Saltatu nabigazioa

Arrokak ez daude geldirik

Ikusi dugun mineral mota ugari daudela, eta, beraz, arroka ugari egongo dira. Arroka gehienak heterogeneoak dira; hau da, zenbait espezie mineralez osatuta daude. Granitoa, adibidez, kuartzoak, feldespatoak eta mikak osatzen dute. Hala ere, beste batzuk mineral bakar batez daude osatuta, adibidez igeltsua. Beste batzuk, aldiz, izaki bizidunen hondarrek osatzen dituzte; adibidez jatorri biologikoko kaliza organismoen kaltzio karbonatoaren pilaketak osatzen du, eta antrazita hondar begetalek.

Granitoa
rojinegro81. Granitoa (CC BY-NC-SA)
Igeltsua
pxhere. Igeltsua (Jabari publikoa)
fosil-kaliza
James St. John. fosil-kaliza (CC BY-NC-SA)

Hala ere, nahiz eta mineralak propietateen arabera sailkatzen ditugun, arrokak sailkatzea apur bat zailagoa da, kontuan hartu behar baita haien eraketa-prozesua. Beraz, lehenik prozesu horiek ezagutu behar dira.

Arrokei dagokienez, hiru eraketa-prozesu daude: 

  1. Magmatikoak edo igneoak. Tenperatura handiko magma barrualdetik lurrazalera irteten denean gertatzen dira. Arroka magmatikoak sortzen dituzte, eta horiek bolkanikoak (magma Lurraren kanpoaldera irteten bada) eta plutonikoak (barrualdean kristalizatzen bada) izan daitezke.
  2. Sedimentarioak. Lurrazalean gertatzen dira, ura edo haizearen moduko higadura-agenteen ekintzagatik. Arroka sedimentarioek sedimentuen disgregazio eta pilaketan dute jatorria. 
  3. Metamorfikoak. Arrokak presio eta tenperatura handien eraginpean daudenean. Arroka metamorfikoak sortzen dira beste edozein arroka eraldatzen denean agente horien ondorioz.

Hala ere, modu sistematikoan eta bereizita esanda, badirudi ez dagoela loturarik arroken artean. Badago? Noski baietz. Arrokak ez daude gelditik, eta natuaren zikloari jarraitzen diote: forma batzuetatik beste batzuetara “igarotzen” dira, eta, nolabait, esan dezakegu eraldatu egiten direla eta haien materialak berrantolatu egiten direla arroka berriak sortzeko. 

Milioika urte igaro daitezke material batek ziklo bat osatu arte. Zientziaren laguntzarik gabe, zaila da “mugimendu” hori ulertzea. Geologiak oso ondo ikasi du horren funtzionamendua, eta zenbait jarduerarekin landuko dugu. Ataza honetan erloju geologikoa piztuko dugu arroken zikloa ikasteko, poster bat egingo dugu eta arroka “izatera” jolastuko gara.

Ataza: Arroken zikloa edo ziklo litogenikoa

Iraupena:
3 ordu
Taldekatzea:
Laukoak

Arrokek ziklo bati jarraitzen diote, eta, ziklo guztien moduan, edozein etapatan has gaitezke aztertzen, betiere kontuan hartuta ziklo hori ez dela lineala, hau da, material harritsuak etapa bat alde batera utzi eta beste batean jarrai dezakeela. Etapa bakoitza prozesu konplexu bati edo batzuei dagokie, non material geologikoak presio eta tenperatura handien edo ingurumen-baldintza aldakorren eraginpean dauden. Salbuespenak alde batera utzita, hori denbora geologiko motelaren eraginpean gertatzen da, eta, emaitza gisa, arroka mota desberdinak eratzen dira; horiek, hain zuzen, izan duten prozesuaren arabera bereizi eta sailkatzen ditugu. 

Ziklo litogenikoa
Woudloper/Woodwalker . Ziklo litogenikoa (Jabari publikoa)

Arroken zikloa: 1. Magma 2. Kristalizazioa 3. Arroka igneoa 4. Erosioa 5. Sedimentazioa 6. Sedimentuak eta arroka sedimentarioak 7. Metamorfismoa (presioa eta tenperatura igoera) 8. Arroka metamorfikoak 9. Arroken urtzea

Ataza honetan, arroken zikloa landuko dugu: hasteko, bideo bat ikusiko dugu, eta, ondoren, poster bat egingo dugu. Azkenik, “Harritzarraren” jokoarekin jolastuko gara.

Bideoa: Arroken zikloa

Hasteko, bideo hau ikusiko dugu arbel digitalean, ikasgelan, eta gure irakasleak xehetasun handiagoz azalduko dizkigu prozesuak.

BioKasle. Arroken zikloa (YouTubeko lizentzia estandarra)

Eztabaida:

  • Zein da arroken eta mineralen arteko aldea?
  • Zein da arrokak sailkatzeko irizpiderik ohikoena?
  • Nola eratzen dira arroka magmatikoak?
  • Zer motatako arroketan dute funtsezko rola presio- eta tenperatura-baldintzek? 
  • Zer motatako arrokak sortzen dira izaki bizidunen hondarren pilaketaren ondorioz?

