Saltatu nabigazioa

Azken geldialdia

Gure critical friendsek egindako ekarpenekin, prest gaude gure ibilbidearen muntaketa egiteko. Beste aplikazio batzuk erabil ditzakegun arren, Eduloc oso egokia da ibilbidea prestatzeko. Proiektuaren web-orrian daukagu ibilbideak egin eta partekatzeko gune bat. Horrez gain, aukera ematen digu galderen eta pisten jokoak diseinatzeko. 

Imagen de App Eduloc
Cedec. Eduloc (CC BY-SA)

Ezin badugu aukera hori erabili, Google Aurkezpenak erabil dezakegu euskarri gisa. Multimedia-elementuak ere sartu ahal izango ditugu, aurreko aukeran bezala, baina diseinua ez da hain egokia izango ibilbidea gailu mugikorretatik jarraitzeko.

Lana amaitzea, gure 2.0 ibilbidea

Ibilbidea benetan interaktiboa izan dadin, komeni da Eduloc web-orrian sortzea. Bertan sartzen bagara, ikusiko dugu, behin eszenatokia sortuta, prest egongo dela tableta eta telefono mugikorretatik erabiltzeko, eta testu eta multimedia bidezko informazio guztia (bideoak, soinua, irudiak, web-estekak…) eskuragarri egongo dela. 

Horrela, telefono mugikorrean edo tabletan aplikazioa instalatzen duen edozein erabiltzailek gure eszenatokiaren laguntza jaso dezake ibilbidea egiten duen bitartean. Horixe egiten dugu, hain zuzen ere, bisitatzen ditugun hirietako aplikazioak erabiltzen ditugunean! Oso profesionala izango da gure lana!

Eszenatokia sortzen

Lehenengo eta behin, kontu bat irekiko dugu Eduloc-en. Talde bakoitzak bat ireki dezake. Ibilbidea bakarra izango da, eta elkarlanean egingo ditugu eszenatokia eta interes bereziko lekuak. Horretarako, arduradun bakar batek sortuko du eszenatoki pertsonalizatu bat, eta gainerako taldeak gonbidatuko ditu beren interes bereziko lekuak gehi ditzaten.

Eduloc-en aurrebista

Eszenatoki pertsonalizatuaren fitxa horretan bertan beteko ditugu eskatzen dizkiguten datu guztiak. Eduloc eszenatokien gaineko kontrol-zerrenda txantiloia erabil dezakegu (odt eta pdf), eszenatokia sortzeko urrats guztiak betetzen ari garela ziurtatzeko. Amaitu ondoren, behar bezala eginda dagoela egiaztatuko dugu. 

Ohar gehiago ikusiko ditugu Erakutsi feedbacka botoian sakatuta.  

Gure ibilbidea ezagutzera emango dugu!

Gure ibilbidea badago prest Eduloc-en web-orrian! Aurkezpena ere prest dugu, eta blogean partekatu dugu. Iritsi da unea: mezu elektroniko bat bidaliko diegu ikasle-trukean jasoko dugun ikastetxeko lagunei. 

Wifi
Cedec. Wifii (CC BY-SA)

Era berean, erakundeei ere eman nahi diegu gure ibilbidearen berri. Ziur ideia ona iruditzen zaiela haien web-orrietan esteka ipintzea!

Beraz, lehenengo eta behin, mezu elektroniko bat idatziko dugu, eta Europako ikastetxeko ikasleei bidaliko diegu. Horretarako, Googleren gure Gmail kontuan sartuko gara. Irudian, mezu elektroniko bat idazteko kontuan hartu behar ditugun elementuak daude adierazita. Talde bakoitzak bat pentsatu eta idatziko du. Ondoren, guztiak irakurriko ditugu, eta talde guztien ideiak bilduko dituen mezu bat idatziko dugu taldekide/ikaskide guztion artean.

Mezu elektroniko baten errubrika erabiliko dugu gida gisa (odt eta pdf). 

Mezu elektronikoa
Cedec (CC BY-SA)

Aurkezpena mezu elektronikoan eransteko, publiko egin behar dugu. Horretarako, ireki egingo dugu, eta Partekatu botoian sakatu. Agertzen diren aukeretatik, “Publikoa sarean” aukeratuko dugu. Eskaintzen digun esteka itsatsiko dugu mezuaren gorputzean.

Prentsa-oharra

Orain, beste mezu elektroniko bat prestatuko dugu, eta udalari, aldundiari edo irakaslearen laguntzarekin erabakitzen ditugun erakundeei bidaliko diegu. Elementuei dagokienez, aurrekoaren antzekoak izango dira; hala ere, edukiari dagokionez, hizkera formalagoa erabili beharko da mezu honetan. Azalduko dugu zergatik prestatu dugun ibilbidea, zer prozesu jarraitu dugun eta zer produktu lortu dugun. Era berean, arrazoitu egingo dugu zergatik uste dugun gure ibilbidea baliagarria izan daitekeela erakunde horrentzat. Horrez gain, aurkezpena eta Eduloc plataforman sortutako eszenatokiaren esteka ere erantsiko ditugu.

Blogean zabalduko dugu

Orain, landu dugun erronka interesgarri hau blogaren bidez ezagutaraztea besterik ez zaigu geratzen. Aurreko mezu elektronikoetan idatzi ditugun testuen laguntzarekin, egindako ibilbidea kontatuko dugu, modu narratiboan, eta gailu mugikorretatik erabiltzera animatuko dugu. Blogeko sarreretarako errubrika erabil dezakegu (odt eta pdf ) posta idatzi baino lehen eta idatzi ostean.

Erakutsi feedbacka botoia sakatuta, testuak idatzi eta berrikusteko laguntza-tresna bat aurkituko dugu. 

Bi minutu pentsatzeko: Azken hausnarketa

Bidaiaren amaierara iritsi gara. Amaitu da GPSa sekuentzia. Gure hausnarketen egunerokoa irekiko dugu.  Ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Bi minutu pentsatzeko
Geralt. reloj-tiempo-engranaje-engranajes-64264 (CC BY-SA)

Bi-hiru minutu hartuko ditugu gure ikas-prozesuari buruz pentsatzeko, banaka. Hau da, azken hausnarketa egiteko. Horixe izan daiteke, hain zuzen, egunerokoaren gure bosgarren eta azken sarreraren izenburua.

Gogoetarako gida botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu sarrera hori egiteko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)