Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

“Geodibertsitatea ikertzen” DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgairako eginiko “Ikertzen” saileko laugarren proposamen didaktikoa da.

Proposamen didaktiko horietan ohikoa den moduan, HBI honetan ikasleentzat motibatzaileak diren eta, ahal dela, ikerketa zientifikoko prozesu bat barne hartzen duten erronkak proposatzen ditugu (behatzea, planifikatzea, informazioa bilatzea, esperimentatzea, emaitzak aztertzea, ondorioak ateratzea eta komunikatzea). 

1. mailarako lehenengo HBIan adierazi genuen moduan, kontuan izan dugu Biologia eta Geologia irakasgaiaren berezitasuna; izan ere, arlo horretako prozesuak luzeagoak dira denborari eta espazioari dagokienez, eta, ondorioz, zailagoa da horiek laborategiko lan baten bidez ikertzea, Fisika eta Kimika irakasgaian egin daitekeen bezala. Horrenbestez, ikuspegi desberdina eman behar zaie inquiry based learning metodologian oinarrituta lantzeko. 

“Geodibertsitatea ikertzen” DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgairako eginiko “Ikertzen” saileko laugarren proposamen didaktikoa da. Proposamen didaktiko horietan ohikoa den moduan, HBI honetan ikasleentzat motibatzaileak diren eta, ahal dela, ikerketa zientifikoko prozesu bat barne hartzen duten erronkak proposatzen ditugu (behatzea, planifikatzea, informazioa bilatzea, esperimentatzea, emaitzak aztertzea, ondorioak ateratzea eta komunikatzea). 

1. mailarako lehenengo HBIan adierazi genuen moduan, kontuan izan dugu Biologia eta Geologia irakasgaiaren berezitasuna; izan ere, arlo horretako prozesuak luzeagoak dira denborari eta espazioari dagokienez, eta, ondorioz, zailagoa da horiek laborategiko lan baten bidez ikertzea, Fisika eta Kimika irakasgaian egin daitekeen bezala. Horrenbestez, ikuspegi desberdina eman behar zaie inquiry based learning metodologian oinarrituta lantzeko. 

Deskargatu proposamen didaktikoa formatu editagarrian edo pdf formatuan

Askotariko erronkak proposatzen ditugu: landako ikerketa esperimentaleko jarduerak, dokumentalak, irakurketak, jolasak, bideoekin egiteko lanak, etab. Erronka horiek beti dute egitura bera: ebalua daitekeen azken ekoizpen batera bideratutako ikaskuntza‑egoerak dira, eta ikasleentzat erronka izan behar dute, betiere curriculumeko edukiak testuinguruan jarriz.

Proposamen didaktiko honek “egitura pikortatua” dauka. Pikorrak dituela esaten da; izan ere, HBI honen egitura proposatzen ditugun ikaskuntza-helburuen araberakoa da, baina, aldi berean, hori osatzen duten edukien izaera eta antolamendua nabarmen alda daitezke. Gainera, badaude ezagutza-arlo desberdinetan errepikatzen diren gaiak, eta horrek aukera ematen du HBI hau osatzen duten eduki batzuk beste irakasgai batean berriro lantzeko. Hori dela eta, hainbat irakasgaitan konbinatu eta berrerabil daitezkeen erronkak proposatzen dira, HBIa optimizatzeko. Horrek eragin zuzena du HBIaren berrerabilgarritasun didaktikoan.  Pikor-erako itxura hori erronkek ematen digute; horiei esker, irakasleentzat errazagoa da metodologia hau erabiltzea, HBIaren batasuna albo batera utzi gabe.

Irakasleari begira, erronka horietako bakoitza konpetentziatan oinarritutako ikaskuntzarako egoera bat izan daiteke. Erronken helburua da irakasleei ideiak ematea, zuzenean eskoletan aplikatzeko edo beren programazio didaktikora egokitzeko. Dena den, proposatutako egitura, bere kabuz, ibilbide didaktiko bat izan daiteke, ikaskuntza-proiektu bat; izan ere, gaiaren oinarrizko ezagutza guztiak barne hartzen ditu eta gaia globalizatzen duen azken produktu bat dauka zehaztuta.

CURRICULUM-ERREFERENTZIAK

Gako-konpetentziak

  • Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia (HKK)
  • Matematika, zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia (STEM)
  • Konpetentzia digitala (KD)
  • Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa (KPSII) 
  • Konpetentzia zibikoa (KZ)
  • Ekimenerako konpetentzia (EK)
  • Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK)

Konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak

1. konpetentzia espezifikoa: informazio eta datu zientifikoak interpretatzea eta zabaltzea, eta horiek arrazoitzea, biologia- eta geologia-zientzietako kontzeptuak eta prozesuak aztertzeko hainbat formatu erabiliz

Ebaluazio-irizpideak
1.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako kontzeptuak eta prozesuak aztertzea, formatu desberdinetan emandako informazioa interpretatuz (modeloak, grafikoak, taulak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, webguneak...), jarrera kritikoa erakutsiz eta ondo oinarritutako ondorioak ateraz.

1.2. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin zerikusia duen informazioa errazago ulertu eta aztertzeko bideak ematea, argi transmitituz; horretarako, terminologia eta formatu egokiak erabili behar dira (modeloak, grafikoak, taulak, bideoak, txostenak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, eduki digitalak...).

1.3. Fenomeno biologiko eta geologikoak modelo eta diagramen bidez aztertzea eta azaltzea, eta, beharrezkoa bada, ingeniaritza-diseinuko urratsak erabiltzea (arazoa identifikatzea, esploratzea, diseinatzea, sortzea, ebaluatzea eta hobetzea).

2. konpetentzia espezifikoa: informazioa identifikatzea, lokalizatzea eta aukeratzea; informazioaren egiazkotasuna egiaztatzea; eta informazioa modu kritikoan ebaluatzea, biologia- eta geologia-zientziekin zerikusia duten galderei erantzuteko.

Ebaluazio-irizpideak

2.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako zalantzak argitzea; horretarako, informazioa lokalizatu, aukeratu eta antolatu egin behar da, iturriak behar bezala erabiliz eta aipatuz.

2.2. Oinarri zientifikoa duen informazioa identifikatzea, eta sasizientzietatik, gezurretatik, konspirazio-teorietatik, asmatutako sinesmenetatik eta halakoetatik bereizten jakitea, baita halako teorien aurrean jarrera eszeptikoa izatea ere.

2.3. Batetik, dagokion balioa ematea zientziak gizarteari egiten dion ekarpenari eta zientzian aritzen diren pertsonei, beren etnia, sexua edo kultura edozein dela ere; eta, bestetik, emakume zientzialarien paperari aitorpena egitea eta ikerketa etengabe aldatzen ari den lan kolektibo eta diziplinarteko gisa ulertzea.

3. konpetentzia espezifikoa: Ikerketa-proiektuak planifikatzea eta garatzea, zientziak berezko dituen metodologietako urratsei jarraituz eta, behar denean, lankidetzan arituz, geologia- eta biologia-zientziekin zerikusia duten alderdiak sakon aztertzeko.

Ebaluazio-irizpideak

3.1. Metodo zientifikoak erabiliz erantzun edo egiaztatu daitezkeen galderak eta hipotesiak planteatzea, eta fenomeno biologiko eta/edo geologikoak azaltzen saiatzea eta horiei buruzko iragarpenak egitea.

3.2. Fenomeno biologiko eta geologikoen esperimentazioa, datu-bilketa eta analisia diseinatzea, galdera zehatzei erantzun eta planteatutako hipotesi bat egiaztatu ahal izateko.

3.3. Esperimentuak egitea eta fenomeno biologiko eta geologikoei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatiboak biltzea, beharrezko tresna edo teknikak modu egokian erabilita.

3.4. Ikerketa-proiektuan lortutako emaitzak interpretatzea; horretarako, tresna matematiko eta teknologikoak erabil daitezke, behar denean.

3.5. Proiektu zientifiko txiki baten barruan lankidetzan aritzea, funtzio jakin bat bere ardurapean hartuz, behar denean espazio birtualak erabiliz, dibertsitatea eta genero‑berdintasuna errespetatuz eta inklusioa ahalbidetuz.

3.6. Landako esperimentazioaren eta behaketaren bidez eskuratutako informazioa eta ondorioak aurkeztea, formatu egokia erabiliz (taulak, grafikoak, txostenak, etab.), eta behar denean tresna digitalak ere erabiliz.

4. konpetentzia espezifikoa: Arrazoiketa eta pentsamendu konputazionala erabiltzea arazoak konpontzeko edo biologia eta geologiarekin lotutako eguneroko prozesuak azaltzeko, erantzun eta konponbideen analisi kritikoa eginez eta, beharrezkoa bada, prozedura birformulatuz.

Ebaluazio-irizpideak

4.1. Problemak ebaztea edo prozesu biologiko edo geologikoei azalpena ematea, honako hauek erabilita: norberaren ezagutzak, emandako datuak eta informazioa, arrazoiketa logikoa, pentsamendu konputazionala edo baliabide digitalak.

