Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

 “Ohitura osasungarriak ikertzen” DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgairako eginiko “Ikertzen” saileko zazpigarren eta azkeneko proposamen didaktikoa da.

Ohikoa den moduan, HBI honetan ikasleentzat motibatzaileak diren eta, ahal dela, ikerketa zientifikoko prozesu bat barne hartzen duten erronkak proposatzen ditugu (behatzea, planifikatzea, informazioa bilatzea, esperimentatzea, emaitzak aztertzea, ondorioak ateratzea eta komunikatzea). 

Esan bezala, Biologia eta Geologia irakasgairako sailean, kontuan izan dugu irakasgaiaren berezitasuna; izan ere, sail horretako prozesuak luzeagoak dira denborari eta espazioari dagokienez, eta, ondorioz, zailagoa da horiek laborategiko lan baten bidez ikertzea, Fisika eta Kimika irakasgaian egin daitekeen bezala. Horrenbestez, ikuspegi desberdina eman behar zaie Inquiry Based Learning metodologian oinarrituta lantzeko. 

Deskargatu odt formatu editagarrian eta pdf formatuan

Askotariko erronkak proposatzen ditugu: landako eta laborategiko ikerketa esperimentaleko jarduerak, dokumentalak, irakurgaiak, bideoekin egiteko lanak, eztabaidak, etab. Erronka horiek beti dute egitura bera: ebalua daitekeen azken ekoizpen batera bideratutako ikaskuntza-egoerak dira, eta ikasleentzat erronka izan behar dute, betiere curriculumeko edukiak testuinguruan jarriz. Erronka gehienak lankidetza-dinamiken bidez egiten dira. Lankidetzan zein banaka lortutako emaitzak amaierako produktu batera bideratuta daude: portfolio pertsonal osasungarria. 

Proposamen didaktiko hau, aurrekoetan gertatu bezala, “egitura pikortu” baten araberakoa da. Pikorrak dituela esaten da HBI honen egitura proposatzen ditugun ikaskuntza-helburuen araberakoa delako, baina, aldi berean, hori osatzen duten edukien izaera eta antolamendua nabarmen alda daitezkeelako. Gainera, badaude ezagutza-arlo desberdinetan errepikatzen diren gaiak, eta horrek aukera ematen du HBI hau osatzen duten eduki batzuk beste irakasgai batean berriro lantzeko. Hori dela eta, hainbat irakasgaitan konbinatu eta berrerabil daitezkeen erronkak proposatzen dira, HBIa optimizatzeko. Horrek eragin zuzena du HBIaren berrerabilgarritasun didaktikoan, bai eta trukatzeko aukeran ere.  Pikor-erako itxura hori erronkek ematen digute; horiei esker, irakasleentzat errazagoa da metodologia hau erabiltzea, HBIaren batasuna albo batera utzi gabe.

Irakasleari begira, erronka horietako bakoitza konpetentziatan oinarritutako ikaskuntzarako egoera bat izan daiteke. Erronken helburua da irakasleei ideiak ematea, zuzenean eskoletan aplikatzeko edo beren programazio didaktikora egokitzeko. Dena den, proposatutako egitura, bere kabuz, ibilbide didaktiko bat izan daiteke, ikaskuntza-proiektu bat; izan ere, gaiaren oinarrizko ezagutza guztiak barne hartzen ditu eta gaia globalizatzen duen azken produktu bat dauka zehaztuta.

Bukatzeko, aipatu nahi dugu erronka hauek zuzenean daudela lotuta beste STEAM irakasgai batzuekin, hala nola matematikak, teknologia edo artea. Bestalde, osasunaren gaia zeharkako edukia da, eta ezin da zientziaren eremutik soilik jorratu; izan ere, curriculumaren bestelako eremuetatik osatu behar da, hizkuntzatik, etikatik edo gizarte-zientzietatik, besteak beste. Horri esker, diziplina anitzeko ibilbidean sar daiteke. 

CURRICULUM-ERREFERENTZIAK

HBI honen bidez, martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuanean zehaztutako konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko jakintzak garatzen dira. Errege Dekretu horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko antolamendua eta ikaskuntzak ezartzen ditu, eta gero autonomia-erkidego bakoitzak bere erkidego-mailako dekretuen bidez garatu behar ditu.

