Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

Proposamen didaktikoa

“Biodibertsitatea ikertzen” DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgairako eginiko “Ikertzen” saileko bigarren proposamen didaktikoa da.

Proposamen didaktiko horietan ohikoa den moduan, HBI honetan ikasleentzat motibatzaileak diren eta, ahal dela, ikerketa zientifikoko prozesu bat barne hartzen duten erronkak proposatzen ditugu (behatzea, planifikatzea, informazioa bilatzea, esperimentatzea, emaitzak aztertzea, ondorioak ateratzea eta komunikatzea). 

Lehenengo HBIan adierazi genuen moduan, kontuan izan dugu Biologia eta Geologia irakasgaiaren berezitasuna; izan ere, arlo horretako prozesuak luzeagoak dira denborari eta espazioari dagokienez, eta, ondorioz, zailagoa da horiek laborategiko lan baten bidez ikertzea, Fisika eta Kimika irakasgaian egin daitekeen bezala. Horrenbestez, ikuspegi desberdina eman behar zaie “Inquiry Based Learning” metodologian oinarrituta lantzeko. 

Deskargatu mihisea odp formatu editagarrian edo pdf formatuan

Askotariko erronkak proposatzen ditugu: landako ikerketa esperimentaleko jarduerak, dokumentalak, irakurketak, jolasak, bideoekin egiteko lanak, etab. Erronka horiek beti dute egitura bera: ebalua daitekeen azken ekoizpen batera bideratutako ikaskuntza-egoerak dira, eta ikasleentzat erronka izan behar dute, betiere curriculumeko edukiak testuinguruan jarriz.

Proposamen didaktiko honek “egitura pikortatua” dauka. Pikorrak dituela esaten da; izan ere, HBI honen egitura proposatzen ditugun ikaskuntza‑helburuen araberakoa da, baina, aldi berean, hori osatzen duten edukien izaera eta antolamendua nabarmen alda daitezke. Gainera, badaude ezagutza-arlo desberdinetan errepikatzen diren gaiak, eta horrek aukera ematen du HBI hau osatzen duten eduki batzuk beste irakasgai batean berriro lantzeko. Hori dela eta, hainbat irakasgaitan konbinatu eta berrerabil daitezkeen erronkak proposatzen dira, HBIa optimizatzeko. Horrek eragin zuzena du HBIaren berrerabilgarritasun didaktikoan.  Pikor‑erako itxura hori erronkek ematen digute; horiei esker, irakasleentzat errazagoa da metodologia hau erabiltzea, HBIaren batasuna albo batera utzi gabe.

Irakasleari begira, erronka horietako bakoitza konpetentziatan oinarritutako ikaskuntzarako egoera bat izan daiteke. Erronken helburua da irakasleei ideiak ematea, zuzenean eskoletan aplikatzeko edo beren programazio didaktikora egokitzeko. Dena den, proposatutako egitura, bere kabuz, ibilbide didaktiko bat izan daiteke, ikaskuntza-proiektu bat; izan ere, gaiaren oinarrizko ezagutza guztiak barne hartzen ditu eta gaia globalizatzen duen azken produktu bat dauka zehaztuta.

Amaitzeko, adierazi behar da erronka horiek lotura izan dezaketela beste STEAM irakasgai batzuekin (adibidez, matematika, teknologia edo artea), eta, ondorioz, diziplinarteko ibilbide batean sar daitezkeela. Arlo horietan guztietan kontzeptu asko daude, eta aukera ematen dute ezagutzak transferitzeko.

Curriculum Erreferentziak

HBI honen bidez, martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuan zehaztutako konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko jakintzak garatzen dira. Errege Dekretu horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko antolamendua eta ikaskuntzak ezartzen ditu, eta gero autonomia-erkidego bakoitzak bere erkidego-mailako dekretuen bidez garatu behar ditu.

Oinarrizko konpetentziak

  • Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia (HKK)
  • Matematika, zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia (STEAM)
  • Konpetentzia digitala (KD)
  • Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa (KPSII) 
  • Konpetentzia zibikoa (KZ)
  • Ekimenerako konpetentzia (EK)
  • Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK)

Konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak

1. konpetentzia espezifikoa: informazio eta datu zientifikoak interpretatzea eta zabaltzea, eta horiek arrazoitzea, biologia- eta geologia-zientzietako kontzeptuak eta prozesuak aztertzeko hainbat formatu erabiliz

Ebaluazio-irizpideak
1.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako kontzeptuak eta prozesuak aztertzea, formatu desberdinetan emandako informazioa interpretatuz (modeloak, grafikoak, taulak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, webguneak...), jarrera kritikoa erakutsiz eta ondo oinarritutako ondorioak ateraz.

1.2. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin zerikusia duen informazioa errazago ulertu eta aztertzeko bideak ematea, argi transmitituz; horretarako, terminologia eta formatu egokiak erabili behar dira (modeloak, grafikoak, taulak, bideoak, txostenak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, eduki digitalak...).

1.3. Fenomeno biologiko eta geologikoak modelo eta diagramen bidez aztertzea eta azaltzea, eta, beharrezkoa bada, ingeniaritza-diseinuko urratsak erabiltzea (arazoa identifikatzea, esploratzea, diseinatzea, sortzea, ebaluatzea eta hobetzea)

2. konpetentzia espezifikoa: informazioa identifikatzea, lokalizatzea eta aukeratzea; informazioaren egiazkotasuna egiaztatzea; eta informazioa modu kritikoan ebaluatzea, biologia- eta geologia-zientziekin zerikusia duten galderei erantzuteko.

Ebaluazio-irizpideak

2.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako zalantzak argitzea; horretarako, informazioa lokalizatu, aukeratu eta antolatu egin behar da, iturriak behar bezala erabiliz eta aipatuz.

2.2. Oinarri zientifikoa duen informazioa identifikatzea, eta sasizientzietatik, gezurretatik, konspirazio-teorietatik, asmatutako sinesmenetatik eta halakoetatik bereizten jakitea, baita halako teorien aurrean jarrera eszeptikoa izatea ere.

2.3. Batetik, dagokion balioa ematea zientziak gizarteari egiten dion ekarpenari eta zientzian aritzen diren pertsonei, beren etnia, sexua edo kultura edozein dela ere; eta, bestetik, emakume zientzialarien paperari aitorpena egitea eta ikerketa etengabe aldatzen ari den lan kolektibo eta diziplinarteko gisa ulertzea.

3. konpetentzia espezifikoa: Ikerketa-proiektuak planifikatzea eta garatzea, zientziak berezko dituen metodologietako urratsei jarraituz eta, behar denean, lankidetzan arituz, geologia- eta biologia-zientziekin zerikusia duten alderdiak sakon aztertzeko.

Ebaluazio-irizpideak

3.1. Metodo zientifikoak erabiliz erantzun edo egiaztatu daitezkeen galderak eta hipotesiak planteatzea, eta fenomeno biologiko eta/edo geologikoak azaltzen saiatzea eta horiei buruzko iragarpenak egitea.

3.2. Fenomeno biologiko eta geologikoen esperimentazioa, datu-bilketa eta analisia diseinatzea, galdera zehatzei erantzun eta planteatutako hipotesi bat egiaztatu ahal izateko.

3.3. Esperimentuak egitea eta fenomeno biologiko eta geologikoei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatiboak biltzea, beharrezko tresna edo teknikak modu egokian erabilita.

3.4. Ikerketa-proiektuan lortutako emaitzak interpretatzea; horretarako, tresna matematiko eta teknologikoak erabil daitezke, behar denean.

3.5. Proiektu zientifiko txiki baten barruan lankidetzan aritzea, funtzio jakin bat bere ardurapean hartuz, behar denean espazio birtualak erabiliz, dibertsitatea eta genero-berdintasuna errespetatuz eta inklusioa ahalbidetuz.

