Irakasleendako erabilera lizentzien gida praktikoa
Gaur egun, teknologiari esker, ugaritu egin dira baliabideak zabaltzeko, berrerabiltzeko eta beste pertsona batzuekin partekatzeko aukerak. Material ugari ditugu eskura sareen bitartez (testuak, irudiak, dokumentuak, bideoak, proiektuak, infografiak…); horiek guztiak baliagarriak izan daitezke gure irakaslanean, eta sortzen ditugun hezkuntza baliabideetan txertatzeko aukera ere badugu. Baina, sarean eskuragarri dagoen edozein material erabil dezakegu gure klaseetan?
Galdera horri erantzuteko, eta sarean eskura dauden materialak egoki erabiltzeko, honako galdera hauek egin behar dizkiogu geure buruari:
- Zer dira egile eskubideak eta copyrighta, eta zer neurritan eragiten diote irakaslanari?
- Zer motatako lizentziak daude, eta zeintzuk dira hezkuntza baliabide irekiak sortzeko gomendagarrienak?
- Copyrightaren kontrakoak al dira lizentzia irekiak eta, zehazki, Creative Commons lizentziak?
- Non eskura ditzaket egile eskubiderik gabeko baliabideak, eskoletarako sortzen ditudan materialetan txertatzeko?
- Zer izan behar dut kontuan besteen baliabideak erabiltzeko orduan?
- Nola erraztu dezaket beste irakasle batzuek nire baliabideak eskuratu eta beren testuingurura egokitu ahal izatea?

Gida honen bitartez, erantzuna eman nahi zaie irakaskuntza arloko egile eskubideekin eta erabilera lizentziekin lotura duten galdera horiei eta beste askori, eta lizentzia irekien aldeko apustua egin nahi da, irakasleek sortutako baliabideen zabalkundea, eraldaketa eta eguneratzea indartzeko.
Irakasleen gaitasun digitalaren erreferentzia esparruak, INTEFek erkidegoekin elkarlanean egindakoak, finkatzen du gaitasun horiek eskuratu behar direla, eduki digitalei buruzko 2. alorrean, zehazki; izan ere, alor horretan berariaz jorratzen dira egile-eskubideak eta erabilera-lizentziak.
- 2.2. gaitasuna: "Eduki digitalak sortzea eta aldatzea". Azalpenean honela dio: "Hezkuntza-eduki digitalak aldatzea eta egokitzea, lizentzia bakoitzak ezarritako erabilera-baldintzak (obra eratorriak eta jabetza intelektualeko eskubideetan ezarritako mugak) errespetatuz.
- 2.3 gaitasuna: "Eduki digitalak babestea, kudeatzea eta partekatzea". Azalpenean honela dio: "Jabetza intelektualari eta egile-eskubideei buruzko araudia errespetatzea eta behar bezala aplikatzea eduki digitalak kudeatzean eta partekatzean".
Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da, alde batetik, zer baliabide eta zer baldintzatan erabil ditzakegun jakitea eta, bestetik, hezkuntza baliabide irekien sorrera bultzatzea eta ezagutza eta kultura askeak sustatzea.
OHARRA
|

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia