Saltatu nabigazioa

Irakasle gisa, zer erabil dezaket?

Egile eskubideen eta salbuespenen, jabari publikoaren eta lizentzia irekien inguruko alderdi guztiak aztertu ondoren, informazio hori guztia laburtu eta zehaztuko dugu, besteen materialekin zer egin dezakegun eta zer ez argitzeko. Alde batetik, materialak erabiltzeko arau orokorra jorratuko dugu, eta, bestetik, irakasle eta ikasleei dagokien kasu zehatza aztertuko dugu.

Arau orokorra

Oro har, eta orain artekoa kontuan hartuta, edozein pertsonak era askean erabil ditzake sarean aurkitzen dituen jabari publikoko materialak (horien egiletza eta obraren osotasuna errespetatuta), baita lizentzia irekia dutenak ere (betiere dagozkien baldintzak beteta). Materialak egile eskubideak edo copyrighta baditu, edo horren inguruan ezer adierazita ez badago, ez dugu erabiltzen ahalko, salbu eta egileak edo eskubideen titularrak berariaz baimena ematen badigu. Gogoan izan, gainera, egile eskubideen kasuan muga eta salbuespenak ezartzen dituela JILk, eta erabiltzaileek horiei heltzen ahal dietela, baldin eta eskatutako baldintzak betetzen badira. Infografia honetan laburbiltzen da zer sar dezakegun oro har gure lanetan.

Sarean eskuragarri dauden materialak
Zer material sar ditzaket nire baliabideetan? izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Qué materiales puedo incluir en mis recursos infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Irakasleak

Hala eta guztiz ere, irakasleen kasuan, gainera, muga espezifiko bat dago egile eskubideei dagokienez, eta salbuespen horri heltzen ahal diote hezkuntza materialak sortzeko orduan edo eskolak emateko orduan.

Orduan, irakasle gisa, zer egiten ahal dugu eta zer ez gure lanaren jardunean?

Ondoren bi taula proposatzen ditugu, laburpen modura; bertan zehazten dira irakasleek materialak sortzeko orduan eta eskoletan materialak erabiltzeko orduan dituzten aukerak eta mugak, kontuan hartuta erabiliko den material mota, emanen zaion erabilera eta dagokion lizentzia. Nolanahi ere, kontuan izan behar da JILn ezarritako mugei eta salbuespenei buruzko zenbait gai interpretazioaren araberakoak izan daitezkeela, eta kasu jakin bakoitza aztertu beharko litzatekeela.

Besteren materiala norberaren obran txertatzea

Besteren material bat norberaren obran txertatu nahi izanez gero, material horrek duen lizentziari erreparatu behar zaio. Ez da inolako arazorik egonen materiala jabari publikokoa bada edo CC lizentzia badu, betiere lizentzian adierazitako baldintzak betetzen baditugu. Materialak copyrighta badu, printzipioz, ez dugu erabiltzen ahalko, salbu eta honako egoera bi hauetako batean bagaude:

  • Egilearen edo ustiapen eskubideen titularraren baimena daukagu.
  • Materialaren erabilerak bete egiten ditu aipamentzat jotzeko beharrezkoak diren baldintza eta betekizunak.

Ondorengo infografian aukera guztiak ageri dira (deskargatu PDF formatuan).

Zer txerta dezaket nire hezkuntza baliabideetan
Zer txerta dezaket nire hezkuntza baliabideetan? izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Qué puedo incluir en mis recursos educativos infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Besteren materiala eskolan erabiltzea

Kasu honetan, aurrekoan bezala, ez dugu mugarik izanen, baldin eta jabari publikoko materialak edo CC lizentzia dutenak erabiltzen baditugu (salbu eta CC lizentzian bertan adierazitakoak). Materialak copyrighta badu, printzipioz, ez dugu erabiltzen ahalko, salbu eta honako egoera bi hauetako batean bagaude:

  • Egilearen edo ustiapen eskubideen titularraren baimena daukagu.
  • Materialak bete egiten ditu hezkuntza jardueren ilustraziotzat jotzeko beharrezkoak diren baldintza eta betekizunak (salbuespena direlarik musika partiturak, erabilera bakarreko obrak –ariketa koadernoak kasu– edo bildumak, zeinak inola ere ez diren erabiltzen ahalko).

Jarraian, infografia baten bidez ilustratuta daude aukera guztiak (deskargatu PDF formatuan).

Zer egin dezaket nire eskoletan?
Zer egin dezaket nire eskoletan? izenburua duen Nafarroako Gobernuaren lan hau (itzulpena, Euskarabideko itzulpen Atala; maketazioa, EIBZ), CEDECen Qué puedo hacer en mis clases infografiaren itzulpena da eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioarteko lizentzia baten mende dago.

Testuliburuen edo eskuliburuen kasuan, aurretik esan dugunez, materialak erreproduzitu edo jendaurrean jakinarazi daitezke, baldin eta obra edo zatia ikasleen eskura jartzen ez bada, hartarako sarbiderik ematen ez bada eta, horrez gain, obra zilegi den eran non eskura daitekeen adierazten bada. Horrek esan nahi du, adibidez, zati baten fotokopia egin dezakegula eskolan erakusteko, baina ezin dugula ikasleen artean fotokopia hori banatu. Ikasgela birtual baten bitartez ere erakusten ahal dugu materiala, baina ezin dugu obra posta elektroniko bidez bidali, hartarako sarbidea ematen ariko baikinateke horrela.

Ikasleak

Hezkuntza jarduerak ilustratzeko salbuespenak irakasleei baino ez zaizkie aplikatzen; beraz, ikasleek arau orokorra bete behar dute eskuragarri dauden materialak erabiltzerakoan. JILn zehaztutako gainerako muga eta salbuespenei ere heltzen ahal diete, hala nola aipamen eskubideari, baldin eta ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen badituzte.

Bestalde, ikasle batek, beste edozein sortzailek bezala, ustiapen eskubide guztiak izanen ditu beretzat, baldin eta JILren xede izateko baldintzak betetzen baditu (sorkuntza literario, artistiko edo zientifikoa, edozein bitarteko edo euskarriren bidez adierazia). Beraz, material hori erreproduzitzeko, eraldatzeko edo jendaurrean jakinarazteko ikaslearen berariazko baimena eskatu behar da.

Nolanahi ere, funtsezkotzat jotzen dugu ikasleek egile-eskubideei buruzko araudia eta informazioa erabili eta argitaratzeko lizentziak ezagutzea, ikasleek garatu beharreko funtsezko gaitasunen parte baitira; hala dago zehaztua Ikasleek oinarrizko irakaskuntza bukatzean izan beharreko irteera profilean. Ikasleak zer material erabil dezakeen jakiteko ez ezik, berak sortzen dituen materialen lizentziak egiteko ere beharrezkoa da, egile gisa dituen eskubideak modu egokian kudeatzeko eta kultura askeari modu kontzientean laguntzeko.

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)