3.6. Landako esperimentazioaren eta behaketaren bidez eskuratutako informazioa eta ondorioak aurkeztea, formatu egokia erabiliz (taulak, grafikoak, txostenak, etab.), eta behar denean tresna digitalak ere erabiliz.

4. konpetentzia espezifikoa: arrazoiketa eta pentsamendu konputazionala erabiltzea problemak ebazteko edo biologiarekin eta geologiarekin lotutako eguneroko prozesuak azaltzeko, erantzunak eta soluzioak modu kritikoan aztertuz eta, behar izanez gero, prozedura birformulatuz.

Ebaluazio-irizpideak

4.1. Problemak ebaztea edo prozesu biologiko edo geologikoei azalpena ematea, honako hauek erabilita: norberaren ezagutzak, emandako datuak eta informazioa, arrazoiketa logikoa, pentsamendu konputazionala edo baliabide digitalak.

4.2. Fenomeno biologiko eta geologikoekin lotutako problema baten soluzioa modu kritikoan aztertzea.

5. konpetentzia espezifikoa: ekintza jakin batzuek ingurumenean eta osasunean dituzten ondorioak aztertzea, zientzia biologikoak eta Lurraren zientziak oinarri hartuta, ingurumenari eragindako kalteak saihestu edo gutxituko dituzten ohiturak sustatzeko eta hartzeko.

Ebaluazio-irizpideak

5.1. Zientzian oinarrituta, honako kontzeptu hauek erlazionatzea: biodibertsitatearen zaintza, ingurumenaren kontserbazioa, inguruneko izaki bizidunen babesa, garapen jasangarria eta bizi-kalitatea.

5.2. Ohitura jasangarriak proposatzea eta hartzea, eta geure jarreren eta gainerakoenen azterketa kritikoa egitea, norberaren arrazoiketak, eskuratutako ezagutzak eta eskuragarri dagoen informazioa erabilita.

 

Oinarrizko jakintzak

DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgaiko bloke hauetako oinarrizko jakintzak (oinarrizko ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak) lantzen dira:

A. Proiektu zientifikoa

  • Hipotesia, galderak eta usteak: ikuspegi zientifikoarekin planteatzea.
  • Informazioa bilatzeko, lankidetzan aritzeko eta prozesu, emaitza edo ideia zientifikoak jakinarazteko estrategiak: tresna digitalak eta zientzian ohikoak diren formatuak (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena, etab.).
  • Informazio zientifikoaren iturri fidagarriak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Galdera zientifikoei erantzuna ematea esperimentazioaren eta landako lanaren bidez: beharrezko tresnak eta espazioak (laborategia, ikasgelak, ingurunea, etab.) modu egokian erabiltzea.
  • Modelaketa erabiltzea naturako prozesu eta elementuak aurkezteko eta ulertzeko.
    Fenomeno naturalak behatzeko eta horien datuak biltzeko metodoak.
  • Prozesu, emaitza edo ideien komunikazioa, hainbat formatu analogiko nahiz digitaletan (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena...).
  • Emaitzak analizatzeko metodoak. Emaitzen analisia pentsamendu logikoaren bidez.
  • Lan zientifikoa eta zientzian aritzen diren pertsonak: biologia- eta geologia-zientziei egiten dieten ekarpena eta horrek gizartearentzat duen garrantzia. Emakumeak zientzian duen papera.

D. Izaki bizidunak

  • Izaki bizidunak: bereiztea eta erreinu nagusietan sailkatzea.
  • Izaki bizidunak bereizten dituzten ezaugarriak: konposizio kimikoa, bizi-funtzioak, zelula.
    Izaki bizidunen sailkapena. Sailkapen taxonomikoaren oinarrizko historia.
  • Talde taxonomiko nagusiak: inguruneko espezieak behatzea eta beren ezaugarrien arabera sailkatzea. 
  • Inguruneko izaki bizidunak identifikatzeko estrategiak: gidak, gako dikotomikoak, tresna digitalak, visua, etab. 
  • Domeinuak eta erreinuak: Eubacteria, Archaea, Protista, Fungi, Plantae eta Animalia.  
    Izaki bizidunak identifikatzeko eta behatzeko teknika eta tresna berritzaileak.

