Saltatu nabigazioa

Kanpotik eta barrutik

Gure gorputza etengabe dabil aldatzen: neurria, pisua, altuera, muskulu-masa edo gorputzeko gantzaren banaketa; hau da, kanpoko irudia aldatu egiten da. 

Aldi berean, gainera, aldatzen dira modak, gizarte-ohiturak, lagunak edo harremanak eraikitzeko moduak. Nerabezaroa bakoitzak bere burua ezagutzeko eta baieztatzeko garaia da, eta oso eraginerrazak gara, alde batetik ideal estetikoengatik (gaur egun gehiegi begiratzen zaio irudiari, argaltasunari eta gorputza gurtzeari), eta beste alde batetik taldeko presioarengatik. 

Metaleroak
Jurek durczak. Metaleroak (CC BY-SA)

Oso ohikoa da “tribu” edo talde baten parte izan nahi izatea edo gure pertsonalitatea berresteko moduan janztea, besteak beste. Baina ez dugu zertan egokitu gure irudia modak eta publizitateak esaten duen horretara. Talde baten parte izatea osasungarria da, eta pertsona gisa hazten laguntzen digu, baina, batzuetan, egin nahi ez ditugun gauzak egin behar izaten ditugu talde horrek onartzen gaituela sentitzeko, eta horrek, erabakitzeko gaitasuna murrizteaz gain, ondorio kaltegarriak izan ditzake gugan, besteak beste: anorexia, bulimia eta alkohola edo tabakoa gehiegi kontsumitzea.

Pertsona bakoitza bakarra da, besteengandik desberdina, bere baliabide, ideia, sentimendu, trebetasun, portaera eta abarrekin. Elkar ezagutzea; onartzea; desberdinak garela aitortzea; elkar errespetatzea; horren balioa azpimarratzea; ideiak, sentimenduak, nahiak eta interakzio positibo eta kalitatezkoak trukatzea… Horiek guztiak tresna garrantzitsuak dira pertsona eta talde osasungarriak garatzeko. 

Ataza hauetan, ikuspuntu zientifikotik hurbilduko gara gai horietako batzuetara. Informazioa bilatu eta hausnartzera eta sentsibilizatzera eramango gaituzten jarduerak egingo ditugu. “Barrutik” ondo bagaude, “kanpotik” ere ondo egongo gara.

Ataza: Gorputza gurtzea

Iraupena:
Ordu 1
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Gorputz perfektua, gizartean nagusi diren edertasun-balioekin bat datorrena, lortzen saiatzea izugarrizko arazoa bihurtu da, eta eragina du jateko moduan eta jarduera fisiko osasungarrian. Gorputzaren kanpoko irudiak etengabe kezkatzen gaituenean, antsietatea eta sufrimendua eragiteaz gain, nahasmendu nerbiosoak eragin ditzake, hala nola anorexia, bulimia edo bigorexia. Nahasmendu horiek muturrera eramaten direnean, kroniko bihur daitezke. Eragindako pertsonek sufrimendu handia jasaten dute, autoestimu baxua dute eta ez dira gizartera moldatzen. 

Obsesioak
eirabirkhammar. Obsesioak (CC BY)

Gizon eta emakumeengan ikusten ditugun arren, gure egungo gizartean, estatistikak kontuan hartuta, emakumeengan gailentzen den balio estetikoa “argal egotea” da, eta gizonezkoen kasuan, berriz, “gihartsu egotea”. Gorputza gurtzeko kultura horrek eragin handia du pertsonen osasunean.

Publizitateak, sare sozialek, moda-desfileek eta abestien eta “influencerren” bideoek etengabe esaten digute gizartean onartuak izan, modan egon, sasoi onean bizi, erakargarriagoak izan eta antzekoak lortu nahi baditugu, gorputz estandar jakin bat izan behar dugula. 

Jarduera honetan ikusiko dugu kanon hori oso urrun dagoela errealitatetik.

    Taldeek emandako informazioa kontuan hartuta, idatzi zure portfolioan zein den, zure ustez, edertasunaren definizioa.

