Saltatu nabigazioa

Egile eskubideak

Aurretik esan dugunez, hau da Espainian egile eskubideak arautzen dituen araudia: 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 12koa, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, arlo horretan indarrean dauden lege xedapenak erregularizatu, argitu eta bateratzeko (aurrerantzean JIL).

Lege horretan irakasleendako adierazgarriak izan daitezkeen edukiak berrikusiko ditugu: zer obra dauden egile eskubideen bidez babestuta, noiztik eta noiz arte dauden babestuta, eta babes horretan zein salbuespen aurreikusten dituen Legeak.

Zer obra daude JILren bidez babestuta?

JILren arabera, jabetza intelektualaren xede dira bai obra literario, artistiko eta zientifiko originalak –edozein bitarteko edo euskarritan, ukigarri edota ukiezinean–, bai horietatik eratorritako obrak, baldin eta lan berritzat jotzeko adinako garrantzia badute. Obraren izenburua ere, jatorrizkoa denean, babestuta dago obraren parte gisa, baita bildumak eta datu baseak ere (JILren 10., 11. eta 12. artikuluak).

Jabetza intelektualari buruzko legeak babestutako obrak
Jabetza intelektualari buruzko legeak babestutako obrak izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Obras protegidas por la ley de propiedad intelectual infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Obra literario, artistiko edo zientifiko originalak

Sorkuntza original guztiak obra literario, artistiko edo zientifikoak edozein bitarteko edo euskarritan egindakoak, ukigarri edo ukiezinean:

  • Liburuak, liburuxkak, inprimakiak, idazkiak, diskurtsoak, hitzaldiak, auzitegi txostenak, katedra azalpenak eta antzekoak.
  • Musika konposizioak, letradunak nahiz letra gabeak.
  • Obra dramatikoak eta dramatiko-musikalak, koreografiak, pantomimak eta, oro har, antzezlanak.
  • Obra zinematografikoak eta ikus-entzunezko beste zeinahi obra.
  • Eskulturak eta margolanak, marrazkiak, grabatuak, litografiak eta istorio grafikoak, komikiak, baita horien saiakera edo zirriborroak eta gainerako obra plastikoak ere.
  • Arkitektura eta ingeniaritza obren proiektuak, planoak, maketak eta diseinuak.
  • Topografiari, geografiari eta, oro har, zientziari buruzko grafikoak, mapak eta diseinuak.
  • Argazki obrak
  • Ordenagailuko programak.
  •  Bildumak eta datu baseak.
  • Obraren izenburua, jatorrizkoa denean.

Obra eratorriak

Aurretik zegoen obra bat eraldatuz sortutako obra berriak, edota beste eduki batzuekin baterako erreprodukzio gisa sortutakoak dira obra eratorriak. Honako hauek, besteak beste:

  • Itzulpenak eta egokitzapen lanak.
  • Berrikuspenak, eguneratzeak eta oharpenak.
  • Sintesiak, laburpenak eta aterakinak.
  • Musika moldaketak.

obra berria, aurretik ez zegoen zerbait eskaintzen duena. Obraren ezaugarrien arabera, jatorrizkotasuna edonon egon daiteke: eraketan, egituran, melodian, hizkuntza adierazpenean, sormenean… Informazio gehiago: https://bit.ly/2ZL1jsx

Gainera, JILtik kanpo geratzen dira, berariaz, lege edo erregelamendu xedapenak eta haien proiektuak; jurisdikzio organoen ebazpenak eta erakunde publikoen egintzak, hitzarmenak, erabakiak eta irizpenak, baita arestiko testuen itzulpen ofizialak ere (JILren 13. artikulua).

Hortaz, ideiak ez dira lege honen xede izanen.

Baldin eta, horiek hautatu, antolatu edo sailkatzeko, sormen eta originaltasun ekarpena egin behar bada.

Zer dira egile eskubideak?

Obra literario, artistiko edo zientifiko baten sortzaileari obra sortze hutsagatik esleitzen zaizkionak dira egile eskubideak. Hau da, sortzaileari berariaz esleitzen zaizkion eskubideen bidez babestuta egoten da obra automatikoki, sortzen den unetik bertatik aurrera (JILren 17. artikulua), Legean aurreikusita dauden muga eta salbuespenak ezarrita.