Oinarrizko konpetentziak

  • Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia (HKK)
  • Matematika, zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia (STEAM)
  • Konpetentzia digitala (KD)
  • Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa (KPSII)
  • Konpetentzia zibikoa (KZ)
  • Ekimenerako konpetentzia (EK)
  • Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK)

Konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak

1. konpetentzia espezifikoa: informazio eta datu zientifikoak interpretatzea eta zabaltzea, eta horiek arrazoitzea, biologia- eta geologia-zientzietako kontzeptuak eta prozesuak aztertzeko hainbat formatu erabiliz

Ebaluazio-irizpideak
1.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako kontzeptuak eta prozesuak aztertzea, formatu desberdinetan emandako informazioa interpretatuz (modeloak, grafikoak, taulak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, webguneak...), jarrera kritikoa erakutsiz eta ondo oinarritutako ondorioak ateraz.

1.2. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin zerikusia duen informazioa errazago ulertu eta aztertzeko bideak ematea, argi transmitituz; horretarako, terminologia eta formatu egokiak erabili behar dira (modeloak, grafikoak, taulak, bideoak, txostenak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, eduki digitalak...).

1.3. Fenomeno biologiko eta geologikoak modelo eta diagramen bidez aztertzea eta azaltzea, eta, beharrezkoa bada, ingeniaritza-diseinuko urratsak erabiltzea (arazoa identifikatzea, esploratzea, diseinatzea, sortzea, ebaluatzea eta hobetzea).

2. konpetentzia espezifikoa: informazioa identifikatzea, lokalizatzea eta aukeratzea; informazioaren egiazkotasuna egiaztatzea; eta informazioa modu kritikoan ebaluatzea, biologia- eta geologia-zientziekin zerikusia duten galderei erantzuteko.

Ebaluazio-irizpideak

2.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako zalantzak argitzea; horretarako, informazioa lokalizatu, aukeratu eta antolatu egin behar da, iturriak behar bezala erabiliz eta aipatuz.

2.2. Oinarri zientifikoa duen informazioa identifikatzea, eta sasizientzietatik, gezurretatik, konspirazio-teorietatik, asmatutako sinesmenetatik eta halakoetatik bereizten jakitea, baita halako teorien aurrean jarrera eszeptikoa izatea ere.

2.3. Batetik, dagokion balioa ematea zientziak gizarteari egiten dion ekarpenari eta zientzian aritzen diren pertsonei, beren etnia, sexua edo kultura edozein dela ere; eta, bestetik, emakume zientzialarien paperari aitorpena egitea eta ikerketa etengabe aldatzen ari den lan kolektibo eta diziplinarteko gisa ulertzea.

3. konpetentzia espezifikoa: Ikerketa-proiektuak planifikatzea eta garatzea, zientziak berezko dituen metodologietako urratsei jarraituz eta, behar denean, lankidetzan arituz, geologia- eta biologia-zientziekin zerikusia duten alderdiak sakon aztertzeko.

Ebaluazio-irizpideak

3.1. Metodo zientifikoak erabiliz erantzun edo egiaztatu daitezkeen galderak eta hipotesiak planteatzea, eta fenomeno biologiko eta/edo geologikoak azaltzen saiatzea eta horiei buruzko iragarpenak egitea.

3.2. Fenomeno biologiko eta geologikoen esperimentazioa, datu-bilketa eta analisia diseinatzea, galdera zehatzei erantzun eta planteatutako hipotesi bat egiaztatu ahal izateko.

3.3. Esperimentuak egitea eta fenomeno biologiko eta geologikoei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatiboak biltzea, beharrezko tresna edo teknikak modu egokian erabilita.

3.4. Ikerketa-proiektuan lortutako emaitzak interpretatzea; horretarako, tresna matematiko eta teknologikoak erabil daitezke, behar denean.

3.5. Proiektu zientifiko txiki baten barruan lankidetzan aritzea, funtzio jakin bat bere ardurapean hartuz, behar denean espazio birtualak erabiliz, dibertsitatea eta genero-berdintasuna errespetatuz eta inklusioa ahalbidetuz.

