Saltatu nabigazioa

Behin batean..., bazen estutxe bat

Ikasturtearen hasieran, erabiliko dugun eskola-material guztia erosi edo prestatzen jarduten gara. Guraizeak, estutxeak, boligrafoak, erregelak, koadernoak... Ikasgelan nahiz etxean lan egiteko erabiliko ditugun tresnak, mordoa. 

Era askotako materialak erabiltzen dira eskolako tresnak egiteko, harrigarria da! Metalezkoak, paperezkoak, kartoizkoak, plastikozkoak... denetarikoak dira. Arkatza edo boligrafoa, adibidez, material batez baino gehiagoz eginda daude. 

Arkatzak, borragomak, erregelak, kalkulagailuak... Zein ote da egunero erabiltzen ditugun elementu horietako bakoitzaren historia? Nola fabrikatzen ote dira? Non? Mineral edo zuhaitz zati bat direnetik hasi, eta dendetan saltzen jarri arte tresnek zer bidaia egiten duten ikusiko dugu.

Sekuentzia didaktiko honetan, gure eskola-materialekin lan egingo dugu, horietako baten historia osoa idazteko eta argitaratzeko. Ikerketa egiteko, talde kooperatiboetan elkartuta arituko gara lanean. Atal honetako argibideei jarraituz antolatuko ditugu taldeak: Elkarrekin apartak izan gaitezke!

Galdetu al diozue inoiz zuen buruari nondik ote datozen estutxeko tresnak? Edo nondik ote datozen tresnak egiteko lehengaiak? Pentsatu duzue birziklatu ote daitezkeen, erabiltzen ez ditugunean? Ikasturtea hasi eta kutxatila, pinturak, arkatzak eta abar erosi baino lehen... Pentsatzen al duzue gustatzen zaizkizuenak egokiak diren, toxikoak diren, edo horiek egiteko planetako eskualderen bat kutsatu ote den?

Proiektu honek egunero lantzen ditugun objektuei buruzko galdera horiei eta beste askori erantzuten lagunduko digu.

Elkarrekin apartak izan gaitezke!

Proiektu honetako zeregin gehienak egiteko talde-lanean arituko gara eta taldean ikasiko dugu. Talde bateko partaide izango gara sekuentzia osoan. Izen bat jarriko diogu gure taldeari, eta logo edo marrazkiren bat ere egin dezakegu taldea irudikatzeko. Talde kooperatiboetarako oinarrizko gida (odt-n, eta pdf-an) hau ere erabil dezakegu, eta eskueran eduki beti.

Talde bat izatea (kirol-taldeak bezalakoa) ez da “beste hiru-lau lagunekin elkartu eta lana banatzea” soilik. Baldintza batzuk bete behar dira:

  • Taldeek helburu bat dute: denek elkarrekin gehiago eta hobeto ikastea.

  • Taldeko kide guztiek izaten dituzte gaitasun bereziak. Guztiok gara beharrezko.

  • Erabakiak ados jarrita hartuko ditugu.

  • Taldeko kide bakoitzak rol bat izango du. Esate baterako: bat, bozeramailea izan daiteke; beste bat, materialaren arduraduna; hirugarren bat, informazioa bilatzeaz arduratuko dena... Rol horiek txandakatu egingo dira kide guztien artean. Bi edo hiru zereginetan rol bera izango dugu, baina beste batzuetan beste rol batzuk izango ditugu. Horrela, denok ezagutuko ditugu horietako bakoitza zertan datzan eta trebetasun desberdinak garatuko ditugu.

  • Rol bakoitzak ardura bat izango du; gure lana izango da ardura hori betetzea, horren baitan egongo baita talde osoaren arrakasta. Idatzita utz dezakegu, talde-agiri batean, zer konpromiso hartu dugun; elkarlanean aritzeko bete beharko ditugun eginkizunak gogorarazteko balioko digu.

  • Egingo ditugun zereginen artean, bat, talde-lana ebaluatzea izango da, eta beste bat, kide bakoitzaren lana ebaluatzea. Rolen eta funtzioen taula (formatu editagarria, odt nahiz pdf-n) erabil dezakegu horretarako. Taldearen erantzukizuna ebaluatzea txantiloia (formatu editagarria, odt nahiz pdf) ere erabil daiteke.
     

Lan-ibilbidea



Cedec-en Proyecto EDIAaren Hezkuntza Baliabide Irekia.

Lehen Hezkuntzarako diziplina arteko baliabidea.
Egileak: Susana López, Begoña Marqués eta Berta Martínez.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentua itzulpenaz arduratu da.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)