Saltatu nabigazioa

Ibilian frogatzen da higidura

Higidura uniformea

«Ibilian frogatzen da higidura». Hala esan omen zuen Diogenes Zinikoak (412- 323 K.a.), greziar filosofoak. Esaldi horrek adierazi nahi du ezen, une batera helduz gero, hitzak sobera daudela eta ekintzetara igaro behar dela. 

Mundua dinamikoa da, baina nekez topatuko ditugu higidura zuzen uniformea (HZU) duten sistemak naturan, hots, abiadura konstantekoak. Hala ere, badaude zenbait adibide: Lurraren higidura Eguzkiaren inguruan edo argiaren eta soinuaren higidura airean.

Diogenesen ildotik, ekintzara igaroko gara hau frogatzeko: indarrak minimizatzen edo batez besteko abiadurak kontuan hartzen baditugu, hainbat adibide topatuko ditugu inguruan, HZU kontzeptura hurbiltzeko. 

foto de los Beatles, en vista lateral, cruzando la calle en una sola fila en Abbey Road
Wikipedia. Beatles - Abbey Road (Jabari publikoa)

Gogoan izan: oztopatzen duen indarrik ezean, mugitzen ari den gorputz batek abiadura konstantean jarraituko luke beti, ibilbidea aldatu gabe. Hori, fisikaren arabera, higidura zuzen uniformea da, HZUa, eta matematikak ekuazio hau erabiltzen du hori definitzeko:

HZUaren ekuazioa:  v=s/t

Ikasgelan: «Dominoa»

Iraupena:
1 saio
Taldekatzea:
bikoteka eta banaka

Errazenetik hasiko gara. Domino-fitxak lerro zuzenean jarriko ditugu, eta erortzen utziko ditugu, HZUa dutela ikusteko. Gogoan izan behar dugu eskuz egiten diren esperimentu guztiek dutela errorea, bideo honetan ikusten den bezala:

Marta Labraca García en Youtube. HZU esperimentua ( (Jabar publikoa)

Orain argi dugunez zertaz ari garen, guk geuk egingo dugu esperimentua:

Materialak

-Domino-fitxak

- Zinta metrikoa

- Kronometroa

Prozedura

1. Mahai gainean, zinta metrikoa luzatuko dugu (25 cm), eta, zintaren ondoan, domino-fitxak jarriko ditugu lerro zuzenean.

2. Bikoteka, batek fitxak botako ditu, eta besteak, bitartean, 25 cm-ak egiteko zenbat denbora behar duten kronometratuko du.

3. Prozesua errepikatuko dugu beste distantzia batzuekin: 35 cm, 45 cm eta 55 cm. Emaitzak taula batean jasoko ditugu.

Espazioa (cm) 25 35 45 55
Denbora (s)
Abiadura (m/s)

    4. Datuekin, espazioa/denbora eta abiadura/denbora grafikoak egingo ditugu. Horretarako, gogoan izan behar dugu neurketak cm/s-tan egin ditugula eta m/s-ra bihurtu behar ditugula. 

Graficos e-t y v-t
Guk egindako grafikoak.. Espazioa/denbora eta abiadura/denbora (Jabari publikoa)
Ondorioak

- Bat al datoz grafikoak higidura uniformearekin?

- Zergatia azalduko dugu labur-labur.

 



Jolastokian: «Ibili jolastokian higidura uniformeaz»

Iraupena:
1 saio
Taldekatzea:
2 pertsona

Zaila da abiadura konstantean ibiltzea, abiadura bizkortu gabe, baina saiatu egingo gara. Esperimentu honetan, gainera, «batez besteko abiadura» kontzeptuaren garrantzia ikusiko dugu, eta «aldiuneko abiadura» kontzeptuarekin alderatu

Patio de recreo
Pxhere. Jolastokia (Jabari publikoa)

Esperimentu hau bikoteka egingo da, neurketak batera lantzeko eta, gainera, prozesuaren argazkiak edo bideo bat egiteko. Gainera, abiadura kontrola dezakegu aplikazio honekin: Ulysse Speedometer

Materialak

- Klariona

- Zinta metrikoa

- Kronometroa

Prozedura

1. Jolastokira jaitsiko gara, eta zoruan 16 metroko lerro zuzen bat marraztuko dugu klarionarekin. Lau metroan behin, marka bat egingo dugu.