Ibilbidea

Taula honetan dago jasota HBIaren ibilbide didaktikoa:

FASEAK HELBURUAK SAIOAK
Bizitzaren aberastasuna
Bitxikerien kabinete birtuala
Museo birtualeko bira
Sukaldeko biodibertsitatea
Ataza honen xedea da ikasleek, taldeka lan eginez, izaki bizidunen dibertsitatearen kontzientzia hartzea eta, aldi berean, talde taxonomiko nagusiak berrikustea. Talde bakoitzak lau fitxa multimedia egin behar ditu (testua, irudiak, estekak, etab.) eta gainerako taldeekin partekatu behar ditu aplikazio digital baten bidez (irakasleak erabakiko du zein den egokiena bere gelarako); hala, azkenean, gelako guztien artean egindako lan bat sortuko da, “bitxikerien kabinete” birtuala. 3,5 saio
Egokiena litzateke benetako museo bat bisitatzea, baina askotan hori ezinezkoa denez, ataza honetan museo digital bat ikusiko dugu. Erraz nabigatzeko moduko museo bat aukeratu da. Museo horretan izandako bizipenei buruzko kontakizun labur bat edo marrazki bat egiteko eskatuko zaie ikasleei, eta lehiaketa bat egingo da. Jarduera hau etxeko lan gisa agindu daiteke. 2 saio eta etxeko lana
Ataza honen xedea da biodibertsitate genetikoaren kontzeptua eta gelatik kanpo ikertzeko beharra aurkeztea; horretarako, “La lengua de las mariposas” lanetik ateratako testu bat irakurriko da eta hazitokiekin lan egingo da. Ikasleek beren ikaskuntza-ereduari buruzko hausnarketa egingo dute eta poster txiki bat osatuko dute haziekin. 2 saio eta etxeko lana
Biodibertsitatearen neurketa
Aparteko izaki bizidunak eta non aurki ditzakegun Benetako irteera bat egin aurretik, komeni da gelan aurretiazko lanketa bat egitea, ikasleek hobeto ulertzeko nola egiten den benetako ikerketa zientifiko bat eta zer-nolako garrantzia duten modeloek zientzietan. Horretarako, ataza honetan testu bat erabili dugu modelo gisa, eta letra bakoitza espezie bat izango da. Erabilgarria izan daiteke, halaber, benetako irteerarik egin ezin denerako.  Aurretiazko lan gisa erabiltzeaz gain, ataza hau oso erabilgarria izan daiteke benetako irteerarik egin ezin denerako. 1,5 saio
Eremu bateko biodibertsitatea ikertuko dugu Ataza honetan, irteera bat egin behar da biodibertsitate handia egongo den eremu batera. Berdegune bat aukeratzea gomendatzen da, landare-espezieak zenbatzea errazagoa baita. Ataza honetan, ikasleek praktikan jarriko dute modeloa, eta neurketak eta zenbaketak egingo dituzte laukiaren metodoa erabilita. Ondoren, zenbait parametro analizatuko dituzte laborategian eta espezieak sailkatuko dituzte. Datu guztiak eskuan dituztela, ikasleek ondorioak aterako dituzte eta emaitzak idatzizko txosten batean jakinaraziko dituzte, gelan egingo duten diapositiba-aurkezpen baten bidez. Azkenik, egindako ikerketa zabaldu egingo dute 9 saio
Datuak behar ditugu Atal honetan, informazioa bilatuko dugu mapa interaktibo batean, georreferentziazioan oinarritutako egungo ikerketa-metodoak agerian jartzeko  1,5 saio
Biodibertsitatearen aurkako mehatxuak
Biodibertsitateko mehatxuak Biodibertsitate-galeraren kausa nagusiak azalduko ditugu, hausnarketarako bide ematen duen bideo baten eta ezagutzak finkatzeko balio duten dinamika kooperatiboen bidez. 2 saio
Polinizatzaileak Arriskuan dagoen espezie baten kasu zehatza aztertuko dugu: polinizatzaileen urritzea. Informazioa bilduko dugu izaki bizidun horiekin dagoen arazoari buruzko kontakizun kooperatibo bat egiteko. Saio 1
Izaki sentikorrak Irakurketa baten eta ondorengo eztabaidaren biez, “izaki sentikorren” kontzeptuan barneratuko gara, alderdi zientifiko eta sozialak zainduz. Saio 1
Aktiba zaitez! Azken proposamen honetan, ikasleek biodibertsitateari buruz eskuratu dituzten ezagutzen berrikuspena egingo dute. Saio 1 eta etxeko lana

