Saltatu nabigazioa

Osasunaren kontzeptua

Osasunaren kontzeptua ez da beti berbera izan, garaiaren eta testuinguru historiko, sozial eta kulturalaren arabera aldatu egin baita. Osasunaren inguruan dugun kontzeptuak, gure ohituren eta kultura-inguruaren eraginpean egoteaz gain, gure inguruko publizitate-zaparradaren eta gizarte-presioaren eragina ere jasotzen du.

Osasuna ohiko eztabaidagaia da gure elkarrizketetan. Hala ere, gutxitan hausnartu dugu osasunaren esanahiari buruz. Beste edozein kontzepturekin gertatzen den bezala, inguruan dugun mundura hurbiltzeko sortu dugun buruko eraikuntza bat da osasunarena, eta baliozkoa da jasotzen duguna azaltzeko balio digun bitartean. 

Pilulak vs fruta
pxhere. Pilulak vs fruta (CC0)

Ataza hauen bitartez, osasunaren kontzeptuaren inguruan hausnartuko dugu, ustez “osasungarriak” diren produktuen publizitatea aztertuko dugu eta osasuna hobeto ulertzen saiatuko gara, ingurumenaren ikuspuntua kontuan hartuta.

Ataza: Osasunaren definizioa

Iraupena
0,5 ordu
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa
  1. Ikerketa bideratzeko, taldeka jarriko gara. Gogoratu, taldeko jarduera bada ere, ikasle bakoitzak bere portfolio pertsonalean jaso beharko dituela jardueren emaitzak. Jarraian adierazitako prozedurari jarraituko diogu:

    1.- Lankidetza-dinamika bat erabiliko dugu, 1-2-4 dinamika hain zuzen ere, osasuna entzuten dugunean ulertzen dugun hori definitzeko.

    2.- Konparatu egingo ditugu gure definizioa eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ematen duena:

    • Zertan datoz bat? Zertan ez?
    • Zerbaitek harritu al gaitu?
    • Nola osatu edo berregin dezakegu gure definizioa OMEk ematen dizkigun kontzeptuekin?

3.- Talde bakoitzean, ordezkari batek ozen irakurriko du taldearen definizioa. Irakasleak arbelean jasoko ditu guztiak. Guztion artean erabakiko dugu zein den definiziorik onena, eta gure koadernoan jasoko dugu.

Definizio horrekin hasiko dugu gure portfolio osasungarria.

Ataza: Errazagoa da uste izatea jakitea baino

Iraupena:
Ordu 1
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Askoz ere errazagoa da, pentsatu barik, oniritzia ematea gustukoa eta nahiko arrazoizkoa iruditzen zaigun zerbaiti, informazioa bilatzen eta irizpide bat izateko beste aztertzen ibiltzea baino. “Jakiteko”, hainbat gauza behar dira: esfortzua, aztertzeko gaitasuna, dedikazioa eta pazientzia. Horregatik, sarritan, nahiago izaten dugu gezur lasaigarri bat egia deseroso bat baino.

Baina osasunaren arloko ikertzaileak gara gu, eta “osasungarria” denaren inguruko azterketa txiki bat egingo dugu orain. Ezagutza izanik eta informazioa zehaztasun zientifikoarekin kontrastatuz, kritikoak izan gaitezke gure osasunarekin.

Publizitatearekin egingo dugu lan.

Publizitatea presio soziala egiteko modu bat da; izan ere, merkataritza-izaerako informazioa, ideiak edo iritziak hedatzen ditu norbaitek produktu zehatz bat eros dezan. Gaur egun, “produktu osasungarrien” inguruko publizitatea da gehien manipula dezakeenetako bat, eta, askotan, termino zientifikoak erabiltzen ditu sinesgarritasun handiagoa lortzeko.