4.2. Fenomeno biologiko eta geologikoekin lotutako problema baten soluzioa modu kritikoan aztertzea.

5. konpetentzia espezifikoa: ekintza jakin batzuek ingurumenean eta osasunean dituzten ondorioak aztertzea, zientzia biologikoak eta Lurraren zientziak oinarri hartuta, ingurumenari eragindako kalteak saihestu edo gutxituko dituzten ohiturak sustatzeko eta hartzeko.

Ebaluazio-irizpideak

5.1. Zientzian oinarrituta, honako kontzeptu hauek erlazionatzea: biodibertsitatearen zaintza, ingurumenaren kontserbazioa, inguruneko izaki bizidunen babesa, garapen jasangarria eta bizi-kalitatea.

5.2. Ohitura jasangarriak proposatzea eta hartzea, eta geure jarreren eta gainerakoenen azterketa kritikoa egitea, norberaren arrazoiketak, eskuratutako ezagutzak eta eskuragarri dagoen informazioa erabilita.

Oinarrizko jakintzak

DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgaiko bloke hauetako oinarrizko jakintzak (oinarrizko ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak) lantzen dira:

A. Proiektu zientifikoa

  • Hipotesia, galderak eta usteak: ikuspegi zientifikoarekin planteatzea.
  • Informazioa bilatzeko, lankidetzan aritzeko eta prozesu, emaitza edo ideia zientifikoak jakinarazteko estrategiak: tresna digitalak eta zientzian ohikoak diren formatuak (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena, etab.).
  • Informazio zientifikoaren iturri fidagarriak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Galdera zientifikoei erantzuna ematea esperimentazioaren eta landako lanaren bidez: beharrezko tresnak eta espazioak (laborategia, ikasgelak, ingurunea, etab.) modu egokian erabiltzea.
  • Modelaketa erabiltzea naturako prozesu eta elementuak aurkezteko eta ulertzeko.
    Fenomeno naturalak behatzeko eta horien datuak biltzeko metodoak.
  • Prozesu, emaitza edo ideien komunikazioa, hainbat formatu analogiko nahiz digitaletan (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena...).
  • Emaitzak analizatzeko metodoak. Emaitzen analisia pentsamendu logikoaren bidez.
    Lan zientifikoa eta zientzian aritzen diren pertsonak: biologia- eta geologia-zientziei egiten dieten ekarpena eta horrek gizartearentzat duen garrantzia. Emakumeak zientzian duen papera. 

B. Geologia.

  • Arroka eta minerala kontzeptuak: ezaugarriak eta propietateak.
  • Arrokak sailkatzeko estrategiak: sedimentarioak, metamorfikoak eta igneoak. Arroken zikloa.
  • Arroka eta mineral garrantzitsuak edo ingurukoak: identifikazioa.
  • Arroka eta mineralen erabilerak: eguneroko material eta objektuen fabrikazioa.
  • Geosferaren oinarrizko egitura.

Ibilbidea

Taula honetan dago jasota HBIaren ibilbide didaktikoa:

FASEA: Aberastasun geologikoa HELBURUAK SAIOAK
Bidaia gure planetaren barrualdera Atazaren helburua da ikasleek, taldeka, “bidaia” bat egitea Lurraren barrualdera, bideo baten bidez, geosfera eta haren geruzak ezagutzeko eta sakelako geosfera bat eraikitzeko! 1,5 saio eta etxeko lana
Arrokak eta mineralak

Hasteko, jarduera baten bidez ikasleei irakatsiko zaie material harritsuz inguratuta gaudela (kaleetan, eraikinetan, paisaian, gure etxean...). Ondoren, taldeka, ataza esperimental bat egingo da, non ikasleek eguneroko bizitzan erabilera ugari dituzten ohiko mineral batzuk landuko dituzten, mineralen propietate fisiko eta kimikoak aztertzeko. Jarraian, mineral horiek sailkatuko dituzte A3 formatuko gako dikotomiko batekin, eta, amaitzean, argazkia aterako dute (1). Ekoizpen gisa, txosten bat eskatzen da, propietateen fitxarekin eta sailkapenaren argazkiarekin.

Amaitzeko, mineral baten aurkikuntzari buruzko irakurketa bat egingo da, ikusteko nola egiten den lan zientzian eta “zientziaren izaera” ulertzeko: ezagutza zientifikoaren izaerari buruzko baieztapen batzuk irakurriko dituzte eta haiei buruz hausnartu eta eztabaidatuko dute.

Zabaltzeko proposamen gisa (etxerako) bilduma birtual bat egitea planteatzen da.

