Saltatu nabigazioa

Edabe magikoa

Benetako egoera, zailtasun edo arazo bati irtenbide berritzaileak diseinatuz erantzuna ematean datzan prozesu bat egiten ari gara. Bideo honetan, Lehen Hezkuntzako ikasleak ikus ditzakegu, antzeman dituzten egoera edo beharrizan desberdinei sormenezko erantzunak ematen saiatzen.

Guk geuk, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikaskideekin enpatia izaten saiatzen hasi dugu prozesua. Orain, lankidetzako ikaskuntza sustatzeko kanpaina diseinatuko dugu, ahalik eta sormen handiena erabiltzen saiatuz. Magiaren laguntza izango dugu horretarako.

Edabea
Cedec. Edabea (CC BY-SA)

Lankidetzaren onurak erakutsi nahi dizkiegu bigarren mailako ikasleei, eta zenbait jokabide indibidualista edo lehiakor aldatzera animatu nahi ditugu. Horretarako, publizitate-kartel bat sortzea proposatzen dugu. Gure lana izango da lankidetzako ikaskuntzari buruzko mezu bat adieraztea, sormenez eta modu limurtzailean, testu eta irudien bidez.

Edabe magikoek osagai bereziak dituzte, kantitate zehatzetan, nahi den magia lortzeko. Konfiantza eta partekatzeko gaitasuna sartuko ditugu gure edabean.

Abrakadabra

Magoek esamolde magiko ugari erabiltzen dituzte beren ikuskizunetan. Esaten dituztenean, gauza ustekabeko eta harrigarriak gertatzen dira. Magoek bezala, gu ere geure hitz magikoak sortzen saiatuko gara, gure kanpainarekin espero dugun aldaketa lortzen lagunduko digutenak.

Gure hitzak transmititzeko, publizitate-kartel zirraragarriak diseinatuko ditugu, gure ideiak helarazi ahal izan ditzagun.

Abrakadabra
Cedec. Abrakadabra (CC BY-SA)

Taldeka elkartuko gara. Hiru fasetan sortuko ditugu kartelak. Lehenik eta behin, esloganak sortuko ditugu, helarazi nahi dugun mezua duten goiburu zirraragarriak. Hona hemen adibide bat. Esteka honetan ikas dezakegu horrelakoak sortzenJarraian, esloganarekin lotu daitekeen irudi bat diseinatuko dugu. Azkenik, sortu ditugun goiburua eta irudia dituen publizitate-kartela sortuko dugu.

1-ESLOGANA IDAZTEN DUGU

Esloganak helburu ezberdinak izan ditzake:

  • Eslogan informatzailea. Lankidetzako ikaskuntza zertan datzan nabarmendu nahi da.

  • Eslogan bereizlea. Lankidetzako ikaskuntzaren eta banakako lanaren arteko ezberdintasuna azpimarratu nahi da.

  • Emaitzetan oinarritutako eslogana. Lankidetzan lan egitearen onurak nabarmendu nahi dira.

  • Balioan oinarritutako eslogana.

 Talde bakoitzak helburu batean oinarrituta prestatuko du eslogana.

2-IRUDIA SORTZEN DUGU

Publizitatean, edozein bitartekotan eta edozein produkturi buruz, mezua eta irudi bat agertzen dira normalean. Biak gogoratzen ditugu ezin hobeto. Pentsa dezagun, bestela, autoen marken, kirol-arropen eta antzekoen publizitatean.

Orain, esloganaren balioak helaraziko dituen irudi egokia asmatu behar dugu.

Esteka honetan, eta beste honetan, lankidetzari buruzko irudiak ditugu, eta gure burua inspiratzeko erabili ahal izango ditugu. Elementuren bat aldatzen badiegu, beste irudi bat lor dezakegu aurreko zereginean hautatu dugun mezua behar bezala irudikatzeko.

Berriz ere, taldeka, zirriborroak egingo ditugu. Hiruzpalau egin ondoren, guztion artean erabakiko dugu zein erabiliko dugun.

3-GURE KARTELA SORTU ETA ZABALTZEN DUGU

Gure kartelak modu koherente eta erakargarrian lotu beharko ditu eslogana eta irudia.

Irudian ikus dezakegu adibide bat. Kartela egiteko proposamen bat dugu, kometa baten irudia, hain zuzen ere. Esloganaren letra bat idatz dezakegu kometaren isatseko begizta bakoitzean. Kometan bertan ere jar ditzakegu letrak.

Kanpainaren logoa
Cedec. Kanpainaren logoa (CC BY-SA)

Bi aukera ditugu gure kartela sortzeko:

  • Kartoi mehean, kartoian edo paperean marraztu. Ondoren, ikasgelan ipiniko ditugu kartel guztiak, ikaskideek berrikus ditzaten eta haien iritzia eman diezaguten. Horrelakoetan, kartel guztien argazkiak egin eta Internetera igoko ditugu. Gure blogean partekatu ditzakegu argazkiak, edo taula bat sortu Pinteresten.

  • Bertsio digital bat sortu. Google Driveren marrazketa-tresna erabil dezakegu, edo gure testu-prozesadorea, edo Gimp bezalako berariazko tresnaren bat. Aurreko kasuan bezala, Internetera igoko ditugu argazkiak. Gure blogean partekatu ditzakegu argazkiak, edo taula bat sortu Pinteresten.

Kartela egin eta, ondoren, ebaluatzeko, errubrika hau (odt eta pdf) erabiliko dugu. Beste esteka honetan ere eskura daiteke. Ebaluatzeko kontuan hartuko ditugun alderdiei eta jarduera-mailei buruzko argibideak oso erabilgarriak izan daitezke kalitate handiko kartel bat egiteko

Kartel on bat egiteko aholkuak

Testua idaztean, hauek hartuko ditugu kontuan:

  • Letraren forma, kolore eta tamaina egokiak aukeratu behar dira.

  • Eslogan edo goiburuak harridura sortu behar du, eta erraz gogoratzeko modukoa izan behar du.

  • Esloganarekin batera joan daitekeen testuak laburra izan behar du, eta informazio garrantzitsua eman.

Irudia egitean, koloreak hartuko ditugu kontuan:

  • Koloreek sentsazioak transmititzen dituzte. Informazio hau lagungarria izan daiteke guretzat. Baita beste hau ere.

  • Ez dugu kontraste handirik ipiniko atzealdean, zailagoa izango bailitzateke irakurtzea.

Erabakiak hartzerakoan, kontuan hartuko dugu bai kartela nori zuzenduta dagoen, bai non jarriko dugun. Web-orri honetan, eta beste honetan, lanak egiteko ideia interesgarriak aurkituko ditugu.

Bi minutu pentsatzeko

Orain arte egin duguna berrikusteko eta ikasi dugunaz jabetzeko unea da. Baita konpondu behar izan ditugun arazoak aztertzekoa ere. Sarrera bat idatziko dugu gure Hausnarketen egunerokoan.

Orain, laugarren sarrera idatziko dugu gure ikasgelako egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Edabe magikoa!

Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Gogoetarako gida botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren laugarren sarrera egiteko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)