Saltatu nabigazioa

Nola partekatu nire materiala?

Zer egin nahi dut nire materialarekin?

Gogora dezagun material bat sortze hutsagatik, nahiz eta argitaratu eta erregistratu ez, egile eskubide esklusiboak sortzen direla guretzat. Obra sortzen den unetik aurrera, obraren gaineko eskubide esklusiboak ditugu, bai eskubide moralak, bai ustiapen eskubideak. Beraz, norbaitek gure materiala erabili, aldatu edo birbanatu nahi badu (eta JILn aurreikusitako salbuespen bakar bati ere heldu ezin badio), baimena eskatu beharko digu berariaz.

ETA PARTEKATU NAHI IZANEZ GERO?

Sortutako materialari zabalkunde handiagoa eman nahi badiogu, beste pertsona batzuekin partekatu eta ezagutza librea bultzatu nahi badugu, bi aukera izanen ditugu: obra jabari publiko gisa marka dezakegu, edo Creative Commons lizentzia bat aplika diezaiokegu.

  • Ustiapen eskubideei uko egiteko aukera ere badugu, gure lana jabari publikokoa dela aldarrikatuta (adibidez, dagokion CC0 ikonoarekin adierazita). Horrela, obra nahi duten moduan erabiltzeko askatasuna ematen diegu erabiltzaileei, gu egile gisa aitortzeko betebeharrik gabe. Nolanahi ere, obraren gaineko eskubide moralak geureak izanen dira beti: obrak beti izanen du egilea, ni neu, nahiz eta nire izena aipatu beharrik izan ez.
  • Materiala beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko bitarteko aukera da Creative Commons lizentziak erabiltzea; izan ere, horien bitartez, lana erreproduzitzeko, moldatzeko eta birbanatzeko aukera ematen da, baina baldintza jakin batzuetan. Gure lana CC lizentzien bidez babestuz gero, obra erabiltzeko askatasuna eman dezakegu, betiere gure egiletza aitortzen badute eta lizentziaren berariazko baldintzak betetzen badira. Adibidez, gure lana CC BY-SA lizentziaren bidez babesten badugu, kultura askearen eta ezagutza partekatuaren alde egiten ariko gara, eta, aldi berean, agerian geratuko da egilea geu garela. Halaber, edukia berrerabiltzen duen pertsonari lizentzia berarekin egin dezala eskatzen zaio, edukiak librea izaten jarraituko duela ziurtatzeko.

Obra bati CC lizentzia ezarri aurretik

Nire lanari zer lizentzia ezarriko diodan erabaki aurretik, honako galdera hauek erantzun behar ditut:

  1. Obraren ustiapen eskubideen titularra naiz? Aurretik esana dugunez, CC lizentziek eskubideei eragiten diete eta, hortaz, eskubideen titularra izan behar dut lana CC lizentzia batez babesteko.
  2. Ziur nago lizentzia irekia erabili nahi dudala? CC lizentziak ezeztaezinak dira; hau da, beste batzuek lana erabili eta moldatzeko baimena ematen denean, ez da aukera hori mugatzen ahalko. Materiala dagoen lekutik ken daiteke, bai, baina horrek ez lioke beste erabiltzaile batzuek esku artean dituzten kopiei edo sarean zirkulatzen ari diren horiei eraginen.
  3. Argi al daukat zer ustiapen eskubide laga nahi ditudan publikoki? Nire materiala moldatzeko baimena eman nahi dut (eguneratzea, itzultzea…), ala helburu komertzialetarako erabil dadin baimendu? Horren arabera hautatuko dugu CC lizentzia bat edo beste.
  4. Txertatu al dut nire lanean besteren lanik? Hala bada, material horiek zer lizentzia duten egiaztatu behar dut; izan ere, nire lanari ezarri nahi diodan lizentziarekin gatazka sor dezake horrek (gogoratu aurreko atalean aztertutako infografia, bateragarritasunei buruzkoa).

Alderdi horiek guztiak argi ditugunean, hautatu dugun CC lizentzia ezartzen ahalko diogu geure baliabideari.

