Saltatu nabigazioa

Eremu bateko biodibertsitatea ikertuko dugu

Aurreko atazan ikusitako guztia egitea posible izan da testu labur batekin lan egin dugulako. Testu askoz ere luzeago batekin arituz gero, benetako ekosistemen parekoa, lagin batzuk aukeratu behar izango genituzke, eta ondoren emaitzak eremu osora estrapolatu. Honelako eremuetako laginketak bi modutara egiten dira: koadranteen araberako zenbaketa (testuan, laukiak zehaztu eta horietan dauden letra guztiak zenbatu beharko lirateke) eta transektuen araberako zenbaketa (testuan, lerro bat marraztu eta ukitzen dituen letra guztiak zenbatu beharko lirateke).

Laginketa horiek eraginkorrak izateko, modu sistematikoan egin behar dira, urteko hainbat sasoitan edo kokaleku desberdinetan. Gainera, ez da gauza bera landareen laginak edo mugitzen diren organismoen laginak hartzea. 

Chica con una cámara fotográfica
pxhere. Natura (Dominio público)

Gu ez gara hain zehatzak izango; izan ere, erronka honen xedea da zientzialariek biodibertsitatea nola neurtzen duten ikastea, gainetik bada ere. Landareekin egingo dugu lan, espazio eta denbora jakin batzuetan. Hala, ikerketa egiteko nahikoa da ikastetxetik gertu dagoen berdeguneren bat aukeratzea, landare-espezieak aztertzeko aukera emango diguna. Nahiko homogeneoa izatea komeni da. 

Ataza: planifikatzea

Iraupena:
Ordun bat
Taldeak:
Taldeak: Laukoak

Biodibertsitatea ikertzeko prest gaude. Taldeka egingo dugu lan. Talde bakoitzak eremua ikertuko du, hipotesiak eta esperimentuak egingo ditu, eta ondorioak aterako ditu, puntu desberdinetan ikusitako landare‑biodibertsitatea alderatuz. Ondoren, talde bakoitzak bere emaitzen berri emango du, diapositibekin egindako aurkezpen baten bidez. Azkenik, talde guztien artean aztertutako guneari buruzko ondorioak aterako ditugu eta gure ikerketa ezagutzera emango dugu.

Lehenik eta behin, zer leku ikertu nahi dugun aukeratu behar dugu. Hori gela osoaren artean erabakiko dugu, irakasleak lagunduta eta arbel digitala erabilita. Gure ikastetxetik gertu dagoen berdegune bat izan behar du. Landare belarkaren espezie ugari aurkituko ditugun sasoi batean egin behar dugu ikerketa, eta eremuak zabala izan behar du, denok eroso lan egiteko. Aisialdi-gune bat, parke bat edo horrelako eremuren bat izan daiteke. Komeni da nahiko homogeneoa izatea.

Lekua adostu ondoren, bost talde egingo ditugu. Talde bakoitzak Google Mapsen bilaketa egingo du eta irudia dokumentu digital batean kopiatuko du. Ondoren, aplikazioak ematen dituen datuak erabiliz, eremuaren gutxi gorabeherako azalera kalkulatuko dugu.

Koadranteen araberako laginketa-teknika erabiliko dugu. Horretarako, bost laginketa-eremu edo koadrante aukeratuko ditugu irudian, 60 x 60 cm‑koak. Talde bakoitzak lan egiteko koadrante bat aukeratu behar du; adibidez: 

  1. taldea: itzalik ez eta hegoaldean; 2. taldea: itzalik ez eta iparraldean; 3. taldea: itzalik ez eta mendebaldean/ekialdean; 4. taldea: itzalpean; 5. taldea: ur-iturri batetik gertu. 

Aukeratutako laginketa-lekuaren arabera, aukera gehiago egon daitezke. Adibidez, hirigune batean, kutsadura-fokuetatik, trafikotik, zaratatik, pertsonen igarobideetatik eta halako elementuetatik gertuago edo urrutiago dauden eremuak aukera ditzakegu.   

Eremuak esleitu eta mapan markatu ondoren, talde bakoitzak pentsatu beharko du zer-nolako landareak eta zenbat aurkitu ahal izango dituen, eta hipotesi bat idatzi beharko du koadernoan.