Gure zikloaren posterra

Lauko taldetan, bideoa ikusiko dugu berriro, arretaz, eta mihise hau beteko dugu A3 formatuko orrialde batean, poster moduan. Lana taldeko kideen artean banatuko dugu, eta kide bakoitzak mihisearen atal bat beteko du kolore desberdinetako errotuladoreekin: 

  • Urdinez, zikloaren deskribapen txiki bat
  • Gorriz, arroka sedimentarioen eraketa
  • Berdez, igneoen eraketa
  • Horiz, metamorfikoen eraketa

 Arroka mota bakoitzean bi adibide ipiniko ditugu.

Póster ciclo rocas
Pilar Etxebarria. Arroken zikloaren posterra (Jabari publikoa)

Taldeen poster guztiak ikasgelako horma batean ipiniko dira: talde bakoitzak beste batena balioetsiko du, eta, beharrezkoa bada, hobetzeko iradokizunak egingo ditu.

Koebaluazio-errubrika:

Alderdiak /Puntuak 25 20 18 15 Guztira
Ideia eta kontzeptuen argitasuna

Erakutsi du arroken zikloarekin lotutako kontzeptuak menderatzen dituela, eta adibide onak eman ditu.

Erakutsi du arroken zikloarekin lotutako kontzeptuak ondo ulertzen dituela, eta adibideak eman ditu.

Arroken zikloarekin lotutako kontzeptuekin nahasi da, eta adibide gutxi edo okerrak eman ditu.

Erakutsi du ez dituela ondo ulertzen arroken zikloarekin lotutako kontzeptuak, eta adibide okerrak eman ditu.

Diseinua eta sormena Diseinua bikaina, argia, sormenezkoa eta kalitate handikoa da. Diseinua ona, argia eta sormenezkoa da. Diseinuaren kalitatea erdi-mailakoa da. Diseinuaren kalitatea txarra da.
Talde-lan orekatua Nabari da talde-lana modu orekatuan koordinatu dela. Nabari da talde-lana nahiko koordinatuta dagoela. Nabari da talde-lana ez dela koordinatu. Nabari da ez dela talde-lanik egon.
Hobetzeko iradokizunak

“Harritzarraren” jokoa

Jarduera honen bidez, arroken tokian jarri eta haien zikloan sartuko gara. Simulazio bat da, taldeko dinamika baten bidez, eta ikasgelan zehar mugituko gara. Soilik kartoizko dadoak, kartelak eta fitxa bat behar ditugu, gure bidaia idazteko.

  1. Ikasgela 6 eremu edo lan-estaziotan banatuko dugu. Bakoitzean dado bat egongo da, prozesu batekin alde bakoitzean, zikloaren etapa batean gertatzen dena simulatzeko. Horrez gain, fase horretako arroka bereizgarri bat ipiniko dugu.
  2. Banatu egingo gara, eremu bakoitzean talde bat egon dadin hasieran. Talde bakoitzak bidaia-fitxarekin hasiko du jokoa, jokaldi bakoitzean gertatzen dena erregistratzeko.
  3. Taldeak dadoa bota eta emaitza fitxan erregistratuko du. Adibidez, lurraren barrualdean badago eta “magma lurrazalera irten da, joan sumendira” ateratzen bada, estazio horretara joango da, eta han berriz botako du dadoa.
  4. Jokoan, baliteke zenbait txanda ematea estazio berean, eta, beraz, arau bat finkatuko dugu: “soilik 3 txanda eman ahalko ditugu estazio batean”. Dadoa hiru aldiz bota ondoren ez bagara mugitu, hurrengo estaziora joango gara. 
  5. Hori egingo dugu estazio guztietatik igaro arte gutxienez bi aldiz. Talde bakoitzak bidaia desberdina izango du.
  6. Bidaia amaitu ondoren, eseri egingo gara eta fitxan idatzitakoa berrikusiko dugu. Talde bakoitzak geo-kontakizun txiki bat idatziko du folio batean, izandako abenturekin.
  7. Gure irakasleak kontakizunen fotokopiak egin eta banatu egingo ditu, bat talde bakoitzari (bakoitzarena izan ezik, noski), irakurri, balioetsi eta hobetzeko iradokizunak egiteko. 

Irudi guztiak Pilar Etxebarriak egina, Flaticonen eta Freepiken ikono libreekin (Jabari publikoa): DadoaFlaticon./ Luraren barrukoabrgfx. / LurzoruaPublic Domain Vectors / MendiaFlaticon / Ibaiabrgfx. / Hondartzavectorpouch / SumedniaWikimedia Commons

Bidaiaren fitxa (kontakizuna)

Fitxan idatziko ditugu bidaian zehar bizitako esperientziak, gure kontakizunaren eskeleto gisa. Etapa bakoitzean gertatzen dena deskribatuko dugu, eta adieraziko dugu zer arroka garen. Kontakizun gisa egingo dugu, lehen pertsonan, zikloan zehar arroka bat izango bagina bezala, eta izenburu bat jarriko diogu. 

Taldea:.......................... Izenburu:.....
Hemen hasi nuen abentura:…………………………….
Hau gertatu zen:……………………………………………..
Arroka hau bihurtu nintzen:…………………………………
Ondoren hona joan nintzen:……………………………………………….
Hau gertatu zen:………………………………………………
Arroka hau bihurtu nintzen:…………………………………
Ondoren hona joan nintzen:…………………………………………………………..
Hemen amaitu nuen bidaia:………………………………………..

Zabaltzeko proposamena

Gaia gustatu bazaigu, zabaltzeko jarduera hauek egin ditzakegu

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)