4 saio eta etxeko lana
Lorategi kristalinoak

Ataza esperimentala da, laborategian kristalak lortzeko. Talde-lana izango da, eta talde bakoitzak esperimentu bat eta komunikazio zientifiko txiki bat egingo ditu, non, egindako esperimentuei buruzko informazioaz gain, lorategi mineralen argazki bat edo QR kode bat (bideo bat eginez gero) atxikiko da. Halaber, loturak egingo dira aipatutako erreferente kulturalen (Escher, Le Corbusier, kubismoa, Alhambra...) eta lortutako kristalen formaren artean. Komunikazioak ikastetxeko korridore batean ipiniko dira, sortutako kristalekin batera.

Amaitzeko, “geoterapia” izeneko sasizientziari buruzko ataza bat planteatzen da, eta sasizientzia baten ezaugarriak lantzen dira. Horretarako, irakurketa kooperatibo bat egingo dute, bideo bat ikusiko dute eta planteatutako kontuei buruz eztabaidatuko dute.

Zabaltzeko proposamen gisa (etxerako), planteatzen da kristalak egiten jarraitzea elementu arrunt batekin: gatza.  Horrez gain, parte har dezakete “eskolako kristalizazio-lehiaketan”: urtero antolatzen da, eta aukera ematen du kristalografiaren azterketa sakontzeko.

4 saio eta etxeko lana
Arrokak ez daude geldirik

Ataza honetan, arroken zikloa landuko dute, lehenik bideo bat ikusten eta ondoren poster bat egiten. Taldeen poster guztiak ikasgelako horma batean ipiniko dira: talde bakoitzak beste batena balioetsiko du, eta, beharrezkoa bada, hobetzeko iradokizunak egingo ditu. Azkenik, “Harritzarraren” jokoarekin jolastuko dira, non simulatuko duten arroken tokian jartzen direla eta haien zikloan sartuko direla. Fitxa batean idatziko dute egindako bidaia.

Zabaltzeko proposamen gisa (etxerako), honako hauek planteatzen dira: praktika sinple bat, arroken zikloa simulatzea, faseak identifikatzea arroken zikloaren dramatizazio-bideo batean, arrokak adierazpen artistiko gisa edo, azkenik, Minecraft bideojokoa.

3 saio eta etxeko lana
Asteroidea! Aberastasun geologikoari buruzko kapituluaren amaierako ataza da. Ikerketa-proiektu bat da, non ikasleek, modu praktikoan, jokoan jarriko duten arroka eta mineralei buruz ikasitakoa. Abiapuntua arazo bat da: asteroide bat eroriko da lurrean, eta lurpeko babesleku bat eraiki behar dute pertsonak eta beharrezko hornidurak babesteko. Ikerketa bat egingo dute, eta emaitzak aurkeztuko dituzte txosten zientifiko batean, irudiekin, web-estekekin edo beharrezkotzat jotzen den beste edozein informaziorekin batera. 3, 5 saio
FASEA:Gure inguruko geodibertsitatea HELBURUAK SAIOAK
Baliabide mineralen etika Atazaren helburua da planetan eskuragarri dauden baliabide mineralen erauzketarekin eta haien gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna lortzeko moduarekin lotutako jarduerak ulertu eta horiei buruz hausnartzea. Taldeka, litioa edo koltana bezalako material estrategikoei buruzko bideo bat ikusiko dute, eta, jarraian, mugikorren, tableten eta ordenagailuen eta Kongoko Errepublika Demokratikoko indarkeriaren arteko loturari buruz eztabaidatuko dute. Azkenik, bakoitzak gatazkarik gabeko teknologiaren alde har ditzakeen neurriak proposatzen dira. 1,5 saio
Turismo geologikoa egingo dugu? Espainia da geodibertsitate handieneko herrialdeetako bat. Gaur egun, UNESCOk aitortutako 15 geoparke daude, 252 geologia-interesdun lekuz (GIL) gain; horiek ezagutuko ditugu ataza honetan, Google Maps-eko mapa kooperatibo baten eta idazketa-jarduera baten bidez. Taldeka lan egingo dugu, eta ikasle bakoitzak informazio-gutun bat idatziko dio lagun bati, gertueneko geoparke edo GILari buruz, eta azalduko dio zergatik merezi duen toki hori bisitatzea. 2,5 saio
Geologia etxean Ikasleek etxeko “objektu geologikoak” ikertuko dituzte, fitxa bat beteko dute eta ikaskideekin partekatuko dute.  Argazkia aterako diote etxean aurkitutako objektu geologikoari. Objektu bat aurkitzean, argazki bat aterako dugu, eta, iruzkin txiki batekin batera, sare sozial bateko kontura “igoko” dute; kontua irakasleak irekiko du ikasgela guztiarentzat. Bozketa bat egingo da argazki onenak aukeratzeko. saio 1
Tour geologikoa gure hirian Arroka eta mineralen gaian, baliabide geologiko gisa, amaierako ataza bat planteatzen da, eta ikerketa-esparru gisa ikaslearen udalerria aukeratzen da. Hirian topatzen ditugun arroka nagusiak eta fosil batzuk berrikusiko dituzte. Ondoren, taldeka, irteera bat egingo dute udalerriko zenbait eremutara, arrokak topatuko dituzte hormetan, argazkiak aterako dituzte, materiala identifikatuko dute gako batekin eta datuak koaderno batean idatziko dituzte. Ikasgelan, informazioa bilatuko dute Interneten, arroka bakoitzaren fitxa egingo dute eta landutakoa ahoz azalduko dute. Irakaslearen eta fitxen laguntzarekin, hiriaren gida geologikoa egin, fotokopiatu eta hezkuntza-komunitatean banatuko da. 4 ordu + irteera

