Saltar la navegación

Hidrosferaren jatorria

Hidrosfera biosferaren zati bat da, hain zuzen ere gure planetan dagoen ura biltzen duen zatia. Hor sartzen dira ura, bere egoera guztietan, eta azaleko urak zein lurpekoak. Hidrosferaren parte dira, halaber, kasko polarretan eta mendikateetan pilatzen den izotza, eta atmosferan, ibaietan, lakuetan eta itsasoetan zirkulatzen duen ur guztia. Baina nola sortu zen hidrosfera?

MartinStr. Hidrosfera (Pixabay Lizentzia)

Ataza honetan, ikertuko dugu zein den hidrosferaren jatorria, eta beste planeta batzuetan urik ba ote dagoen.

Hidroferaren jatorria

Iraupena:
2 saio
Taldea:
Banaka eta taldean

Jarduera honetan irakurketa zientifikoa egingo dugu, baina aurretik hidrosferaren munduan sartuko gara bideo interaktibo baten bidez.

Banaka, ikus dezagun bideo interaktiboa!

Bideo interaktiboa: Nola iritsi zen ura Lurrera?

com/watch?v=RN0GwCabgrg

Irakurketa "Hidrosfera jatorria"

Irakurketa zientifikoa hainbat arauri jarraituz egiten dugu

Irakurketa-arauak

  •  Testua banaka irakurtzen dugu, eta ulertzen ez duguna edo atentzioa ematen diguna azpimarratzen dugu

  • Lauko taldean argituko ditugu sortutako zalantzak

  • Lauko taldean argitu ez ditugun zalantzak talde handian argituko ditugu.

  • Talde handian, testuan atentzio gehien eman diguna partekatzen dugu

Testua irakurtzen dugu

 Irakurketa-zientifikoa "Hidrosferaren jatorria"

 

Lurreko materialen eraketan, ura likidoan eta gasean zegoen. Gure planetan zegoen ura, guztiaren hasieran, lurruna besterik ez zen. Hori gure planetako tenperatura altuengatik izan zen. Hasieran Lurra zen suzko bola gori-gori horrek ura lurrunetan bakarrik egotea eragiten zuen.

Geroago, gure planeta hozten hasi zenean, egoera likidora bihurtu zen, mundu osoko itsaso eta ozeanoak sortuz. Izoztu ere egin zen, glaziarrak eta kasko polarrak osatuz. Ur horren zati bat atmosferan geratu zen ur-lurrun gisa, eta hodeiak sortu ziren.

Horrela sortu ziren lehen ur-biltegiak. Hala ere, badakigu ura ez dela konstante egon lurraren historia osoan. Batetik, etengabe zirkulatzen eta eraldatzen ari denez, uraren zikloan dagoela esan dezakegu. Urteetan zehar kliman izan diren aldaketen ondorioz, izotzaren, ur likidoaren eta lurrunaren proportzioak ere aldatuz joan dira. Horren ondorioz, lurraren ezaugarriak ere aldatu egin dira urteen poderioz.

 

Ondorioak ateratzen ditugu

 Eztabaidatzen dugu:

 

Jarduera amaitutakoan, eztabaida txiki bat egiten dugu ikasgelan gai horiekin. Lehenengo banaka galderak pentsatuko ditugu

  • Zer zailtasun izan genituen irakurketa egiterakoan?
  • Beste planeta batzuek ura izan dezaketela uste duzu?
  • Uste duzu garrantzitsua dela hidrosfera zaintzea?

Lurretik kanpo ura bilatzen

Jarduera honetan NASAren artikulu bat irakurriko dugu, Mundu ozeanikoak eta Lurretik haratagoko biziaren bila , Noelia Gonzálezek idatzia (Hegaldi Espazialeko Zentroa Goddard, Greenbelt, Maryland). Ondoren, galdera batzuei erantzungo diegu, eta gastu espazialari buruz eztabaidatuko dugu. Lauko taldetan egingo dugu jarduera.

Mundu ozeanikoak eta bizitza-bilaketa Lurretik haratago

0fjd125gk87. Planetaks(Pixabay Lizentzia)

Jatorria

Uraren jatorria izarretan dago. Hidrogenoa Big Bang-en sortu zen; oxigenoa, berriz, izar masiboen nukleoan sortzen da. Substantzia kimiko horiek konbinatu egiten dira, eta oxigeno-atomo bat eta bi hidrogeno-atomo elkartzen direnean ur-molekulak sortzen dira. Ura, gas-egoeran, kopuru handian aurkitzen dugu gure galaxiako izar-haztegietan, izarrak sortzen diren lekuan.

Hori dela eta, ez da harritzekoa ura ohiko izatea gure eguzki-sisteman eta Esne Bidean. Batez ere izotz eta gas moduan aurkitzen dugu, asteroide, kometa, ilargi eta planetetan xurgatuta. Zenbait hipotesiren arabera, Lurreko ura duela milioika urte gure planetaren aurka talka egin zuten asteroide edo kometetatik dator. Asteroideak eta kometak gure eguzki-sistema eratu zeneko aztarnak dira (duela 4.500 milioi urte), eta haien osagai nagusia egoera solidoan dagoen ura da.

