Saltatu nabigazioa

Mikrobioak eta ni

Mikroorganismoak gure ingurunean bizi diren izaki bizidunak dira, baina txiki-txikiak direnez, lupa edo mikroskopio baten laguntzaz bakarrik ikus ditzakegu. Hain txikiak direnez, oharkabean ditugu ondoan, eta hauteman ere ez ditugu egiten. Baina inguruan ditugu bakterioak, onddoak, protozooak eta birusak, eta gure bizimoduaren parte ere badira. Batzuek gaixotasunak sor ditzakete, hala nola salmonellosia (bakterioek), ezkabia (onddoek), malaria (protozooek) edo gripea (birusek). Beste batzuk, berriz, onuragarriak dira guretzat, hala nola gure heste-florarekin batera bizi direnak, landare-sustraiekin lotura dutenak, jogurta edo gazta legamiatzen dutenak edo medikuntzaren arloan beste mikroorganismoen antibiotiko gisa erabiltzen direnak (penizilina). 

Microbios
Pilar Etxebarria. Mikrobioak (Jabari publikoa)

Bada, mikrobioek eragindako gaixotasunak agertzea prebenitzeko lehenengo urratsa higienea da; hots, garbiketa- eta txukuntasun-praktikak, alderdi pertsonalean, etxean zein gune publikoetan. Higiene-ohiturak oso garrantzitsuak dira, gaixotasun infekziosoak hedatzea saihesten dutelako. 

Baina, ikusi dugunez, gaixotasunak hedatzeko bidea askoz sakonagoa da. “Osasun Bakarraren” kontzeptuaren azpian, gizakion, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko lotura oso estua da. Prebentzioa da gaixotasun infekziosoei aurre egiteko tresnarik eraginkorrena, eta prebentzio-ohitura onenetako bat txertoak jartzea da. 

Ataza hauetan, horri guztiari buruz ikertuko dugu. 

Ataza: Mikrobioak gure etxean?

Iraupena
Ordu 1 + etxeko lana
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Mikroorganismoak dira lurrean bizi diren organismo biologiko anitzen eta nagusienak. Ia edozein lekutan daude. Gai dira tenperatura oso altuko ingurunetan bizitzeko (hala nola sakoneko itsasoko sufre-haizebideetan), edo Antartidako tundra izoztuan, bai eta gatz asko duten tokietan ere (hala nola Itsaso Hilean) edo ingurune oso azidoetan (esaterako organismoen urdailetan). Eta, noski, gure inguruan eta geure gorputzean ere bizi dira. 

Gure etxeko sukaldean ikertuko dugu, mikroorganismo ugari baitaude bertan. Hortaz, kontuan izan behar dugu bereziki zaindu behar ditugula higiene-baldintzak bertan. 

Banaka eta taldeka egingo dugu lan. Irakasleak hiru ikerketa banatuko ditu, bidezko moduan, gure artean. Astebeteko iraupena izango du ikerketa bakoitzak. Ikasle bakoitzak bere etxean egingo du, eta txosten zientifiko bat idatziko du, eskema honi jarraituz:

Hipotesia:
Materialak: Emaitzak:
Prozedura: Ondorioak:

Behin txostena bukatuta, puzzlearen bidezko lankidetza-teknika  erabiliko dugu.

  1. Ikerketa bera egin duten hiru talde osatuko ditugu ikasgelan. Talde bakoitzak bere emaitzak azaldu eta ondorio komunak aterako ditu. Ondorio horiekin, talde bakoitzak bere txostena osatuko du. 
  2. Ondoren, hiru kidez osatutako beste talde batzuk osatuko ditugu, eta ikerketa bakoitzeko ordezkari bat izango dugu talde bakoitzean. Talde berri horietan, ikerketaren nondik norakoak azalduko dizkie ordezkari bakoitzak gainerakoei: zertan datzan ikerketa, planteatutako hipotesiak, lortutako emaitzak eta ondorioak.


Kristalezko ontziak, plastikozko poltsak eta elikagaiak erabiliko ditugu lanerako. Erabili ditugun ontziak gorde nahi izanez gero, % 10eko lixiba-disoluzio batean (atal 1 lixiba + 9 atal ur) utzi beharko ditugu ordubetez edo bi orduz, beti bezala garbitu baino lehen. Elikagaiak eta plastikozko poltsak dagokien edukiontzietan botako ditugu, birziklatzeko. 