3.6. Landako esperimentazioaren eta behaketaren bidez eskuratutako informazioa eta ondorioak aurkeztea, formatu egokia erabiliz (taulak, grafikoak, txostenak, etab.), eta behar denean tresna digitalak ere erabiliz.

4. konpetentzia espezifikoa: arrazoiketa eta pentsamendu konputazionala erabiltzea problemak ebazteko edo biologiarekin eta geologiarekin lotutako eguneroko prozesuak azaltzeko, erantzunak eta soluzioak modu kritikoan aztertuz eta, behar izanez gero, prozedura birformulatuz.

Ebaluazio-irizpideak

4.1. Problemak ebaztea edo prozesu biologiko edo geologikoei azalpena ematea, honako hauek erabilita: norberaren ezagutzak, emandako datuak eta informazioa, arrazoiketa logikoa, pentsamendu konputazionala edo baliabide digitalak.

4.2. Fenomeno biologiko eta geologikoekin lotutako problema baten soluzioa modu kritikoan aztertzea.

5. konpetentzia espezifikoa: ekintza jakin batzuek ingurumenean eta osasunean dituzten ondorioak aztertzea, zientzia biologikoak eta Lurraren zientziak oinarri hartuta, ingurumenari eragindako kalteak saihestu edo gutxituko dituzten ohiturak sustatzeko eta hartzeko.

Ebaluazio-irizpideak

5.1. Zientzian oinarrituta, honako kontzeptu hauek erlazionatzea: biodibertsitatearen zaintza, ingurumenaren kontserbazioa, inguruneko izaki bizidunen babesa, garapen jasangarria eta bizi-kalitatea.

5.2. Ohitura jasangarriak proposatzea eta hartzea, eta geure jarreren eta gainerakoenen azterketa kritikoa egitea, norberaren arrazoiketak, eskuratutako ezagutzak eta eskuragarri dagoen informazioa erabilita.

Oinarrizko jakintzak

DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgaiko bloke hauetako oinarrizko jakintzak (oinarrizko ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak) lantzen dira:

A. Proiektu zientifikoa

  • Hipotesia, galderak eta usteak: ikuspegi zientifikoarekin planteatzea.
  • Informazioa bilatzeko, lankidetzan aritzeko eta prozesu, emaitza edo ideia zientifikoak jakinarazteko estrategiak: tresna digitalak eta zientzian ohikoak diren formatuak (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena, etab.).
  • Informazio zientifikoaren iturri fidagarriak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Galdera zientifikoei erantzuna ematea esperimentazioaren eta landako lanaren bidez: modu egokian erabiltzea beharrezko tresnak eta espazioak (laborategia, ikasgelak, ingurunea, etab.).
  • Modelaketa erabiltzea naturako prozesu eta elementuak aurkezteko eta ulertzeko.
  • Fenomeno naturalak behatzeko eta horien datuak biltzeko metodoak.
  • Prozesu, emaitza edo ideien komunikazioa, hainbat formatu analogiko nahiz digitaletan (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena…).
  • Emaitzak analizatzeko metodoak. Emaitzen analisia pentsamendu logikoaren bidez.
  • Lan zientifikoa eta zientzian aritzen diren pertsonak: biologia- eta geologia-zientziei egiten dieten ekarpena eta horrek gizartearentzat duen garrantzia. Emakumeak zientzian duen papera.

E. Ekologia eta jasangarritasuna.

  • One Health (osasun bakarra): ingurumenaren, gizakien eta beste izaki batzuen osasunaren arteko harremana.

G. Ohitura osasungarriak

  • Ohitura osasungarriak: osasun fisikoa, mentala eta soziala zaintzeko duten garrantzia (osasun-, higiene-, eta elikadura-adierazleak, jarrera-ohiturak, teknologia berrien erabilera arduratsua, jarduera fisikoa, emozioen autoerregulazioa).

