Saltatu nabigazioa

Osasun-adierazleak

Medikuntzan, oinarrizko zenbait adierazle erabiltzen dira gure osasun-egoera orokorra egiaztatzeko. Oinarrizko osasun-adierazleak edo bizi-konstanteak dira. Konstante horiek denbora-tarte jakin batzuetan neurtzen dira, eta pazientearen osasuna monitorizatzen dute; izan ere, gorputzaren oinarrizko funtzioak islatzen dituzte, hala nola tenperatura, pultsua, tentsioa eta arnas eta bihotz-maiztasuna.

Monitore klinikoa
Stefan Bellini. Monitore klinikoa (CC BY)

Adierazle horiek dira, hain zuzen ere, osasun-langileek jasotzen duten lehenengo informazioa, eta, beharrezkoa bada, bestelako proba analitiko bereziekin osatzeko eskatzen dute.

Erronka honetan, adierazle horietako batzuk ezagutuko ditugu eta, proba errazen bidez, neurketa batzuk egiteko erabiliko ditugu. Halaber, tresna sofistikatuago bat ere sortuko dugu gure birika-edukiera neurtzeko, eta, horri esker, sakon ezagutuko dugu tresna horien erabilera.

Ataza: Osasun-adierazleak

Iraupena:
Ordu 1
Taldekatzea:
Bikoteka

Sintoma jakin batzuk ditugunean eta medikuaren kontsultara goazenean, osasun-langileek, lehenik eta behin, neurketa batzuk egiten dituzte gure osasun-egoera orokorra egiaztatzeko. Neurketa batzuk miaketaren momentuan bertan egin daitezke, baina, beste batzuetan, analisi konplexuagoak egin behar izaten dira. Hauek dira oinarrizko osasun-adierazleak edo bizi-konstanteak:

  • Gorputz-masaren indizea (GMI). Pertsona batek dagokion batez besteko pisua duen zehazteko balio duen neurri estandarra.
  • Gorputz-tenperatura. Gizakiaren tenperatura-tartea neurtzeko balio du.
  • Pultsua. Denbora-tarte jakin batean (normalean minutu bat izaten da) bihotzak zenbat taupada egiten dituen adierazten du.
  • Arteria-presioa. Bihotzaren ponpaketaren ondorioz odolak odol-hodietan eragiten duten presioa neurtzeko balio du.
  • Arnas maiztasuna. Airea biriketan sartzeko maiztasuna neurtzen du.
. Bizi-konstanteen taula
nenamoralessalazar. . Bizi-konstanteen taula (CC BY)

Halaber, beste adierazle hauek ere badaude, baina proba analitiko bereziak behar dituzte:

  • Espirometria: Birika-aireztapen bakar batean (arnasa hartzea eta arnasa botatzea) truka daitekeen gehieneko aire-bolumena adierazten du.
  • Hemograma: Zelulak eta odolaren plasmaren osagarriak zenbatzeko egiten den odol-analisiaren emaitza da.
  • Gernu-analisia: Gernuaren konposizio kimikoa jasotzen du.


Orain, gure osasun-egoera ikusteko erabili ohi diren adierazle batzuk aztertuko ditugu. Bikoteka egingo dugu. Batak bestearena neurtuko du, eta bakoitzak bere emaitzak idatziko ditu. Emaitzaren bat neurri estandarraren oso azpitik badago, errepikatu egingo dugu, akatsik ez egiteko.

Portfolioan jasoko ditugu gure emaitzak.

Laborategian, bost mahai prestatuko ditugu beharrezkoa den materialarekin, eta bikote bakoitza mahai guztietatik igaroko da.

Materialak

  • Metroa
  • Balantza
  • Telefono mugikorra
  • Termometro klinikoa (arrunta edo digitala)
  • Tentsiometroa
  • Esterilizatzeko alkohola duen ontzi bat (soilik termometroa kristalezkoa bada)
  • Gomazko eskularruak

Ataza: Birika-edukiera neurtzeko aparatu bat diseinatuko dugu

Iraupena:
Ordu 1
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Osasun-adierazle desberdinak neurtu ditugu medikuntza-tresnen laguntzaz. Esku artean dugun atazaren kasuan, ingeniariak izango gara, arnastean botatzen dugun aire-bolumena neurtzeko gailu bat diseinatuko baitugu. Birika-edukiera osasunaren adierazle garrantzitsuetako bat da eta, osasun-zentroetan, espirometroa izeneko tresna batekin neurtzen da.

Aurrekoetan bezala, taldeka egingo dugu lan gure espirometroa sortzeko. Ondoren, neurketa batzuk egingo ditugu, eta gure portfolio osasungarrian sartuko ditugu banakako emaitzak.