Ataza: Erretzea eta litroak egitea

Iraupena:
2,5 ordu
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Klase osoa

1972. urteaz geroztik, OMEk agerian jartzen ditu tabakoaren eta alkoholaren arriskuak, produktu horiek sortzen duten mendekotasuna eta osasunean dituzten ondorioak (minbizia, enfisema, bihotzeko gaixotasunak…). Gaur egun, toki publiko gehienetan dago debekatuta erretzea, eta tabako- eta alkohol-konpainiek debekatuta dute publizitatea egitea. Hala ere, ohitura horiek errebeldiari lotuta daude oraindik, eta erraz erakartzen dituzte haurrak eta nerabeak. 

Litroak egitea
Giovanni Prestige. Litroak egitea

Ataza: Edari energetikoak benetan al dira energetiko?

Iraupena
Ordu 1 + etxeko lana
Taldekatzea:
Norbanakoa

Gaur egun, modan dago eta oso ohikoa da edari energetikoak edatea. Freskagarri horiek geroz eta gehiago ari dira dendetako apalategiak betetzen. Oso erakargarriak dira; izan ere, kirolean eta beste jarduera batzuetan errendimendua handituko dutela iragartzen dute. Edari horiek kafeina asko dute, eta, askotan, indarra berreskuratzeko kontsumitu ohi dira kirola egin ondoren. Hala ere, ajea igarotzeko eta “esnatzeko” ere erabiltzen dira, baita ikasteko ere, edo modan daudelako besterik ez.

Gazte bat eta edari energetiko bat
pxhere. Gazte bat eta edari energetiko bat (CC0)

Duela gutxi egin zen ikerketa baten arabera, “edari energetikoen izendapena ez dirudi egokia, edari horiek ez baitute energia ematen”; aldiz, efizientzia eragiten dute, baina baita insomnioa eta urduritasuna ere. Edari horien eragin estimulatzailea amaitzen denean, errebote-efektua sortzen da; hortaz, edan aurretik zegoena baino nekatuago egoten da edaria edan duena.

Egia al da hori? Ikertuko al dugu?

Taldeka jarriko gara eskola-egunetatik kanpo egingo dugun jarduera hau egiteko. Emaitzak lortu ondoren, ikaskideekin partekatuko ditugu. Talde bakoitzak labur aurkeztuko ditu bere emaitzak, eta guztion artean ondorioak aterako ditugu.

 Materialak:

  • Adinez nagusia den eta proba egiteko prest dagoen pertsona bat.
  • Edari energetikoak.
  • Bihotz-maiztasuna neurtzen duen eskumuturreko digital bat.
  • Mugikor bat, gidabaimena berritzeko aplikazio bat instalatuta (hau, adibidez). Beste aukera bat da bideo hau ordenagailu edo tablet batean jartzea, eta zotz batzuekin saiatzea.

Prozedura:

Talde bakoitzak edari energetiko bat aukeratuko du, bakoitzak marka batekoa. Proba ez dugu guk geuk egingo, horretarako prest dagoen eta adinez nagusia den beste pertsona batek baizik. 

  1. Lehenik eta behin, edariaren etiketa aztertuko dugu, zenbat kafeina eta azukre duen ikusteko.
  2. Interneten bilatuko dugu ea zenbat kafeina hartu behar den gure gorputzak albo-ondorioak izan ditzan, eta zenbat azukre gomendatzen den gehienez kontsumitzea egunean. Neurri horietara iristeko zenbat lata edan behar diren kalkulatuko dugu.
  3. Proba egin aurretik eta ondoren, hautatutako pertsonaren taupadak zenbatuko ditugu, eskumuturreko digitala erabiliz, eta idatziz jasoko ditugu.
  4. Hautatutako pertsonak, edari energetikoa edan aurretik, gidabaimena berritzeko erabiltzen den arreta-test bat egingo du. Mugikorreko aplikazio baten bidez egin daiteke, edo ordenagailu edo tabletean bideo bat ipini eta “errepidea” zotzekin jarraituz. Taula batean idatziko ditugu testaren emaitzak eta denbora.
  5. Berriro egingo du proba, baina oraingoan edari energetikoa edan ondoren. Emaitzak taulan jasoko ditugu.
  6. Ondorioak aterako ditugu.
Testaren puntuazioa Minutuak Taupada kopurua testaren aurretik Taupada kopurua testaren ondoren
Edari energetikorik gabe
Edari energetikoa edanda

Bakarka, honi buruz hausnartuko dugu gure portfolioan:

  • Edari hauek edan ohi badituzu, zergatik egiten duzu?
  • Ba al zenuen edari horien ondorioen berri?
  • Hobetzeko helburua ezarri al diezaiokezu zeure buruari? 
  • Ez baduzu horrelakorik kontsumitzen, nola azalduko zenioke ikaskide bati edari horiek arriskutsuak direla?