H. Osasuna eta gaixotasuna. 

  • Gaixotasun infekziosoen kontzeptua: etiologiaren arabera desberdintzea. 
  • Gaixotasun infekziosoak prebenitzeko neurriak, gaixotasuna sortzen duten agenteen arabera.
  • Izaki bizidunengan antibiotikoak ondo erabiltzearen garrantzia.
  • Txertaketak duen garrantzia gaixotasunak prebenitzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Ibilbidea

En la siguiente tabla se muestra el itinerario didáctico del REA:

FASEA:  OSASUNAREKIN BUELTAKA
ATAZAK HELBURUAK SAIOAK
Osasunaren kontzeptua.
  • Osasuna ohiko terminoa da gure elkarrizketetan. Hala ere, gutxitan hausnartu dugu osasunaren esanahiari buruz. Osasuna terminoa testuinguruan jartzen saiatuko gara. Osasuna kontzeptuaren bilakaera aztertuko dugu, gaur egungo ikuskerara heldu arte; halaber, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako definizioa aztertuko dugu.

  • Era guztietako gaixotasunak (horietako batzuk sendaezinak) prebenitu eta sendatzeko eta irudi fisikoa hobetzeko iragartzen diren “mirarizko” produktuen inguruan eztabaidatuko dugu. Publizitateak eta unibertso zientifikoarekiko paraleloa den “unibertso pseudozientifikoak” duten papera aztertuko dugu; izan ere, ez dute betetzen benetako zientzian egon behar diren balioen, portaeren edo jardunbide egokien araurik.

  • Testu bat lankidetzan irakurriko dugu One Health kontzeptura iristeko. Kontzeptu horrek dio gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna elkarren mendeko direla eta koexistitzen diren ekosistemetara lotuta daudela. Efektu-kate desberdinak aztertuko ditugu.

  • Gure portfolioan jasoko dugu.

3,5 saio
Profil osasungarria
  • Gure ohitura osasungarriak aztertuko ditugu bideo baten eta galdetegi baten laguntzaz, eta ondorioak aterako ditugu. Horiek kontuan hartuta, plan pertsonalizatu bat prestatuko dugu gure osasuna zaintzeko.

  • Gure portfolioan jasoko dugu.

Saio 1
Osasun-adierazleak (1) eta (2)
  • Erronka honetan, osasun-adierazleetako batzuk ezagutuko ditugu, eta proba errazen bidez neurketak egiteko erabiliko ditugu. Gure birika-edukiera neurtzeko tresna sofistikatuago bat ere sortuko dugu.

  • Halaber, jarduera fisikoa egiten dugunean gure bizi-konstanteetan hauteman daitezkeen aldaketak aztertuko ditugu. Lortutako datuekin, grafikoak egin eta emaitzak interpretatuko ditugu; ondoren, ikasgelan ahozko aurkezpen baten bidez partekatuko ditugun ondorioak lortuko ditugu.

  • Gure portfolioan jasoko dugu.

4 saio 
FASEA: PORTFOLIO OSASUNGARRIA
ATAZAK HELBURUAK SAIOAK
Mikrobioak eta ni (1)
  • Gure etxeko sukaldean ikertuko dugu, mikroorganismo ugari baitaude bertan. Hortaz, kontuan izan behar dugu bereziki zaindu behar ditugula higiene-baldintzak bertan (ogia, mikrobio-lorategia, sagar baten kontserbazioa, onddoak lupa azpian). Txosten zientifikoa idatziko dugu.

  • Mikroorganismoak edonon daudela ikusi ondoren, mikroorganismoak transmititzea ekiditen duten higiene pertsonaleko ohiturak zaintzearen garrantzia ikertuko dugu, zehatzago aztertuz bostekoak, doministikuak eta txantxarrak.

  • Izan ditugun gaixotasun infekzioak eta horiek sortu dituzten agenteak aztertuko ditugu. Antibiotikoen eta txertoen papera aztertuko dugu, eta horiek kasu desberdinetan erabiltzeko gomendioak bilduko ditugu.

  • Antibiotikoekiko erresistentziaren arazoa aztertuko dugu, eta zenbait baieztapen aztertuko ditugu, eskemako “One Health” delakoaren esferetakoren batean jarrita.

  • Txertoei buruz ikertuko dugu, eta COVID-19aren pandemian txertoa jarri zutenen eta txertorik jarri ez zutenen datuak aztertuko ditugu; gero, ondorioak aterako ditugu. Eztabaida bat egingo dugu.

  • Gure portfolio pertsonalean jasoko dugu.