Ondoren, irteera planifikatuko dugu. Eguna, ordua eta eraman beharreko materiala zehaztu beharko ditugu, puntu hauek kontuan hartuta:

  • Laginketa-eremua (laukia) mugatzeko zerbait beharko dugu, eta talde guztiek azalera berdineko eremua izan beharko dute. 
  • Ez dugu inola ere landarerik lurretik aterako.
  • Orientatu egin beharko dugu.
  • Gure eremuko aleen zenbaketa egin beharko dugu, espezieka bereizita, eta idatziz jaso.
  • Inguruneko faktore batzuk ere neurtu beharko ditugu. Zein?

Lehenik taldean pentsatuko dugu eta materialen zerrenda bat egingo dugu (“orri birakariaren” dinamika erabil dezakegu). Ondoren, gelakideei azalduko diegu, eta irakasleak beharrezkoak izango diren beste material batzuk adieraziko dizkigu, zerrenda osatzeko.

 

Ataza: esperimentatzea

Iraupena:
3 ordu
Taldeak:
Laukoak

Gelatik ateratzeko eta aukeratutako eremua ikertzeko unea iritsi da. Oso garrantzitsua da ingurumena eta aukeratutako eremuan ibil daitezkeen pertsonak errespetatzea.

Césped
pxhere. Zelaia (Jabetza publikoa)

Materiala:

  • Zelo-biribilkia, laginketa egiteko laukiak markatzeko
  • Landa-koadernoa, neurriak eta datuak jasotzeko
  • Eskuko lupa
  • Erregela, espezie belarkaren altuera neurtzeko
  • Telefono mugikorra, argazkiak ateratzeko
  • Termometroa eta hori garbitzeko paper-zapiak
  • Iparrorratza (edo mugikorreko aplikazioa)
  • Koilaratxoa eta ontzi bat, lur-lagin txiki bat jasotzeko (50 gr. inguru)

Prozedura:

  1. Laginketa-eremuan 60 x 60ko lauki bat markatuko dugu zeloarekin. 
  2. Lauki horretan dauden espezie guztiak idatziko ditugu koadernoan, eta bakoitzeko zenbat dauden apuntatuko dugu, gutxi gorabehera. Laukia heterogeneoa bada, espezie bakoitzaren banaketa-pauta idatziko dugu eta marrazki bat egingo dugu. Kontuan izan behar dugu hiriko berdeguneetan “zelai” esaten diegunak gramineoak izaten direla, eta espezie bat baino gehiago egon daitezkeela.
  3. Erregela erabilita, espezie bakoitzaren gehieneko altuera neurtuko dugu.
  4. Eremuaren eta espezie bakoitzaren argazkiak edo bideoak aterako ditugu.
  5. Termometroa erabilita, aireko giro-tenperatura neurtu eta koadernoan idatziko dugu.
  6. Gauza bera egingo dugu termometroa lurrean sartuta, 5 cm ingurura. Termometroa atera eta garbitu egingo dugu. Emaitzak idatziko ditugu.
  7. Iparrorratza hartuta, eremuaren orientazioa neurtu eta koadernoan idatziko dugu.
  8. Intsolazioa behatuko dugu: itzaletan (0), eguzkitan (2) edo erdibideko egoera batean (1) dagoen.
  9. Koilara bat hartuta, 50 gr lur hartuko ditugu kontu handiz, 5 cm inguruko sakoneratik, eta plastikozko poltsa batean edo ontzi batean gordeko ditugu. Zulorik ez uzten saiatuko gara; horretarako, lurra homogeneizatuko dugu.
  10. Koadernoan idatziko dugu arreta ematen digun guztia: pertsona edo animaliak ibiltzen diren eremuan dagoen, errepideetatik edo beste kutsadura-iturriren batetik gertu dagoen, ur-iturrietatik gertu dagoen, etab.

Ataza: laginekin laborategian lan egitea

Iraupena:
2 ordu
Taldekatze:
Laukako taldeak

Bildutako laginak eta informazioa hartuta, ikastetxera itzuliko gara.

1.- Lehenik eta behin, espezieak gakoen bidez identifikatuko ditugu. Irakasleak lagunduko digu. Gramineoen kasuan, nahikoa da familia adieraztea eta gramineoa bereiztea.

Espezieen zenbaketaren datuak kontuan hartuta, taula beteko dugu: 

Espeziea Banakoen kop. Espezieen kop. guztira Espezie bakoitzaren ehunekoa

Dominantzia (dominantea edo arraroa)

Banaketa (homogeneoa edo heterogeneoa)
1. espeziea          
2. espeziea          
....          