1. ikerketa: ogia

Ogi lizundua
Henry Muhlpfordt. Ogi lizundua (CC BY-SA)

Materialak:

  • 4 ogi-xerra
  • Plastikozko 4 poltsa txiki, ixteko modukoak
  •  Telefono mugikorra

Prozedura.

  1. Ogi-xerra bat plastikozko poltsa batean sartuko dugu; poltsa itxi eta «kontrol» hitza idatziko dugu bertan. 
    Gainerako ogi-xerrak poltsa banatan jarriko ditugu, eta ur pixka bat gehituko diegu, kontu handiz, ogia guztiz ez bustitzeko. 
  2. Ogi-xerretako bat hartu eta sukaldeko lurrean igurtziko dugu, kontuz, ez apurtzearren. Ondoren, poltsa batean sartu, poltsa itxi eta «lurra» hitza idatziko dugu bertan. 
  3. Aurreko urratsa errepikatuko dugu, baina beste 3 gainazal desberdinetan igurtzita ogi-xerrak, hala nola hozkailuan, harraskan eta sukalde-gainekoan. Poltsak itxiko ditugu, eta ogia non igurtzi dugun idatziko dugu poltsa bakoitzean. 
  4. Astebetez, armairu batean utziko ditugu poltsak. 
  5. Hipotesi bat prestatuko dugu: Zer lekutan haziko dira mikroorganismo gehien? Zergatik?
  6. Hiru une desberdinetan ikusi ditugun aldaketak jaso, argazkiak egin eta taula batean antolatuko ditugu. Poltsak ez ditugu ireki behar.
Oharrak 2 egun 4 egun 7 egun
Lizun- edo bakterio-kolonien hazte-maila
Forma
Kolorea
Argazkiak

Ohar guztiak bukatu ondoren, eta emaitzak ikusita:

  • Baieztatu al dira gure hipotesiak?
  • Sukaldeko zer tokitan hazi da mikrobio gehien?
  • Zer ogi-xerratan hazi da mikrobio gehien?
  • Leku horietako zer ingurumen-ezaugarri berezik eragin ahal izan dute hazkunde hori? (hezetasunak, aire-zirkulazioak, garbitasunak…)

2. ikerketa: mikrobio-lorategia

Gazta lizundia
pxhere. Gazta lizundia (Jabari publikoa)

Materialak

  • Kristalezko ontzi hutsak, garbituta eta lehortuta
  • Gazta-zatiak
  • Sagar-zatiak
  • Pepino-xerrak
  • Azenario-zatiak

Prozedura:

  1. Barruan sartuko dugun elikagaiaren etiketa jarriko dugu bost ontzietako bakoitzean.
  2. Ontzi bakoitzean, janari mota desberdin bat sartuko dugu; ondoren, itxi egingo ditugu.
  3. Astebetez, eguzkiaren argia jasoko duten leku jakin batean jarriko ditugu ontziak. 
  4.  Hipotesi bat prestatuko dugu: Zer elikagaitan haziko da mikroorganismo gehien? Zergatik?
  5. Bi egunean behin, ontzietan ikusten ditugun aldaketak apuntatuko ditugu taulan, eta argazkiak egingo ditugu. Ontziei ez diegu tapa kendu behar.
Oharrak 2 egun 4 egun 7 egun
Gazta
Sagarra
Pepinoa
Azenarioa
Argazkia
     

Ohar guztiak bukatu ondoren, eta emaitzak ikusita:

  • Baieztatu al dira gure hipotesiak?
  • Zer elikagaitan hazi da mikrobio gehien?
  • Elikagai horien zer ezaugarrik eragin ahal izan dute hazkunde hori? (hidratazioak, azukre kantitateak…)

3. ikerketa: sagar baten kontserbazioa

Sagar lehorra
pxfuel. Sagar lehorra (Jabari publikoa)

Materialak:

  • Sagar bat
  • 6 ontzi txiki
  • Gatza
  • Azukrea
  • Bakterio-kontrako xaboia
  • Ozpina 

Prozedura:

  1. Etiketa bana jarriko dugu ontzietan: azukrea, gatza, bakterio-kontrako xaboia, ozpina, ura eta kontrola. 
  2. Sei zatitan moztuko dugu sagarra, eta zati bat sartuko dugu ontzi bakoitzean.
  3. Ontziak beteko ditugu, bakoitza bere etiketako gaiarekin, sagar-zatia guztiz estali arte. Kontrol-ontzian ez dugu ezer jarriko. 
  4. Ontziak irekita utziko ditugu, astebetez, leku fresko batean.
  5. Hipotesi bat prestatuko dugu: Zer ontzitan kontserbatuko da hoberen sagarra? Zergatik?
  6. Bi egunean behin egingo dugu jarraipena. Azukrearen edo gatzaren azpian dauden sagar-zatiak ezin baditugu ondo ikusi, momentu batez atera ditzakegu, erabili eta botatzeko tresnaren baten laguntzaz. 
  7. Tapa kenduko diegu ontziei.
Oharrak 2 egun 4 egun 7 egun
Gatza
Azukrea
Ozpina
Bakterio-kontrako xaboia
Kontrola
Argazkia

Ohar guztiak bukatu ondoren, eta emaitzak ikusita:

  • Baieztatu al dira gure hipotesiak?
  • Zer sagar-zati kontserbatu da hoberen?
  • Kontserbatzaileen zer ezaugarrik eragin ahal izan dute hazkunde hori? (Azidotasunak, basikotasunak, kontserbatzaileak ez izateak…)

Ataza: Higiene-ohiturak

Iraupena:
2 ordu
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Ikusi dugu mikroorganismoak edonon daudela, eta oso garrantzitsua dela toki komunetan higiene egokia zaintzea:

  • Etxea garbi mantentzea, komuna eta sukaldea bereziki.
  • Elikagaiak kontsumitu aurretik garbitzea.
  • Norberaren objektuak garbi mantentzea.
  • Arropa erregulartasunez aldatzea.

Gainera, higiene pertsonaleko ohitura batzuek mikroorganismoak transmititzea saihesten dute, hala nola:

  • Otorduen ostean hortzak garbitzea
  • Gorputza eta ilea erregulartasunez garbitzea.
  • Eskuak erregulartasunez garbitzea.
  • Azazkalak moztea.
  • Eztul edo doministiku egitean, ahoa estaltzea.

Jarduera honetan, esperimentu sinple batzuen laguntzaz, agerian jarriko dugu zer garrantzitsua den aipatutakoa.

Taldeka egingo dugu lan eta, esperientzia guztiak bukatu ondoren, ikasgelan partekatuko dugu, eta ondorioen zerrenda bat prestatuko dugu.

  Esperientzia guztiak bukatu ondoren, gure portfolio osasungarrian idazteko, honen inguruan hausnartuko dugu banaka:

  • Zein dira hobetu behar ditudan higiene-ohiturak?
  • Zelan egin dezaket?

Ataza: Gaixotasun infekziosoak, antibiotikoak eta txertoak

Iraupena:
3 ordu
Taldekatzea:
Lau ikasleen taldeak / Norbanakoa

Gaixotasun infekziosoak mikroorganismo patogenoek sortzen dituzte, hala nola bakterioek eta birusek. Gaixotasun infekziosoekin kutsatzea saihesteko, gure immunitate-sistema dugu, eta, oso eraginkorra den arren, egiaztatu dugu higiene egokia zaintzea ezinbestekoa dela. Hortzak eta eskuak garbitzeak, doministiku egitean ahoa estaltzeak eta antzeko ekintzek murriztu egiten dute gaixotasunak kutsatzeko arriskua.

Gaixotasun bakterianoei antibiotikoekin egin dakieke aurre, baina, kontuz! antibiotikoak neurririk gabe erabiltzen ditugunean, horien aurkako erresistentzia sortzen da, eta efekturik gabe gelditzen dira. Horregatik, hain zuzen ere, medikuak aginduta bakarrik hartu behar dira antibiotikoak, eta tratamendua bukatzean ez dira gorde behar, ez eta nahieran berriro hartu ere. Gainera, jaten ditugun izaki bizidunek aurretik antibiotiko-tratamenduren bat jaso badute, are handiagoa izango da erresistentzia.

Gaixotasun birikoentzako ez dago tratamendurik. Horiei aurre egiteko modu bakarra prebentzioa da, hau da, txertoak ipintzea. 

Beti bezala, taldeka egingo dugu lan honako jarduera hauek egiteko:

  Portfolio pertsonalean, hau jasoko dugu:

  • Zer txerto jarri diguten, zenbat urterekin, etab.
  • Txertaketaren garrantzia azaltzen duen irudi egoki bat bilatuko dugu Interneten, eta iruzkin bat gehituko diogu.

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)