Ebaluazioa

Hezkuntza Baliabide Ireki honen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinek osatzen baitute, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako. Irakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide hori beste zabalago batean integratu dezake, eta bertan hauek ere egingo ditu: beste ebaluazio-proba batzuk ikasle bakoitzaren koadernoaren balioespena eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo ariketa batzuen balioespena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, ikaskuntza horren ebaluazioan elementu metakognitiboak ere sartu behar dira, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Alde horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeari esker (esaterako, ikaskuntza-egunkariak, orientaziorako oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea), ikaslea errazago jabetuko da bere lorpenez eta zailtasunez.

Ebaluazio-proposamenak curriculum-ebaluazioaren irizpide guztiak betetzen ditu. Erronka bakoitzaren amaieran hausnarketarako galdera batzuk daude beti, ikaskuntza-egunkari gisa, baita atazak balioesteko eskalak ere. Eskala horiek hauetarako erabil daitezke:

  • Ikaslearen autoebaluazioa egiteko
  • Baterako ebaluazioa egiteko, bikoteka edo ikasle-taldeka
  • Irakasleek ebaluazioa egiteko

Ikerketa-jarduera guztietan, gaiari dagozkion adierazleez gain, baterako ebaluazio-adierazle batzuk ere badaude zehaztuta, “trebetasun zientifikoak” blokeari dagozkion jakintzekin zerikusia dutenak.   

Komeni da gogoraraztea sekuentzia guztietan (kasu honetan, zati batean edo sekuentzia osoan) ebaluazio hezigarri bat egiten joango dela, ebaluatzen ari garen prozesua hobetzeko asmoz. Prozesuen ebaluazioa da (funtzionamendu orokorra, irakaskuntza, ikaskuntza), eta, beraz, beharrezkoa da prozesu horren garapenari buruzko etengabeko datuak eskura izatea, erabakiak unean bertan hartu ahal izateko, horrela feedback eraginkor bat egiteko eta segurtasunez aurrera egiten jarraitzeko ezarritako konpetentziak lortzeko prozesuan. 

Ebaluazio hezigarriak berekin dakar hezkuntza-gertakarien jarraipena, hausnarketa eta balioespena egitea etengabe, horiek sortzen diren unean bertan doitzeko, beranduegi izan aurretik. Hori egin ezean, ikasleei eskaintzen zaien aukera bakarra “berreskuratzea” da.

Hauek dira HBI honetan erabilitako balioespen-eskalak:

  • Laborategiko lana ebaluatzeko eskala
  • Idatzizko txosten zientifiko bat ebaluatzeko eskala
  • Poster zientifiko bat ebaluatzeko eskala
  • Ahozko aurkezpen bat ebaluatzeko eskala
  • Jolas-jardueren baterako ebaluazioa egiteko eskala
  • Zientziei buruzko eztabaidak ebaluatzeko eskala orokorra
  • Zientziei buruzko poesia bat ebaluatzeko eskala
  • Zientziei buruzko kontakizun labur bat ebaluatzeko eskala
  • Zientziei buruzko marrazki edo komiki bat ebaluatzeko eskala
  • Collage bat ebaluatzeko eskala
  • Kontzeptu-mapa bat ebaluatzeko eskala
  • Kanpaina baterako kartel bat ebaluatzeko eskala

Bibliografia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)