Saltatu nabigazioa

Sim Sala Bim, enpatia zuekin!

Dirudienez, Sim Sala Bim! Danimarkako abesti bateko esamolde bat da, eta Dante izeneko mago ospetsu batek erabiltzen omen zuen magia-trukoak egitean. Lortuko al dugu magia egitea eta gure kanpainaren hartzaileekin enpatia izatea?

Gure publizitate-kanpaina Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleentzat da, eta, beraz, ondo ezagutu behar ditugu. Nola pentsatzen eta sentitzen duten eta zer interes dituzten jakinez gero, errazagoa izango da gure proposamena arrakastatsua izatea. Hau da, errazagoa izango da kanpainak hartzaileak motibatzea eta gure helburua lortzea: lankidetza zabaltzea gehiago eta hobeto ikasteko modu gisa.

Aurpegiak
CeDeC. Aurpegiak (CC BY-SA)

Hasteko, informazio ugari eta kalitatezkoa lortu behar dugu gure "bezeroengandik", Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleengandik. Zer pentsatzen dute?, zer sentitzen dute?, zerk motibatzen ditu? Gogora dezagun gure helburua haiekin enpatia izatea dela, gure kanpaina benetan eraginkorra izan dadin.

Horrekin hasi aurretik, ziurtatuko dugu taldeak eratuta daudela, rolak adostuta ditugula eta taldearen karpeta taldeko kide guztiekin partekatuta dagoela. Oso garrantzitsua da hori, lan asko egingo baititugu horrela.

Ba al zenekien…?

Enpatia izatea funtsezko trebetasuna da. Hau esan nahi du: beste pertsona baten lekuan jartzeko gai izatea, haren ikuspuntuak eta pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko moduak ulertzeko gai izatea. Beste pertsona batek sentitzen dituen emozioetan kokatzen garenean, hobetu egiten da harekin dugun harremana. Enpatikoa izatea ez da erraza, eta ikasi egin behar dugu. Bilatu “enpatia” hitzaren esanahia Euskaltzaindiaren hiztegian.

Txinbili behatu, txanbala galdetu

Hasteko, 7-8 urteko gure ikaskideek nola pentsatzen eta sentitzen duten ikertuko dugu. Adin horretako pertsonen ezaugarri orokorrei buruzko informazioa irakur dezakegu, baina askoz ere esanguratsuagoa izango da zuzenean haiei galdetzen badiegu.

Horretarako, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako irakasleen laguntzarekin, inkestak egingo ditugu taldeka. Halaber, gure ikaskideek une batzuetan nola jokatzen duten eta nola sentitzen diren behatuko dugu. Ondoren, emaitzak bateratuko ditugu ondorioak ateratzeko.

Lehenengoz aurkezpen-dosier hau bistaratuko dugu. Esteka honetan ere deskargatu daiteke.

Zeregina argi dugunean, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako irakasleei azaldu beharko diegu, gure ikerketan lagun diezaguten. Informazioa eska diezaiekegu haien ikasleek pentsatzen eta sentitzen duten moduari buruz galdetuz, eta inkestak noiz egingo ditugun adostu dezakegu. Garrantzitsua da, halaber, adin horietako haurrekin jarduteko moduari buruzko aholkuak ere jasotzea.

Inkestak egiteko, talde bakoitzak bigarren mailako ikasle-talde baten ardura hartuko du, eta ikasleok elkarrizketatu eta behatu egin beharko dituzte. Ondoren, taldeek emaitzak bateratuko dituzte. Prozedura hau erabiliko da: inkestatutako ikasle bakoitzeko gurutze bat egingo dugu taulako dagokion gelaxkan, eta txantiloi batean erregistratuko ditugu inkestatutako talde bakoitzaren datu partzialak. Emaitza horien laburpena hurrengo atalean aztertuko da.

Lehenengoz, elkarrizketak

Aurkezpen-dosierrean, hainbat atal daude. Lehenengo biak bigarren mailako ikasleen sentimenduei buruzkoak dira: nola sentitzen diren, ikasgelan eta jolastokian, egoera jakin batzuetan.

Honela antolatuko dugu lana talde bakoitzean egokitu zaigun ikasle-taldearekin:

  • 1. zeregina. Inkesta hau (odt eta pdf) betetzea elkarrizketetan emandako erantzunekin: nola sentitzen zara ikasgelan…? nola sentitzen zara jolastokian…?

  • 2. zeregina. Inkesta hau (odt eta pdf) betetzea elkarrizketetan emandako erantzunekin: zer egin nahi izaten duzu aisialdian?

ELKARRIZKETA ERAGINKORRAK

Elkarrizketa eraginkorra izan dadin, hainbat xehetasun garrantzitsu hartu behar ditugu kontuan. Adibidez:

  • Oso komenigarria da elkarrizketatuekin adostea zein leku, data eta ordu den egokiena, baita elkarrizketak gutxi gorabehera zenbat iraungo duen ere.