6 saio +etxeko lana
Homo obesus
  • Gure elikadura osasungarriaren indizea (EOI) kalkulatuko dugu. Horri esker, dietaren kalitatea eskalen bidez neurtu ahal izango dugu, astean jaten ditugun elikagaien ahorakina puntuatuz. Hortaz, idatziz jaso behar dugu astean zehar jaten dugun guztia, eta EOIak ezartzen dituen irizpideekin alderatu.

  • “Master chef” osasungarriak izango gara, eta, horretarako, plater orekatu bat prestatuko dugu.

  • Kontsumitzen dugun azukre kopurua ikertuko dugu, eta gure dietan azukrea murrizteko plan bat prestatuko dugu.

  • Gure portfolio pertsonalean jasoko dugu.

2 saio +etxeko lana
Jarrera kontua (3)
  • Gure metabolismo basala (MB) eta jardueragatiko energia-gastua kalkulatuko ditugu, jarduera-faktorearen arabera. Gure JEGa kalkulatu eta portfolioan jasoko dugu.

  • Gure jarrera-ohiturak aztertuko ditugu eta jarrera hobetzeko helburuak jasoko ditugu gure portfolioan.

  • Gure motxilen batez besteko pisua kalkulatu eta behar bezala eramaten ditugun egiaztatuko dugu. Ondoren, denon artean ikasgelan partekatuko dugu.

  • Testu bat lankidetzan irakurri ondoren, zerrenda batean jasoko ditugu mugikorrak gehiegi erabiltzeak eragiten dituen efektu fisikoak eta portaerari lotutako ondorioak. Nerabe bati mugikorra kentzen zaionean gertatzen denari buruzko esperimentu sozial baten bideoa ikusiko dugu, eta horri buruz eztabaidatuko dugu.

  • “Desconectar para conectar” izeneko bideoa ikusi ondoren, antzeko egoeraren bat planteatu, antzeztu, argazkiak egin eta hauteman ditugun portaera arriskutsuak idatziz jasoko ditugu. Argazki guztiekin, erakusketa bat egingo dugu.

  • Gure portfolioan, “egun bat nire mugikorrarekin” izeneko galdetegia erantzungo dugu.

4,5 saio +etxeko lana
Kanpotik eta barrutik (4)
  • Elkar ezagutzea; onartzea; desberdinak garela aitortzea; elkar errespetatzea; horren balioa azpimarratzea; ideiak, sentimenduak, nahiak eta interakzio positibo eta kalitatezkoak trukatzea… Horiek guztiak tresna garrantzitsuak dira pertsona eta talde osasungarriak garatzeko.  Gai horiek ikuspuntu zientifikotik jorratzeko atazak egingo ditugu. Hasteko, gorputzaren gurtza eta publizitatearen eta sare sozialen papera aztertuko ditugu, besteak beste, eta, ondoren, pertsonen osasunean duten eragina aztertuko dugu, elikadura-nahasmendu batzuk aztertuz Edertasun-kanonak eta errealitateak aztertuko ditugu, eta edertasunaren definizioa landuko dugu gure portfolioan.

  • Jarduera batzuk egingo ditugu tabakoaren eta alkoholaren arriskuak kontuan hartzeko (botila erretzailea, etxean egindako alkoholimetroa…)

  • Edari energetiko deitutakoen energia ikertuko dugu, eta ondorioak aztertuko ditugu.

  • Hasierako pausuak emango ditugu gure emozioak ezagutu eta kontrolatzeko, eta bakoitzak “asteko grafiko emozionala” sortuko du. 

5,5 saio + etxeko lana
Ni neu
  • Jaso dugun informazio guztia gure portfolioan antolatu eta osatuko dugu; ondoren, infografia bat sortuko dugu, gure ukitu pertsonala emateko
2 saio

(1) Neurketa guztiak datu estandarren arabera egingo dira. Kontuan hartu behar dugu DBHko 1. mailako ikasleak nerabeak direla, eta behin eta berriro azpimarratuko da aldaketak egon daitezkeela.

(2) Proposatutako esperimentuekin, errazak izan arren, metodo zientifikoa lantzea dugu helburu, eskema klasikoenean (hipotesia, esperimentazioa…), baina baita zientzian lan egiten duten pertsonek emaitzak eta iritziak partekatzen dituztela erakusteko ere.