Gure taldeetan, prozedura honi jarraituko diogu: 

Ataza: One Health

Iraupena:
2 ordu
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Gure osasuna faktore indibidualen eta posizio sozialen mende dago, baina ez hori bakarrik: gu osasuntsu bizi ahal izateko, planeta osasuntsu bat ere behar dugu. Gizakion, gainerako animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko lotura oso estua da; hortaz, esan daiteke dena dela Osasun Bakarra edo "One Health". 

Kontzeptu horretan sakontzeko, testu bat irakurri eta jarduera bat egingo dugu

1.-1.-Taldeka, lankidetzan irakurriko dugu beheko testua. Iturri hauetatik atera dugu:

IRAKURMENA: Osasun bakarra pertsonentzat, animalientzat eta gure planetarentzat

“Osasun bakarraren” kontzeptua (ingelesez One health) 2000. urtearen hasieran hasi zen erabiltzen, aurreko mendean sortu zen ideia bat izendatzeko: gizakion eta animalien osasunak elkarren mende daude elkarrekin bizi garen ekosistemetan. Hortaz, ikuspegi integratua da, gizakion, animalien eta ingurumenaren osasuna orekatu eta optimizatzea xede duena. Oso garrantzitsua da mundu-mailako pandemiak prebenitu eta horiei aurre egiteko (hala nola COVID-19ak eragindako pandemia).

Ekimen hau diziplina anitzeko mugimendu baten esparruan kokatzen da, eta animalien, gizakien eta ingurumenaren arloko erakunde eta sektoreak hartzen ditu barne, mundu-mailako lankidetzak sortzeko. Horri esker, datu-base komunak eta lankidetza-ikerketa sustatzen dira, eta ideia berri eta hobeak garatzen dira, besteak beste, gai hauen esparruan: animaliek gizakiei kutsatutako gaixotasun zoonotikoen agerraldien aurrean prest egoteko moduak, antibiotikoekiko erresistentzia eta gaixotasunen dinamikari eragiten dioten ingurumeneko faktoreak ulertzeko gaitasuna.

 

Tríada One health
Thddbfk. One health triada (CC BY-SA)

Pertsonen, animalien, landareen eta ingurumenaren arteko elkarreraginean sortu diren aldaketek eragin dute, azken urteotan, kontzeptu honen garrantzia.

Aldaketa horietako batzuk dira, besteak beste, giza populazioak gora egin duela eta eremu geografiko berrietara hedatu dela. Izan ere, lehen animalia basatiak baino bizi ez ziren habitatetan ezarri dira gizakiak, eta pertsona askok kontaktu estua dute animalia basati horiekin, baita etxeko animaliekin ere. Kontaktua areagotu denez, era berean areagotu da animalienak diren gaixotasunak gizakietara pasatzeko arriskua. Fenomeno horri zoonosia esaten zaio. Gizakiok eta animaliek 300 gaixotasun inguru partekatzen ditugu dagoeneko. Animalien Osasunaren Nazioarteko Erakundearen arabera, ezagutzen diren gizakien gaixotasun infekziosoen % 60 inguru animaliengandik datoz, bai eta gizakiengandik sortzen diren gaixotasun infekziosoetako agente patogenoen % 75 ere.

Klima-aldaketa, basogabetzea eta abeltzaintza intentsiboaren gorakada elkarri lotutako aldaketak dira, eta gaixotasunak animaliengandik gizakietara pasatzea ahalbidetu dezakete. Abeltzaintza intentsiboak garraioaren sektoreak baino berotegi-efektuko gas gehiago eragiten du, ur-kontsumoa oso handia da eta hondakinek (gorozkiak, antibiotikoak, pentsuen soberakinak…) lurzorua kutsatzen dute. Halaber, abeltzaintzan antibiotiko gehiegi erabiltzearen ondorioz, erresistentziak eragin dira, eta gizakion osasunerako arazo larria diren gaixotasunak agertu dira.

