Saltar la navegación

Hitzaurrea eta ikaskuntza-ibilbidea

Ibilbidea

Mª Jesús Serna. Hidrosfera ikertzen (Jabari publikoa)

Erabiltzeko jarraibideak

Material didaktiko honetan zenbait ikerketa-jarduera aurkezten dira, STEM konpetentzia garatzeko: horretarako, DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia arloko oinarrizko jakintzak landuko dira, trebetasun zientifikoekin eta izaki bizidunen ezaugarriekin nahiz sailkapenarekin lotuta.

Ez da ohiko unitate didaktiko bat, baizik eta proposamen didaktikoen multzo bat, askotariko ikas-egoera gisa eta erronka txikien gisa aurkeztuak zenbait saiotan lantzeko. Erronka horien erreferentzia da ikerketan oinarritutako ikaskuntza (inquiry based learning), eta estimulu eta erronka bat dira ikaslearentzat, bere ingurunearekin lotutako egoera esanguratsu bat ebazteko inplikatu beharko baita. Hori guztia jarduera gidatuen bidez egingo da, eta, azkenean, ikerketaren ondorioekin ariketa bat egingo da.

Josch13. Hidrosfera (Licencia de Pixabay)

Erronka horien helburua curriculum-edukiak testuinguruan jartzea da; irakasleentzat baliagarriak izan daitezke, bai beren eskoletarako ideiak jasotzeko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du; izan ere, bereizita aplika daitezke, gaiaren une ezberdinetan, edo oinarrizko jakintza guztiak jasoko dituen ibilbide batean lotu daitezke. Are gehiago: irakasleak konplexutasun desberdineko erronketan lan egiten jar ditzake ikasleak aldi berean eta ikasgelako talde berean.

Oro har, elementu hauek agertzen dira guztietan:

Ikas-egoera planteatzea

Proposamen bakoitzaren hasieran, sarrera baten bidez iker daitekeen egoera bat planteatzen da. Sarrera horrek erakargarria eta gertukoa izan behar du ikasleentzat, eta gaiaren interesa islatzeko moduan zehaztu behar da.

Erronka garatzea

Abiapuntu horretatik aurrera, hasiera ematen zaio ikerketari, eta ikasleek STEM konpetentzia garatzeko zenbait jarduera eta ataza egingo dituzte. Hipotesiak planteatzen dituzte, esperimentuak egiten dituzte, informazioa eta emaitzak bildu eta antolatzen dituzte, ondorioak ateratzen dituzte eta zenbait ariketen bidez jakinarazten dituzte. Ikerketak eskatzen dituen trebetasunek berekin dakarte gainerako oinarrizko konpetentziak garatzea, eta ikaslea ikaskuntzaren erdigunean kokatzen dute.

Ekoizpenak eta bateratze-lana

Ikerketaren amaieran, ikasleek ariketa bat egin, jakinarazi eta hedatzen dute. Komenigarria da taldeek erronka bakoitzean egindako ariketak formatu desberdinetakoak izatea (posterra, idatzizko lana, multimedia...) eta ikasgelan jakinarazi eta eztabaidatzea, ondoren bateratzeko eta hedatzeko. 

Ebaluazioa

Jarraitua eta hezigarria izango da prozesuan zehar, eta beti izango du tresna egokien laguntza. Halaber, balorazio-eskalak ikasleei jakinaraziko zaizkie, ikaskuntzan zehar lortu behar dituzten helburuen berri izan dezaten. Tresna horiek malguak dira, eta irakasleak edo ikasleek erabil ditzakete ebaluazio hezigarriaren prozesuan eta feedback/feedforward delakoan (autoebaluazioa, koebaluazioa).

Ikasleek ikerketa-koaderno bat eta ikaskuntza-eguneroko bat eduki beharko dituzte, eta gomendatzen dugu horiek formatu digitalean egotea.

Koadernoa erabiliko da ikerketa erregistratzeko eta prozesua dokumentatzeko. Koaderno hori eguneroko bat izango da, eta egindako esperimentu guzti-guztiak jasoko dira bertan, izandako gorabeherak azalduz. 

Ikaskuntza-egunerokoan, berriz, ikasleek klasean sortutako proposamenetan ikasitakoari buruzko hausnarketa egingo dute, eta, horrela, abian jarriko dute metakognizio-prozesua. Proposatutako egunerokoak oinarrizko galderak ditu, baina beste batzuekin ere osa daiteke, adibidez: Eskatu didatena lortzen ari naiz? Lortuko dut eskatutakoa amaitzea? Gehiago saiatu behar dut? Nire plana mantendu edo aldatu egingo dut? Zer egin behar nuen eta zer egin dut? Garaiz nabil? Nahastu egin naiz; zer egingo dut? Zer ikasi dut horri esker? 

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)