Saltatu nabigazioa

Nola txertatu materialak?

Atal honetan, hezkuntza materialak sortzean zentratuko gara, eta horiek ilustratzeko, iruzkintzeko edo norberak sortutako edukiekin konbinatzeko kanpoko edukiak txertatzeko aukeran jarriko dugu arreta. 

Lehenik eta behin, erabilera-baldintzak

Hirugarrenen materialak sartu nahi baditugu, lehenik eta behin argi izan behar dugu zer egin dezakegun material horrekin eta zer baldintzatan. Gogora ditzagun arau orokorrak:

Sarean eskuragarri dauden materialakSarean eskuragarri dauden materialak izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Materiales disponibles en la red infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Material horiek Creative Commons lizentzia badute, erraza izanen da erabilera-baldintzak ezagutzea, gida honetan deskribatutakoak. Hala ere, material askok lizentzia ireki pertsonalizatuak dituzte. Kasu horietan, ongi irakurri beharko da zer-nolako lizentzia duten, argi izateko material horiekin zer egin dezakedan eta zer baldintzatan.

CC lizentzia duten materialak

CC lizentzia duten materialak alda daitezke, horietatik eratorritako obra bat sortuz (adibidez, sekuentzia didaktiko bat nire ikasgelara egokitzea); beste material batzuekin konbinatu daitezke, material berri bat sortzeko (adibidez, bideo bat sortzeko audio bat eta irudi batzuk erabiltzea); edo baliabide handiago baten zati gisa sar daitezke (adibidez, apunteak sortzeko irudi bat erabiltzea). Nolanahi ere, beharrezkoa da jakitea CC lizentzia guztiak ez direla elkarren artean bateragarriak; izan ere, lizentzia bakoitzak baldintza zehatz batzuk eskatzen ditu, eta, batzuetan, baldintza horiek bateraezinak dira.

Lizentzien bateragarritasunari buruzko infografia hauek lagungarri izan daitezke puntu honetan.

Material bat egokitzea

Kasu honetan, adierazten digu ea material (jatorrizko obra) baten aldaketa bateragarria den gure lanari aplikatu nahi diogun lizentziarekin (obra eratorria).

Lizentzien bateragarritasuna - egokitzapena
Lizentzien bateragarritasuna - egokitzapena izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Compatibilidad de licencias - adaptación infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago. Honetan oinarrituta: Adapter's license chart, Creative Commons (CC BY); eta Jonathan Poritzen New adaptation status chart egokitzapenean (CC BY-SA)

Esate baterako, CC BY-SA lizentzia duen dokumentu bat egokitu eta obra eratorri bat sortzeko, CC BY-SA lizentzia soilik ezar diezaiokegu gure lanari, lizentzia horrek aukera ematen baitu materiala erabiltzeko, betiere obra eratorriak jatorrizkoaren lizentzia berdina badauka. BY-NC lizentzia duen obra batetatik abiatuz gero, BY-NC, BY-NC-SA edo BY-NC-ND lizentziak ezartzen ahalko dizkiogu gure lanari; izan ere, gainerako aukerak, nahiz eta teknikoki debekatuta ez egon, ez dira komenigarriak, sortzaileak adierazitako baldintzak errespetatu behar ditugu eta.

BY-ND eta BY-NC-ND lizentzien kasuan, ND izateak galarazi egiten du jatorrizko obratik sortutako obra eratorriak banatzeko aukera. Adibidez, ez da gerora banatu nahi den irudi bat moldatzen ahalko.

Bi material konbinatzea

Kasu honetan, adierazten digu ea posible den bi material (A eta B) konbinatzea eta horiekin obra berri bat sortzea.

Lizentzien bateragarritasuna - bateratzea
Lizentzien bateragarritasuna - bateratzea izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Compatibilidad de licencias - combinación infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago. Honetan oinarrituta: Remix license chart, Creative Commons (CC BY); eta Jonathan Poritzen Remix Compatibility Charts egokitzapenean (CC BY-SA)

Taulan ageri denez, bi obra (BY-SA lizentziadun bat eta BY-NC-SA lizentziadun bat) konbinatuta obra berri bat sortu nahi izanez gero, ezinezkoa izanen da, horien bien baldintzetan zehazten baita obra berriak jatorrizko materialaren lizentzia bera izan behar duela. Obrak BY-NC eta BY-SA izanen balira, ez litzateke komenigarria izanen konbinatzea, oso zaila baita horietako bakoitzak obra berriaren gainean ezartzen dituen betekizunak bateragarri egitea.

Aipatu, aipatu, aipatu

Gida honetan behin baino gehiagotan nabarmendu dugu erabiltzen dugun materialaren egilea nor den adierazteak duen garrantzia, bai copyrighta duen materiala bada eta aipamen modura erabiltzen badugu, bai txertatu nahi dugun materialak CC lizentzia duenean ere. Jabari publikoko materialen kasuan ere, nahiz eta egilea nor den adierazteko beharrik ez izan, jardunbide egokia da berau izendatzea.

Baina, nola egiten dugu hori?

