu egingo dira letra guztiekin hitz bat osatzeko.

Bi txanda egingo ditugu eta LANKIDETZA eta LAGUNTZA hitzak sortuko ditugu. Txanda bakoitzean, rolak aldatuko ditugu, antolatzen eta egiten proba dezagun denok. Hitz bat osatzen dugun bakoitzean, argazki bat egingo dugu, eta, ondoren, gelan jarriko dugu, ondo ikusiko den leku batean.

Hausnarketa

Taldekide guztiok dakigu lankidetza dela garrantzitsuena, lankidetzarik gabe ezin izango genituzkeelako egin ez jolas hau ez eguneroko bizitzako beste jarduera asko.

Amaitzean, biribil bat osatuko dugu eta gai hauei buruz hitz egingo dugu:

  • Zer ikasi dugu hitzen eraikuntzari dagokionez?

  • Erraza izan al da letrak egitea? Eta hitzak?

  • Nola antolatu gara eta zer irizpideri jarraitu diogu?

  • Denek hartu al dugu parte hitza osatzen? Eginkizunak desberdinak izan badira ere, parte-hartze maila zuzena izan dela esan dezakegu?

  • Zure ustez, kontuan hartu al dira zure iritziak?

Gehiago jakiteko

Trukoa dauka: Lankidetzako ikaskuntza! izeneko esteka honetan, lankidetzako ikaskuntzari buruzko informazioa eskura dezakegu. Pin batzuk lankidetza-talde bateko kideen artean zereginak banatzeari buruzkoak dira. Beste batzuk taldean lan egiteko arauei buruzkoak dira. Hausnarketa egiteko bideo bat ere badago.

Bi minutu pentsatzeko

Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita konpondu behar izan ditugun arazoak aztertzekoa ere.

Sarrera bat idatziko dugu gure Hausnarketen egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Ukitu egurra!

Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Gogoetarako gida botoian sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren hirugarren sarrera egiteko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)