Baina, zeintzuk dira eskubide horiek? Bi motatako eskubideak daude: eskubide moralak, eta ustiapen edo ondare eskubideak. Hurrengo infografian ageri da egile eskubideen laburpena, JILren arabera egindakoa.

egile eskubideak
Egile eskubideak izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Derechos de autor infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Eskubide moralak

Sortzailearen nortasuna eta aintzatespena babestera bideratutako eskubideak dira. JILn honako eskubide moral hauek zehaztuta daude (JILren 14. artikulua):

  1. Obra jendarteratu eginen den ala ez erabakitzeko eskubidea.
  2. Obrarekin batera egilearen izena edo izengoitia agertuko den edo anonimoa izanen den erabakitzeko eskubidea.
  3. Obraren egile gisa aitortua izateko eskatzeko eskubidea.
  4. Obraren osotasuna errespeta dadila eskatzeko eskubidea.
  5. Obra moldatzeko eskubidea, hirugarren alderdiek eskuratutako eskubideak errespetatuta.
  6. Obra erretiratzeko eskubidea, aurretik ustiapen eskubideen titularrei kalte ordainak emanda.
  7. Obraren ale bakarra eskuratzeko eskubidea, beste norbaiten esku dagoenean, dagozkion eskubideak egikaritu ahal izateko.

Eskubide horiek ezin dira laga ez saldu, eta ezin zaie horiei uko egin ere. Obra baten egileak beti izanen ditu beretzat gordeta honako eskubide hauek, gerora obrari edozein lizentzia esleitzen diolarik ere.

Ustiapen eskubideak

Obrari ematen zaion erabilerari lotutako eskubideak dira, obraren bidez etekin ekonomikoa eskuratzeko aukera ematen dutenak. Aldi baterakoak dira, eta Jabetza Intelektualari buruzko Legean (JIL) zehaztutako iraupena dute, eta beste eragile batzuei laga eta transmititu dakizkieke. Hauek dira horietako batzuk:

  • Erreproduzitzeko eskubidea. Hau da, obraren berri emateko edo haren kopiak eskuratzeko aukera ematen duen edozein metodo erabiltzea (JILren 18. artikulua). 
  • Banatzeko eskubidea. Hau da, obra originala edo haren kopiak euskarri ukigarrian publikoaren eskura jartzea (JILren 19. artikulua). 
  • Jendaurrean jakinarazteko eskubidea. Hau da, pertsona talde bati obra eskuratzeko aukera ematen dion edozein egintza, aldez aurretik alerik banatu gabe (JILren 20. artikulua).  Zenbait adibide adierazi dira berariaz, hala nola ikus-entzunezko obren erakusketa publikoa, proiekzioa edo antzezpen eszenikoa; irrati edo telebista bidezko emisioa; kable edo zuntz optiko bidezko transmisioa; edozein pertsonak nahi duenean eta nahi duen lekutik obra eskuratzeko aukera ematen duen erakusketa publikoa eta jendaurreko aurkezpena.
  • Eraldatzeko eskubidea. Hau da, obra moldatzea, hala nola itzulpenak edo egokitzapenak eginda obra berria sortzea (JILren 21. artikulua).

JILn ezarritako babes aldia amaitu ondoren, obra jabari publikokoa izatera pasako da.

Esan dugunez, ustiapen eskubidea copyrightaren antzekoa da, eta sinonimo gisa erabiltzen dira biak.

OHARRA

Egile eskubideei buruz hitz egin ohi dugu ustiapen eskubideei buruz soilik ari garenean ere. Horrela, "egile eskubiderik ez duen obra" terminoa erabiltzen dugu benetan "ustiapen eskubideak murriztuta ez dituen obra" bati buruz ari garenean, eskubide moralak betierekoak baitira. 

Ustiapen eskubideak murriztuta dituen material bat erabili behar izanez gero ("egile eskubideak dituen material" gisa aurkituko dugu normalean), BERARIAZKO BAIMENA eskatu behar diogu eskubideen titularrari, eta materiala erabiltzeko ezartzen dituen baldintzak bete behar ditugu. Titularraz ari gara, eta ez egileaz; izan ere, batzuetan egilea bera izanen da bere obraren ustiapen eskubideen titularra, baina baliteke beste pertsona edo erakunde bati laga izana, kudeaketa kolektiboko erakunde bati.

Nolanahi ere, egile eskubide horiek ez dira mugagabeak. JILn zenbait erabilera zehazten dira, zeintzuetarako ez baita beharrezkoa eskubideen titularraren baimena izatea. Aurrerago ikusiko dugu hori.

