Saltatu nabigazioa

Kontzeptuak argitzen

Irakasle gisa eskura ditugun materialak erabiltzeko aukerak aztertzen hasi aurretik, ezagutu beharreko kontzeptu garrantzitsu batzuk argituko ditugu: egile eskubideak, jabari publikoa, lizentzia irekiak eta eduki irekia. Gida honetako hurrengo ataletan modu zabalagoan garatuko dira bai egile eskubideak, bai Creative Commons lizentziak.

Egile-eskubideak, jabari publikoa eta lizentzia irekiakEgile-eskubideak, jabari publikoa eta lizentzia irekiak izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Derechos de autor, dominio público y licencias abiertas infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Esan dezakegu, oro har, sortzaile batek obra sortu duenetik dauzkan eskubideak direla egile eskubideak, zeinak modu esklusiboan ustiatu baititzake epe jakin batean. Behin epe hori amaituta, obra jabari publiko deritzonean sartuko litzateke: egileak obraren sortzaile izaten jarraituko du, baina obra beste edonork ustiatzen ahalko du, haren baimenik gabe. Lizentzia irekien bidez, egileak ustiapen eskubideen esklusibotasuna duen aldi horretan, beste erabiltzaile batzuek obra erabiltzen ahalko dute kasu jakin batzuetan, egileak zehaztutako baldintzetan. 

Jabetza intelektuala eta egile eskubideak

copyright

Jabetza intelektuala zenbait eskubidek osatzen dute ("egile eskubideak" izenekoak), zeintzuek egileari esleitzen baitiote, esklusiboki, bere obren erabilera eta ustiapena.

Egile eskubideak dira obra literario, artistiko edo zientifiko baten sortzaileak obra hori sortze hutsagatik dituen eskubideak, eta, besteak beste, egile gisa aitortzeko edota obra ustiatzeko eskubide esklusiboak ditu berez (obra erreproduzitzea, zabaltzea, aldatzea).

Normalean, "copyright" eta "egile eskubideak" terminoak sinonimo gisa erabiltzen dira. Izan ere, RAE akademiak "egile eskubide" gisa definitzen du "copyright" terminoa. Hala eta guztiz ere, badira ezberdintasun batzuk, eta horien artean aipatzekoak dira termino bakoitzak barne hartzen dituen eskubideen multzoa: "egile eskubideak" kontzeptuak (kultura juridiko kontinentala duten herrialdeetan aplikagarria, Espainian, esaterako) eskubide moralak eta ustiapen eskubideak biltzen ditu, eta "copyright" kontzeptuak, berriz, (kultura juridiko anglosaxoia duten herrialdeetan aplikagarria) ustiapen eskubideak baino ez ditu barne hartzen.

Copyrighta zirkulu baten barruan dagoen C batez irudikatu ohi da; nolanahi ere, gogoan izan behar dugu ez dela beharrezkoa obra batean sinbolo hori agertzea. Hau da, sinboloa ez edukitzeak ez du esan nahi obra horrek egile eskubiderik ez duenik, ezta erregistratuta edo argitaratuta ez dagoenik ere. Lehen esan dugunez, obra orok du, automatikoki, eskubide horien babesa, sortzen den unetik bertatik.

LEGERIA

Egile eskubideen arauketa aldatu egiten da herrialdetik herrialdera, baina badira nazioarteko zenbait itun eta erakunde legediak nolabait harmonizatzeko eta bateratzeko, gero eta globalizatuagoa den mundu honetan horien aplikazioa erraztea helburu dutenak: hala nola Bernako Hitzarmena, Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundea (WIPO) edo Munduko Merkataritza Erakundea.