2.- Jarraian, lur-lagina aztertuko dugu (pH-a, gradu hidrikoa...). Prozesuaren argazkiren bat edo bideo laburren bat atera dezakegu.

Materialak:

  • pH-a adierazten duen papera
  • Plastikozko kubetak
  • Petri plakak
  • Balantza
  • Erloju-beira
  • Zurezko matxardak
  • Bunsen metxeroa / Laborategiko berogailua
  • Ur oxigenatua
  • Tanta-kontagailua
  • Ur destilatua
  • Saio-hodia
  • Beirazko hagaxka

Gaitasun hidrikoa:

  1. Lur-lagina plastikozko kubeta batean utziko dugu, ez zikintzeko.
  2. Erloju-beira bat balantzan pisatuko dugu, eta, koilara batekin, lur-laginaren zati bat gainean jartzen joango gara, balantzan 10 gr gehiago izan arte. 
  3. Laborategiko berogailu bat badugu, 1. lagina bertan utziko dugu 24 orduz.  Berogailurik ez badugu, errazena da lagina duen erloju-beira zurezko matxarda batzuekin hartzea eta, kontu handiz, Bunsen metxeroarekin berotzea, gutxi gorabehera 3 minutuz, ura lurrundu arte.
  4. Edonola ere, deshidratatutako lagina berriro pisatuko dugu eta, kenketa eginda, ur-kantitatea lortuko dugu. Orduan, lurrundutako uraren ehunekoa kalkulatuko dugu, alegia, lurraren gaitasun hidrikoa.

Materia organikoen presentzia:

  1. Beste erloju-beira batean 10 gr-ko beste lur-lagin bat jarriko dugu eta ur oxigenatuaren tanta batzuk botako dizkiogu.
  2. Burbuilak ateratzen ote zaizkion behatuko dugu. Hala bada, materia organikoa dauka.

pH-a:

  1. Lur-laginaren 10 gr jarriko ditugu saio-hodi batean eta 10 ml ur destilatu gehituko diogu. 
  2. Beirazko hagaxka batekin ondo nahastu eta ordubetez utziko dugu.
  3. Nahasketan pH-a adierazteko paper-zerrenda bat sartuko dugu eta neurtu egingo dugu.

 Emaitzak taula honetan antolatuko ditugu:

Eremuko lurraren lagina... Tenperatura Gaitasun hidrikoa (%) pH-a Materia organikoaren presentzia (bai edo ez)
         

3.- Azkenik, datu guztiak txosten batean antolatuko ditugu; bertan, jarraian zehaztutako informazioa eta emaitzen taulak bilduko ditugu.

  • Taldea (kideak):
  • Ikertutako eremua:
  • Eguna eta ordua:
  • Orientazioa:
  • Airearen tenperatura:
  • Intsolazio-maila (0tik 2ra, jasotzen duen itzalaren arabera):
  • Aztertutako eremuko biodibertsitatearen taula:
  • Lurraren analisiaren taula.

Ataza: ondorioak ateratzea

Iraupena:
0.5 ordu
Taldekatzea:
Laukako taldeak

    Talde bakoitzak hasierako hipotesia eta lortutako emaitzak alderatuko ditu, eta egindako lanaren zenbait ondorio jasoko ditu idatziz. Hona hemen eztabaidatu daitezkeen gaietako batzuk:

    • Espero bezainbesteko biodibertsitatea ikusi dugu?
    • Espezieen banaketa homogeneoa iruditzen zaigu? Zergatik?
    • Lagineko banaketak ba al du zerikusirik lurraren faktoreekin?
    • ...

    Ataza: emaitzak ezagutaraztea

    Iraupena:
    2 ordu
    Taldekatze:
    Lauko taldeak

    Eskuratu ditugu beharrezko datuak eta gure ikerketaren emaitzak ezagutarazteko prest gaude. Diapositiben aurkezpen baten bidez egingo dugu (infografia bat ere egin dezakegu). Ondoren, talde bakoitzak gainerakoen aurrean aurkeztuko du gelan, ahoz, diapositibak oinarri hartuta. Talde bakoitzak 10-15 minutu izango ditu bere ikerketa-lana azaltzeko. Aurkezpenean hauek zehaztu behar dira:

    • Izenburua
    • Ikertzaileen izenak
    • Zertarako egin den ikerketa (helburua)
    • Hasierako hipotesiak
    • Aztertutako eremua eta koadranteak
    • Erabilitako materialak
    • Laginak biltzeko prozedura
    • Bildutako datuak
    • Lortutako emaitzak eta guk ateratako ondorioak 
    • Web esteka interesgarriak

    Aurkezpenaren ebaluazioa egingo dute hala irakasleak nola gainerako ikaskideek.

