Saltatu nabigazioa

Eztabaidak

Gaur egun, zientzian irekita daude biziari buruzko funtsezko kontuak, eztabaida eta teoria askorekin. Adibidez, noiz eta zer baldintzatan sortu zen bizia beste planeta batzuetan, laborategi batean bizia sor daitekeen... Galdera horiek eta beste batzuk planteatzen eta erantzunak bilatzen dira; izan ere, pentsamendu zientifikoak ez ditu kontuan hartzen agerkundeak, dogmak edo egia eztabaidaezinak, erlijioen moduan, eta ebidentziatan oinarritzen da. 

Eztabaidak
mary1826. Eztabaidak (Jabari publikoa)

Ikerketa-taldeen arteko eztabaidak lagungarriak dira zientzian eta gizartean aurrera egiteko; izan ere, ikerketa zientifikoek aplikazio praktiko ugari izan ditzakete, eztabaida etikoekin lotuta. Adibidez, gai izango bagina bizia modu artifizialean sortzeko... Zertarako erabiliko genuke? Eta, beste planeta batean bizia aurkituko bagenu... Nolakoa izango litzateke? 

Ataza: Irakurgai eztabaidagarriak

Iraupena:
1,5 saio
Taldekatze:
Binaka
Burua
Mohamed Hassan. Burua (Jabari publikoa)

Bi eztabaida zientifiko landuko ditugu:

  1. Bizia sor daiteke laborategian?
  2. Ba al dago bizi estralurtarrik?

Klasea bi talde handitan banatuko da, eta bakoitzak irakurgai bat irakurriko du. 

  1. Banaka, egokitu zaigun irakurgaia irakurri eta ulertuko dugu.
  2. Irakurri aurretik, izenburua aztertuko dugu. Zer esaten digu edukiari buruz? Zer dakit gai horri buruz? Erabat berria da niretzat? Gaur egungo beste batekin lotu dezaket? Gure koadernoan idatziko dugu.
  3. Testua irakurriko dugu arretaz; ulertzen ez ditugun hitzekin zerrenda bat egingo dugu, eta esanahia bilatuko dugu.
  4. Amaitu ondoren, testuko ideia nagusiak antolatuko ditugu eta laburpen bat prestatuko dugu, ondoren ikaskide bati kontatzeko.
  5. Bikoteka jarriko gara, beste irakurgaia duen ikaskide batekin. Bakoitzak, ordenan, bere laburpena kontatuko du, besteak ondo ulertzeko moduan.
  6. Bien artean, irakurgaiari buruz interesgarriak iruditzen zaizkien 8 galdera idatziko dituzte. Galderen zerrenda irakasleak emango digun kutxa batean sartuko dugu.
  7. Irakasleak galdera onenak aukeratuko ditu eta berri batzuk gehituko ditu: ondoren, galderen lehiaketa bat prestatuko du multimedia-galdetegi batean. Klasean, lehiaketa bat egingo dugu bikoteka, eta bikote bakoitzak mugikor bat izango du. Galdera gehien erantzuten dituen bikoteak irabaziko du.

Hauek dira erabiliko ditugun irakurgaiak: “Bizia sor daiteke laborategian?” eta “Ba al dago bizi estralurtarrik?”. 

Bizia sor daiteke laborategian?

XVII. eta XVIII. mendeetako eztabaida handienetako batek aurrez aurre jarri zituen bi pentsamendu-korronte: bitalismoa eta mekanizismoa.

Bitalistek uste zuten izaki bizidunek ez zituztela jarraitzen lege fisikoak, baizik eta lege bereziak; beraz, uste zuten arrakala zeharkaezin bat zegoela materia bizigabe edo inorganikoaren eta materia bizidun edo organikoaren artean, eta horren jatorria zela bizi‑eragin baten vis vitalis bat. Hein batean, pentsatzeko modu hori  Aristótelesek finkatu zuen.

Beste korrontea, mekanizismoa, Descartesek gidatu zuen, eta, haren arabera, giza gorputzaren jarduera guztiak naturaren lege fisiko eta kimiko berdinek arautzen dituzte. Gainera, korrontearen arabera ez zegoen alderik bizidunen eta bizigabeen artean. Adibidez, odolaren zirkulazioa eta ibaiak fluidoen lege berdinekin azaltzen ziren, eta, ondorioz, ez zegoenez alderik, biziak jatorria izan zezakeen elementu bizigabeetan.

XVIII. mendearen amaieran, kimikak ulertu zuen Lurreko substantzia guztiak elementuz daudela osatuta: halaber, ikusi zuten izaki bizidunak osatzen zituztenak hauek zirela nagusiki: karbonoa, oxigenoa, hidrogenoa eta nitrogenoa. Hala ere, ez zuten lortu deszifratzea materia horien konbinazio harrigarriak eta proportzio misteriotsuak. Hori dela eta, ezinezkoa zen laborategi batean substantzia organikoak sortzea, eta uste zuten “bizi-indar” misteriotsu batek bereizten zituela produktu naturalak eta laborategi batean fabrika zitezkeenak.

Teoria horren defendatzaile sutsuenetako bat izan zen Jöns Jacob Berzelius  kimikari suediar ezaguna (1779 – 1848). Zientzialari hori autoritate bat zen garai hartan, kimikari ekarpen garrantzitsuak egin baitzizkion. Paradoxikoki, Berzeliusen ikasle batek, Friedrich Wöhler (1800 – 1882) kimikari alemanak, ukatu zuen teoria bitalista. 1824an amaitu zituen ikasketak Berzeliusekin, Stockholmen, eta, lau urte geroago, Berlinen, organismo bizidunek egindako produktu bat sintetizatzea lortu zuen laborategian: urea.  Substantzia hori gizakien eta animalia askoren gernuan agertzen da, baita landare batzuetan ere.