Gure jatorrizko planetaren % 70, gutxi gorabehera, urak estaltzen du. Ur gaziko ozeanoek Lurraren uraren % 95 osatzen dute. Espaziotik begiratuz gero, lurreko itsasoek kolorea aldatzen dute organismo mikroskopikoekin konbinatzean (fitoplankton izeneko landareen antzekoak dira organismo horiek), eta itsas ekosistema konplexuak agertzen dira. Gure ozeanoek (biodibertsitate handikoak) uraren zikloa bultzatzen dute, zeinak gure lurra eta atmosfera bideratzen baititu; ozeanoak, halaber, ezinbestekoak dira karbonoaren zikloan.

Ekosistemen dibertsitate horrek ozeanoen eta uraren garrantzia ulertzen laguntzen digute, ura funtsezko osagaia baita ezagutzen dugun bizitzarako. Hori dela eta, Lurretik haratago bizigarritasuna eta bizia bilatzeak lotura du mundu ozeanikoak bilatzearekin.

Ozeanoak gure auzoteria kosmikoan

Egoera likidoan dagoen ura ez ezik, bizigarritasunerako funtsezkoak dira energia-iturri bat (eguzki-energia, termikoa edo kimikoa izan daiteke) eta zenbait osagai kimiko, hala nola karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa, nitrogenoa, fosforoa eta sufrea.

Elementu horiei esker, irudika dezakegu zer bizigarritasun-baldintza dituen mundu batek, hau da, zer ahalmen duen mundu batek bizitza sortu eta mantentzeko. Hala ere, berez ez dute ziurtatzen izaki bizidunen existentzia. Orain arte, ez da bizirik aurkitu Lurretik haratago, baina bilaketak aurrera jarraitzen du. “Unibertsoan bakarrik al gaude?” galdera zaharrak miaketa espazialaren motor izaten jarraitzen du.

Gure auzoteria kosmikoak, eguzki-sistemak, zenbait mundu ozeaniko biltzen ditu gureaz gain. Ura planetetan, ilargietan, planeta nanoetan eta kometetan aurkitzen da, egoera guztietan. Jupiterren ilargiak (Europa, Ganimedes eta Kalisto) eta Saturnoren ilargia (Entzelado) dira horren adibideetako batzuk.

Hala ere, zailagoa da planeta baten gainazalean ur likidoa kantitate handietan aurkitzea. Duela gutxi arte, zientzia-komunitateak bizigarritasun-eremuen barruan egin du ahalegin handiena, hau da, beren izar nagusitik distantziarik onenean dauden eremuetan (urak egoera likidoan iraun dezakeen eremuak). Baina paradigma-aldaketa berri batek bilaketa zabaltzea ekarri du. Izotz-geruza erraldoiek estalitako mundu izoztuek ozeanoak izan ditzakete barruan.

Adibidez, gure planetak ez bezala, Jupiterren Europa ilargiak ez du ez atmosfera trinkorik, ez eremu magnetikorik. Eremu horri esker, gure planeta erradiazio gogorretik babestuta dago, eta tenperatura egokiari eusten dio gainazalean bizigarritasuna egon dadin. Hala ere, izoztutako ur-geruza lodi batek estaltzen du Europa ilargia, eta horrek Jupiterretik datorren erradiazio gogorraren kontrako babes-ezkutu bat bezala funtziona dezake (hala dio Lucas Paganini zientzialari planetarioak; NASAren egoitza, Washington). Zientzialarien ustez Europak lurrazpiko ozeano bat du, Lurrarena baino bi aldiz handiagoa.

Gaur egun, Paganinik misioak kudeatzen ditu, mundu ozeaniko horiek hainbat tresnaren bidez esploratzen dituztenak; tresna horiei esker, bereizmen handiko irudiak eta mundu horien konposizioaren azterketak lor daitezke. 2016an, ikerketa zientifiko bat zuzendu zuen, eta 2019an egiaztatu zuen ur-lurrunezko zutabeak zeudela, ziurrenik geiserretatik zetozenak, eta gainazaleko pitzaduren bidez eratzen ari zirela. Paganiniren ustez, gertaera horiek oso erregularrak ez izan arren, geiserrak egoteak adierazten du gainazalaren azpian “leiho natural bat dagoela, eta esplorazio-aukera handiak ematen dituen mundu ozeaniko bat".