Nazioarteko itunak

Bereziki interesatzen zaigu Literatura eta Artelanak Babesteko Bernako Hitzarmena, 1886an sinatua eta 1979an azken aldiz berrikusia. Hitzarmen hori 179 herrialdek sinatu zuten, eta, ondoren, beren legeria nazionaletan sartu zituzten bertan adierazitakoak. Hitzarmeneko akordioen artean daude obrak babesteko gutxieneko baldintzak eta babesaren funtsezko hiru printzipioak (WIPO):

  • Tratu nazionalaren printzipioa: Estatu sinatzaile bateko jatorrizko obrek beren herrialdeko obra nazionalen babes bera izanen dute beste estatu kide batzuetan.
  • Babes automatikoaren printzipioa: obrak sortzen diren unetik babestuko dira, aldez aurretik inolako formalitaterik bete beharrik gabe.
  • Babesaren independentzia printzipioa: babesak ez du kontuan izanen obraren jatorrizko herrialdean babesa dagoen ala ez. Salbuespen gisa, estatu sinatzaile batek Hitzarmenean adierazitako gutxienekoa baino babes aldi handiagoa ezartzen badu eta jatorrizko herrialdean obraren babes aldia amaitzen bada, helmugako herrialdean babesa ukatzen ahalko da une horretatik aurrera.

Europako zuzentarauak

Urte hauetan, Europako zenbait zuzentarau argitaratu dira nazio mailako legediak bateratzeko, nazioarteko itunen akordioak aplikatzeko eta sortu diren arazoak konpontzeko.

Hau da argitaratu den azken zuzentaraua: 2019/790 Zuzentaraua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2019ko apirilaren 17koa, merkatu digital bakarrean egile eskubideei eta antzeko eskubideei buruzkoa, eta 96/9/EE eta 2001/29/EE zuzentarauak aldatzen dituena. Horren helburua da, 1. artikuluaren arabera, barne merkatuaren esparruan egile eskubideei eta antzeko eskubideei aplikatu beharreko Batasuneko Zuzenbidea bateratzeko arauak ezartzea, bereziki kontuan hartuta babestutako edukien erabilera digitalak eta mugaz gaindikoak. Ondoren, estatu kideek beren testuinguruan aplikatu beharko dituzte arau horiek. 

Espainiako legeria

Espainian, honek arautzen ditu egile eskubideak: 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 12koa, Jabetza Intelektualari buruzko legearen testu bategina onartzen duena, arlo horretan indarrean dauden lege xedapenak erregularizatu, argitu eta bateratzeko (aurrerantzean, JIL). 

Jabari publikoa

dominio público

Beste muturrean, jabari publikoko obrak daude; horiek ez dute ustiapen eskubideen mugarik, hau da, edozein helburutarako erabiltzeko, eraldatzeko eta banatzeko egoten dira eskuragarri, betiere obraren egiletza eta osotasuna errespetatzen badira (JILren 41. artikulua). Beraz, nahiz eta obra bat jabari publikokoa izatera igaro eta ustiapen eskubideen menpe ez egon, sortzaileak ez du inoiz egile izaera galtzen. Haren egiletza aitortu gabe erabil dezakegu (nahiz eta beti den gomendagarria), baina ezin dugu geuk egindakotzat erabili. Bestalde, obraren osotasuna errespetatzea ere eskatzen da, eta, beraz, ezin da egilearen interes legitimoei kalte egiteko erabili edo eraldatu, ezta obra gisa duen garrantzia galtzeko ere.

Jabari publikoko obren artean daude honako hauek:

  • Ustiapen eskubideak iraungita dituzten obrak, behin JILn ezarritako epea igarota, oro har, egilearen bizitza gehi 70 urte, JILren 26. artikulua, (80 urte 1987ko abenduaren 7a baino lehen hildako egileen kasuan).
  • Ustiapen eskubideei uko egiten dieten obrak, adibidez, Creative Commons CC0 lizentzia baten bidez.

Jabari publikoaren sinboloa ezabatutako copyrighten C batez irudikatu ohi da.

Azpimarratzekoa da jabari publikotzat jotzea ez dela berdina mundu osoan, egile eskubideen iraupena aldatu egiten baita herrialdeko araudi espezifikoaren arabera. Cedroren artikulu honetan, hirugarren herrialdeetako egileei lotuta izan daitezkeen arazoei buruzko informazio gehiago dago eskuragarri.