    Talde guztiek aurkezpena egin ostean, denon artean egingo dugu lan eta aztertu dugun eremuaren ikuspegi eta ondorio orokorrak biltzen saiatuko gara, irakasleak gidatuta. Hona hemen eztabaidatu daitezkeen gaietako batzuk:

    • Biodibertsitatea berdina al da eremu guztietan?
    • Zein eremutan dauden espezie gehiago edo gutxiago? Zergatik?
    • Zein ingurumen-faktore dira garrantzitsuenak?
    • …..

     

    Ataza: emaitzak ezagutaraztea

    Iraupena:
    0,5 ordu
    Taldekatzea:
    Laukako taldeak eta gela osoa

    Gaur egun, garrantzitsua da gure ikerketaren emaitzak ez geratzea gelan. Ikertzaileek egiten duten moduan, emaitzok ezagutarazi egin behar ditugu, bitarteko digitalak erabiliz, nahi duen orok ikusi ahal izan ditzan (gure kasuan, beste ikasle batzuk, familiak, irakasleak, Udala, etab.).

    Horretarako modu bisual eta erakargarri bat da laginketa-lekuaren irudi interaktibo bat egitea, eremu bakoitzaren emaitzak jarrita. Irudi hori gelako blog edo webgune batean jar daiteke, edo sare sozialen bidez zabaldu. Horretarako:

    1. Lehenik eta behin, diapositibak Internetera igoko ditugu (Interneten bertan egin ez baditugu) eta esteka kopiatuko dugu.
    2. Irakasleak lekuaren irudia igoko du (Google Mapsekin ateratakoa) irudi interaktiboak egiteko eskuragarri dauden aplikazio digitaletako batera.
    3. Irakasleak irudia taldeekin partekatuko du, talde bakoitzak bere diapositibetarako esteka txerta dezan aztertutako eremuan.  

    Denon artean irudia aberastuko dugu, atera ditugun ondorio orokor, argazki edo bideoekin.

    Hausnaeketa eta ebaluazioa

    Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

    • Zer ikasi dut?
    • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
    • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
    • Zer izan da zailena? Zergatik?

    Sakontzeko jarduerak

    Modu zientifikoan lan egitea gustatu bazaizu, agian gaian sakondu nahi izango duzu, jarduera hauen bidez:

    1.- Datuekin lan egitea: biodibertsitate-indizea

    Datuekin egindako lan zientifikoan gehiago sakondu nahi duzu? Arlo horretan aritzen diren profesionalek askoz ere parametro gehiagorekin egiten dute lan eta biodibertsitate-indizeak kalkulatzen dituzte. Ezagunena Shannon-Weaver izenekoa da. Indize horri H ere esaten zaio, eta biodibertsitate espezifikoa neurtzeko erabiltzen da; hau da, ekosistema batean dauden organismo desberdinen kopurua.

    Ekosistema natural gehienetan, Shannonen indizea 0,5 eta 5 artekoa izaten da, baina balio normalenak 2-3 artekoak dira. 2tik beherako balioak baxutzat hartzen dira dibertsitateari dagokionez, eta 3tik gorako balioak dituzten eremuak espezie-dibertsitate handikoak dira.

    H-ren balioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta espezie-dibertsitate handiagoa egongo da komunitate jakin batean. H-ren balioa zenbat eta txikiagoa izan, dibertsitatea txikiagoa izango da. H = 0 balioak esan nahi du komunitate horretan espezie bakarra dagoela.

    Aztergai dugun eremuan indize hori kalkulatzeko, talde guztien datuak bildu eta jarraian adierazitako prozedurari jarraitu behar zaio. Eredu hau erabil dezakezu urmael bateko hainbat laginetan zenbatutako izaki bizidunekin lan egiteko. 