IRASKASKUNTZA EREMUA

Ikusi dugunez, egile batek bere obraren gainean esklusiboki dituen ustiapen eskubideak zehazten dira JILn: erreproduzitzea, banatzea, jendaurrean jakinaraztea eta eraldatzea. Baina irakaskuntzaren esparruan, zer ekintza sartzen dira eskubide horietako bakoitzean? Infografia honetan adibide ohikoenetako batzuk ikus ditzakegu:

Ustiapen eskubideak irakaskuntza eremuan
Ustiapen eskubideak irakaskuntza eremuan izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Derechos de explotación en el ámbito docente infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Egilea hiltzen denean:

  • 3. eta 4. eskubideak betiko mantentzen dira, hirugarren pertsona batek egikaritu ditzake eta.
  • 1. eskubidea 70 urte gehiagoz luzatuko da.
  • 5., 6. eta 7. eskubideak egilearen heriotzarekin batera galdu egiten dira..
  • De autores: SGAE (Sociedad General de Autores y Editores), CEDRO (Centro español de derechos reprográficos), VEGAP (Visual entidad de gestión de artistas plásticos), DAMA (Derechos de autor de medios audiovisuales).
  • De artistas intérpretes o ejecutantes: AIE (Artistas intérpretes o ejecutantes, sociedad de gestión de España, AISGE (Artistas intérpretes, sociedad de gestión).
  • De productores: AGEDI (Asociación de gestión de derechos intelectuales), EGEDA (Entidad de Gestión de Derechos de los productores audiovisuales).

Espainian egile eskubideen kudeaketa kolektiboko hainbat erakunde daude, obra motaren arabera. Esteka honetan aurki daiteke erakunde horiei buruzko informazio gehiago, harremanetan jartzeko modua, tarifak, etab.: https://www.culturaydeporte.gob.es/eu/cultura/propiedadintelectual/gestion-colectiva.html

Nor da obra baten egilea?

JILren 5. artikuluaren arabera, obra literario, artistiko edo zientifiko bat sortzen duen pertsona naturala da egilea. Baliteke, lan harreman baten ondorioz, eskubideen titularra pertsona juridiko bat izatea; horrelakoetan, lan harreman horri dagokion kontratuaren arabera arautuko da (JILren 51. artikulua).

Egile eskubideen titularra, obra motaren arabera
Egile eskubideen titularra, obra motaren arabera izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Titular de los derechos de autor según tipo de obra infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Beste kasu berezi batzuk:

  • Lankidetzan egindako obrak: pertsona batek baino gehiagok sortutako lanak dira, emaitza bakarrekoak, zeintzuetan zaila baita egile bakoitzaren ekarpena bereiztea. Horrelakoetan, egile guztiak dira eskubideen titularrak (JILren 7. artikulua).
  • Obra kolektiboak: pertsona bakar baten ekimenez eta haren koordinaziopean egindako lanak dira, pertsona horrek argitaratu eta zabaldutakoak, eta argi eta garbi beste pertsona batzuen ekarpenak biltzen dituztenak. Horrelakoetan, lana koordinatu eta argitaratzen duen pertsonari dagozkio eskubideak (JILren 8. artikulua).
  • Obra konposatuak: aurretik zegoen obra bat haren egilearen lankidetzarik gabe barne hartzen dutenak, aurretiko obra horren egileari dagozkion eskubideen eta nahitaezko baimenaren kalterik gabe. Horrelakoetan, eskubideak independenteak dira (JILren 9. artikulua).

Zein da egile eskubideen iraupena?

Espainian, JILren arabera, obra baten ustiapen eskubideen iraupenak egilearen bizitza osoa eta 70 urte gehiago barne hartzen ditu (JILren 26. artikulua), egilea hil eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera zenbatzen hasita (horregatik ospatzen da egun horretan Jabari Publikoaren Eguna).

Nolanahi ere, JILren laugarren xedapen iragankorraren arabera, 1987ko abenduaren 7a baino lehenago hil ziren egileen kasuan, 1987ko urtarrilaren 10eko Jabetza intelektualari buruzko Legean aurreikusitako iraupena ezartzen da, hau da, 80 urte egilea hiltzen den unetik zenbatzen hasita. Hortaz, hori da gaur egun kontuan izan behar dugun iraupena, obra bat jabari publikokoa den ala ez jakiteko.

Aipatu mugara iritsita, obra jabari publikokoa izatera pasako da eta, ondorioz, edonork erabiltzen ahalko du, betiere obraren egiletza eta osotasuna errespetatuta (JILren 41. artikulua). Gogoan izan behar dugu kasu horretan desagertu egiten dela egileak (edo titularrak) obraren ustiapen eskubideen gainean duen esklusibotasuna, baina eskubide moralak betierekoak dira.

