Saltatu nabigazioa

Materialen erabileran heztea

Hauxe da galdera nagusia:

Interneten dagoen edozein material erabil dezaket eskoletan? Bada, EZ. Material bat sareetan eskuragarria egoteak ez du esan nahi egile eskubideen menpe ez dagoenik edo askea denik, ezta kopiatu, birbanatu edo aldatu daitekeenik ere.

Irakasle gisa, batzuetan egile eskubideak dituzten materialak erabiltzen ahalko ditugu baldintza zehatz batzuetan. Errazagoa izanen da material horiek lizentzia irekia badute, Creative Commons adibidez, edo jabari publikoko obrak badira. Garrantzitsua da kontuan hartzea material batean bere erabilera lizentziari buruz ezer ez adierazteak ez duela esan nahi librea denik. Guztiz kontrakoa baizik. Material batean bere lizentzia adierazten ez bada, eskubide guztiak erreserbatuta dituela ulertuko da.

Nolanahi ere, ezinbestekoa da jakitea zer diren egile eskubideak, jabari publikoa eta lizentzia irekiak, baita zer baldintzatan erabil daitezkeen, dauden materialak behar bezala erabiltzeko eta legeria betetzeko.

Egile eskubideak eta kultura askea

Jarraian, egile eskubideen jatorriaren eta bilakaeraren errepaso azkarra eginen dugu, baita kultura askearen eta hezkuntza baliabide irekien aldeko mugimenduaren sorrerarena ere, hezkuntza materialak erabiltzeko lizentzien sorreraren eta helburuen testuinguru gisa.

Egile eskubideen jatorria

Historian zehar, obren kopia eta banaketa arautzeko hainbat politika egon dira, baina ez zen 1710. urtera arte sortu egile eskubideen egungo kontzeptua, Ingalaterran Ana Erreginaren Estatutua argitaratzearekin batera. Estatutu horren helburua zen "gizakiak liburu erabilgarriak prestatu eta idaztera bultzatzea". Horrekin batera, egilearen figura aldarrikatzen da, haren obraren gaineko eskubide batzuk aitortzen dizkio eta horien iraupen epea ezartzen du (14 urte), une horretan argitaratzaile eta inprimategien eskuetan zegoen monopolioaren abusuak saiheste aldera. Hala ere, zaila zen egileek beren obren gainean erabakitzea, argitaratzaileak eta inprimategiak baitziren egile batek bere obrak erreproduzitu eta zabaltzeko bitarteko bakarra, eta, beraz, horien boterea izugarria zen oraindik.

Ordutik aurrera, hainbat ekimen, konbentzio eta zuzentarauk eman diote forma gaur egun egile eskubide gisa ezagutzen dugunari (hala nola Bernako Hitzarmenak edo egile eskubideei buruzko Europako zuzentarauek). Horien guztien bitartez, nazio mailako legeria bateratzen saiatu dira, baita egile eskubideen iraupena 70 urtera arte luzatzen ere, egilea Europar Batasunean hiltzen den unetik zenbatzen hasita. Erabaki horietan beti egon da eztabaida bat; izan ere, aurrez aurre jarri izan dira herritarrek kulturara eta ezagutzara iristeko izan beharko luketen aukera unibertsalaren garrantzia eta, aldi berean, egileek, sortzen jarraitzeko motibazio gisa, beren obraren gainean dituzten eskubideak, zeintzuetan nabarmen eragiten baitute lobbyen presioek eta haien interes ekonomikoak.

Kultura askearen mugimendua

80ko hamarkadaren hasieran, ezagutzaren eta kulturaren banaketa askearen beharraren alde borrokatzeko mugimendu bat sortu zen. Mugimendu horren emaitza dira Richard Stallmanek software librearen mugimenduaren barruan sortutako GPL lizentziak (lizentzia publiko orokorra) eta, ondoren, horietan inspiratutako beste lizentzia batzuk, softwareaz bestelako esparruetan aplika daitezkeenak, besteak beste, Lawrence Lessigek sortutako Creative Commons (CC) lizentziak. David Wileyren Open Content Project proiektuak ere lagundu zuen lizentzia horien sorreran, 1998an jada definitzen baitzuen eduki irekia.

Horrela jaio zen "kultura askea" mugimendua. 2003. urtean erabili zen lehendabiziko aldiz termino hori, Informazioaren Gizarteari buruzko Munduko Goi bileran, horrela definituta: "sortze lanak banatu eta aldatzeko askatasuna bultzatzen duen pentsamendu joera da, eduki askearen printzipioan oinarritutakoa, Internet eta bestelako bideak erabiliz sortze lanak edo obrak banatu edo moldatzeko helburua duena" (Wikipedia).

Ezagutza askea hezkuntza arloan: HBIak (hezkuntza baliabide irekiak)

Era paraleloan, aitortu egiten da hezkuntza eremuan ikerketen eta irakaskuntza materialaren edukiek zabalkunde askea eta doakoa izan behar dutela, hezkuntzarako eta bizi osoko ikaskuntzarako eskubide unibertsala bermatzeko bitarteko gisa. Mugimendu horrek 2001ean izan zuen lehen mugarria, Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak bere hezkuntza material guztiak OpenCourseWare (OCW) programaren bidez askatu zituenean. Hori da gerora hezkuntza baliabide ireki deituko denaren jatorria.

UNESCOk 2012an definitu zituen lehen aldiz hezkuntza baliabide irekiak (HBI), Parisko Adierazpenean. Definizio hori 2019an eguneratu da Hezkuntza baliabide irekiei buruzko Gomendioan.

Honako hauek dira HBIak: "Ikasteko, irakasteko eta ikertzeko materialak dira, zeinahi formatu eta euskarritan daudenak, jabetza publikokoak edo egile-eskubideek babestuak, eta lizentzia ireki batekin argitaratu direnak, aukera ematen duena haietara sartzeko, haiek berrerabiltzeko, birmoldatzeko, egokitzeko eta birbanatzeko hirugarrenendako inolako kosturik gabe".

HBIHBI: Hezkuntza Baliabide irekiak izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen REA: Recursos Educativos Abiertos infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

UNESCOk honako hau nabarmendu du gomendio horretan:

"hezkuntza materialei lizentzia irekiak aplikatzeak aukera garrantzitsuak ematen ditu, kostuen arabera, material horiek modu eraginkorragoan sortzeko, eskuratzeko, berrerabiltzeko, birmoldatzeko, egokitzeko, birbanatzeko, kontserbatzeko eta horien kalitatea bermatzeko. Material horien artean daude, besteak beste, itzulpena, kultura eta ikaskuntza testuinguruetara egokitzea, genero ikuspegia duten materialak egitea eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat formatu alternatibo eta eskuragarriak sortzea".

Gomendio honetan, gainera, ikasgelan HBIak erabiltzeak dakartzan onurak aipatzen dira, INTEFen artikulu honetan nabarmentzen direnak:

  • Hainbat metodologiarekin konbinatuta erabiltzeak hezkuntza berritzeko aukera berriak eskaintzen ditu, eta, aldi berean, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan inplikatutako eragile guztien parte hartze aktiboagoa bultzatzen du.
  • Material horiek sortzeko, eskuratzeko, berrerabiltzeko eta egokitzeko aukera berriak sortzea.
  • Eremu honetan eskualde zein mundu mailako lankidetza sustatzea lagungarria izan daiteke sortutako baliabideak eta materialak optimizatzeko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)