Aipamenen estiloak

Lan akademiko edo zientifikoetan aipamenak egon ohi dira testuan zehar, eta erreferentzia bibliografikoak ageri dira amaieran, horiei buruzko informazio zabalagoa emateko. Formatua homogeneizatzeko, dokumentuaren diziplinaren araberako hainbat estilo daude (adibidez, Hezkuntzarako APA estiloa erabiltzea gomendatzen da). Jarraian, zeregin hori erraztu dezaketen zenbait baliabide eskaintzen ditugu:

  • Normasapa.pro-ren dokumentu honetan ikus dezakegu nola egin aipamenak APA estiloan.
  • IVAP - Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen dokumentu hau ere baliagarria izan daiteke, izan ere APA estiloa erabiliz baliabide elektronikoen aipamena nola egin azaltzen du.
  • KnightCite online aplikazioak (ingelesez) formulario baten bidez erreferentzia bibliografikoak sortzen lagun diezaguke. APA, MLA edo Chicago estiloak daude eskuragarri.
  • Zotero kode irekiko aplikazioa lagungarri izan daiteke iturri bibliografikoak bildu, antolatu eta aipatzeko. Gainera, nabigatzailerako plugin bat du, zeinaren bitartez zuzenean aplikaziora bidaltzen baita kontsultatutako webguneetako informazioa.
  • Testu prozesadoreek ere izan ohi dute beren kudeatzaile bibliografiko propioa, eta lagungarri gerta dakiguke zeregin horretan.

Ikasketa akademikoen edo ikerketa azterlanen ordez ikasgelarako hezkuntza baliabideak sortzen baditugu, ez da beharrezkoa estilo horietako bat jarraitzea, baina beti da nahitaezkoa txertatzen edo aipatzen ditugun edukien egilea eta iturria zuzen aipatzea.

Creative Commons

Creative Commons lizentzia duten materialak erabiltzen baditugu ere, egilea nor den aitortu behar dugu (CC lizentzia guztiek horretara behartzen dute). Creative Commonsek ez du erreferentzia egiteko modu bakarra finkatzen, desberdina izanen baita formatuaren, estiloaren, bitartekoaren eta abarren arabera. Hala ere, datu hauek sartzea gomendatzen da:

  • Izenburua: zein da materialaren izenburua?
  • Egilea: nork edo nortzuek sortu zuten materiala?
  • Lizentzia: zer lizentziarekin argitaratu zen? (txertatu lizentziaren testuaren esteka)
  • Iturria: non aurki daiteke materiala? (txertatu jatorrizko materialaren URLa)

Garrantzitsuena da erabili edo moldatu ditugun materialen egiletza esleitzeko orduan arrazoiz jokatzea. Beste egile baten obra bat erabiltzean egiletza ongi esleitu dugun jakiteko, Creative Commonsek geure buruari honako hau galdetzeko gomendatzen du: "Egile horri erakutsi beharko bazenio nola esleitu diozun egiletza, nola sentituko zinateke?" 

Nolanahi ere, material askeak eskaintzen dituzten webgune askok, Pixabay webguneak adibidez, txertatze kodea ematen dute zuzenean esleipenaren testuarekin, erabiltzaileari lana errazteko eta prozesua zuzen egiten dela bermatzeko.

CC lizentzia duten materialen esleipenen adibideak

Jarraian ikusiko ditugu nola esleitu dezakegun material propio batean erabiliko dugun CC irudi baten egiletza, erabileraren arabera:

Jatorrizko materiala

Gure lanean CC lizentzia duen material bat aldaketarik egin gabe txertatzen dugunean, izenburua, egilea, iturria eta lizentzia aipatu behar ditugu. Adibide honetan, Larongak sortutako CC Search irudi bat hartu dugu gure lanean txertatzeko (online materiala), “Gato boncejando” izenburua eta CC BY-SA 2.0 lizentzia dituena.

gatoLaronga. "Gato bocejando" (CC BY-SA 2.0)

Offline materiala izanen balitz, garrantzitsua da lizentziaren URLa agertzea.

Gato
Larongaren "Gato bocejando" (CC BY-SA 2.0) https://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0/deed.eu

Material moldatua

Gure lanean txertatu aurretik materialen bat moldatu nahi badugu, aitortzan adierazi beharko dugu hori ere (eta materialak duen lizentziak horretarako aukera ematen digula ziurtatu). Aurreko adibidearekin jarraituz:

gato b/nLaronga. Gato bocejando (CC BY-SA 2.0) / Jatorrizkoaren saturazioa gutxitua

Obra eratorriak

Obra eratorri bat (obra berri bat beste batetik abiatuta) sortu nahi badugu, hori ere adierazi beharko dugu . Aurreko adibidearekin jarraituz:

gato transformadoC. Valdera. "La llamada de la selva" (CC BY-SA 2.0), obra honetatik abiatuta: "Gato bocejando", Larongarena (CC BY-SA 2.0)

Hemen egiletza aitortzeko jardunbide egoki ugari ikus ditzakegu

APA estiloa erabiltzea erabaki badugu, eta Creative Commons lizentzia duen materiala erabiliko badugu, APA Style webguneko artikulu hau kontsulta dezakegu, nola aipatu azaltzen baita bertan (ingelesez).

Itzulpenak eta egokitzapen lanak, berrikuspenak, eguneratzeak, sintesiak, laburpenak, aterakinak eta obra literario, artistiko edo zientifiko baten edozein eraldaketa [JILren 11. artikulua]; 4. Musika moldaketak; 5. Obra literario, artistiko edo zientifiko baten edozein eraldaketa.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)