(1) Jardueraren soluzioak:

Ebaluazioa

Hezkuntza Baliabide Ireki honen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinek osatzen baitute, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako. Irakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide hori beste zabalago batean integra dezake, eta bertan hauek ere egingo ditu: beste ebaluazio-proba batzuk, ikasle bakoitzaren koadernoaren balioespena eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo ariketa batzuen balioespena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, ikaskuntza horren ebaluazioan elementu metakognitiboak ere sartu behar dira, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Alde horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeari esker (esaterako, ikaskuntza-egunkariak, orientaziorako oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea), ikaslea errazago jabetuko da bere lorpenez eta zailtasunez.

Ebaluazio-proposamenak curriculum-ebaluazioaren irizpide guztiak betetzen ditu. Erronka bakoitzaren amaieran hausnarketarako galdera batzuk daude beti, ikaskuntza-egunkari gisa, baita atazak balioesteko eskalak ere. Gogorarazten dugu eskala horiek orokorrak direla, eta beti egoki daitezkeela irakaslearen jarduerara. Eskala horiek hauetarako erabil daitezke:

Ikaslearen autoebaluazioa egiteko
Baterako ebaluazioa egiteko, bikoteka edo ikasle-taldeka
Irakasleek ebaluazioa egiteko
Ikerketa-jarduera guztietan, gaiari dagozkion adierazleez gain, baterako ebaluazio-adierazle batzuk ere badaude zehaztuta, “trebetasun zientifikoak” blokeari dagozkion jakintzekin zerikusia dutenak.   

Komeni da gogoraraztea sekuentzia guztietan (kasu honetan, zati batean edo sekuentzia osoan) ebaluazio hezigarri bat egiten joango dela, ebaluatzen ari garen prozesua hobetzeko asmoz. Prozesuen ebaluazioa da (funtzionamendu orokorra, irakaskuntza, ikaskuntza), eta, beraz, beharrezkoa da prozesu horren garapenari buruzko etengabeko datuak eskura izatea, erabakiak unean bertan hartu ahal izateko, horrela feedback eraginkor bat egiteko eta segurtasunez aurrera egiten jarraitzeko ezarritako konpetentziak lortzeko prozesuan. 

Ebaluazio hezigarriak berekin dakar hezkuntza-gertakarien jarraipena, hausnarketa eta balioespena egitea etengabe, horiek sortzen diren unean bertan doitzeko, beranduegi izan aurretik. Hori egin ezean, ikasleei eskaintzen zaien aukera bakarra “berreskuratzea” da.

HBI honetan erabilitako balioesteko eskalak formatu editagarrian (odt) eta pdf formatuan deskarga daitezke, eta proposatutako jarduera bakoitzean daude. Honako hauek dira:

  • Laborategiko lana ebaluatzeko eskala
  • Gako dikotomikoen erabilera ebaluatzeko eskala
  • Idatzizko txosten zientifiko bat ebaluatzeko eskala
  • Zientziei buruzko eztabaidak ebaluatzeko eskala
  • Poster zientifiko bat ebaluatzeko eskala
  • Zientziei buruzko kontakizun labur bat ebaluatzeko eskala
  • Ahozko aurkezpen bat balioesteko eskala
  • Argazki zientifiko bat balioesteko eskala 
  • Ikerketa zientifikoko lan bat balioesteko eskala
  • Zientzietako idatzizko jarduera bat ebaluatzeko eskala

Bibliografia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)