Lizentzia irekiak

Egile eskubideen bitartez, beraz, egileak beretzat gordetzen ditu bere obra ustiatzeko eskubide guztiak, eta jabari publikoaren kasuan, berriz, ez du bat bera ere gordetzen beretzat. Lizentzia irekiak bi alderdi horien arteko erdibidekoak dira; erabiltzaileek neurri batean eta baldintza jakin batzuetan beste norbaiten obra ustiatu ahal izatea errazten dute, horren gaineko eskubideak noiz amaituko zain egon beharrik izan gabe eta egileari berariazko baimenik eskatu beharrik izan gabe.

copyleft

Copyleft lizentziak 80ko hamarkadan sortu ziren software librearen esparruan, egile eskubideen ondorioz obrak erabiltzeko ezartzen ziren murrizketen aurrean erantzuteko. Legezko tresna bat da, eta erabiltzaileek obra baten aldatutako bertsio guztiak erabili, aldatu eta birbanatu ahal izatea bermatzen du, betiere obra hori erabiltzeko eta zabaltzeko orduan baldintza berberei eusten bazaie.  Horrela ziurtatzen da obra horrek libre izaten jarraituko duela. Terminoak copyright kontzeptuan oinarritutako hitz joko bat erabiltzen du; hau da, "right" (eskuina) ordez "left" (ezkerra) erabiltzen du, eta berau irudikatzeko C erabiltzen da, ezkerrera iraulita. Lehendabiziko copyleft lizentziak (nahiz eta garai hartan oraindik termino hori sortu gabe egon) Richard Stallmanek 1989an Free Software Foundation (FSF) erakundearen barruan eta software librearen mugimenduaren esparruan sortutako GNU GPL (GNU proiektuaren Lizentzia publiko orokorra) lizentziak dira.

     

cc

2001ean sortu ziren lizentzia ireki ezagunenak, Creative Commons (CC) izenekoak, GPLetan eta software librearen mugimenduan oinarrituta. Horiek 6 lizentziatan oinarritutako sistema erraz bat eskaintzen dute, murrizketa-maila eta aplikazio baldintza desberdinekin, egile bakoitzak bere beharren arabera aukera dezan. 

Lizentzia horiek zirkulu batez inguratuta dauden CC inizialez adierazten dira.

Sarbide irekia

Azkenik, "sarbide irekia" kontzeptua argituko dugu, "eskuragarri" kontzeptuarekin nahasten baita maiz. Sarbide irekiaren kasuan, materiala sarean doan eskuragarri egoteaz gain, edozein erabiltzailek aukera dauka "artikulu horien testu osoak irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo lotzeko, edo beste edozein lege helburutarako erabiltzeko, Interneterako konexioa izatetik harago doazen bestelako oztopo finantzario, legal edo teknikorik gabe" (Wikipedia).

eskuragarria Vs irekia
Eskuragarria vs irekia izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Disponible vs Abierto infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Sarbide irekiaren helburua da herritar guztiek informazioa eta ezagutza eskuratzeko aukera handiagoa izan dezaten sustatzea.

Informazio gehiago: DISPONIBLE no es ABIERTO. Qué puedo hacer con los materiales publicados en la red. (Cedec).

Errepasoa

Galdera 1

1. Sarean topatutako material batean adierazita ez badago copyrighta edo lizentziarik daukanik, era askean erabil dezaket.

Galdera 2

2. Egile eskubideen iraupena berdina da herrialde guztietan.

Galdera 3

3. Lizentzia irekia duen material bat libreki erabil daiteke, jabari publikoko obren antzera.

Galdera 4

4. Jabari publikoko obra bat erabiltzen badut, ez dut zertan haren egilea aipatu.

Galdera 5

5. Lizentzia irekiei esker, egileak publikoki laga ditzake egile izate hutsagatik beretzat soilik gordeta dituen eskubideetako batzuk, lizentzian ezarrita dauden baldintzetan eta baimenik eskatu beharrik izan gabe.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)