Zientzialari argentinar amerikarrak zuzendutako ikerketei esker, Europan lehenengo aldiz detektatu ziren ur-molekulak zuzenean (igerileku bat minutu gutxiren buruan betetzeko adinako kantitatea), eta horrek areagotu egin du dagoeneko susmatzen zen zerbaiten ebidentzia: Europan barne-prozesu geologikoak daude, ur-lurrunezko zutabe erraldoi horiek sortzen dituztenak. Paganinik nabarmendu du NASAren hainbat misio espazialek ikerketa-eremu hori gauzatzeko bidea ireki zutela, duela berrogei bat urte Voyager zundak hartutako Europako lehen irudi zehatzetatik hasita. Geroago, Galileo, Hubble eta antzeko misioek eta Lurreko teleskopio bidezko behaketek bizitzeko moduko mundu horren azterketan sakondu dute. Aurki, Juno misioak –gaur egun Jupiterren sistema orbitatzen du– Europako xehetasun oso garrantzitsuak lortzeko aukera emango du, eta horiei esker, ilargi hori esploratuko duten misioak prestatu ahal izango dira.

Hurrengo urratsa

Inactive account – ID 12019. Ikerketa (Pixabay Lizentzia)

Europa Clipper misioak (2024rako aurreikusita dago) Europari buruzko xehetasun paregabeak emango ditu, adibidez honako hauei buruzkoak: atmosfera ahula, azalera, barnealdea eta bizigarritasun-ahalmena. “Clipperrek aukera emango digu Europako sekretuak ulertzeko eta xehetasunez esploratzeko, eta gainazalaren azpian gertatzen denari buruz dugun ezagutza hobetzeko. Eta geiser horietako bat arakatuz gero lortuko genukeen informazioak irauli egingo luke mundu ozeaniko bati buruz –etorkizun handienetakoa, gure eguzki-sisteman– dugun ezagumena”, dio Paganinik.

Europa Clipperrek aukera emango die zientzialariei ilargi horretara behar adina hurbildu, eta haren barne- eta kanpo-funtzionamenduari buruz ikasten jarraitzeko. Misioak gutxi gorabehera 45 gain-hegaldi egingo ditu 25 eta 2.700 kilometro arteko altueretan, aztertzeko gainazala eta barrualdea, atmosfera ahularen konposizioa eta lurpeko ozeanoa, baita geiser aktiboak ere (baldin eta gain-hegaldi horietan gertatzen badira). Bereizmen handiko kamerak eta bederatzi tresna zientifiko eramango ditu Europa Clipperrek, eta hurrengo urratsa emateko bidea erraztuko du: gainazalean leku bat bilatuko du, etorkizunean misio robotiko bat lurreratu, eta laginak hartu ahal izan ditzan. “Gaur egun, Jupiter eta haren ilargi batzuk aztertzen ari da Juno. Laster lortuko dugu aurrekaririk gabeko informazioa, besteak beste Europa Clipper eta Europako Espazio Agentziaren JUICE misioen bidez, zeinek mundu ozeaniko horiek aztertuko baitituzte hurrengo hamarkadaren hasieran”, adierazi du Paganinik.

“Pozgarria da zerutik haratago dagoena hobeto ulertzen laguntzea”, dio Juan Pablo Leon sistemen ingeniariak. Clipper Europako integrazio- eta proba-taldean egiten du lan, NASAren Zurrusta Propultsio Zentroan (JPL, ingelesezko sigletan), Kalifornia hegoaldean. “Antzinako astronomoek zeruari begiratzen zioten eta han zer zegoen galdetzen zioten beren buruari”, jarraitzen du Leonek. “Kasu honetan ez diogu geure buruari galdetzen zer dagoen hor, baizik eta zer dagoen haratago”.

Ekuadorreko ingeniariarentzat, horrelako misioak historiaren parte izango dira, eta inspirazio-iturri izango dira etorkizuneko belaunaldientzat. “Aita naizen aldetik, zer egiten ari naizen entzutean, semearen zorion-begiak ikustea da”, dio. “Gu guztiok bezala, berak ere jakingura du: Ba al da bizitzarik beste gorputz astronomiko batzuetan? Egia al da espezie bakarra garela, edo benetan bizia izan dezakeen planeta bakarra? Edo bada zerbait gehiago?”

Ba al dago urik Lurretik kanpo? 

Beste planeta batzuetan urik dagoen ikertzen dugu. Horretarako, aurreko irakurketako informazioa eta artikulu honetako informazioa erabiltzen ditugu. Ba al dago urik beste planeta batzuetan?

Bildutako informazioarekin honako taula hau beteko dugu:

Planeta edo satelitea Badago urik? Uraren egoera Ur-kantitatea

Eztabaida: Gastu espaziala "xahubide" onartezina al da?

Azkenik, ikerketaren gastuari buruz eztabaidatuko dugu, kasu honetan ikerketa espazialaren gastuari buruz.

STS115_Atlantis_undock_ISS.jpg : NASA. Wikimedia (Jabari publikoa)

Lehenik eta behin, honako galdera hauei buruz hausnartuko dugu:

  • Zuen ustez, beharrezkoa al da dirua ikerketa espazialera bideratzea? Zergatik?
  • Uste duzue diru hori beste zerbaitetarako erabili beharko litzatekeela?
  • Uste duzue bizia egon daitekeela beste planeta batzuetan?
  • Zuen ustez, ikerketan inbertitutako dirua etorkizunean onuragarria izango da gizateriarentzat?

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?
     

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)