Talde bakoitzak material hauek izango ditu: 

  • Plastikozko bi ur-botila huts
  • Neurtzeko ontzi bat
  • Plastikozko bi hodi luze eta zabal
  • Plastikozko hodi mehe eta estu bat (freskagarri-lastotxo bat izan daiteke)
  • Zinta isolatzailea
  • Alkohola
  • Paper xurgatzailea
  • Errotuladorea

Prozedura:

  1.  Lehenik eta behin, plastikozko botiletako bat graduatu behar dugu. Horretarako, ur kantitate jakin bat hartu beharko dugu ontzi neurtzailean, eta botilan sartu (adibidez, 50 ml-ka). Kantitate zehatz hori gehitzen dugun bakoitzean, ur-maila adierazteko marra bat egingo dugu, errotuladorearekin, botilan; horrela, bolumena markatuko dugu.
  2. Graduatutako botila urez beteko dugu. 
  3. Bi hodi handiak botilaren lepotik sartuko ditugu.
  4. Hodi horietako baten muturra hutsik dagoen botilan sartuko dugu.
  5. Bi lepoak ondo estaliko ditugu zinta isolatzailearekin.
  6. Hodi txiki eta estua libre dagoen hodi zabalaren muturrean sartuko dugu.
  7. Zer gertatuko da hodi estutik putz egiten badugu? Oraintxe azalduko dugu.

  Gure espirometroa sortu ondoren, banakako neurketak egingo ditugu. Emaitzak gure portfolio pertsonalean jasoko ditugu. Ikasle batek putz egiten duen bakoitzean, alkoholarekin garbitu beharko dugu hodiaren muturra, higienea zaintzeko. 

Biriketan, 4-5 litro aire inguru daude, eta arnasa hartu edo botatzen dugun bakoitzean, 0,5 litro sartu edo atera ditzakegu gehienez.

  1. Airea sakon hartuko dugu, eta ahal bezain bizi egingo dugu putz hodi estutik, airea ontzian sar dadin.
  2. Atera dugun aire kantitatea neurtzeko, ontzitik atera dugun ur kantitatea zenbatu beharko dugu. Emaitzak idatziko ditugu.

Bideo honetan ikus dezakegu prozesu osoa:

Juan José Madera. Espirómetro casero (YouTubeko lizentzia estandarra)

    Ataza: Zenbat aldatzen dira gure bizi-konstanteak kirola egiten dugunean?

    Iraupena:
    2 ordu
    Taldekatzea:
    Lau ikasleen taldeak / Klase osoa

    Kirola edo jarduera fisikoa egitean, aldatu egiten da gorputz-atal bakoitzak duen odol-beharra. Beharrak giharretan egiten du batez ere gora, baina baita bihotzean eta larruazalean ere; hala ere, odol-beharrak behera egiten du digestio-prozesuan. Bizi-konstanteen aldaketan ikus daiteke hori (aldatu egiten dira bihotz-erritmoa, tenperatura, arnas maiztasuna…).

    Atseden-egoeran neurtu ditugu bizi-konstanteak; orain, kirola egitean dagoen aldaketa aztertuko dugu.

    Materialak.

    • Termometro klinikoa
    • Sortu dugun “espirometroa”.
    • Prozedura:

    1.- Lehenik eta behin, talde bakoitzean, proposatzen den jardueretako bakoitza nork egingo duen erabakiko dugu. Minutu batez egin beharko dira jarduera hauek: salto egin, flexioak, kukubilkatzeak, tokian bertan korrika egin eta abdominaletarako ariketak. Beste jarduera batzuk aukeratu ditzakegu, gustatzen zaizkigunak edo gure gorpuzkerarako egokienak.

    2.- Jarduera bakoitza nork egingo duen hautatu ondoren, emaitzak jasotzeko taulak egingo ditugu. Taldekide bakoitzak gainerakoen bizi-konstanteak neurtuko ditu, jarduera egin aurretik eta ondoren. Tenperatura, pultsua, arnas maiztasuna eta birika-edukiera neurtuko ditugu.

    Salto egiteko eta gorputz-tenperatura neurtzeko taularen eredua

    Taldea: 1.  Hautatutako jarduera fisikoa: sokan salto egitea. Konstantea: tenperatura

    Denbora (sg) Atsedena (0) 15 30 45 60
    1. ikaslea
    2. ikaslea
    3. ikaslea
    4. ikaslea
    Batezbesteko aritmetikoa

    3.- Datuak jaso ondoren, emaitzen grafiko bat prestatuko dugu konstante bakoitzerako. Adibidez:

    4.- Emaitzak eta grafikoak aztertu ondoren, erlazioa bilatzeko interpretazio bat egingo dugu. Adibidez:

    • Zein da aldagai jakin baten (adibidez tenperaturaren) eta jarduera egiten emandako denboraren arteko erlazioa?
    • Erlazioa lineala da edo uneren batean konstante bihurtzen da? 
    • Zein da bi konstanteen arteko erlazioa? Zeinek egiten du gora gehien?
    • Ba al dago errore posiblerik neurketan?
    • Desberdintasun nabarmenik aurkitu al dugu taldekideen artean? Zein? (generoa, altuera, gorpuzkera…)

    5.- Azkenik, ondorioak aterako ditugu, eta talde bakoitzak txosten bana egingo du. 

    6.- Gure ikerketaren emaitzak ahozko aurkezpen baten bidez aurkeztuko ditugu, eta ikaskideekin eztabaidatuko ditugu.

    Ebaluazioa eta hausnarketa

    Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

    • Zer ikasi dut?
    • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
    • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
    • Zer izan da zailena? Zergatik?

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)