Gaixotasun infekziosoei buruzko informazioa bilatzeko jardueraren erantzuna:

GAIXOTASUNA BAKTERIOAK BIRUSAK
Hepatitisa

X
Gripea X
Salmonellosia X
Baztanga X
IHESA X
Pneumonia X
Kolera X
Elgorria X
Tetanosa X
Barizela X
Errubeola X
Tuberkulosia X
COVID-a X

(3) Jarrera-ohiturei buruzko jardueraren erantzuna:

LO EGITEKO JARRERA

AULKIAN ESERITA EGOTEKO JARRERA

ORDENAGAILUAREN AURREAN EGOTEKO JARRERA

PISUAK HARTZEKO JARRERA

OHEA EGITEKO JARRERA

OINETAKO EGOKIAK

(4) Jardueran zehazten den bezala, ezinezkoa da emozioei buruzko informazio guztia zientzien arloan soilik lantzea. Diziplina anitzeko programa ugari daude emozioak lantzeko, oso onak, eta honako arlo hauetan lantzen dira: zientziak, matematikak, hizkuntzak, plastika, gizarte-zientziak eta tutoretza. Bestalde, aipagarria da HBI hau osatzen duten ataza gehienetan kontuan hartu dela emozioen dimentsioa, eta taldeko dinamikak, hausnarketak eta eztabaidak sustatu direla hori lantzeko. 

HBI honetan, hurbilketa txiki bat egitea izan dugu helburu; horretarako, astean zehar taula bat betetzeko proposatu dugu, baina ez da amaierako proiektuan sartuko. Izan ere, taula oso pertsonala da eta, gainera, irakasleak eta ikasleak zuzenean landu beharreko problematikak sor daitezke.  

Ebaluazioa

“Ikertzen” saileko Hezkuntza Baliabide Ireki honen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinek osatzen baitute, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako. Irakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide hori beste zabalago batean integra dezake, eta hauek ere egin ahal izango ditu: beste ebaluazio-proba batzuk, ikasle bakoitzaren koadernoaren balioespena eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo ariketa batzuen balioespena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, ikaskuntza horren ebaluazioan elementu metakognitiboak ere sartu behar dira, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Alde horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeari esker (esaterako, ikaskuntza-egunerokoak, orientaziorako oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea), ikaslea errazago jabetuko da bere lorpenez eta zailtasunez.

Ebaluazio-proposamenak curriculum-ebaluazioaren irizpide guztiak betetzen ditu. Erronka bakoitzaren amaieran, hausnarketarako galdera batzuk daude beti, ikaskuntza-eguneroko gisa, baita atazen balioespen-eskalak ere. Gogorarazten dugu eskala horiek orokorrak direla, eta beti egokitu daitezkeela irakaslearen jarduerara. Honetarako erabil daitezke:

Ikaslearen autoebaluazioa egiteko
Koebaluazioa egiteko, bikoteka edo ikasle-taldeka
Irakasleek ebaluazioa egiteko
Ikerketa-jarduera guztietan, gaiari dagozkion adierazleez gain, baterako ebaluazio-adierazle batzuk ere badaude zehaztuta, “trebetasun zientifikoak” blokeari dagozkion jakintzekin zerikusia dutenak.   

Komeni da gogoraraztea sekuentzia didaktiko guztietan (kasu honetan, zati batean edo sekuentzia osoan) ebaluazio hezigarri bat egiten joango dela, ebaluatzen ari garen prozesua hobetzeko asmoz. Prozesuen ebaluazioa da (funtzionamendu orokorra, irakaskuntza, ikaskuntza), eta, beraz, beharrezkoa da prozesu horren garapenari buruzko etengabeko datuak eskura izatea, erabakiak unean bertan hartu ahal izateko, horrela feedback eraginkor bat egiteko eta segurtasunez aurrera egiten jarraitzeko ezarritako konpetentziak lortzeko prozesuan. 

Ebaluazio hezigarriak berekin dakar hezkuntza-gertakarien jarraipena, hausnarketa eta balioespena egitea etengabe, horiek sortzen diren unean bertan doitzeko, beranduegi izan aurretik. Hori egin ezean, ikasleei eskaintzen zaien aukera bakarra “errekuperatzea” da.

Hauek dira HBI honetan erabilitako balioespen-eskalak:

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)