2. Bikotekide bat HZUan ibiltzen saiatuko da; beste bikotekideak, bitartean, denbora kontrolatuko du marka bakoitzetik igarotzean, eta emaitzak idatziko ditu taula batean (espazioa/denbora). Prozesua errepikatuko dugu, hainbat neurketarekin.

Espazioa/denbora 4 m 8 m 12 m 16 m Batez besteko abiadura
1. neurketa
2. neurketa
3. neurketa
4. neurketa

3. HZUaren ekuazioa betetzen dela egiaztatuko dugu, hau da, abiadura konstantea dela.

4. Azkenik, espazio/denbora eta abiadura/denbora grafikoak egingo ditugu.

Ondorioak

 - Emaitzak ikusita, zer ondorio aterako ditugu?

- Zergatik hartzen dugu kontuan batez besteko abiadura neurketak egitean?

Argazkiak egiteko edo prozesua filmatzeko aholkuak

Argazkiak egingo baditugu, aholku hauek hartuko ditugu kontuan:

- Kamerak bereizmen ona izan behar du edo argazki garbiak egiteko gai izan behar dugu.

- Atera argazkiak gertutik; hots, ez erabili zooma.

Bideo bat egin behar badugu:

o    Aurkeztu zeure burua.

o    Azaldu bideoa zeri buruzkoa den.

o    Iragarritakoaren aurkezpena egin.

o    Ikusitakoaren laburpena egin.

o    Azaldu zein den arazoa, zein den gaia eta zergatik den garrantzitsua.

    Laborategian: «Dadoen zinematika»

    Iraupena:
    1 saio
    Taldekatzea:
    2 pertsona

    Laborategian, objektuei abiadura konstantean higitzen uzten dien ingurune bat simulatuko dugu. Bideo hau ikusiko dugu. 

    Sergio Paredes en Youtube. MRU

    Orain, guk geuk egingo dugu esperimentua. Gainera, prozesuaren argazkiak egingo ditugu, edo bideo labur bat, aurreko aholkuei jarraituz.

    Materialak

    - Hiru dado edo puxtarri txiki (pisu berdinekoak)
    - Hiru probeta handi
    - Ura
    - Glizerina
    - Kronometroa

    Prozedura
    1. Probetetako bat urez beteko dugu; bestea, glizerinaz; eta azkena, hutsik utziko dugu.
    2. Dado bat askatuko dugu probeta bakoitzean.
    3. Glizerina daukan probetan, denbora neurtuko dugu, dadoa probetako neurrietatik igaro ahala (talde bakoitzak erabakiko ditu neurriok).
    Probetan egindako espazioa
    Denbora
    Abiadura
    1. Espazio/denbora eta abiadura/denbora grafikoak egingo ditugu, unitate egokiekin.
    Ondorioak

    - Zer gertatzen da dadoekin/puxtarriekin probeta bakoitzean?
    - Zer probetatan higitzen da HZUaren arabera? Zergatik?

    Etxean: «Puxikekin egindako aerolabangailua»

    Iraupena:
    1 saio
    Taldekatzea:
    banaka

    HZUa nekez gertatzen da modu naturalean; izan ere, gainazal gehienek marruskadura-indarra eragiten diete higikariei. Indar hori minimizatzen badugu, HZUra gerturatuko gara modu esperimentalean. Etxean, banaka, hori frogatzen duen esperimentu bat egingo dugu: aerolabangailu bat eraikiko dugu.

    Ikus dezagun bideo hau:

    Manuel Díaz Escalera .Youtube. Etxean egindako aerolabangailua (CC BY-SA)

    Hovercraft aerolabangailu honek, fisika ikasteko ez ezik, jolasteko ere balio digu.