Ataza: Sentitzea

Iraupena:
Ordu 1
Taldekatzea:
Norbanakoa

Denok sentitzen dugu, nerbio-sistema eta organo espezializatuak baititugu. Gizakiaren garapen kognitibo erraldoiaren eta bizi izan ditugun bizi-esperientzia ugarien ondorioz, handitu egin da emozioen dimentsioa eta, ondorioz, guztiz garrantzitsu bihurtu dira gure osasunerako.

Emozioek gizaki egiten gaituzte, eta, hortaz, pertsona bakoitza berezia da. Elkar ezagutzea; onartzea; desberdinak garela aitortzea; elkar errespetatzea; horren balioa azpimarratzea; interakzio positibo eta kalitatezkoak trukatzea… Horiek guztiak tresna oso garrantzitsuak dira pertsona eta talde osasungarriak garatzeko. 

Nerabezaroa sormen handiko garaia da; gure nortasuna garatzen gabiltza, baina ez gaude bakarrik, inguruan dugun guztiak baitu eragina gugan. Gure sentimenduek zuzeneko eragina dute geure buruarekin eta gainerakoekin dugun portaeran, baina baita gure autoestimu, erabaki eta ikasketetan ere.

Emozioak
Mohamed Hassan. Emozioak (Jabari publikoa)

Aurreko atazetan, argi ikusi dugu oso garrantzitsua dela “barrutik” ondo sentitzea, eta trebetasun sozial egokiak izatea kritiko izan eta portaera ez osasungarriak ekidin ahal izateko (esaterako, substantzia kaltegarriak hartzea edo elikadura-nahasmenduak izatea). Baina, emozioen arloan osasuntsu egoteko, oinarrizkoa da “kanpotik” ere ondo sentitzea, hau da: pisu osasungarria izatea, kirola egitea eta behar beste deskantsatzea.

Emozioak ezin ditugu zientifikoki “neurtu”. Aipatu dugun guztia kudeatzeko modu bakarra emozio horiek hauteman eta erregulatzea ahalbidetuko diguten tresnak eskuratzea da. Ez dago emozio positibo edo negatiborik; guztiak dira beharrezkoak ikasteko. Atal honetan, ezin dugu emozioen heziketarako programa luze bat jorratu. Hortaz, gure emozioak ezagutzeko eta kontrolatzeko hausnarketa txiki bat baino ez dugu egingo.

Sare sozialen ondorioz, modan jarri da emotikonoak erabiltzea sentitzen duguna adierazteko. Gure kasuan, berriz, hitzak erabiliko ditugu oinarrizko emozioak deskribatzeko; gainera, emozioen “grafiko” bat egingo dugu astero.

Banaka egingo dugu ataza hau, eta ez dugu portfolioan sartuko. Norberak erabiltzeko izango da

Hauek dira 10 emozio nagusiak:

Poza / Beldurra / Konfiantza / Tristura / Onarpena / Lotsa / Kezka / Amorrua / Bakardadea / Motibazioa

Asteroko taula honetan jasoko ditugu datuak. Gutxi gorabehera zehaztu behar dugu egunean zehar gehien sentitu ditugun emozioen maila. Horretarako, 0tik 10era baloratuko ditugu, eta emotikono baten bidez definituko dugu egun horretako emaitza. Guretzat garrantzitsuak diren beste batzuk gehitu ditzakegu.

Emozioak Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Igandea
Lotsa
Onarpena
Poza
Konfiantza
Beldurra
Motibazioa
Kezka
Amorrua
Bakardadea
Tristuta
Eguneroko emotikonoa

Hausnarketa pertsonala egingo dugu: 

Zer egoeratan izaten ditugu emozio horiek? Errepikatzen al dira? Biziagoak al dira egun batzuetan? Zergatik?

Hausnarketa hori egin ondoren laguntza edo informazio gehiago behar badugu, irakaslearekin hitz egingo dugu.

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)