Nola ezarri obra bati Creative Commons lizentzia

Gure lanari CC lizentzia ezartzea erabakiz gero, oso erraza da prozesua. Hautatutako lizentzia gure lanean esleitu besterik ez dugu egin behar.

Sortutako materialaren arabera, honako urrats hauek bete beharko ditugu:

Online materiala

Creative Commonsen webgunean material bati lizentzia online ezartzeko tresna bat eskaintzen da (hezkuntza baliabide digitala, bloga, webgunea, PDF aberastua, tresna digitalen bidez sortutako materiala, hala nola eXeLearning, H5p, Genially...)

1. urratsa. Tresnan sartu

Creative Commons tresnan sartuko gara.

2. urratsa. Baldintzak aukeratu

Gure obraren ustiapen eskubideei ezarri nahi dizkiegun baldintzak hautatuko ditugu. Behean, hautatutako baldintzei dagokien lizentzia agertuko da, kultura askeko lizentzia den ala ez adierazita.

2. urratsa: baldintzak aukeratu

3. urratsa. Egileari buruzko datuak osatu (aukerakoa)

Aukeran, datu gehiago sar ditzakegu, gure lana erabiltzen duenak egilearen aipamena egin dezan errazteko.

3. urratsa. Egileari buruzko datuak osatu (aukerakoa)

4. urratsa. Kodea gure materialean kopiatu

Azkenik, txertatu behar den ikonoaren neurria hautatuko dugu (normala / konpaktua), kodea kopiatu eta gure materialean txertatuko dugu (bai hasieran ageri den testua, bai ondoren sortzen den html kodea). Horrela, bilatzaileek erraz zehaztuko dute zein den zure obra babesten duen lizentzia, eta nola nahi duzun aitortua izan.

4. urratsa: Kodea gure materialean kopiatu

Offline materiala

Testu laua ezarriko dugu, hautatutako lizentziaren esteka adierazita (haren ikonoa ere txertatzea komeni da):

Lan honek CC BY-SA 4.0 lizentzia dauka (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0/deed.eu)

Creative Commonsen webgunean eskura dagoen tresna ere erabil dezakegu, 3. urratsean offline materiala dela adierazita eta material mota zehatza identifikatuta (“formatua”).

Creative Commons offline

Kanpoko plataformetan bildutako materiala (YouTube, Vimeo, Flickr...)

Plataforma batzuek aukera ematen dute gure materiala zein lizentziarekin argitaratu nahi dugun hautatzeko (Vimeok, adibidez, CC lizentzietatik edozein hautatzeko aukera ematen du; eta YouTubek CC-BY lizentzia soilik onartzen du, YouTube lizentzia estandarraz gain). Erabiliko dugun plataformak horrelako sistemarik ez badu, lizentzia materialaren barruan txerta dezakegu (dokumentuaren azalean, audio edo bideoaren hasieran…) edo materialaren deskribapenean (CCren tresnaren bidez eskuratutako testu aberastua kopiatuz).

Wikipediaren orri honetan, gure lanak CC lizentziarekin nola markatu ikasteko adibideak ikus ditzakegu, formatuaren arabera (irudia, bideoa, bloga, audioa, aurkezpena…).

GARRANTZITSUA

Gure materialean lizentzia bateragarri ezberdinak dituzten materialak txertatu baditugu (adibidez, CC BY lizentzia duen irudi bat CC BY-SA lizentzia duen material batean), edo JILn aurreikusitako muga eta salbuespenetako bati heldu badiogu (adibidez, copyrighta duen irudi bat erabili badugu aipamen eskubidea argudiatuta), argi eta garbi adierazi behar dugu, inolako nahasmendurik eragin dadin saihesteko moduan. Material bati CC lizentzia bat emateak esan nahi du baldintza berdinen menpe dagoela eduki osoa. Hortaz, elementuren batek lizentzia hori ez badu, argi eta garbi markatu behar da.

Halakoetan, lizentzia orokorrean ohar bat txerta dezakegu, adibidez: "Material honek CC BY lizentzia du, kontrakorik adierazi ezean". Informazio eta gomendio gehiago, Wikipediaren Marking/Creators/Marking third party content orrialdean.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)