    Esteka honetan, informazio gehiago dugu: «Zientzia etxean»

    Materialak

    - CD edo DVD bat
    - Kartoi zati bat
    - Orratz bat
    - Guraizeak
    - Plastikozko botila bat
    - Lekeda
    - Puxika bat
    - Kronometroa

    Prozedura
    1. Kartoizko zirkulu bat moztuko dugu, eta CDaren erdian itsatsiko dugu, CDaren zuloa estaltzeko.
    2. Orratz batekin, zulotxo batzuk egingo ditugu kartoian.
    3. Plastikozko botilaren goiko zatia moztu, eta CDan itsatsiko dugu.
    4. Globoa puztu, airerik ihes ez egiteko bihurritu, eta botilaren muturrean jarriko dugu.
    5. Muntaketa zoruan jarriko dugu (gainazalak ahalik eta leun eta luzeena izan behar du), eta aireari puxikatik irteten utziko diogu.
    6. Aurrez adierazitako puntu batzuetatik igarotzeko behar duen denbora kronometratuko dugu.
    7. Gehiagotan errepikatuko dugu, batezbestekoa kalkulatzeko.
    8. Emaitzekin, grafikoak egingo ditugu.
    9. Prozesuaren argazkiak egingo ditugu, edo bideo bat.

    Ikasitakoa horma-irudi batean jasoko dugu

    Iraupena:
    1 saio
    Taldekatzea:
    5-6 pertsona

    HZUaren inguruan asko ikasi dugunez, ikasitako guztia adieraziko dugu poster zientifiko batean. Horretarako, lau talde egingo ditugu gelan. Talde bakoitza esperimentu batez arduratuko da, eta poster zientifiko bat egingo du A3 orri batean. Posterrak ikastetxeko sarreran jarriko dira erakusgai; hala, hezkuntza-komunitate guztiak ikusiko ditu: ikasleek, irakasleek, familiek, etab.

     

    Cartel Científico
    Free Power Point. Kartel zientifikoa (Jabari publikoa)

    Horma-irudia prest dugunean, ahozko aurkezpen bat egingo dugu ikaskide guztien aurrean.

    Hona hemen zeregina egiteko jarraibideak eta baliabideak:

    Zeregina egiteko jarraibideak

    Poster zientifikoak ikerlan baten laburpen grafikoa dira. Gure posterrean, HZUari buruzko esperimentuetako bat jasoko dugu.

    Egitura hau izango du: 

    • Izenburua
    • Egileak
    • Sarrera eta helburua (zer ikertzen ari garen eta zer frogatu nahi dugun)
    • Metodologia (materialak eta metodoak)
    • Emaitzak (taulak eta grafikoak)
    • Ondorioak
    Zeregina egiteko baliabideak

    Informazio hau kontsulta dezakegu: Poster zientifikoaren txantiloia

    Ahozko aurkezpena egiteko gomendioak

    Ahozko aurkezpenerako, ahozko aurkezpena egiteko errubrika honek lagunduko digu.

    Ebaluazioa eta hausnarketa

    Behin zeregina amaituta, une aproposa da hausnarketa egiteko gure ikaskuntza-egunerokoan. Hona iradokizun batzuk:

    • Zer ikasi dut?

    • Zerk harritu nau gehien prozesuan? Zergatik?

    • Aurretik neukan ideiaren bat aldatu dut? Zein?

    • Zer izan da zailena? Zergatik?

    Zereginaren ebaluazioa

    Zeregina ebaluatzeko, honako hauek erabiliko ditugu:

    Laborategiko lana laborategiko lanaren balioespen-eskala generikoaren bitartez (deskargatu formatu editagarria: odt, eta pdf).

    Posterra,  poster baten balioespen-eskala  ebaluatuko da (deskargatu formatu editagarria, odt, eta pdf):

     

    Ahozko azalpenerako, zientzietako ahozko aurkezpen baterako balioespen-eskala erabiliko dugu (deskargatu odt formatu editagarrian eta pdf formatuan).

     

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)