Iraupena kasu berezietan

Kasu batzuetan aldatu egiten dira iraupena edo berau zenbatzeko irizpideak. Hona hemen egoera batzuk:

  • Hil ondoko obrak, izengabeak edo izenordedunak: 70 urtekoa izanen da, obra zilegi den eran jendarteratu zenetik zenbatzen hasita (JILren 27. artikulua).
  • Lankidetzan egindako obrak: egilekideen bizi osoan izanen dira indarrean eta 70 urte gehiago, bizirik den azken egilekidearen heriotzatik aurrera zenbatzen hasita (JILren 28. artikulua).
  • Obra kolektiboak: 70 urtekoa izanen da, obra zilegi den eran zabaldu zenetik zenbatzen hasita (JILren 28. artikulua).
  • Argazki hutsak: 25 urte, argazkia egin den unetik aurrera (JILren 128. artikulua).
  • Artista interpretatzaileak: 50 urte, interpretazioa egin den unetik aurrera (JILren 112. artikulua).
  • Jabari publikoan dauden obra argitaragabeak, zilegi den eran zabaldutakoak: 25 urte, obraren zabalkundea egin den unetik aurrera (JILren 130. artikulua).

Iraupena beste herrialde batzuetan

Ustiapen eskubideen iraupena aldatu egiten da herrialdetik herrialdera. Bernako Hitzarmenean obren gutxieneko iraupena definituta dago (egilearen bizitza osoa eta 50 urte gehiago) eta horixe ezarrita dago herrialde sinatzaile gehienetan. Hala eta guztiz ere, herrialde bakoitzak epe hori luzatzeko aukera zabalik geratzen da. Hori da, adibidez, Europar Batasunaren kasua, zeinak 70 urteko iraupena ezarrita baitauka.

Zerrenda osoa eskuragarri dago Wikipediako orri honetan.

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  • Garrantzitsua da kontuan hartzea obra baten gainean hainbat eskubide egon daitezkeela, pertsona desberdinei dagozkienak (egilea, itzultzailea, interpretea, ekoizlea…), eta eskubide horietako bakoitzaren egoera kontuan hartu behar dugu obra erabili aurretik. Hau da, baliteke literatur obra bat jabari publikokoa izatea, baina erabiliko dugun itzulpena oraindik egile eskubideek babestuta egotea. Gauza bera gerta daiteke musika konposizio batekin eta interpretearen eskubideekin, edo artelan batekin eta argazkilariaren eskubideekin.
  • Zenbait zerbitzuk lagundu diezagukete obren egoera zein den jakiten, hala nola Espainiako Liburutegi Nazionalaren Jabari publikoko egileei buruzko informazio zerbitzuak. Bertan, erakunde horretan jabari publikora igaro diren obrak dituzten egile espainiarrak kontsulta daitezke. Europeana atariko Public Domain Calculation zerbitzua ere kontsulta dezakegu, obra bat Europako herrialde jakin bateko jabari publikoan dagoen jakiteko informazioa ematen baitigu.

Errepasoa

Galdera 1

1. Jabetza intelektualari buruzko Legeak ez ditu ideiak babesten.

Galdera 2

2. Obra baten laburpena ezin da egile eskubideen bidez babestu.

Galdera 3

3. Argazki hutsak ez dira obra originaltzat jotzen eta, ondorioz, ez dira jabetza intelektualaren xede.

Galdera 4

4. Egile eskubideak iraupen mugatukoak dira, eta, ezarritako epea bukatutakoan, egileak ez du obraren gainean inolako eskubiderik.

Galdera 5

5. Zilegi da Interneten argitaratutako edukiaren esteka bat txertatzea, nahiz eta egilearen berariazko baimenik izan ez.

Galdera 6

6. Obra kolektibo batean, egilekide guztiek dituzte eskubide berdinak.

Galdera 7

7. 1949. urtean hil zen egile espainiar baten obra jabari publikokoa izatera pasa da dagoeneko, ustiapen eskubideak 2020ko urtarrilaren 1ean iraungi baitira (egilea hil eta 70 urtera, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera zenbatzen hasita).

Galdera 8

8. Shakespeareren (1616. urtean zendua) obra baten gaztelaniazko edizio ilustratua jabari publikokoa izanen da dagoeneko eta, ondorioz, arazorik gabe erabil dezaket.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)