Saltatu nabigazioa

Mugak eta salbuespenak

Irakaskuntza helburua duten erabileretarako dauden salbuespenak

Aurretik ikusi dugunez, JILn ageri dira egile eskubideen definizioa, iraupena eta gainerako zehaztasunak. Egile eskubideei lotuta dagoen materialen bat erabili nahi izanez gero, baimena eskatu behar diogu egileari (edo ustiapen eskubideen titularrari, eskubideak laga baditu) eta hura erabiltzeko ezarrita dauden baldintzak onartu behar ditugu (normalean diru kopuru jakin bat ordaintzea).

Hala eta guztiz ere, JILn zenbait muga eta salbuespen ere zehazten dira, zeintzuetan obra erabiltzeko ez baita baimenik eskatu behar.

OHARRA

Garrantzitsua da gaineratzea kasu horiek salbuespenak direla Legearen aurrean; oso egoera zehatzetan ezartzen dira mugak eta, ondorioz, zorrotz bete behar dira kasu bakoitzean ezarritako betekizun eta baldintzak. Epaile eta epaitegiei dagokie kasu jakin bakoitzean Legea interpretatzea. Hori dela eta, ahal den neurrian, jabari publikoko obrak edo lizentzia irekia dutenak erabiltzea komeni da.

Salbuespenen artean, eta zehazki irakasleen kasuan, interesgarria da azpimarratzea zein muga ezartzen den irakaskuntza edo ikerketa zientifikoko helburuetarako erabiltzen diren aipamen, erreseina eta ilustrazioen kasuan (JILren 32. artikulua). 

egile eskubideen mugak eta salbuespenak
Egile eskubideen mugak eta salbuespenak izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Límites y excepciones a los derechos de autor infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Aipamenen kasuan, norberaren obran kanpoko obra bat txertatzeko baldintzak aipatzen dira; eta bigarren kasuan, berriz, obra horiek erreproduzitzeko, banatzeko edo jendaurrean jakinarazteko baldintzak adierazten dira.

Aipamen eskubidea

Beste baten edukiak norberaren materialean txertatzean datza, adierazi dena oinarritzeko, frogatzeko edo berresteko. Eskubide hori aitortu egiten da bai Bernako Hitzarmenean (10. artikulua), bai Jabetza intelektualari buruzko Legean (32.1 artikulua), bietan adierazita daudelarik eskubidea egikaritzeko baldintzak.

JILren arabera, zilegi da obra propio batean honako hauek barne hartzea:

  • Obra idatzien, soinuzko obren edo ikus-entzunezkoen zatiak.
  • Isolatutako obrak, plastikoak edo argazkigintza arlokoak (irudi osoak).

Betiere:

  • Irakaskuntza edo ikerketa helburuetarako erabiltzen bada soilik.
  • Obra horiek dagoeneko jendarteratu badira.
  • Aipamen modura edo analisi, iruzkin edo epai kritikoa egiteko txertatzen badira.
  • Txertatzea justifikatuta badago.
  • Erabilitako obraren egilea edo iturria adierazten bada.

Zati edo irudi horrek ezin du pisu handiegia izan obra osoan; izan ere, egilearen sorkuntzak izan behar du garrantzirik handiena. Nolanahi ere, zatiaren edo irudiaren iturriak zilegizkoa izan behar du.

Hezkuntza edo ikerketa jarduerak ilustratzea

Aipamen eskubideaz gain, JILk salbuespen bat ezartzen du soil-soilik Espainiako hezkuntza sistemako ikastetxeetan ematen den hezkuntza arautuko irakasleentzat eta unibertsitateetako langileentzat. Horiek ez dute baimenik eskatu edo ordainketarik egin beharko honako hauek egiteko:

  • Obren zati txikiak erreproduzitzea, banatzea eta jendaurrean jakinaraztea.
  • Obra plastiko edo argazki obra figuratibo isolatuak erreproduzitzea, banatzea edo jendaurrean jakinaraztea,

Betiere:

  • Merkataritza helbururik ez badago.
  • Hezkuntza edo ikerketa jarduerak ilustratzeko soilik erabiltzen bada (aurrez aurreko edo urrutiko irakaskuntza).
  • Obra horiek dagoeneko jendarteratu badira.
  • Txertatzea justifikatuta badago.
  • Erabilitako obraren egilea edo iturria adierazten bada.

