Saltatu nabigazioa

Hitzaurrea eta ikaskuntza-ibilbidea

Ikaskuntza-ibilbidea

Nola erabili

Material didaktiko honetan, zenbait ikerketa-jarduera aurkezten dira, STEM konpetentzia garatzeko: horretarako, DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia arloko oinarrizko jakintzak landuko dira, trebetasun zientifikoekin, osasunarekin eta ohitura osasungarriekin lotuta.

Ez da ohiko unitate didaktiko bat, baizik eta proposamen didaktikoen multzo bat, askotariko ikaskuntza-egoera gisa eta erronka txikien gisa aurkeztua, zenbait saiotan lantzeko. Erronka horien erreferentzia, izan ere, ikerketan oinarritutako ikaskuntza (inquiry based learning) da eta pizgarri eta desafio bat izango dira ikasleentzat, beren ingurunearekin lotutako egoera esanguratsu bat ebazteko inplikatu beharko baitira. Hori guztia jarduera gidatuen bidez egingo da, eta, azkenean, ariketa bat egingo da ikerketaren ondorioekin.

Ibilbidea
pxhere. Ibilbidea (CC0)

Erronka horiek hezkuntza-konpetentziak garatzen dituzte, curriculumeko edukiak testuinguruan kokatuz. Irakasleentzat lagungarriak izan daitezke, ikasgelarako ideiak izateko nahiz zuzenean erabiltzeko. Irakaslea da erabakitzen duena, banaka erabil baitaitezke gaiaren garapenaren une desberdinetan, edo, bestela, gaiaren oinarrizko jakintza guztiak hartzen dituen ibilbide batean tartekatuta, ikaskuntza-egoera konplexuagoa osatzeko. 

Oro har, honako elementu hauek agertzen dira guztietan:

Ikaskuntza-egoeraren planteamendua

Proposamen bakoitzaren hasieran, egoera bat planteatzen da; egoera hori sarrera erakargarri baten bidez iker daiteke, eta sarrera hori ikasleentzat gertukoa izateaz gain, gaiaren interesa islatzen duen kontu batean zehaztua egongo da.

Erronkaren garapena

Oinarri horretatik, ikerketa dokumental edo esperimental bat hasten da, non ikasleek zenbait jarduera eta ataza egiten baitituzte STEM konpetentziak garatzeko. Hipotesiak planteatzen dituzte, esperimentuak egin, informazioa eta emaitzak bildu, antolatu, ondorioak lortu eta ekoizpen desberdinen bidez jakinarazten dituzte. Ikerketa horretarako, abileziak behar dira eta gainerako oinarrizko gaitasunen garapena ere bai; ikaskuntzaren erdigunean ikaslea egoten da.

Ekoizpenak eta partekatzea

Ikerketa amaitzeko, ikasleek ekoizpen bat egin behar dute, eta ekoitzitakoa komunikatu eta hedatu ere bai. Komenigarria da erronka bakoitzean taldeek egindako ekoizpenek formatu desberdinak izatea (posterrak, idazlanak, multimedia…), ikasgelan komunikatzea eta eztabaidatzea, eta, jarraian, partekatzea eta gero hedatzea.

Ebaluazioa

Erronken banako erabilera errazteko, ebaluatzeko irizpideak eta tresnak ditu erronka bakoitzak; unitate didaktiko batean lotuta erabiliz gero, ordea, kontuan izan behar da ebaluazioak jarraitua eta prestatzailea izan behar duela prozesu osoan. Horretarako, irizpide eta tresna egokiak aukeratu behar dira eta haien berri eman ikasleei, ikaskuntzan lortu beharreko helburuez ohar daitezen. Eskala malguak proposatzen dira, irakasleak edo ikasleak berak erabili ahal izateko prestakuntza-ebaluazioko prozesuan eta feedback/feedforward-ean (autoebaluazioa, koebaluazioa).

Ikasleek ikerketa-koaderno bat edo portfolio bat izan beharko dute, eta formatua digitala izatea gomendatzen dugu.

Portfolio hori ikerketa erregistratzeko eta prozesua dokumentatzeko erabiliko da. Portfolio horretan jasoko dira ikerketa-datu guztiak, izandako gorabeherak eta ikaskuntzari buruzko hausnarketak. 

Hausnarketa eta autoerregulazioa errazteko, autoebaluazioa eta koebaluazioa erabil daitezke, eta ikaskuntza-eguneroko bat ere bai, metakognizio-prozesua abian jartzeko. Proposatutako egunerokoak oinarrizko galderak izango ditu, baina galdera osagarriak ere egin daitezke, esaterako: Eskatu didatena lortzen ari naiz? Lortuko dut eskatutakoa amaitzea? Gehiago saiatu behar dut? Nire plana mantendu ala aldatu egingo dut? Zer egin behar nuen eta zer egin dut? Garaiz nabil? Nahastu egin naiz; zer egingo dut? Zer ikasi dut horri esker? Nork lagundu diezadake?…

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)