Sintesi horri esker, Wöhlerrek bitalisten argudio nagusiak ukatu zituen. Aurkikuntza zientziaren urte-liburuetan jaso zen kimikako mugarri garrantzitsuenetako baten moduan. Aurkikuntzak sekulako bultzada eman zion kimikari: izan ere, geroztik, substantzia organiko konplexuago batzuk sintetizatzen hasi ziren.

Beraz, ez da berria gizakiaren grina bizi artifiziala fabrikatzeko, baina biologia sintetikoko aurrerapenek mahai gainean jarri dute berriro galdera hau: zenbateraino asma daiteke bizi edo izaki bizidun berri bat?

Zientziak erantzun sinplea ematen dio galdera horri: «ez dago funtsezko arrazoirik aukera hori ukatzeko». Prozesu horren konplexutasuna beste kontu bat da: izan ere, bizia sortzea aipatzen denean, ez du esan nahi klonatzea, baizik eta beste mota bateko zelulak berriro diseinatzea.

Laborategi batzuetan aldaketa sakonak ari dira egiten zelula-jokabidean, eta badaude azterlan esperimental aurreratuak sistema kimikoen eraikuntzan: azken horiek biziak planetan egindako lehen urratsak imitatzen saiatzen dira. Hala ere, oraindik ere erronka handia da zelulen funtzionamendua ulertzea, berriro diseinatu edo osorik fabrikatzea lortu arte.

Iturria: Pilar Etxebarria eta Elvira Gonzálezek egindako testua, artikulu hauetan oinarritua:

Ba al dago bizi estralurtarrik?

Hau da egungo zientziaren eztabaida zirraragarrienetako bat: ba al dago bizirik hor kanpoan?.

Gizaki askok uste dute unibertsoa biziz beteta dagoela, baita zibilizazio teknologikoz ere. Hori paradoxikoa da, kontuan hartuta ez dugula inolako ebidentziarik; ez gara gai izan azaltzeko nola sortu zen bizia gure planetan. Hala ere, batzuek ideia sinple baten alde egin dute: Lurra ez da toki pribilegiatua unibertsoan. Bizia eta gizakiok sortu bagara ezaugarri berezitasunik eta ezohiko izaerarik gabeko planeta, eguzki-sistema eta galaxia batean, zergatik ez beste edozein tokitan? Aurkitu dezakeguna bilatzen dugu, eta ezerk ez du eragozten duela 3.800 milioi urte gure planetan biologia sortu zuten erreakzio kimiko horiek beste toki batzuetan ere gertatu izana. Badakigu Lurra ez dela planeta berezi bat. Geologiari, kimikari eta izarrarekiko distantziari dagokienez, nahiko arruntak gara, eta ohiko galaxia bateko ohiko izar baten inguruan gaude. Beraz, ezerk ez du eragozten beste toki batzuetan ere bizia egotea. Erronka da hori aurkitzea, noski; ondorioz, gai izan behar gara teknologiaren bidez Lurretik kanpoko prozesu horiek hautemateko.

Hala ere, gaur arte bizi estralurtarra bilatzeko saiakerek ez dute topatu froga eztabaidaezinik. Astronomoen arabera, orain arte SETI proiektuek (adimen estralurtarraren bilaketa) igerileku baten bolumenaren baliokidea aztertu dute soilik, Lurreko ozeanoekin alderatuta.

Baina, kosmoseko biziari buruzko aurrerapen esanguratsuenak argitu ahal izateko, lehenik bizia definitu behar dugu. Hori da, zalantzarik gabe, espazioan bizia bilatzeko prozesuaren ahulgunerik handiena. Gai izango ginateke bigarren bizi-adibide bat hautemateko planetatik kanpo? Mekanismo molekular berdinak erabiltzen dituzte?

Ez dakigu topatuko ditugun izaki bizidunak DNAn edo karbonoan oinarrituko diren. Horregatik, bi ikerketa-ildo argi daude: “bizi oinarrizkoena bilatzea edo adimen handiago bat bilatzea”.

Fermi-ren paradoxa eta Drake-ren formula.

Fermi eta Drake zientzialariek saiakerak egin zituzten bizi estralurtar horren probabilitatea ezagutzeko. Fermik paradoxa esplizitu bat egin zuen: milaka milioi aukera badaude gizarte adimendunak existitzeko, non sartu dira?

Drakek zifrak jarri zizkion paradoxari. Haren formula “milaka milioi aukera” horiek zenbatzen saiatzen da, dozena erdi parametro baino gehiago aintzat hartuta. Haren arabera, gure ingurunean, “bereziki” gertukoan, “gurekin harremanetan jar daitezkeen hamar zibilizaziora arte daude”.

Planteatzeko moduaren arabera, zifrek zibilizazio bakarra edo hamarnaka milioi islatu ditzakete. Astrobiologoen arabera, estatistikaren ikuspuntutik “ezinezkoa da Unibertsoan bizirik ez egotea”. Askoren ustez, eta Stephen Hawking-ek ere hala uste zuen, oso zuhurrak izan behar dugu; izan ere, zibilizazio horiek “arriskutsuak” izan litezke, gu baino milaka milioi urte aurreratuagoak izan daitezkeelako. Beraz, litekeena da oso boteretsuak izatea, eta gu haientzat ez izatea preziatuagoak bakterioak guretzat baino.

Iturria: Pilar Etxebarria eta Elvira Gonzálezek egindako testua, artikulu eta hedabide hauetan oinarrituta:

 

 

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)