Basogabetzeak eragin negatibo ugari ditu ingurumenean, eta, halaber, milioika espezieren habitata galtzea eragiten du. Ondorioz, espezie horiek beste txoko batzuen bila joaten dira, pertsonengandik gero eta hurbilago, eta, horrela, kontaktuan daude gizakiekin, eta zoonosi-arriskua areagotzen da.

Globalizazioaren ondorioz, pertsonen, animalien eta elikagaien mugimendu globala areagotu da. Animalia exotikoak gero eta gehiago garraiatu eta kontsumitzen dira (elikagai zein etxeko animalia izateko) eta, azken hamarkadetan, merkataritza-bidaiak eta bidaia turistikoak biderkatu egin dira. Bada, horren guztiaren ondorioz, gaixotasunak asko zabaldu dira, azkarrago hedatzen baitira mundu-mailan. Mundua gero eta konektatuago dago, eta elkarrekiko mendekotasuna gero eta handiagoa da. Hortaz, herrialde batean gaixotasun infekzioso bat sortzen denean, osasun-larrialdiko egoera sor daiteke mundu-mailan (COVID-19a, besteak beste).

 Aurreko mendearen erdialdeaz geroztik, modu masiboan erabili izan dira antibiotikoak abereetan, pisu gehiago irabaz dezaten eta animalien gaixotasunak prebenitzeko. Horren ondorioz, bakterioek gero eta erresistentzia handiagoa dute antibiotikoekiko, eta, beraz, antibiotikoek dagoeneko ez daukate lortu nahi duten efektua. Erresistente bihurtu diren bakterio horiek elikakatearen bidez iristen dira gizakiarengana. Albaitaritzan eta gizakien osasunean erabiltzen diren antibiotikoak familia berekoak direnez, gizakiengan ere galtzen ari dira lortu nahi duten efektua.

2.- Taldetan jarraituko dugu jarduera hau egiteko

Zalantzarik gabe, irakurgaian aipatzen diren gaiak irudikatzeko adibideak ezagutzen ditugu. Hona hemen batzuk:

  • Borneon, pixkanaka-pixkanaka, gorilak desagertzen ari dira zuhaitzak masiboki moztu direlako.
  • Animaliak (hartzak, mapatxeak, otsoak…) etxeetara hurbiltzen dira janari bila, bizitoki duten habitata inbaditzen duten urbanizazioak edo abeltzaintza dagoelako.
  • Gaixotasun batzuk azkar hedatu dira jatorrizko herrialdeetatik mundu-mailako merkataritzaren edo turismoaren ondorioz, hala nola hiesa edo COVIDa.
  • Gaixotasun batzuk ekosistemetan transmititu dira etxeko animalia exotikoen edo animalia inbaditzaileen eraginez.
  • Hondartzetan, gero eta medusa (eta ziztada) gehiago daude, hegalaburra masiboki harrapatzen delako Mediterraneo itsasoan.
  • Pertsona batzuei antibiotikoek jada ez diete eraginik egiten, bakterioak dagoeneko erresistente bihurtu direlako elikadura-jatorrian.
  • Elikagai- eta uzta-falta, kutsaduraren eraginez polinizatzaileak progresiboki desagertu direlako.

Lauki honetan, irakurgaitik ateratako kontzeptu nagusiak daude. “Efektu-kateak” izeneko grafikoetan jarriko ditugu, antolatuta, eta ezagutzen ditugun adibideak gehituko ditugu. Irakasleak partekatutako dokumentu bat irekiko du (testua edo diapositibak), eta bertan idatziko ditugu gure kateak. Bukatzeko, klasean aurkeztu eta komentatu, zuzendu edo osatuko ditugu. 

Kateak egiteko, lehenik eta behin kausa bat eta haren ondorioak identifikatu beharko ditugu, eta, ondoren, horretara eraman gaituzten efektuak. Kate luzeak eta laburrak egon daitezke. Ea zenbat lortzen ditugun!

Portfolioan jaso dugun osasunaren definizioa One Health kontzeptuarekin osatuko dugu, eta adibide bat jarriko dugu.

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)