  • Garrantzitsua da, era berean, galderak berrikustea, elkarrizketaren helburura ondo egokitzen diren jakiteko. Saihestu beharko dugu galderak "bai" edo "ez" bidez erantzun ahal izatea, horrela ez baitigute informazio handirik emango.

  • Gainera, elkarrizketa egiteko behar den gainerako guztia ere prestatuko dugu. Txantiloian idatziko al ditugu erantzunak? Ala grabatu egingo ditugu, ondoren transkribatzeko? Zer material beharko dugu? Nor arduratuko da material horiek prest edukitzeaz?

  • Elkarrizketa egiten ari garenean, garrantzitsua da entzuteko jarrera izatea, hau da, gure jarrerak eta aurpegiak adierazi behar dute interes handia dugula kontatzen ari diren horretan. Beste pertsona hizketan ari den bitartean ez etetea edo arreta ez galtzea oso garrantzitsua da entzuten diogula senti dezan.

  • Amaieran, gure galderei erantzun izana eskertuko diegu elkarrizketatuei.

  • Elkarrizketak egin ondoren, Elkarrizketa eraginkorraren kontrol-orria  txantiloia erabiliz (odt eta pdf) egiazta dezakegu gure jarduna. 

Bigarrenez, behaketa

Talde bakoitzean egokitu zaigun ikasle-taldea behatuko dugu jolastokian. Gure ikaskideek jolasaldian duten jokabidea behatuko dugu. Astebete beharko dugu behaketa egiteko.

BEHAKETA FIDAGARRIAK

Behaketa ernea egiteko kontrol-orri honek (odt eta pdf) behar bezala prestatzen lagunduko digu. Behaketaren aurretik eta ondoren erabiltzea komeni da.

Ikerketa osatzeko, galdera berberak egin diezazkiegu haien irakasleei. Horrela, ikasle horiekin egunero bizi diren pertsonen iritzia lortuko dugu, eta horrek beste ikuspegi batzuk emango dizkigu, eta gure lana aberastuko du.

Shazam, datuak hemen dira!

Zer moduz joan zaigu? Datu asko jaso al ditugu astean zehar? Zaila egin al zaigu? Bigarren mailako ikasleak elkarlanean aritu al dira gurekin? Erantzunek harritu gaituzte ala gure itxaropenak bete dira?

Datuak antolatzeko eta aztertzeko unea iritsi da.

Txinbili behatu, txanbala galdetu aurreko atalean aipatu dugun bezala, guztizko emaitzak irauliko ditugu. Horretarako, talde bakoitzeko bozeramaileak txantiloi bakarrean idatziko ditu lortutako datuak.

Bi azterketa mota egingo ditugu: batetik, inkestatuek zer pentsatzen duten jasoko dugu, hau da, esaten dutena; eta, bestetik, nola jokatzen duten, hau da, egiten dutena.

Halakorik izanez gero, ikasgelako arbel digital interaktiboa erabili dezakegu prozesu hau egiteko, ikasle guztiek ikus ditzaten bildu ditugun emaitzak.

Ondoren, talde handian, eta pantailan ikusten duguna kontuan izanda, ondorioak aterako ditugu. Horretarako, gida txiki bat dugu taula bakoitzaren azpian.

    Horrela sentitzen dute, horrela gozatzen dute

    Egindako ikerketa-lan guztia esaldi batzuetan laburbiltzeko garaia iritsi da. Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleek nola sentitzen duten, zer gustatzen zaien eta zer egiten duten definituko dugu.

    Lan honen ondorioek kanpainaren hartzaile izango diren pertsonen profila (hau da, ezaugarriak) emango digute. Profil hori erabiliko dugu, hain zuzen ere, hurrengo zereginetan gure kanpaina diseinatzeko.

    Txantiloietan jasotako informazioarekin, ikasleen profilaren mapa hau (odp eta pdf) osatuko dugu. Enpatiaren mapa du izena. Hurrengo irudian ikus dezakegu zein koadrante bete behar dugun. Zenbat eta zehatzagoa izan profila, orduan eta aukera gehiago izango ditugu kanpainaren diseinuan asmatzeko.

    Enpatiaren mapa
    CeDeC. Enpatiaren mapa (CC BY-SA)

    Profil bakarra egingo dugu ikaskide guztien artean, talde bakoitzaren ondorioak jasoz eta erantzunak adostuz.

    Bi minutu pentsatzeko

    Sim Sala Bim, enpatia zuekin! izeneko bigarren atal honetan hainbat elkarrizketa eta behaketa egin ditugu. Bigarren mailako ikasleen profila ere egin dugu.

    Sarrera bat irekiko dugu hausnarketen egunerokoan, izenburua jarriko diogu eta bertan idatziko ditugu gure hausnarketak. Hitz solteak soilik ere idatz ditzakegu, edota marrazkiren bat egin.

    Gogetarako gida botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu behar bezala egiteko.

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)