Testuliburuen edo eskuliburuen kasuan, materialak erreproduzitu edo jendaurrean jakinarazi daitezke, baldin eta obra edo zatia ikasleen eskura jartzen ez bada, hartarako sarbiderik ematen ez bada, eta, horrez gain, obra zilegi den eran non eskura daitekeen adierazten bada. Halaber, zilegi da ikerketa proiektu espezifiko baten ikertzaile laguntzaileen artean kopiak banatzea, beharrezkoa den neurrian. 

Baldintza horietan erabiltzen diren obren egileek eta argitaratzaileek ez dute egintza horiengatik inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen.

Nolanahi ere, salbuespen horretatik kanpo geratzen dira musika partiturak, erabilera bakarreko obrak eta obra zatien edota obra plastiko zein argazki obra isolatuen konpilazioak.

ARGIBIDEAK

  • Ikus dezakegunez, copyrighta duen eduki bat norberaren obra batean txertatzeko aukera zilegi bakarra aipamen gisa txertatzea da. Horrek kanpo uzten ditu helburu argigarri hutsak; hau da, copyrighta duen irudi bat ezin da testu bat ilustratzeko txertatu, eta copyrighta duen musika pieza baten zati bat ezin da argazki muntaia baten atzealdeko musika gisa erabili. Erabil litezke, ordea, baldin eta irudia edo musika piezaren zatia bera badira azterketaren xede.
  • Hezkuntza jarduerak ilustratzeari dagokionez, obra jendaurrean jakinarazteko haren jatorrizko iturrira jo behar da. Hau da, ikasgelan copyrighta duen irudi bat erakutsi nahi badugu, berau ostatatzen duen webgunera jo behar dugu. Ikasgelan errazago erakutsi ahal izateko material batean txertatzen badugu, aipamen kasu bat izanen da eta, ondorioz, horrelakoetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditugu. Material hori ikasgelan erakusten ahalko dugu (jendaurrean jakinaraztea), materialaren egile garen aldetik horretarako eskubidea dugulako.

obra osoarekin alderatuta oso adierazgarria ez den aterakin edo zatia (JILren 32. artikulua)

hezkuntza arautuko irakasleen edo ikasleen baliabide edo material gisa erabiltzeko argitaratu den edozein argitalpen, inprimatua edo inprimatu daitekeena, irakaskuntzaren edo ikaskuntzaren prozesua erraztea helburu duena (JILren 32. artikulua)

  • Eskolaurrea eta Haur Hezkuntza,
  • Lehen hezkuntza,
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH),
  • Batxilergoa,
  • Lanbide Heziketa,
  • Unibertsitate prestakuntza (titulu ofizialak),
  • Araubide bereziko irakaskuntzak: artistikoak eta hizkuntzak.

JILn aitortutako beste muga eta salbuespen batzuk

JILk beste salbuespen orokor batzuk ere onartzen ditu, irakasleentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Hona hemen salbuespen horiek:

Kopia pribatua

Dagoeneko jendarteratu den obra bat erreproduzitzeko ez da egilearen edo titularraren baimenik beharko, baldin eta erabilera pribaturako erabiltzen bada soilik, jatorrizkoa zilegi den eran eskuratu bada eta kopia helburu komertzialetarako egiten ez bada (JILren 31. artikulua).

Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan

Dagoeneko dibulgatu den obra bat erreproduzitu, banatu eta jendaurrean jakinarazteko ez da egilearen edo titularraren baimenik beharko, baldin eta desgaitasuna duen pertsona baten mesedetan egin bada, betiere irabazi asmorik gabe. Horrelakoetan, dagokion desgaitasunarekin lotura zuzena izan behar du egintzak, desgaitasunari egokitutako prozedura edo bitarteko baten bidez egin behar da, eta eskatutako baldintzetara mugatu (JILren 31. artikulua).

Salbuespen hau interesgarria izan daiteke hezkuntza arloan inklusioa sustatzeko.

Obrak gaurkotasuneko gaiei eta bide publikoetan dauden informazioei lotuta erabiltzea.

Gaur egungo gertaerei buruzko informazioak direla eta ikus edo entzun daitekeen edozein obra erreproduzitu, banatu eta jendaurrean jakinarazi daiteke, helburu informatibo horrek justifikatzen duen neurrian.

Gainera, parke, kale, plaza edo beste bide publiko batzuetan etengabe kokatuta dauden obrak libreki erreproduzitu, banatu eta jendaurrean jakinarazi daitezke pinturen, marrazkien, argazkien eta ikus-entzunezko prozeduren bidez (JILren 35. artikulua).

Egilerik gabeko obrak

Publikoaren eskura dauden ikastetxe, museo, liburutegi, filmoteka eta hemerotekek erreproduzitu eta publikoaren eskura jartzen ahalko dituzte egilerik gabeko obra jakin batzuk, betiere irabazi- asmorik gabe eta kultura zein hezkuntza helburuetarako egiten bada (JILren 37. bis artikulua).

Parodia

Ez da egilearen baimenik beharko dagoeneko dibulgatu den obra baten parodiak, baldin eta harekin nahasteko arriskurik ez badago eta jatorrizko obrari edo haren egileari kalterik eragiten ez bazaio (JILren 29. artikulua).

Beste salbuespen batzuk

identifikatu gabeko egile edo titularra duen obra, aurrekari ezezagunak dituena, edo sortze edota argitalpen data ezezaguna dituena.

Errepasoa

Galdera 1

1. JILren arabera, copyrighta duen lore baten irudi bat txertatzen ahal dut Natur Zientzietako hezkuntza baliabide propio batean, lorea aztertzeko eta haren atalak ikasteko, betiere obra dagoeneko dibulgatuta badago eta egilea zein iturria adierazita badaude.

Galdera 2

2. Plastikarako margolari bati buruzko hezkuntza baliabide bat sortzeko orduan, haren obra guztien irudiak txertatzen ahal ditut, eta horietako bakoitzari iruzkinak erantsi, betiere dagoeneko dibulgatuta badaude eta egilea zein iturria adierazita badaude.

Galdera 3

3. Gaztelaniarako hezkuntza baliabide bat sor dezaket soilik hainbat egileren obren zatiak txertatuz, aipamen eskubideei dagozkien baldintzak beteta.

Galdera 4

4. Hezkuntza arautuko irakasle gisa, 2. Mundu Gerrari buruzko film bat proiektatu dezaket Historia klasean, baldin eta egilea eta iturria adierazita badaude eta filma zilegi den eran eskuratu bada. 

Galdera 5

5. Hezkuntza arautuko irakasle gisa, copyrighta duen eleberri baten orrialde bat fotokopiatu dezaket eta Gaztelania klasean ikasleei eman diezaieket, testu mota ezberdinak lantzeko.

Galdera 6

6. Hezkuntza arautuko irakasle gisa, Matematika klasean testuliburu baten zati bat eskaneatu eta proiektatu dezaket, baina, beste material batzuekin ez bezala, ezin dut ikasleen eskura jarri.

Galdera 7

7. Ariketa koaderno baten zati baten fotokopia egin dezaket gero eskolan erabiltzeko.

Galdera 8

8. Geografia klaserako neure irudi propioez osatutako bideo bat egin dezaket eta atzealdeko musika gisa copyrighta duen abesti baten zati bat txertatu.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)