Saltatu nabigazioa

Paseo bat giro betean

Orain arte, Google Mapsen planoak editatzen ikasi dugu, interes bereziko lekuak kokatuz eta leku bakoitzari informazioa erantsiz.

Planoa prestatuz eta interes bereziko datuak bilatuz egiaztatu dugu gida bat egiteko hainbat zeregin egin behar direla, eta zeregin horiek profesionalekin lotzen direla. Guk geuk ere espezializatu egin behar dugu, eta argazkigintzari, kartografiari, dokumentazioari eta abarri buruz ere ikasi beharko dugu. 

Varias manos trabajando manualidades juntas
Cedec. Bidea markatzen (CC BY-SA)

Sinestezina dirudi gida bat egiteko hainbeste profesional eta hainbeste ezagutza behar izatea! Ibilbide interaktibo profesional bat egiteko, zer lan egiten dituzten jakin behar dugu, eta trikimailu batzuk ikasi. Zenbat jende, hau giroa!

Hausnartu dezagun: Gure ustez, zer lanbidetako langileek hartzen dute parte ibilbide interaktibo bat diseinatzeko? Galdera horri erantzuteko, zerrenda bat sortuko dugu talde bakoitzean. Lanbidearen izena adierazi beharko dugu, eta azaldu zertan datzan, bi edo hiru lerrotan. Zirriborro bat egingo dugu gure koadernoetan, eta, amaitu ondoren, Driveko dokumentu batera pasatuko dugu, blogeko sarrera baten bidez partekatuko baitugu.

Definitzeko lanbideak

Informazio-saioa

Atal honetan, gida on bat egiteko beharrezkoak diren profesionalen zeregina zertan datzan aztertuko dugu. Aukera badugu, eta irakaslearen laguntzarekin, gure inguruan ikertuko dugu jakiteko ea ezagutzen dugun argazkiak egiten dituen pertsonaren bat (naturako argazkiak, monumentuenak…), edo liburuxketako planoak egiten dituen norbait, edo liburuxkak diseinatzen eta maketatzen dituen pertsonaren bat. Gure ikastetxea Ikas Komunitateen Sarean badago, oso ohituta egongo gara horrelako lankidetzak egitera.

Imagen decorativa
Cedec. Prestakuntza-saioa  (CC BY-SA)

Ikasgelara gonbidatu ditzakegu, edo elkarrizketa labur bat egin. Posta elektronikoz ere jar gaitezke harremanetan haiekin, guregana etortzeko aukera erabili ezin badugu. Horrela, haien lanbideen ezaugarriak ezagutuko ditugu eta profesionalen lanaren antzekoa izango da gure lana.

Elkarrizketak prestatzen

Agian harremanetan jarri gara profesionalekin, edo agian ezin izan dugu lortu. Edozein kasutan, Definitzeko lanbideak aurkezpenean proposatutako jarduera hau egin dezakegu (odt eta pdf).

Lehenik eta behin, taldeka, zeregin bakoitza dagokion lanbidearekin lotzen saiatuko gara. Hirugarren diapositibako lehenengo zutabean, gidak egitearekin zerikusia duten zortzi lanbide aipatzen dira. Horietako bakoitza jarduera batekin lotuko dugu eta, horretarako, dagokion lanbidera arrastatuko dugu gezia.

Cedec. Orientabideak (CC BY-SA)

Lanbideen eta zereginen arteko loturak aurkitu ondoren, taldean aipatuko dugu zein ezagutzen dugun, eta ezagutzen ez ditugunei buruzko informazioa bilatuko dugu. Dokumentu batean gordeko ditugu aurkitutako datuak.

Dauzkagun datuak kontuan hartuta, bi edo hiru galdera prestatuko ditugu aztertu dugun lanbideren bati buruz. Zazpigarren diapositiban agertzen direnetatik hartu ditzakegu ideiak.

Elkarrizketak egiten

Profesionalen bat lortu badugu elkarrizketa egin ahal izateko, taldekideen/ikaskideen artean adostuko dugu non egingo dugun elkarrizketa. Ikasgelan edo liburutegian egin dezakegu. Garrantzitsua da lekua lasaia izatea. Erantzunak nola erregistratuko ditugun ere erabakiko dugu. Audio batean graba ditzakegu, edo bideo txiki bat egin. Elkarrizketa bat ebaluatzeko errubrika (odt eta pdf ) erabiliko dugu elkarrizketa prestatzeko eta egingo dugun elkarrizketa ebaluatzeko.

Ondoren, Informazioa biltzeko txantiloian (odt eta pdf ), elkarrizketetan emandako erantzunak idatziko ditugu. 

Ezin izan badugu profesionalik lortu, guk geuk egingo ditugu elkarrizketak. Horretarako, bikoteka, dokumentu batean prestatuko ditugu galderak eta erantzunak. Bikoteko kide bat elkarrizketatua izango da, eta bestea elkarrizketatzailea. Rol jokoa teknika erabiliz, elkarrizketa eszenifikatuko dugu; ariketa honen lehenengo paragrafoan azaltzen den bezala egingo dugu, hau da, elkarrizketa grabatuko dugu.