    Estanque
    pxhere. Urmaela (Jabetza publikoa)
    • 1. urratsa: Datuak bildu. Erantsitako taulan bilduta ditugu urmael batean jasotako datuak.
    • 2. urratsa: Proportzioak kalkulatu.
    • 3. urratsa: Proportzioen logaritmo naturala (nepertarra) kalkulatu. Kalkulu logaritmikoak errazago egiten dira kalkulagailuaren Ln botoia erabilita. Logaritmo bat berretzaile bat da. Logaritmo nerpertar esaten zaie oinarri gisa “e” zenbakia dutenei (2,718281828…). Ondorioz, x zenbaki baten logaritmo nepertarra ateratzeko, kalkulatu behar dugu e zenbakia (2,718281828…) zenbateko berreturara jaso behar dugun x forma hori lortzeko.
    • 4. urratsa: Proportzioak horien logaritmoarekin biderkatu.
    • 5. urratsa: Biodibertsitate-indizea kalkulatu. Azken zutabeko datu guztiak batu eta emaitza bider (-1) egin. 
    • 6. urratsa: Ondorioak atera. Shannonen indizea aplikatuta kalkulatu duzun balio horrekin, zer ondorio atera dezakegu urmaeleko dibertsitateari dagokionez? 

    Jaso ezazu prozesu osoa espeziak zehaztuta dituen taula honetan:

    Espezieak Maiztasuna Pi = maiztasuna / espezieak guztira Ln (Pi) Pi * Ln (Pi)
    Apoak 16       
    Igelak 20       
    Uhandreak 32       
    Burruntziak 47       
    Zapatariak  207      
    Ur-arkakusoak  256       
    Ur-zimitzak 
    114       

    Zapaburuak

    133      

    Sugeak

         

    Shannon-Weaver biodibertsitate-indizea = gehitu azken zutabeko emaitza guztiak eta egin bider (-1)

    2.- Herri-zientziako proiektu batean parte hartzea.

    Landa-lana atsegin baduzu, aukera ona da herri-zientziako proiektu batean parte hartzea. Halako proiektuetan, naturarekin lotutako datuak jaso behar izaten dira (espezieak, kopuruak...), une jakin batean edo denbora-tarte batean. Ondoren webgune batean jarri behar dira, beste pertsona batzuekin partekatzeko. 

    Herri-zientziako proiektu onak badaude; esaterako:

    Natusfera. CREAF eta GBIF.ES erakundeek sortutako biodibertsitateari buruzko plataforma bat da; web atari bat eta mugikorrerako aplikazio bat ditu. Doakoa, kode irekikoa eta erabilerraza da; herritarrek naturan ikusitako izaki bizidunen argazkiak, kokalekua eta bestelako informazioa erregistratu eta partekatu dezakete. 

    SEO-Birdliferen proiektua. SEO-Birdlife plataformak aukera ematen digu gure inguruan dauden hegaztiak zenbatzeko, denboran zehar jarraipen bat egiteko eta denon artean errolda bat osatzen joateko. Mugikorrerako app bat dauka,Aves de España” izenekoa, eta beste bat zenbaketak egitekoa: “Avizor”.

    Embajadores De La Biodiversidad. Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Zentroarekin (CITA) batera eginiko proiektua da, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarekin (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa) lankidetzan sortutakoa. Proiektu honen xedea da zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren kultura sustatzea, herri‑zientziaren bidez. Bi helburu nagusi ditu: landa-eremuak dinamizatzea, ingurune horietan lehen sektoreko (abeltzaintza eta nekazaritza) jarduerak pixkanaka bertan behera gelditzen ari baitira, despopulatzearen ondorioz; eta Aragoiko CITA zentroan dagoen hozi-plasmaren biltegian dauden baratze-hazien espezieei buruzko ikerketa hobetzea (biltegi hori nazio-mailako zein nazioarteko erreferentea da).

    Intemares proiektua. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Fundación Biodiversidad fundazioak koordinatzen duen LIFE IP INTEMARES proiektuak aliantza bat ezartzen du itsasoko herri-zientziarekin lotutako Observadores del Mar plataformarekin. Plataforma hori Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuak (ICM-CSIC) koordinatzen du, itsasoko herri-zientziako programa bat sustatzeko eta herritarrek, ikertzaile zientifikoek eta profesionalek osatutako ikerketa zientifikoko sare bat osatzeko, itsasoko Natura 2000 sareko espazioetan dauden inpaktu, habitat eta espeziei buruzko datuak eman eta baliozkotu ditzan.

     

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)