Amaitzeko, sarrera bat egingo dugu ikasgelako edo ikastetxeko blogean, eta elkarrizketetako galdera eta erantzunak azaltzen dituzten audioa, bideoa edo txantiloia jasoko dugu bertan.

Gure lanbideen zerrenda berrikusten

Informazio berri horri guztiari esker, lehenengo jardueran egin genuen lanbideen zerrenda berrikusi ahal izango dugu. Ireki dezagun berriro zerrenda hori duen gure Driveko dokumentua: Zeintzuk mantenduko genituzke? Zeintzuk kendu beharko lirateke? Zeintzuk gehituko genituzke? Zer informazio falta da?

Hori guztia kontuan hartuta, lanbideen bigarren zerrenda bat sortuko dugu azpian. Nahi izanez gero, sarrera bat argitaratu dezakegu blogean, gure Drivean zer aldaketa egin dugun eta zergatik azaltzeko.

Launaka

Asko ikasi dugu gida eta ibilbide turistikoak egiten parte hartzen duten profesionalen lanetik! Ezagutza horiekin, prest gaude gure hiri edo herriaren ibilbidea diseinatzen hasteko!  

Collage decorativo
Cedec. Launaka (CC BY-SA)

Formatu digitalean prestatuko dugu ibilbidea, eta elementu hauek izango ditu: planoa, audio- eta bideo-grabazioren bat eta interes bereziko guneak azaltzen dituen testu bat; era berean, QR kodeak ere sartuko dira, informazio hau txertatuta: grabatu dugun informazio osagarria, bisitatutako lekuen web-orrietarako estekak…

Espezialisten bilera

Zeregina egiteko, lau espezialitate hauek banatuko ditugu taldeko kideen artean: informazio-bilketa, topografia, dokumentazioa eta maketazioa.

Behin "lanbide" bakoitza banatu dugunean, talde guztietako informazio-bilatzaile, topografo, dokumentalista eta maketatzaile guztiak espezialista-taldeetan bilduko dira.

Aditu-talde bakoitzean, egin beharreko zereginak adostuko ditugu, eta akta batean jasoko ditugu hartutako erabakiak. Horretarako, Erabakien akta izeneko txantiloia daukagu (odt eta pdf ). 

Hona hemen egin daitezkeen zereginetako batzuk:

  • Informazio eta iturri fidagarriak bilatu. 
  • Interes bereziko lekuak geolokalizatu.
  • Dokumentatu: argazkiak, audioak, bideoak…
  • Ibilbidea maketatu: estiloa eta informazioaren aurkezpena…
  • Dokumentatu: argazkiak, audioak, bideoak…
  • QR kodeak egin.

Lan-taldea

Ondoren, espezialista bakoitza ohiko lan-taldeetara itzuliko da, zeregin bakoitza zertan datzan azaltzeko. Talde bakoitzak, espezialista-taldeetan hartutako erabakiak kontuan hartuta, Espezialisten akordioak izeneko txantiloia osatuko du (odt eta pdf). Horiek guztiak kontuan hartuko ditugu sekuentziaren hurrengo zereginak gauzatzean.

Lan-taldeetan behar bezala funtzionatu ahal izateko, komeni da honako rol hauek banatzea:

  • Bozeramailea: bateratze-lana egitean, bere taldearen erabakiak eta ekarpenak azalduko dizkie taldekide eta ikaskideei.
  • Idazkaria: erabakiak jasoko ditu eta landutako dokumentuak taldeko karpetan jasoko ditu.
  • Material-arduraduna: prest izango ditu zereginerako beharrezkoak diren baliabide guztiak.
  • Koordinatzailea: egin beharreko lana gogoraraziko du, eta jarraitu beharreko urratsen berri izango du.

Taldeko kideen rolak eta eginkizunak erregistratzeko taularen txantiloian, rol bakoitzak dituen egitekoen proposamena daukagu. Txantiloi horren bidez, aukera izango dugu arduradun bakoitzaren izena idazteko, eta, gainera, zeregin bakoitzaren egite-maila ere ebaluatu ahal izango dugu.

Bidea markatzen barruan Talde bakoitzak bere zeregina ataleko atzeraelikaduran sartzen bagara, audioak eta QR kodeak egiteko eta gordetzeko jarraibideak aurkituko ditugu.

Lan honen laburpen gisa, sarrera bat idatziko dugu blogean, eta bertan azalduko dugu zein rol eta funtzio erabaki ditugun gure taldea antolatzeko. Guk geuk egindako argazkiak erabil ditzakegu sarreran!

Bi minutu pentsatzeko

Orain arte egindako lanari buruz hausnartzeko unea iritsi da. Sarrera bat idatziko dugu gure hausnarketen egunerokoan. Atal honen izenburu bera izango du: Paseo bat giro betean.

Bi minutu pentsatzeko
Geralt. reloj-tiempo-engranaje-engranajes-64264 (CC BY-SA)

Hirugarren sarrera ikasgelako koadernoan idatz dezakegu, edo Google Driveko dokumentu batean, edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

Gogoetarako gida botoia sakatuta, orientabide batzuk ikusiko ditugu egunerokoaren sarrera egiteko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)